86. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2018 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, 2018an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

2018an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko deialdi honetan, ETE-ek (enpresa txiki eta ertainek) egindako proiektuak lagunduko dira diruz, merkataritza elektronikoa abian jartzeko eta hodeian enpresa soluzioak ezartzeko.

Bestalde, eraldaketa digitala sustatze aldera, diruz lagunduko dira, halaber, IKTetan (informazioaren eta komunikazioaren teknologietan) oinarritutako soluzio berritzaileak ezartzeko proiektuak, abian jarriak enpresaren arazo bat konpontzeko edo negozio aukera berriak sortzeko.

Nafarroako Gobernuak martxoaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen diru-laguntza hau ematea Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazio prozeduraren bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2018an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 450.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko gastuen aurrekontuko “Diru-laguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua” izeneko 810011-81220-7709-467900 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, honela banatuta:

–210.000 euro A motako proiektuetarako: merkataritza elektronikoa abian jartzea eta hodeian enpresa soluzioak ezartzea (cloud computing).

–240.000 euro B motako proiektuetarako: IKTetan oinarritutako soluzio berritzaileak ezartzea, enpresaren eraldaketa digitala lortzera bideratuak.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren 18an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea honako hau da:

–ETE-ek Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiei (IKT) hel diezaieten bultzatzea.

–Enpresen eraldaketa digitala sustatzea IKTetan oinarritutako soluzio berritzaileak ezarrita.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:

A) Merkataritza elektronikoa abian jartzeko eta hodeian enpresa soluzioak (cloud computing) ezartzeko proiektuak.

B) IKTetan oinarritutako soluzio berritzaileak ezartzeko proiektuak, enpresaren eraldaketa digitala lortzera bideratuak.

2. A) motako proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Merkataritza elektronikoa abian jartzea:

a) Sistema estandarren gainean garatu beharko da, eta edukien kudeatzaile bat izan beharko du, merkataritza elektronikoa mugarik gabe kudeatzeko.

b) Gailu mugikorretan erabiltzeko egokituta egon behar du.

c) Enpresa eskatzailearen izenean egonen da merkataritza elektronikoa bere baitan hartzen duen domeinua.

d) Webguneko edukiak eta hartan eskaintzen diren produktu edo zerbitzuek enpresa onuradunaren jarduera ekonomikoarekin lotuta egon behar dute.

e) B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

f) B2B merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute online kontratuak egiteko. Ordaintzeko, transakzioaren xedeko ondasun edo zerbitzuen izaerarentzat egokitzat jotzen den edozein ordainketa sistema baliatzen ahalko da.

g) Diru-laguntzaren xedetzat joko da turismoaren sektoreko enpresek web-orriak sortzea edo egokitzea, baldin bere baitan biltzen badute edozein erreserba plataformatako integrazioa, horrela aukera emanez eskaintzen diren zerbitzuak online kontratatzeko edo erreserbatzeko.

h) Diruz lagungarria izanen da merkataritza elektronikoa gauzatzeko aplikazio mugikorrak garatzea, atal honetako e) edo f) baldintzak betez gero, kasuan kasukoa. Aplikazio horiek web-orri bati lotuta egon beharko dute, eta han adierazita egon beharko du nola deskargatu behar diren, atal honetako a), b), c) eta d) baldintzak betez.

2.2. Hodeian enpresa soluzioak (cloud computing) ezartzea, “cloud computing” teknologietan oinarritu beharko dira, ETEa kudeatzeko esparruei loturik, haren lehiakortasuna hobetzeari begira.

Diruz lagungarriak izanen dira zerbitzu mota hauetakoren baten barruan dauden proiektuak:

–Azpiegitura zerbitzu gisa (IaaS - Infrastructure as a Service).

–Plataforma zerbitzu gisa (PaaS - Platform as a Service).

–Softwarea zerbitzu gisa (SaaS - Software as a Service).

3. B) motako proiektuen baitan –hots, IKTetan oinarritutako soluzio berritzaileak ezartzeko proiektuetan–, IKTetan oinarritutako soluzioak garatuko eta ezarriko dira arazo bat konpontzeko edo enpresan negozio aukera berriak sortzeko, balio-kate horizontal eta bertikalaren harremanen arloan.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroan enpresa digitala sustatzeko aurreko hiru deialdien barruan (2015eko, 2016ko eta 2017ko deialdiak) diruz lagundutako proiektuak eguneratzeko edo mantentzeko proiektuak.

5. Diru-laguntza jasotzen duten proiektu guztietatik Interneten kargatzen diren edukietan emakumearen aurkako bereizkeriaren irudiak galaraziko dira eta emakumeen eta gizonen rolen berdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dira. Orobat, hizkera sexistaren erabilera saihestuko da eduki horiei erantsitako testu guztietan.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza eskaera aurkezteko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun (enpresaburu autonomoak, merkataritzako sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarte eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan edo ez):

a) ETE bat izatea Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioaren definizioaren arabera.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea jarduera ekonomikoen gaineko zergan (JEZ).

