53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, deialdi bat onesten duena “Enpresa eta profesionalek, ARTEM Festival delakoaren barnean, antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko diru-laguntza 2018rako” izeneko laguntzetarako.

Kontuan harturik gastua baimentzeko legez ezarritako helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatu du onets daitezela “Enpresa eta profesionalek, ARTEM Festival delakoaren barnean, antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko ikuskizunak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko diru-laguntza 2018rako” izeneko diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak, eta 55.000 euroko gastua baimen dadila 2018ko gastuen aurrekontuko “ARTEM PRO: Enpresa eta profesionalentzako laguntzak arte eszenikoen arloko ekoizpenetarako” izeneko A20002-A2510-4709-334100 partidaren kargura, eta foru agindua, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Enpresa eta profesionalek, ARTEM Festival delakoaren barnean, antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

A20002-A2510-4709-334100: ARTEM PRO: Enpresa eta profesionalentzako laguntzak arte eszenikoen ekoizpenetarako

2018

55.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 22an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2018AN NAFARROAN ENPRESA ETA PROFESIONALEK ANTOLATUTAKO ARTE ESZENIKOEN ETA MUSIKAREN ARLOKO JAIALDIAK ETA LEHIAKETAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIARENAK (ARTEM FESTIVAL)

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak arautzea, Kultur Ekintza Zerbitzuaren eskumenen barnean, horrela arte eszenikoak eta musikalak sustatzeko eta ikusleentzat interesa duen eta kalitatezkoa, anizkoitza eta berritzailea den arte eskaintzari laguntzeko.

1.2. Jaialdiak eta lehiaketak 2017ko azaroaren 2tik 2018ko azaroaren 1era bitarte egin behar dira.

1.3. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez ere 2017ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez ere 2017ko urtarrilaren 1etik. Gainera, helburu sozial gisa, edo estatutuen arabera, xede edo helburu sozial izanen dute jarduera eszeniko edo musikalak egitea.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 5.4 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Diru-laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2018ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

d) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

e) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden pertsona eta entitateei.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (55.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Onuradunen batek laguntzari uko egiten badio, hori banatzen ahalko da eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta enpresaren edo profesionalaren beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, deialdian ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Berregindako proiektuek Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko dute, laguntza ematea proposatu aurretik.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honetan aurkeztutako jaialdi eta/edo lehiaketa proiektuan 8. oinarrian aipatzen diren atalak jasoko dira (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, edozein kasutan, atal hauek izanen ditu:

a) Izena.

b) Deskribapen zehatza. Atal honetan zehaztuko dira jaialdiaren/lehiaketaren helburuak (orokorrak eta zehatzak), horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta/edo jarduerak, eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak.

c) Zabalkunde plana. Atal honetan zehaztuko dira jaialdiaren/lehiaketaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak, bai eta ikusleei zuzendutako prestakuntza eta bitartekaritza jarduerak ere.

d) Aurrekontua. Atal honetan, jaialdi/lehiaketaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da koherenteak direla jaialdi/lehiaketari aurre egiteko, entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4.2. Oro har, jaialdiaren/lehiaketaren proiektua II. eta III. eranskinetan jasotako ereduko zehaztapenei jarraikiz aurkeztu beharko da.

5. Eskaerak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.

5.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.navarra.es). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.2. Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

5.3. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxaren baitan egongo dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

5.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematika bidez aurkeztuz gero, agiriak eskaneaturik aurkeztuko dira, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

a) Eskaera aurkezteko unean Ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana):

1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

2. atala (jarduera profesionalak): 85. multzoa.

3. atala (jarduera artistikoak): 1., 2. edo 3. multzoak.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskribapen memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa (zabalkunde/merkaturatze plana barne). Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena DIN A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

d) Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b.1, b.2 eta b.3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.6. Diru-laguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.7. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5.8. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak egindako gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Ostatu gastuak eta dietak.

Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian agertzen diren baldintzetara mugatutako gastuak (erabaki hori 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratu zen).

Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak.

Autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola tokien, ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak, gehienez ere %15.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak.

–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko.

–Proiektu bakoitzean zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

–Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak gastu diruz lagungarritzat joko dira, baldin eta zuzeneko lotura badute diru-laguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz burutzeko. Salbuespen gisa, bankuko bermeen gastuak diruz laguntzen ahalko dira diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute. Ez dira inolaz ere diruz lagunduko bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntzaren eskatzaileak berak egindako lanen gastuen fakturak ez dira onartuko, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoa betez.

6.3. Antolaketako lankidetza proiektuei buruzko eskaeren kasuan, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan ageri den moduan, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo diru-laguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Kasu horietan, espresuki agerrarazi beharko dira, bai eskabidean bai kontzesioaren ebazpenean, honako hauek:

a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartuak.

b) Horietako bakoitzarengatik aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa, horiek ere onuraduntzat joko baitira.

c) Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta foru lege honetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

Antolaketako lankidetza proiektuen kasuan, eskatzaile bakar batek bere izenean eskatzen badu proiektu baterako laguntza, eta proiektu horretan enpresa edo profesional batek baino gehiagok jartzen baditu baliabideak, ez nahitaez proportzio berean, proiektu bakar bat egiteko, orduan laguntza eskatzaileak espresuki agerrarazi beharko ditu alderdi hauek:

a) Antolaketako lankide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.

b) Antolaketako lankide bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

c) Edonola ere, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Antolaketako lankidetzaren kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Informazio hori guztia eskaerari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, eta, hori izan ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe. Hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta kultura eta/edo ekonomia arloetako hiru aditu, horietako bat gutxienez Nafarroako Kultura Kontseiluko kide.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte, baloratzeko.

2. Eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dute beren proiektua, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, I. eranskinean dagokion laukian eskatu beharko dute. Batzordeak, edozein unetan, eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

3. Behin onartutako aurrekontuak ezarririk, ebaluazio batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

–Gutxieneko puntuazioak lortu dituzten entitate eskatzaileek eskatzen dituzten zenbatekoen batura deialdiko kredituaren parekoa edo txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Batura hori deialdiko kreditua baino handiagoa bada, banaketa hainbanatu eginen da onuradunen artean. Horretarako, gutxieneko puntuazioak lortu dituzten eskatzaile guztien puntuak batuko dira, kreditu erabilgarria zenbateko horretaz zatituko da, eta horrela lortuko da puntuaren balioa. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuekin biderkatuko da.

4. Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

8.2. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez eta, horietatik, 35 puntu gutxienez, “Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea” atalean lortu behar dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea (70 puntu bitarte).

1.1. Proiektua. (50 puntu gehienez).

–Proiektuaren deskribapena, laburpena (10 lerro).

–Jaialdiaren programazioa edo gidoia edo, hori izan ezean, ekitaldiaren edo ekitaldien laburpena, balorazioa egin ahal izateko.

–Zuzendaritzako memoria, talde artistikoaren eta teknikoaren deskribapena barne.

–Proiektuaren interes artistiko eta kulturala (helburuak, kalitatea, berrikuntza, sariak, aipamenak, zein ikusle motarentzat den...).

–Proiektuaren garrantzia eta egokitasuna, Foru Komunitateko arte eszenikoen eta musikaren arloan.

–Proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia.

–Esleitutako aurrekontuko partiden koherentzia.

–Sarreren salmenta prezioa edo inskripzioena, halakorik bada, antzeko beste proiektu batzuekin alderatuta.

–Proiektua gauzatzeko eguna/k eta tokia/k.

1.2. Titularraren ibilbidea eta jarduna. (5 puntu gehienez).

–10 urtetik gora. 5 puntu.

–7 urtetik 10 urtera bitarte. 3,5 puntu

–5 urtetik 7 urtera bitarte. 2,5 puntu

–3 urtetik 5 urtera bitarte. 1,5 puntu

–Urte 1etik 3 urtera bitarte. 1 puntu.

