71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Aldaketa, Garbitasuna, gizalegezko jokaerak eta espazio publikoen gaineko ordenantzan. Behin betiko onespenaren testu bategina

Beriaingo Udalbatzak 2016ko urriaren 6an egin bilkuran, besteak beste erabaki zuen hasiera batean onestea Beriaingo eremu publikoaren garbitasuna, gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2016ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aldaketa hori behin betiko onetsi eta ordenantzaren testu bategina osorik argitaratzeko agindu da.

Beriainen, 2018ko urtarrilaren 26an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

UDAL ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAREN GARBITASUNA, GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA ARAUTZEN DITUENA

Aurkibidea

HITZAURREA.

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

II. TITULUA.–Gizalegearen sustapena.

3. artikulua. Hitzarmenak.

4. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

III. TITULUA.–Herritarren portaera.

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak.

5. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

6. artikulua. Elkartasuna eremu publikoan.

7. artikulua. Kautelazko neurriak.

IV. TITULUA.–Ondasunak hondatzea.

8. artikulua. Hondatzea eta galerak.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

V. TITULUA.–Arbolak, parkeak, lorategiak, iturriak eta ur ibilguak.

10. artikulua. Arbolak eta bestelako landare espezieak.

11. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

12. artikulua. Urmaelak eta iturri publikoak.

13. artikulua. Debeku generikoak.

VI. TITULUA.–Publizitatea, afixak, pankartak eta gisakoak.

14. artikulua. Publizitatea.

15. artikulua. Afixa, pankarta eta banderaxkak.

16. artikulua. Liburuxkak eta esku-orriak.

VII. TITULUA.–Herritarren jarduketak.

I. KAPITULUA.–Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

17. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

II. KAPITULUA.–Suak eta bestak.

18. artikulua. Su eta bestekin loturiko ekitaldiak.

III. KAPITULUA.–Zaratak.

19. artikulua. Zaraten eragozpenak.

20. artikulua. Jokabide debekatuak.

21. artikulua. Alarmak.

22. artikulua. Kea eta usainak.

IV. KAPITULUA.–Hondakinak, zaborrak eta kanpaldiak.

23. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

24. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

25. artikulua. Hondakin organikoak.

26. artikulua. Jarduera berariaz debekatuak eremu publikoan.

27. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

V. KAPITULUA.–Betebehar bereziak.

28. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.

29. artikulua. Industrialdeak.

30. artikulua. Eskean ibiltzea.

31. artikulua. Establezimendu publikoak.

32. artikulua. Ekitaldi publikoak.

33. artikulua. Eskaletza.

34. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.

35. artikulua. Basa animaliak, kalekoak, basatuak eta jabe ezagunik gabeko etxeko animaliak elikatzeko debekua.

VIII. TITULUA.–Eremu publikoaren garbitasuna.

I. KAPITULUA.–Garbiketa, erabilera arrunt eta orokorraren ondorioz.

36. artikulua. Eskumena.

37. artikulua. Bizilagunen lankidetza.

38. artikulua. Zamalanak.

39. artikulua. Galtzadaren garbiketa.

40. artikulua. Garbiketa bereziak.

41. artikulua. Kaleko saltokiak.

42. artikulua. Paperontziak.

43. artikulua. Teilatuetako euri-urak.

II. KAPITULUA.–Obren eta zenbait jardueren ondoriozko zikinkeria.

44. artikulua. Eremu publikoko zikinkeria.

45. artikulua. Hondakinak uztea.

46. artikulua. Subjektu erantzuleak.

III. KAPITULUA.–Higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze-lana.

47. artikulua. Subjektu erantzuleak.

IV. KAPITULUA.–Orubeen eta eraikuntzen aldameneko espazioen garbitasuna eta mantentze-lana.

48. artikulua. Lursail pribatuen mantentze-lanak.

V. KAPITULUA.–Zabor-bilketa.

49. artikulua. Zabor-bilketari buruzko betebeharrak.

VI. KAPITULUA.–Herritarrak elurteetan egin beharrekoak, eremu publikoa garbi egon dadin.

50. artikulua. Elurteetan nahitaez egin beharreko jarduketak.

VII. KAPITULUA.–Erreka bazter, parke eta belardien garbitasuna.

51. artikulua. Jokabide debekatuak.

IX. TITULUA.–Garbitasuna, eremu publikoaren erabilera arrunt, berezi eta pribatiboari eta bertako agerpen publikoei dagokienez.

I. KAPITULUA.–Baldintza orokorrak eta aplikazio eremua.

52. artikulua. Aplikazio eremua.

53. artikulua. Erabilera pribatiboaren ondoriozko zikinkeria.

54. artikulua. Publizitateko elementuak paratzeko baimena.

X. TITULUA.–Udalerriko garbitasuna, kontserbazioa eta ordena.

I. KAPITULUA.–Errotuluak eta zenbakiak.

55. artikulua. Errotuluak eta zenbakiak.

56. artikulua. Errotuluak edo seinaleak paratzeko zortasunak.

II. KAPITULUA.–Eremu publikoen kontserbazioa.

57. artikulua. Kontserbazioa.

XI. TITULUA.–Zehapen araubidea.

58. artikulua. Xedapen orokorrak.

59. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

60. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

61. artikulua. Arau-hauste larriak.

