53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

62/2018 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2018ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen atzerriko prestakuntza sustatzea.

Xedeko hizkuntzan jarduten duen herrialde batean prestakuntza jasotzea funtsezkoa da; izan ere, aukera ematen du hizkuntza testuinguru natural batean erabiltzeko, eta irakasten den hizkuntza duen herrialdearen alderdi soziokulturalak eskuratzen laguntzen du.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du eta horretan aditzera eman du beharrezkoa dela laguntzen deialdi bat egitea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan atzerriko hizkuntzak edo hizkuntzaz bestelako irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakasten dituzten unibertsitatez kanpoko irakasleek udako ikastaroak egin ditzaten atzerrian.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gehienez 40 laguntza indibidual emateko deialdia onestea irakasleek atzerrian prestakuntza ikastaroak egiteko. Parte hartzeko oinarriak ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Horretarako, gehienez 40.000 euroko gastua onestea, 2018ko Aurrekontuko “Atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzarako laguntzak” izeneko 420001-42420-4809-321202 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Hezkuntzako berriak) eta www.navarra.es/home_eu (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Irakasleen Prestakuntzako Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko otsailaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

2018ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuak gehienez ere 40 laguntza emateko deialdia egin du Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan atzerriko hizkuntzak (ingelesa, frantsesa, alemana) edo atzerriko hizkuntzetan (British, IIP, FIP, AHIP, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna eta atal elebidunak) irakasten duten irakasleentzat, 2018ko udan atzerriko ikastetxe eta unibertsitateetan prestakuntza ikastaroak egin ditzaten.

Irakasle eskatzaileek ikastaroa ematen duen erakundearekin zuzenean kudeatu beharko dituzte deialdi honen bidez diruz laguntzen diren udako atzerriko ikastaroak.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

–Jarduneko irakaslea izatea.

–Atzerriko hizkuntzak (ingelesa, frantsesa, alemana) edo atzerriko hizkuntzetan (British, IIP, FIP, AHIP, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna eta atal elebidunak) irakastea Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

–Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakaslea izatea.

–Irakasleentzako atzerriko prestakuntzarako laguntzarik jaso ez izana azken hiru deialdietan.

Hirugarren oinarria.–Udako atzerriko ikastaro bat egiteko laguntza indibidualen deskribapena.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

–Ikastaroaren xedeko hizkuntza ofiziala duen herrialde batean egin beharko da ikastaroa.

–Ikastaroaren edukia metodologiari lotua izan beharko da.

–Gutxienez bi asteko iraupena eta berrogei irakastordu izan beharko ditu.

Ondorio horretarako, eskolaz kanpoko jardueren edo jarduera soziokulturalen orduak (bisitak, antzerkia, zinea, etab.) ez dira inola ere zenbatuko.

–Ikastaroak 2018ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira.

3.2. Laguntzen banaketa.

Guztira 40 laguntza emanen dira. Horietatik 27 sare publikoko irakasleentzat gordetzen dira (ingeleseko 22, frantseseko 4 eta alemaneko/italierako 1), eta 13 sare itunduko irakasleentzat (ingeleseko 10, frantseseko 2 eta alemaneko 1).

Sare bakoitzeko hizkuntza bakoitzarentzat erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean hizkuntza berean ari direnentzat izanen dira.

Hala eta guztiz ere, laguntzen bat esleitu gabe geratzen bada hizkuntza bereko beste sarean eskatzailerik ez egoteagatik, batzordeak hura nori esleitu erabakiko du. Hizkuntza eta sare bakoitzerako eskaeren proportzioa kontuan hartuko da laguntzak osoki esleitzeko.

3.3. Laguntzen zenbatekoa eta estaldura.

3.3.1. Laguntzen xedea da matrikularen eta ostatuaren oinarrizko kontzeptuak finantzatzea.

Gehienez ere 1.000 euroko laguntza emanen da.

Ikastaroa bukatutakoan jasoko da laguntza, behin matrikulari eta ostatuari lotutako gastuen frogagiriak aurkeztu eta egiaztatuta, eta ikastaroaren ordu guztiak zehazten dituen bertaratze ziurtagiria aurkeztuta 2018ko irailaren 15a baino lehen. Gastuak deialdi honetako zazpigarren oinarrian xedatzen denaren arabera frogatu beharko dira.

3.3.2. Hezkuntza Departamentuak gastuetako edo haien frogagirietako batzuk aintzat ez hartzeko eskubidea gordeko du beretzat, gehiegizkotzat edo desegokitzat jotzen baditu. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko esleipen hartzaileari. Diru-laguntza hauengatik ez da zergarik ordaindu behar.