1.3. Nafarroako kultura zabaltzea bertako egileen bidez (5 puntu gehienez).

1.4. Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (5 puntu gehienez).

1.5. Ekintza berritzaileak esparru artistikoan (5 puntu gehienez).

–Lengoaia berriak eta ikuspegi originalak sartzea, proiektuan beste esparru artistiko batzuetako profesionalak sartzea.

2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (30 puntu gehienez).

2.1. Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin (BEZik gabe) alderatuta, eskatutako diru-laguntzaren portzentajea (5 puntu gehienez).

–%30era arte: 5 puntu.

–%30etik gora eta %40 arte: 4 puntu.

–%40tik gora eta %45 arte: 3 puntu.

–%45etik gora eta %50 arte: 2,5 puntu.

–%50etik gora eta %55 arte: 2 puntu.

–%55etik gora eta %60 arte: 1,5 puntu.

–%60tik gora eta %65 arte: 1 puntu.

–%65etik gora eta %70 arte: 0,5 puntu.

2.2. Bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, proiekturako onartutako aurrekontu osoa (BEZik gabe) kontuan hartuta, diru-laguntza hau gabe. (5 puntu gehienez).

Hurrengo agiriren bat aurkeztuz frogatuko da hori: baliabide propioak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuak eta sinatuak), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak.

–%41etik gora: 5 puntu.

–%31tik gora eta %41 arte: 4 puntu.

–%21etik gora eta %31 arte: 3 puntu.

–%11tik gora eta %21 arte: 2 puntu.

–%11 arte: 1 puntu.

2.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren eta proiektuaren bideragarritasunaren arteko koherentzia (10 puntu bitarte).

2.4. Proiektuaren zabalkundea eta marketina: komunikazio, publizitate, merkaturatze eta salmenta plana (10 puntu bitarte).

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios). Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, seccion.creacion.artistica@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848424683 telefonoaren bidez.

10. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) artikuluan aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Onuradunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunek gardentasuna betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu).

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren diru-laguntza jaso dutela.

11.5. Kultur Ekintza Zerbitzuari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori adierazten duen testu bat erakutsi (Diruz lagundu du: ....).

Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web orrian kontsulta daitezke (/www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), eta/edo Argitalpen Atalean.

Proiektua diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartuko da Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri emanen da Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Diru-laguntzaren onuradunek ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta. Txosten horretan, jaialdi/lehiaketaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu egin beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz. Beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko du horretarako (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuen eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuan zerrendatutakoak).

13. Justifikatzeko epeak eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntza likidatzeko, entitateek jarraian adierazten diren ordaintzeko eskaera eta egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean. Betiere, proiektua bukatzeko eguna zein den ere, hura aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 8a izanen da (hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Aurkeztu beharreko agiriak:

–12.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa.

–Proiektuaren bukaerako memoria.

–Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

–Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III. eranskinean eskatzen diren atalak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan exekutatutako zenbatekoekin.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek frogagiriak bi hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.

14. Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Gobernuak proiektu bererako ematen duen beste edozein diru-laguntzarekin.

14.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.3. Diru-laguntza hauek, norgehiagokako araubidean, bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

18. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Jaialdiaren/lehiaketako proiektuaren deskribapen memoria (PDFa).

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa:

1.–Jaialdi/lehiaketaren aurrekontua.

2.–Aurreikusitako gastuen xehetasunak, jardueren arabera zehazturik.

3.–Aurreikusitako diru-sarreren xehetasunak, jardueren arabera zehazturik.

4.–Txarteldegian/katxe gisa aurreikusitako diru-sarreren xehetasunak.

5.–Aurreikusitako gastua kalkulatzeko metodoaren azalpena.

6.–Jaialdiaren/lehiaketaren kargura ordaindutako langileen zerrenda.

Deskargatu III. eranskina (Excela).

Iragarkiaren kodea: F1802767