62. artikulua. Arau-hauste arinak.

63. artikulua. Zehapenak.

64. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

65. artikulua. Erantzuleak.

66. artikulua. Zehapenen mailaketa.

67. artikulua. Kautelazko neurriak.

XII. TITULUA.–Birgaitzea.

68. artikulua. Itundutako amaiera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

AZKEN XEDAPENA.

HITZAURREA

Araudi honen bidez, Beriain herri garbiagoa, higienikoagoa eta osasungarriagoa bilakatu nahi da, bizi kalitate onekoa eta, bereziki, bizigarriagoa, non mota eta klase guztietako herritarrek elkarrekin parte hartzen duten bizi kalitatearekin eta garbitasunarekin ikusteko duten arazo guztietan.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Gizalegezko jarrerak, kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak saihestuta.

2. Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, udaleko garraio elementu eta ibilgailuak, eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barnean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, udalerriko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahaitxoak, eguzki-oihalak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Apaindura publikoko egoera egokian egon behar diren hiriko ondare eta paisaiaren zati diren aldetik, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo bertatik ikus badaitezke.

3. Ordenantza honek arautzen du Beriaingo mugarteko etorbide, pasealeku, kale, plaza, herri-lur, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa. Orobat, udalerriko garbitasuna arautu da, orokorrean.

Eremu publikoa txukuntzeko eginkizunaren pean sartuko dira orobat pasabide partikularrak, etxarteak eta lur gaineko zerbitzu publikoa egiten duten ibilgailuak.

4. Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

5. Bizikidetza arauak hausten dituztenen birgaitzea sustatzea.

6. Udalaren aurrekontu arruntaren bizkar dagoen garbiketaren kostuak ahal dela murriztera eramatea, ez gutxiago garbitzeagatik, baizik eta gutxiago zikintzeko printzipioa sustatzeagatik, paperontziak, edukiontziak, ontziak, fatxadak, murruak, etab. errespetaturik.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioekin ikusteko duten jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Beriaingo udal mugape osoan aplikatuko da, eta beharturik egongo dira bertako biztanle guztiak, edozein dela ere haien kalifikazio juridiko-administratiboa.

4. Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak egingo ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

Aipatu hitzarmenen bitartez, eremu publikoetan kultur, kirol eta aisia arloko gizalegezko jarduerak bultzatzen dituzten herritarren ekimenak sustatuko dira.

Halaber, eremu publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko da.

4. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute hiriko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen zaratarik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

4. Herritarrek ez dute eremu publikoan egingo abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

6. artikulua. Elkartasuna eremu publikoan.

Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikiko nabariko pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.

7. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.

2. Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau-hausteak maiz gertatzen direla edo gertatzen ari direla, eta portaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.

IV. TITULUA

Ondasunak hondatzea

8. artikulua. Hondatzea eta galerak.

Ezin izango da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien hondatzea badakar edo haien estetikari galera badakarkio.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Ordenantza honetan babesten diren ondasun guztietan, publikoak nahiz pribatuak izan, debeku dira pintadak, idazkiak, idazkunak eta grafismoak, bai haien egiturazko elementuen, galtzaden, espaloien eta hiri altzarien gainean, bai herriko kanpo murru eta pareten gainean.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geldituko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izango dituzte agintaritzako agenteek, jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

5. Artikulu honetan xedatzen denaz bezainbatean salbuespen izango dira publizitateari buruzko udal araudiak honen gainean baimentzen dituen egoerak.

V. TITULUA

Arbolak, parkeak, lorategiak, iturriak eta ur ibilguak

10. artikulua. Arbolak eta bestelako landare espezieak.

Arbolak eta bestelako landare espezieak babesteko neurri gisa, hauek debeku dira:

a) Hailek kaltetu edo modu txarrean erabiltzea.

b) Haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta obra-hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek herriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ekintza hauek:

–Loreak edo landareak ebatsi, errotik erauzi edo kaltetzea eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

–Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

–Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

–Azalak grabatu edo pintatzea, puntak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

–Arbolen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten badiete.

–Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

–Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

–Parke eta lorategietan sua egitea.

3. Orobat debeku da dauden seinaleen ohartarazpenei kasurik ez egitea, edo halako eremu batzuetara sartzeko murriztapen aldi baterako nahiz behin betikoei ez obeditzea.

4. Udalaren eskumenekoa da eremu publikoko parkeak eta lorategiak landatu eta mantentzea. Parke eta lorategietan edozein landareri kalte egiten dionak hura lehengoratzeko gastuak ordaindu beharko ditu.

5. Orobat debeku da zakurrak berdegune eta lorategietako eremuan barna ibiltzea, non ez diren zakurren aisialdirako eremuak, erabilera horrexetarako baitira.

12. artikulua. Urmaelak eta iturri publikoak.

Iturri publikotzat hartuko dira eremu publikoan daudenak edo landa bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuen gaineko araua urari buruzko legeek osatuko dute.

Debeku da iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea.

13. artikulua. Debeku generikoak.

Espresuki debeku da:

a) Arropa garbitzea.

b) Jendea bainatzea eta orobat zakurrak nahiz bestelako animaliak bainatzea.

c) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edaten uztea.

d) Ibilgailu mota guztiak garbitzea.

e) Substantziak isurtzea edo objektuak botatzea.