3.3.3. Laguntza bat esleitzen zaion pertsona baino ez da arduratuko hautatu den ikastarorako inskripzioa, ostatua eta bidaiaren antolaketa kudeatzeaz eta egin beharreko ordainketak egiteaz.

Laugarren oinarria.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

Honetaz gain, Hezkuntza Departamentuak udako ikastaroetarako egiten dituen beste deialdietako batean ere laguntza eskatzen bada, haien lehenespen-ordena adierazi beharko da nahitaez bi eskaeretan.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Eskaera, ahal izanez gero, web helbide honetako datu-orriaren bidez eginen da:

https://goo.gl/forms/LsSNrgyzmW19g86x2

Eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatuta aurkeztu beharko da.

b) Bestela, ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioaren aurkezpena, etab.) telematika bidez egin daiteke, http://www.navarra.es/home_eu webguneko zerbitzuen katalogoaren bidez. Tramitazio elektronikoa egin ahal izateko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izan beharko da, webgune berean eskuratzen ahal dena.

Departamentuak, diru-laguntzak emateko xedeei dagokienez, programa egokia den edo ez baloratuko du. Ezezko balorazioa emanez gero, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horren berri emanen dio eskatzaileari, arrazoiak adierazita, 5 egun naturaleko epean beste ikastaro baten programa aurkez dezan. Laguntza ematea beste ikastaro baten aurkezpenaren eta haren egokitasunaren baldintzapean egonen da.

Era berean, laguntza-eskaera aurkeztu eta gero hautagaiak ikastaroa aldatzen badu, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio behin betiko zerrendak argitaratu baino lehen, hautatu duen ikastaro berriaren programa erantsirik, hark onets dezan. Horrela egin ezean, ez dago bermatuta laguntza emanen dela.

Behar izanez gero, agiri osagarriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

Deialdi honetako ikastaro eta laguntzak eskuratu ahal izateko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

4.2. Nahitaezko dokumentazioa.

A) Ikastetxe publikoak:

–Ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako ikasturteak irakaslearen zerbitzu orriaren bidez egiaztatuko dira. Atzerriko Hizkuntzen Atalak ofizioz eskatuko dizkio orriak Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta, horregatik, eskatzaileak ez du datu hori eman behar.

–Aurreko ikasturteetan edo ikasturte honetan ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, AIP edo atal elebidunak) zein ikastetxetan irakatsi den edo irakasten ari den, hango zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina), irakaslan hori zehazten duena. Eskatzaileak aurkeztu beharko du.

–Zinpeko aitorpena, 9. eranskinaren arabera betea.

B) Sare itunduko ikastetxeak:

–Aurreko ikasturteetan edo ikasturte honetan ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP edo atal elebidunak) zein ikastetxetan irakatsi den edo irakasten ari den, hango zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina), irakaslan hori zehazten duena. Eskatzaileak aurkeztu beharko du.

–Zinpeko aitorpena, 9. eranskinaren arabera betea.

4.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Kide hauek osatuko dute hautapen batzordea:

–Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.

–Europako Proiektuen Bulegoko burua.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

Hautapen batzordeak 3. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratu eta barematuko ditu parte hartzeko eskaera guztiak.

Seigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak hautapen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian (http://www.navarra.es/home_eu/) eta https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio web orrian (hezkuntzako berrien atalean).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Erreserban diren eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Zerrendetan zenbaki bana esleituko zaie eskatzaileei, berdinketarik bada zozketa publiko baten bidez ebazteko. Zozketa Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/) eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) iragarriko da.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, behin-behineko zerrenda argitaratu eta 3 egun balioduneko epean. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak.

Emandako laguntzari uko eginez gero, behin betiko zerrenda argitaratu eta 5 egun naturaleko epean, hautatuek deialdiaren 4. eranskina igorri beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari posta elektronikoz (idiomas@educacion.navarra.es), laguntzari uko egiten diotela adierazteko. Mezuaren gaiaren eremuan “renuncia-extranjero” eta eskatzailearen izena eta bi deiturak idatzi beharko dira.

Bestela, laguntza onartu duela ulertuko da.