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean kide bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. Lehenbiziko ataleko a), c) eta d) letretako beharkizunak betetzen direla frogatzeko, enpresek eskaeran datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko dute.

Alabaina, diru-laguntza eskatzearekin baimena ematen zaio Garapen Ekonomikorako Departamentuari honako datu hauek kontsultatzeko diru-laguntza ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, eskatzen diren beharkizunak betetzen direla berresteko:

–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) altako data eta epigrafea.

–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

–Lan-bizitzari buruzko txostena, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana, enplegatuen batez besteko kopurua egiaztatzearren.

–Eskatzailearen datu fiskalak, negozioaren bolumena eta balantzea egiaztatzearren.

4. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:

a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak, izan ere sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.

b) Erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak.

c) Enpresaren jarduera bat datorrenean deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuekin.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta burutzeko epea.

1. Proiektu motaren arabera, honako hauek izanen dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

1.1. A motako proiektuak:

1.1.1. Merkataritza elektronikoa abian jartzeko proiektuak:

Kanpoko enpresa espezializatuak onuradunari fakturatu dizkion gastuak, merkataritza elektronikoa abian jartzeko proiektuari dagozkionak zalantzarik gabe, barnean direla merkataritza hori bere baitan hartzen duen web-orria sortzeko edo eguneratzeko gastuak.

Merkataritza elektronikoa enpresaren kudeaketa sistemarekin integratzeko kostuei loturiko gastuak egozten ahalko dira diru-laguntza jaso dezaketen proiektuaren gastu gisa. Integrazio horretan honako hauek sartzen ahal dira, besteak beste: fakturazio eta kontabilitate prozesuak, salmenten idazpen bakarra (salmentaren tiketak), faktura-aukera, bezeroen datu-basea, salmenten analisia eta stocken kudeaketa.

Diru-laguntzaren xedeko merkataritza elektronikoa abian jartzeko proiektuari loturik egiten diren transakzioen lege, logistika eta segurtasun alderdiei buruzko aholkularitza kostuak kontzeptu diruz lagungarritzat hartuko dira.

Diruz lagundu beharreko aurrekontua 2.000 eurokoa izanen da gutxienez.

1.1.2. Hodeian enpresa soluzioak ezartzeko proiektuak:

Zerbitzua emateagatik onuradunari fakturatutako gastuak, bai eta zerbitzu hori ezartzeko egin beharreko gastuak ere.

Erabileraren arabera ordaintzen diren aplikazioak ezartzeko proiektuetan, zerbitzuen kostua diruz lagungarria izanen da ezarri eta urte batez gehienez ere.

Diruz lagundu beharreko aurrekontua 4.000 eurokoa izanen da gutxienez.

1.2. B) motako proiektuak: “IKTetan oinarritutako soluzio berritzaileak ezartzeko proiektuak”.

Onuradunari fakturatutako gastuak IKTetan oinarritutako soluzio berritzailea garatu eta ezartzeagatik eta haren gainean emandako aholkularitzagatik. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, software berariazkoen lizentzia gastuak, ezarri gogo den soluzio berritzailearekin zuzenean lotutakoak. Gastu horiek ez dira inolaz ere jarduera iraunkorrak edo aldizkakoak izanen, eta ez dira lotuta egonen enpresaren ustiapen gastu arruntekin.

Diruz lagungarriak izanen dira, horiez gain, ekipo-ondasunak erosteko gastuak eta hardwarean, sentsoreetan, automatismoetan eta komunikazio-ekipoetan egindako inbertsioak, ezarri gogo den proiektuarekin zuzenean lotutakoak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, display-ak, tablet-ak, kontsolak eta antzekoak erosteko gastuak, salbu eta datuak atzitzeko interface gisa baliatzen badira.

Diruz lagundu beharreko aurrekontua 8.000 eurokoa izanen da gutxienez.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Diru-laguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

b) Eskatzaileak berak edo hari lotutako edo elkartutako enpresek egindako gastuak. Lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan definitutakoak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

c) Software lizentzietako gastuak eta hardwareko gastuak, salbu aurreko atalean aurreikusitakoak B) motako proiektuetarako.

d) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak eta, oro har, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuetan espres sartuta ez daudenak.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza eta “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztuko ditu.