VI. TITULUA

Publizitatea, afixak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea Udalak espresuki baimentzen dituen lekuetan baizik ezin izango da paratu.

15. artikulua. Afixa, pankarta eta banderaxkak.

1. Debeku da afixak eta eranskailuak bereziki horretarako diren tokietatik aparte paratzea eta itsastea, saltokietako beira-arasa, beira edo erakustokietan paratzen direnak izan ezik; hori guztia, udal agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu.

2. Paratzen ahal diren afixa, iragarki edo bandoak horretarako erakustokietan paratuko dira espresuki.

3. Atarietan, markesinetan, fatxadetan, paretetan, murruetan, zoladuretan, hiri altzarietan eta, orokorrean, eremu publikotik ikusten ahal den edozein tokitan ez da inolako iragarkirik edo afixarik paratzen ahalko, horretarako baimenik ez bada; erantzulea enpresa iragarlea izango da.

4. Fatxadetan, jarduera profesionalen idazkunak homologatuak izan beharko dira, eta Udalak edo Alkatetzaren dekretu baten bitartez baimenduak.

5. Halaber debeku dira fatxadetako pinturak, iragarkiak edo idazkunak baldin badituzte, eta orobat iragartzeko afixak itsastea, Udalaren baimenik gabe baldin bada.

6. Orobat debeku da hesien edo balkoien gainean gai publizitarioen gaineko pankartak paratzea, Udalaren baimenik gabe baldin bada, hauteskunde kanpainetan salbu. Azken kasu horretan, toki bakoitzean afixak edo pankartak finkatzeko manera udaltzainari edo albienteari aurretik galdetuta eta berak azalduta izango da.

7. Udalak hartarako erabakitako tokietan paratzen diren kartel eta eranskailuek herritarrentzat interesgarriak diren ekitaldien edo jardueren berri eman beharko dute.

8. Ez da afixarik paratzen hasten ahal aurretik udal agintariei horren berri eman gabe. Arau-hausleei zehapena ezarriko zaie.

9. Udalak baimena eman ezik debeku da eremu publikoan pankartak paratzea, honelakoetan:

a) Udalerrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Udalerrirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, leku behar bezala baimenduetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan afixa, pankarta eta banderaxkak paratzeko baimena ematen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden beste kasu batzuetan.

Udalean eskumena duen organoak kasu bakoitzean arautuko du nolako baldintzetan erabiltzen ahalko diren Udalaren toki eta espazioak publizitatea egiteko, eta nolako tramiteak egin behar diren horretarako baimena lortzeko. Pankartek kutsu politiko edo herrikoiko propaganda baizik ez dute edukiko, bestelako publizitaterik gabe. Pankartak paratuko direla jakinarazteko idazkian, honako hauek adieraziko dira:

–Pankartaren, afixen edo banderaxken edukia eta neurriak.

–Banderaxkak non paratu nahi diren, baita kale-argi edo argi-puntuei lotzeko modua islatzen duen krokisa ere, euskarriak bere pinturan edo galbanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.

–Zenbat denbora egongo den emana, noiztik noiz arte.

–Arduradunaren konpromisoa, eremu publikoan edo bertako egiturazko elementuetan egiten diren kalteak konpontzeko, eta pankarta paratzearen ondorioz sor daitezkeen kalte eta galerak ordaintzeko.

10. Eremu publikoko egiturazko elementuei estekatutako pankartek, nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez da pankartarik paratzen utziko farola artistikoetan.

b) Arboletan lotutako pankartei dagokienez, arbolaren zirkunferentzia 50 zentimetro izango da gutxienez. Pankarta adarrei lotua baldin badago, hauek gutxienez 30 zentimetroko zirkunferentzia izan beharko dute.

c) Pankartaren azalerak behar adina zulo izango ditu haizearen eragina apaltzeko.

d) Nolanahi ere, paratzeko gutxieneko altuera, punturik apalenean neurtuta, 5 metro izango da pankartak galtzada alderik alde zeharkatzen duenean, eta 3 metro, espaloi, pasealeku eta oinezkoen beste gune batzuetan.

11. Pankartak interesdunek kendu beharko dituzte, haiek paratzeko eskatutako epea bukatu bezain laster. Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta zerbitzu horren kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, legokiekeen zehapenaz gainera.

12. Pankartak eremu publikoan baimenik gabe emanez gero, udal agintariek zehapena ezarriko diete erantzuleei.

13. Kale-argi edo argietan paratu baino 72 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.

14. Afixa, pankarta eta banderaxkak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean fidantza egon daiteke.

16. artikulua. Liburuxkak eta esku-orriak.

1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, esku-orriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

VII. TITULUA

Herritarren jarduketak

I. KAPITULUA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izango dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez ezarritako tokietan eta ezarritako baldintzetan izan ezik.

Debeku da bide edo eremu publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

Udalak betiere bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.

2. Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

3. Eremu publikora ez da arroparik, mahai-zapirik, alfonbrarik eta abarrik inarrosten ahal leiho, balkoi edo terrazetatik, ezta urik bota ere.

II. KAPITULUA

Suak eta bestak

18. artikulua. Su eta bestekin loturiko ekitaldiak.

Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere. Bestetan, herritarrek ez dute etxean erabiltzeko inolako elementu piroteknikorik pizten ahal (bengalak, kolore iturriak, tontortxoak, etab.) Udalak baimenik ematen ez badu.

Besta edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

III. KAPITULUA

Zaratak

19. artikulua. Zaraten eragozpenak.

Herritar guztiak behartuta daude bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatzera, baita bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak ez egitera ere. Nolanahi ere, asotsen gainean indarra duen araudia bete beharko da.

Horretarako, gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipamenduak ozen jarriko. Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo zarata modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora.

Orobat aplikatzen ahalko da zaratak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean edo, azken batez, bestelako zaratak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

20. artikulua. Jokabide debekatuak.

1. Eremu publikoan zaratarik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izango dira jarduera sailkatuei buruzko foru araudia eta zaratak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.

2. Obrak egunez egingo dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

3. Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izango da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

4. Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauaz.

5. Aisialdiko baratzeen kasu berezian, debeku dira bizilagunak gogaitzen ahal dituzten jarduera guztiak, baita baratzezaintzak berezko ez dituen erabilera guztiak ere; ordenantza hau modu orokorrean aplikatuko da, salbuespenak izanik erabilera baimendu eta toleratuen ondorioz sortzen ahal diren trabak.

6. Zehatz-mehatz, jokabide hauek debeku dira, gogaikarriak baitira:

a) Etxebizitzetan musika-tresnak jotzea, gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabe, betiere gainditzen badira gai honi buruzko araudiak zaratei ezarritako mugak.

b) Patio, etxabe edo galerietan, beren zarata, oihu eta usainekin auzolagunen atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

c) Petardo klase guztiak saltze eta erabiltzea, eta suziriak jaurtitzea Udalaren baimenik gabe.

d) Obrak gauaz egitea.

21. artikulua. Alarmak.

Halaber, jabeei zehapena ezarriko zaie beren establezimenduetako alarmek arrazoirik gabe seinale akustikoak sortzen badituzte.

22. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko egingo diote lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak edo usainak sortzen edo hautsa harrotzen duten jarduerak egiteari, zein diren legerian ezarritako mugak.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek egingo dira kalera ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-burua eta patio txikietara.

Barbakoa mugigarriak edo gisakoak eginez gero, kontuan hartuko da airearen norabidea, eta hori jakinda gainerako bizilagunei ahalik eta traba gutxien egiteko moduko tokian paratuko dira. Betiere ahalik eta ke txikiena ateratzen duten erregaiak erabiliko dira.

Debeku da barbakoa finkoak paratzea edo barbakoa mugigarriak egitea terraza eta balkoietan. Gainerako kasuetan, hirigintzari buruz indarra duen araudia begiratu beharko da.

2. Ibilgailuek ezin izango dute bost minutu baino gehiago aparkatuta egon motorrak piztuta izanda, bizitegien eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

IV. KAPITULUA

Hondakinak, zaborrak eta kanpaldiak

23. artikulua. Hondakinak, zaborrak eta kanpaldiak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak -orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne- zikin ditzaketen jarduera edo baimendu gabeko eragiketa guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku da zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera, hondakinen bilketa sailkatuaren arabera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birziklagarriak izan ezean: halakoak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak eta zigarrokin piztuak edo beste edozein gauza botatzea. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat joko dira pertsonei kalte egin diezazkietenak, hala nola xiringak eta sorgorgarrien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorgarriak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen bilketa sailkatuaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

5. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

24. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

Paperontzi eta edukiontzien erabilera hondakin eta zaborrei buruzko atalean agintzen denari jarraikiz egingo da.

25. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da eremu publikoetan kaka, pixa edo listu egitea, eta orobat erabilera publiko nahiz pribatuko espazioetan, espazio publikorako ikusmira baldin badute; zehapenari dagokionez hutsegite larritzat joko da.

26. artikulua. Jarduera berariaz debekatuak eremu publikoan.

1. Berariaz debeku dira ekintza hauek:

a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Ez da onartuko eraikinen kanpoaldean kokaturiko landareak ureztatzea, egintza horren ondorioz isuriak eta zipriztinak eragiten badira eremu publikora edo eremu publikoko elementuen gainera, salbu eta ekintza gaueko 22:00etatik goizeko 8:00ak bitarte egiten delarik.

2. Eremu publikoan mahaitxoak eta aulkiak paratzeko, zerga hori arautzen duen ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.

3. Obretan hesiak paratzean, eremu publikoa okupatzen bada, udalerri honek onetsi duen araudi berariazkoaren determinazioak bete beharko dira.

27. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izango da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik jarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izango dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izango da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izango da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Nolanahi ere, oro har, inork ezin du gainerako pertsonen eskubidea edo ekiteko askatasuna gutxietsi, ezta sinesmenak edo orokorrean onarturik dauden bizikidetza arauak arbuiatu eremu edo espazio publikoetan duen portaerarekin. Alde horretatik, debeku da sexu-organoak erakustea, baita ordenantza honetan edo aplika daitekeen beste araudi batean debekatutako jokaera edo jarduerak ere.

V. KAPITULUA

Betebehar bereziak

28. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak beraiek ere.

Gainera, kioskoen, izozki denden, josteta aretoen edo jarduera motagatik hondakinak sorrarazten dituen beste edozein saltokiren titularrek paperontzia paratu beharko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu.

Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dira eta, nolanahi ere, establezimendua ixten den unean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izango da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ezta aldi baterako elementurik -ez finkorik, ez zoluan finkaturik- erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izango du, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, eta dagokion zehapena izango du.

29. artikulua. Industrialdeak.

Jarduera ezaguna izan edo ez, industrialdeetan kokaturiko etxabe edo nabeen titularrek izango dute instalazioaren ingurua nahiz instalazioaren aldamenean dagoen eremu publikoaren zatia garbi atxikitzeko ardura. Paletak, kartoiak, material hondarrak eta gisakoak modu jarraituan egoteak zehapena ekarriko du, eta udal zerbitzuek kendu behar badituzte, horren kostua haien bizkar izango da.

Orobat, titularren ardura izango da erabilera pribatuko edukiontziak, etxabe edo nabeen inguruan kokaturik egoten direnak, edukia barrenean izatea; hondakinak kanpoan izateak, eremu publikoa edo Udalaren jabetzako lurrak okupatzen, zehapena ekarriko du, eta, udal zerbitzuek kendu behar badituzte, horren kostua haien bizkar izango da.

30. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izango da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu, salbu eta Udalak baimentzen baditu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izango dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, besteak beste.

31. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean. Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emango diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

32. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izango dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Bestela, egin diren aparteko lanen zenbatekoa kentzen ahalko da aipatu fidantzatik, baita baimena edozein alderditan urratzeagatik edo antolatutako egintzarekin ikustekoa duten beste arau-hauste batzuengatik legokiokeen zehapena ere.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

33. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskaletzatzat joko da eremu publikoan edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Orobat eskaletzatzat hartuko da leku pribatuetan egiten dena ere, hala nola atarietan, sartzeko gezurra esan badute.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian -hitzez zein obraz- eskatzea. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskatzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzaren agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emango diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

34. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan ez da arroparik hedatzen ahal, kaletik ikusteko maneran. Halaber, balkoi edo galerietan ez da eraikinaren estetikari kalte egiten dion materialik, tresnarik edo altzaririk uzten ahal, kanpotik ikusten ahal badira.

Kaletik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, Udalak berariazko araubidea baimendu ahal izango du.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola lorontziak-eta, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.

35. artikulua. Basa animaliak, kalekoak, basatuak eta jabe ezagunik gabeko etxeko animaliak elikatzeko debekua.

Debeku da basa animaliak, kalekoak, basatuak eta jabe ezagunik gabeko etxeko animaliak elikatzea, hala nola usoak, txoriak, katuak, zakurrak, etab., sortzen duten zikinkeriagatik eta haien ugalketak eritasun kutsakorrak kutsatzeko dakarren arriskuagatik.

Arau hori urratzea, zehapenari dagokionez, hutsegite larritzat joko da.

VIII. TITULUA

Eremu publikoaren garbiketa

I. KAPITULUA

Garbiketa, erabilera arrunt eta orokorraren ondorioz

36. artikulua. Eskumena.

Udalak egingo du eremu publikoko plaza eta kaleen garbiketa, salbu eta Udalak berak erabakitzen duenean.

Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: etorbideak, pasealekuak, kaleak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenean herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

37. artikulua. Bizilagunen lankidetza.

1. Nahitaezkoa izango da bizilagunen lankidetza espaloiak garbitzeko lanetan, norberaren kalera jotzen duen zati proportzionalean, eta orobat elurteak edo bestelako gorabehera klimatologikoak gertatzen direlarik, espaloiak uzteko oinezkoak pasatzeko moduko baldintzetan. Betebehar hori pertsona eta titular hauei dagokie:

a) Beheko solairuan kokaturiko industriako eta merkataritzako establezimenduen, biltegi edo bulegoen titularrei, establezimendu horiek okupatzen dituzten lokalen aurrealde osoan.

b) Higiezinen okupatzaileei; horiek ados jarri beharko dira, beren artean txandaka aritzeko, baina badute garbiketa egiteko beste aukera bat, beste lagun batzuen zerbitzua kontratatzea, alegia. Hori espaloiei dagokie, aurreko apartatuan aipatzen ez den zatian. Betebehar hori ez betetzeak zehapenak ekartzen baditu, okupatzaile titular guztiek erantzukizun komun eta solidarioa izango dute Administrazioaren aurrean.

c) Eraiki gabeko lur eta orubeen jabeei.

d) Eraikin publikoen entitate titularrei.

2. Lan horiek egin behar dira garbiketaren ondoriozko produktuak kalean utzi gabe; aldiz, bildu beharko dira ontzi homologatuetan edo zabor-bilketa edo garbiketa zerbitzuaren eskura jarri, horren premia baldin bada haien pisuagatik eta bolumenagatik. Lan horiek egunero egin beharko dira, goizeko lehen orduetan, eta industriako edo merkataritzako establezimenduei dagokienez, irekitzeko orduaz geroztik.

38. artikulua. Zamalanak.

Zamalanen ondorioz zikintzen badira kaleak, plazak edo haien espaloiak, haiek garbi atxikitzea izango da haien arduradunen betebeharra.

Lan horiek lanaldi bat edo gehiago irauten badute, haien arduradunek hesi mugikorren bidez babestu beharko dute ukitutako espaloi puska, eta horiek kendu lanaldia bukatzen delarik. Albienteei edo udaltzainei eskatuko zaie hesi mota hau erabiltzeko baimena.