Ezarritako epea bukatutakoan ere uko egiteak irits daitezkeela aurreikusirik, ukoa epe hori bukatu ondoren aurkezteak hurrengo deialdietatik baztertzea ekarriko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Ikastaroak egiteko epea bukatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau Hezkuntzako zuzendari nagusiak, batzordearen proposamenarekin bat.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du ikastaroa egin aurretik laguntzaren esleipena bertan behera uzteko, baldin eta egiaztatzen bada eskatzailearen destinoa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora aldatu dela edo aurreikusten bada betebehar gisa ezartzen diren baldintzetakoren batek ez duela indarrik izanen hurrengo ikasturtean (2018-2019).

Zazpigarren oinarria.–Azken agiriak eta laguntzak ordaintzeko eskabidea.

Eskaera prozesuan bezala, ikastaroa bukatutakoan, agirien aurkezpena Interneten bidez, www.navarra.es/home_eu webguneko zerbitzuen katalogoa erabiliz, edo erregistroaren bidez egiten ahalko da, baita posta bulegoaren bidez ere.

2018ko irailaren 15a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduak:

–Ikastaroaren azken txostena, haren ezaugarri eta helburuak, egindako jarduerak eta norberaren balorazioa bilduko dituena; oro har, web helbide honetako datu-orriaren bidez eginen da (Chrome erabilita, ahal bada):

https://goo.gl/forms/YzZV0Ge0MRrqnZOB2

Bestela, deialdi honen 5. eranskina bete eta posta elektroniko honetara bidaliko da: idiomas@educacion.navarra.es. Mezuaren gaiaren eremuan “valoración-extranjero” eta eskatzailearen izena eta bi deiturak idatzi beharko dira.

–Ikastarora joan dela ziurtatzen duen agiriaren fotokopia. Hartan, erakunde antolatzailea, parte-hartzailearen izen-deiturak, egindako jardueraren izena, ikastaroaren datak eta egindako irakastorduak azalduko dira. Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.

Eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta programazio soziala ez dira kalkulu horretan aintzat hartuko.

–Gastuen laburpen orria (6. eranskina) eta jatorrizko fakturak, dagozkien ordainagiriekin batera, matrikulari eta ostatuari lotutako kontzeptuak xehakatuta. Interneten bidez aurkeztea hautatzen bada, baliozkotzat joko dira eskaneatu diren fakturak eta ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak jatorrizko ziurtagiriak eta fakturak aurkezteko eskatzen ahalko dio laguntzaren onuradunari edozein unetan, egokitzat jotzen badu.

–Agiri horiek eskaneatuta igortzen ahalko dira posta elektroniko honetara: idiomas@educacion.navarra.es. Mezuaren gaiaren eremuan “Informe final” eta interesdunaren deiturak idatzi beharko dira.

–Sare itunduko irakasleek, gainera, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” (7. eranskina) aurkeztu beharko dute, ez badute inoiz aurkeztu, dagokion banketxeak betea eta zigilatua. Agiri hori web-orri honetan ere dago jasota:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Zortzigarren oinarria.–Laguntzak ordaintzea.

Deialdi honen hirugarren oinarriarekin bat, esleitutako laguntza guztia ordaintzeko, deialdiaren zazpigarren oinarrian aipatzen diren azken agiriak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

Laguntza hauen onuradunak behartuak daude Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera, eta behar diren finantza-kontrolerako lanen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bederatzigarren oinarria.–Ziurtapena.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopuru bereko prestakuntzaldia aitortuko die irakasleei, eta jarduerari izaera ofiziala emateko ziurtagiria eginen du.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdia aplikatzearen ondoriozko egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

2018ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdian parte hartzeko eskaera.

3. ERANSKINA

2018ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdirako baremoa

MEREZIMENDUA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

DOKUMENTAZIOA

Funtzionarioa izateagatik

2

Eskatutako ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako urte bakoitzeko. (0,5 puntu, urte bakoitzeko)

3

Zuzendariaren ziurtagiria

(ikastetxe itunduetan bakarrik)

Atzerriko hizkuntzan ematen den arlo batean irakasten emandako urte bakoitzeko, Departamentuak baimendutako programa eleaniztuna (IIP/AIP edo atal elebidunak) duen ikastetxe batean

(0,5 puntu, urte bakoitzeko)

3

Zuzendariaren ziurtagiria

(8. eranskina)

KA1 (Erasmus+) prestakuntzarako mugikortasun laguntzarik jaso ez badu 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan

1

Zinpeko aitorpena

(9. eranskina)

4. ERANSKINA

Uko egitea.

5. ERANSKINA

Azken txostena - 2018ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzak.

6. ERANSKINA

2018ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntza ordaintzeko aurkezten diren fakturen laburpena.

7. ERANSKINA

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

8. ERANSKINA

Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria.

9. eranskina

Zinpeko aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1802768