115. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

42/2019 FORU DEKRETUA, apirilaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, Lanbide Heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu, lanbide heziketari dagokionez, besteak beste xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide heziketa eta lanbide heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide heziketako zikloetan sartu eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.

Foru dekretu honen bitartez, Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua garatzen du, Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, alegia, Ile-apainketa tekniko-artistikoa, ekainaren 15eko 790/2007 Errege Dekretuan arautua, eta Ile-tratamendu estetikoak, otsailaren 29ko 327/2008 Errege Dekretuan arautua, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa goi mailako teknikari honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau bi dimentsio osagarri gutxienez dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide jarduera Estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atala. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, eta horrela, prestakuntza eskaintzan berean integratzeko gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioko gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko apirilaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Irudi Pertsonalaren lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulua ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Ile-apainketako Estilismoa eta Zuzendaritza.

b) Maila: 3-Goi mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Irudi Pertsonala.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita produkzio-sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Ile-apainketako Estilismoa eta Zuzendaritzako goi mailako teknikariaren heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Zientziak eta Teknologia modalitateko batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa ziklo honetan sartzeko, azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarri bezala.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banaturik.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

Lanbide moduluak beste lanbide modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi mailako heziketaren irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokienez, azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 4 A) eranskinean ageri dira.

2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 4 B) eranskinean zehazten dira.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie. Foru dekretu honen 5 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, aurrekoen baliokideak diren tituluak foru dekretu honen 5 B) eranskinean ageri dira, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 5 C) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluaren baliokidetasunak.

Azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Ile-apainketako teknikari espezialistaren tituluak eta Ile-apainketako Estilismo eta Zuzendaritzako goi mailako teknikari tituluak, zeinaren curriculuma foru dekretu honetan arautzen baita, ondorio akademiko eta profesional berak sortuko dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria.–Beste lanbide gaikuntza batzuk.

Lanerako prestakuntza eta orientabideak izeneko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 eskola ordu baditu, azaroaren 4ko 1577/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. atalean ezarritakoarekin bat.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Genero neutraltasuna.

Foru dekretu honetan, gaztelaniazko bertsioan, erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Ile-apainketako Estilismoa eta Zuzendaritzako goi mailako teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F1904909