39. artikulua. Galtzadaren garbiketa.

Ibilgailu batek, edozein izanik haren trakzio mota, lursailetan edo orubeetan aritu ondoan, ateratzean lokatz arrastoak uzten baditu galtzada publikoen gainean, haren erabiltzaileak berehala garbitu beharko ditu. Arau hau urratzea hutsegite larritzat hartzen da.

40. artikulua. Garbiketa bereziak.

Beharrezkoa izanez gero, Alkatetzak, dagokion zerbitzuaren txostena izanda, garbiketa bereziko egunak ezartzen ahalko ditu kaleka edo kale puskaka; egun edo ordu horietan debeku izango da bertan aparkatzea; beraz, behar den denboraz iragarriko da, Udalean trafikoaren kontrolaren ardura dutenek erabakitzen dituzten baliabideen bitartez. Garbiketa bereziko egun edo orduetan behar ez bezala aparkatzeak bere zehapena izango du.

41. artikulua. Kaleko saltokiak.

Beren merkataritza mota dela-eta aritzen diren tokiaren inguruetan zikinkeria eragiten duten kaleko saltokien jabeek alderdi horiek garbitu beharko dituzte, sorrarazitako hondakinak eskobatuz eta bilduz. Garbiketa hori lanaldiaren bukaeran egingo da eta 10 metroko erradioko eremua harrapatuko du saltokiaren inguruan. Hondakinak poltsetan sartuko dira, familiako zaborren gisara, eta beren eremuetan agintzen den modu, ordu eta egunetan utziko dira.

42. artikulua. Paperontziak.

Herriko hainbat tokitan paperontziak paratu dira paperak eta hondakin txikiak bertara biltzeko; beraz, hutsegite larritzat hartuko da etxeko zaborrak edo bestelako gauza eta produktuak bertan sartzea.

43. artikulua. Teilatuetako euri-urak.

Eraikin bateko teilatu-hegalean tantakinak daudela egiaztatuz gero, haren jabea konpontzera beharturik egongo da, baita teilatuetatik euri-urak husteko sistema aldian behin ikuskatzera ere; oker funtzionatzen badute, erantzuleak jabeak izango dira, eta beraiei ezarriko zaizkie kasuan kasuko zehapenak. Fatxaden kontserbazioari eta garbiketari dagokienez, eraikuntzaren gaineko udal ordenantzetan xedatzen denari jarraituko zaio.

II. KAPITULUA

Obren eta zenbait jardueren ondoriozko zikinkeria

44. artikulua. Eremu publikoko zikinkeria.

1. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, non-nahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta, orobat, behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.

2. Obrak eremu publikoan edo aldameneko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

3. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurrak babestu beharko dira, betiere.

4. Eraikinak zutitu bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra obraren kontratistarena da.

45. artikulua. Hondakinak uztea.

1. Debeku da eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Betiere, hondakinak uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2. Eremu publikoan abandonatutako materialak, indarra duen legeriari jarraikiz, udal jabetzakoak dira, eta interesdunak ezin izango dio ez Udalari ez egiteko horren ardura hartu duenari deus erreklamatu egin dutena egiteagatik, material horiek bertatik kentzeagatik, eta gainera aplikatzen ahalko zaio egindako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo kasu bakoitzean legozkiokeen zehapenak.

3. Behar diren zerbitzuak bildu zain, eremu publikoan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.

46. artikulua. Subjektu erantzuleak.

1. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obrak nahiz biltegietako sartu-ateratzeak, etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileak eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabe edo gidariek garbitu beharko dituzte eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.

2. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izango dira, aipatu hurrenkera berean, ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen
garbitasuna eta mantentze-lana

47. artikulua. Subjektu erantzuleak.

1. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.

2. Debeku da arropa, janzki eta etxeko gauzak hedatzea edo agerian uztea balkoietan, leihoetan, kareletan, kanpoko terrazetan edo, beren kokapen eta orientazioagatik, kaletik ikusten ahal den beste edozein lekutan, 37. artikuluaren 34. paragrafoan xedatua izan ezik.

3. Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, higiezinetako sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

4. Honen aurreko artikuluari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

5. Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.

IV. KAPITULUA

Orubeen eta eraikuntzen aldameneko espazioen
garbitasuna eta mantentze-lana

48. artikulua. Lursail pribatuen mantentze-lanak.

1. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube, lursail eta lorategiak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetan arratoi-garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.

3. Eraiki gabeko orubeen edo eraikuntzen aldameneko eremuen jabe edo titularrek, haietan barne direla lorategiak, parterrak, ezpondak, etab., urbanizaturik egon edo ez, izanen dute belarrak, adarrak, orbela, etab. garbitzeko ardura, horiek eremu publikora ateratzen direnean edo hura inbaditzen edo okupatzen dutenean. Landaresiak, adakerak edo espazio horietatik eremu publikoaren aldera zintzilikatzen diren gainerako lore-apaingarri natural edo artifizial guztiek errespetatu beharko dute haren hegalkina ez inbaditzeko araua.

4. Udalak ahalmena du aurreko zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

5. Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

V. KAPITULUA

Zabor-bilketa

49. artikulua. Zabor-bilketari buruzko betebeharrak.