Onuradunak ez dira behartuta egonen hiru eskaintzak eskatzera ondoko kasuetan, baina aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:

a) Diru-laguntzen xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan hornitzaile edo zerbitzu-emaile diren entitateak aski ez direnean.

b) Gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

c) Lehendik egin denean hornitzaileen aukeraketa prozesu bat, bermatzen duena eskaintza tekniko-ekonomiko hoberena aukeratzea.

d) Gastua hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

4. Proiektuak gauzatu eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko irailaren 15era bitartekoa izanen da.

Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak diren gastuen gaineko laguntza-portzentajea eta gehieneko laguntza honako hau izanen da:

PROIEKTUA

LAGUNTZEN INTENTSITATEA

GEHIENEKO LAGUNTZA

A motakoak

Merkataritza elektronikoa abian jartzea

%40

4.000 euro

Hodeian enpresa soluzioak ezartzea (“cloud computing”)

%40

6.000 euro

B motakoak

IKTetan oinarritutako soluzioak ezartzea

%40

20.000 euro

2. %5eko laguntza gehigarria emanen zaie ondoko neurrietakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea. Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismenaren eta edukiaren arabera prestatu eta aplikatu beharko da.

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete 1ekoa izanen da. Deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira ezinbestean, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela helbide elektroniko gaitua (DEH) eta Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta dagoela. DEHa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko agiriak.

1. Honako hau da eskabide telematikoari gehitu behar zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa (dokumentuak bereiz aurkeztuko dira, izenarekin behar bezala identifikatuta daudela):

a) “Proiektuaren memoria eta erantzukizunpeko adierazpena” izeneko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki horretan proiektua deskribatzen duen txostena, proiektu mota bakoitzerako ezarritako gidoiari jarraitzen diona, eta 3., 14. eta 15. oinarrietan eskatzen diren beharkizunen gaineko erantzukizunpeko adierazpena sartzen dira.

b) Aurrekontuaren kopia, egin beharreko lanen zenbateko xehakatuekin batera.

c) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta 4.3 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.

d) Laguntza ordezkari baten bidez eskatzen bada, ahalordetze-eskritura, edo eskatzailearen dokumentu pribatuaren kopia, ordezkariari eskaera aurkezteko baimena ematen diona.

e) Zein den kasua, 5.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria eman izana frogatzen duena.

f) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

3. A) motako proiektuetarako, eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztu beharko du, eta han azaldu beharko du zer proiektutarako eskatzen duen diru-laguntza; edonola ere, merkataritza elektronikoa abian jartzeko proiektu bati besterik ez zaio emanen diru-laguntza.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

A) eta B) proiektu mota bakoitzarentzat eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan proiektu mota bakoitzerako kreditua dagoen bitartean. Dena dela, gertatzen bada proiektu mota bakoitzerako baimendutako gastuan soberakina izatea, beste proiektu motak diruz laguntzeko erabiltzen ahal da.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) A) motako proiektuak: proiektuak baloratuko dira egiaztatzeko ea 2. oinarriko 2.1 eta 2.2 puntuetako beharkizunak betetzen diren.

b) B motako proiektuak: honako irizpide hauek kontuan hartuta baloratuko dira:

–Berrikuntza bat izan beharko dute beren sektorean Nafarroan; 2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren hirugarren digituan definitzen da sektorea.

–Berritzaileak izan beharko dute teknologiaren ikuspuntutik edo produktu nahiz zerbitzu bati aplikatzearen ikuspuntutik.

–Enpresak Nafarroan duen establezimendu batean ezarri beharko dira proiektuak.

3. Baldin eta enpresa batek B) motako proiektu batentzat baino gehiagorentzat eskatzen badu laguntza, zilegi izanen da bigarren proiektu bat diruz laguntzea, betiere gainerako eskatzaileei proiektu bat behintzat diruz lagundu bazaie. Irizpide hori aplikagarri izanen da hirugarren proiektu baterako eta hurrengoetarako, harik eta B) motako proiektuetarako aurreikusitako aurrekontu kreditua agortzen den arte.

9. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua justifikatzea.

Onuradunek, 2018ko irailaren 15a arteko epean, hura barne, honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Justifikazioaren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horrek proiektuaren justifikazio memoria bat ere izanen du, ezarritako gidoia betetzen duena eta helburu bererako jaso diren laguntzei buruzko adierazpen bat, halakorik balego.

b) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira).

Fakturek eta ordainketek 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko irailaren 15era bitarte eginak izan beharko dute.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Enpresa Sustapeneko Zerbitzuari jakinaraztea hemen arautako laguntzen helburu bererako edo antzeko helbururako lortutako diru-laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.

d) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, 2018an Nafarroan enpresa digitala sustatzeko deialdian”.

e) Diruz lagundu diren merkataritza elektronikoko soluzioak, hodeian ezarritako zerbitzuak eta IKTetan oinarritutako soluzioak jardunean egotea, gutxienez ere bi urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

12. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezteko epea amaitzen direnetik hasita.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira eskatzaileak bere eskaeran adierazitako helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste diru-laguntza batzuekin, baina bateragarriak beste entitate batzuek ematen dituztenekin.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskaera eta justifikazio inprimakian adieraziko dute zer diru-laguntza lortu dituzten helburu bererako, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

15. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, hiru zerga-ekitaldiko edozein denboralditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

16. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (http://www.nafarroa.eus).

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1805369