1. Etxebizitzetako bizilagunak eta ostalaritzako establezimenduen titularrak beharturik daude beren zaborrak lokaletik edo establezimendutik hurbil dauden edukiontzietara botatzera; poltsak egun osoan uzten ahalko dira behar diren tokietan.

2. Bestelako zaborra (kristalak, burdinak, latak, baxerak, altzariak, tresnak, etab.) kopuru handian baldin bada, hainbeste, ezin baitira tokatzen diren edukiontzietan sartu, orduan ez dira eramaten ahalko zabor-bilketa sistema arruntaren bidez eta interesdunek Mankomunitateari dei egin beharko diote, berak eraman ditzan.

3. Harri-morroiloak eta eraispeneko materialaren bilketa, garraioa eta gordailua, berriz, interesdunek berek egin beharko dute; osotara debekaturik dago horien gordailua, udal-mugartearen barnean bada.

4. Animalia handi nahiz txikien hilotzak, baita harategi, arrandegi, hestebete fabrika eta abarren hondakinak ere, garraio bereziaren bidez bilduko dira, eta abeltzaintzako higiene eta osasunari buruz indarra duten arauei jarraikiz eta hilotzen gaineko osasunaren arloko neurriak harturik.

VI. KAPITULUA

Herritarrak elurteetan egin beharrekoak,
eremu publikoa garbi egon dadin

50. artikulua. Elurteetan nahitaez egin beharreko jarduketak.

1. Finketako enplegatuek edo, bestela, higiezinetako bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta horma kendu beharko dituzte fatxada aurrean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre utzi beharrez.

2. Elurra eta izotza espaloian pilatuko dira, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.

b) Uraren eta ibilgailuen ibilia eragotzi gabe.

c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali gabe.

3. Eremu publikoan elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabe eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

4. Inola ere ez da eremu publikora botako terraza, balkoi eta eraikinen bestelako irtenguneetan pilatu den elurra, Alkatetzak kontrako xedapenik eman ezean.

VII. KAPITULUA

Erreka bazter, parke eta belardien garbitasuna

51. artikulua. Jokabide debekatuak.

1. Debeku da arras edozein ibilgailu klase garbitzea, zisternak garbitzea edo haien edukia hustea udalerriko erreka bazter eta ibilguetan, parkeetan eta belardietan, baita Moreako idoiaren ertzean ere.

2. Hutsegite oso larritzat hartuko da obra-hondakinak edo zaborrak botatzea ezpondetan eta erreka ertz edo bazterretan, idoietan, parkeetan eta belardietan. Lan horiek egiteko modua eta tokiak aurreko kapituluan xedatu direnak izango dira.

3. Debeku da, orobat, paperak, latak, botilak eta janari hondarrak botatzea parke eta belardietan, errekaxkan eta Moreako idoian edo haren ertzetan, horretarako dauden ontzietan baizik ez baita egiten ahal.

IX. TITULUA

Garbitasuna, eremu publikoaren erabilera arrunt, berezi
eta pribatiboari eta bertako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio eremua

52. artikulua. Aplikazio eremua.

Titulu honek udalerriko garbitasuna gordetzeko arauak ematen ditu, honako hauei dagokienez:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa.

b) Herriko kalean egiten diren ekitaldi publikoen eta publizitateko zenbait jardueren ondoriozko zikinkeriaren prebentzioa.

53. artikulua. Erabilera pribatiboaren ondoriozko zikinkeria.

1. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izango dira haren erantzule. Finkoak nahiz ez-finkoak izan, establezimenduetako titularrek, hala nola ostatu, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta gisakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri espazioa.

2. Udalak edo udal albienteek aurreko 1. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzakete kontsumoaren ondorioz beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

3. Kalean ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik sortzen den zikinkeriaren erantzule izango dira.

4. Udalerriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

54. artikulua. Publizitateko elementuak paratzeko baimena.

1. Afixa eta pankartak paratzeko eta itsasteko, orrixkak banatzeko eta titulu honetan araututako beste edozein publizitate jarduera egiteko, beharrezkoa izango da Udalak aurretik udal baimena ematea.

2. Errotuluak eta publizitateko gainerako elementuak paratzeko baimena emateak berarekin dakar arduradunaren betebeharra eremu publikoan erabili diren espazioak eta gainerako osagarriak garbitzeko; Udalak fidantza edo banku-abal bat eratzeko eskatzen ahalko du, garbiketarako edo zikinkeria sortzen ahal duten elementuak kentzeko aurreikusten ahal diren kostuen bezainbatekoa.

X. TITULUA

Udalerriko garbitasuna, kontserbazioa eta ordena

I. KAPITULUA

Errotuluak eta zenbakiak

55. artikulua. Errotuluak eta zenbakiak.

1. Eremu publikoen errotulazioa zerbitzu publikoa da eta egiten ahalko da oroitarri edo plakaren bidez eta ongi ikusteko tokian finkatuko da.

2. Higiezinen jabeak beharturik daude egokitu zaien zenbakia paratzera, banan-banan nahiz kolektiboki horretarako errekerimendua egiten zaielarik. Errekerimenduak finkaturiko epearen barnean betebehar hori betetzen ez bada, Alkatetzak izendaturiko langileek paratuko dute, eta gastuak eraikinaren jabearen bizkar izango dira, errekerimendua ez betetzeagatik dagokion zehapenaz aparte.

56. artikulua. Errotuluak edo seinaleak paratzeko zortasunak.

1. Errotulu eta zenbakiak bertan paratuz gero, ukituriko higiezinen jabeak beharturik daude horien finkapena onartzera eta bertan egoten uztera; gainera, zaindu beharko dute haien kontserbazioa eta haien ikusgarritasuna.

2. Idazkunak atxikitzen dituzten elementuek eta idazkunek berek harmonia artistikoa gorde beharko dute finkatzen diren fatxada, alderdi edo sektorearekin.

3. Zortasun administratibo hau doan izango da eta jakinarazi beharko zaio ukituriko jabeari.

II. KAPITULUA

Eremu publikoen kontserbazioa

57. artikulua. Kontserbazioa.

Udal Administrazioaren eskumenekoa da eremu publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio zuzenerako lan eta obrak egitea. Eremu publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aurretik Udalaren baimenik ez badu.

XI. TITULUA

Zehapen araubidea

58. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura -hasita badago-, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izango da; haien ordaina Beriaingo Udalak erabakitzen duen maneran egingo da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzita.

Arau-hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak Udalaren baimen bat ez betetzearen ondorio berak izango ditu zehapen.

Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, ez da beharrezkoa izango ukitutako alderdiaren salaketa.

59. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

60. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Legea Organikoan ezarritako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo oso larriak jartzea.

d) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izango da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

e) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

f) Animaliekin ankerkeria, tratu txarrak eta eraso fisikoak erabiltzea, bai eta haiek abandonatzea ere.

g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

h) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

i) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

j) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

k) Arau-hauste larria edo oso larria egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso larria egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izango da zehapena.

l) Desobeditze oso larria. Agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

61. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau-haustea izango da bide edo eremu publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izango dira:

–Estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

–Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzera uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten bazaie.

–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

–Eremu publikoan pixa edo kaka egitea.

–Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

g) Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratu eta hartan nahasmendu larria sortzea.

h) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

j) Desobeditze larria. Agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

k) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.

Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatze gisa joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.

62. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Nolanahi ere, honako hauek arau-hausteak izango dira:

–Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo kateaz lotu gabe, eta eremu debekatuetan sartzen uztea, baimenik izan gabe.

–Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, honako hauek arau-hausteak izango dira:

–Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe, baita haiek baimenik gabe saltzea ere.

–Bide edo eremu publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

–Baimenik gabe kanpatzea.

–Bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain automatikoetan, gaua eman edo etzatea.

–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

–Eremu publikoa erabiltzea ibilgailuak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

–Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere arau-haustea izango da iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, honako hauek arau-hausteak izango dira:

–Arbola, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

–Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea, eta orobat kale-argietan eta gainerako hiri altzarietan, argiztatzeko izan edo ez eta Udalarenak izan edo ez.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, honako hauek arau-hausteak izango dira:

–Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

–Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

–Hiri altzarien gainean listu egitea, haien erabilera lotetsirik dagoenean edo udalerriaren irudia kalteturik gelditzen denean.

–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein gauza botatzea edo uztea, baita edukiontzi batetik hurbil edo haren ondoan ere.

–Apaintzeko zeren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, altxatu, beheratu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, sailkapen larriagorik merezi ez badu.

g) Desobeditze arina. Agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta, hala ere, egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoren nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

63. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 1.500 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak, eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketa eta konponketa gastuen ordaina eta, hala behar badu, salaketa aurkez daiteke agintari judizial eskudunaren aurrean.

2. Arau-hauste arinei 60 eta 199,99 euro arteko isuna ezarriko zaie.

3. Arau-hauste larriei 200 eta 599,99 euro arteko isuna ezarriko zaie.

4. Arau-hauste larriei 600 eta 1.500 euro arteko isuna ezarriko zaie.

5. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, betiere Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako legeei jarraikiz.

6. Orokorrean, enpresen edo entitateen erantzukizuna egiaztatzen bada hondakin solidoen kaleko garbiketaren arloan udal ordenantza honen kontra egiten diren arau-hausteetan, hauek zehatzen ahalko dira eta haien gain utzi sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak.

64. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura egingo ditu gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko egin beharrekoak, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

65. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izango dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izango dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitza edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izango dira zarata eta zaborren arloan VII. tituluko 3. eta 4. kapituluetan aipatzen diren arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izango dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izango dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko. Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izango dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izango dira erantzule modu solidarioan.

66. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egitea edo ez.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin diren eta zein den haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

67. artikulua. Kautelazko neurriak.

Arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste erabiltzaileei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.

Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izango dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makuluak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderaxkak, paskinak, eskuorriak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza ere, agintaritzako agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.

XII. TITULUA

Birgaitzea

68. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izango litzateke.

Arau-hausleak adingabeak badira, hezigarritasun nabaria izaten ahal du komunitateari egin beharreko zerbitzuak.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitaziorako bidea izan dadin eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

–Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

–Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

–Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.

–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen esango dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izango dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaleko albienteek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten egingo da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Hasierako arau-haustearen larritasun bera izango du arau-hausteak.

Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izango da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat heldu ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1801874