53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Udalaren zerbitzuko langileendako 2018ko lan egutegia eta epeak kontatzeko egun baliogabeen egutegia

Baztango Udaleko alkateak 2018ko otsailaren 16an 23/2018 Ebazpena eman zuen. Hona hemen testua:

“Ikusirik ekainaren 1eko 614/2017 Ebazpena, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2018ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Ikusirik azaroaren 30eko 1213/2017 Ebazpena, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2018ko jaiegunak zehazten dituena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta 6/2018 Ebazpena, herrietako 2018ko jaiegunak aldatzen dituena.

Ikusirik abenduaren 20ko 115/2017 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean, epeen zenbaketarako, 2018. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehazten dituena.

Ikusirik abenduaren 20ko 138/2017 Foru Agindua, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2018ko lan egutegia onesten duena.

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Baztango Udalaren zerbitzuko langileen 2018. urteko aste barneko jaiegunen egutegia, honako hau izanen delarik: urtarrilak 1 eta 6; martxoak 29 eta 30; apirilak 2; maiatzak 1; uztailak 24: 12:00etatik aurrera jai izanen da; uztailak 25, 26 eta 27; abuztuak 15; urriak 12 eta 26 (Baztango besta eguna, feria eguna), azaroak 1, abenduak 3, 6, 8 eta 25.

Orobat baliogabeak izanen dira 2018 urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta udal bulegoetako jaiegunak.

Bigarrena.–Urteko lanorduen kopurua 1.592koa izanen da eta honela banatuko da:

a) Astelehenetik ortziralera bitarteko eguneroko lanaldia orokorrean 7 ordu eta 30 minutukoa izanen da. Ordutegiaren zati finkoa eta beraz nahitaez bertan egotekoa 9:00etatik 15:00etara izanen da; gainerako ordutegia langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 7:30etik 9:00etara eta 15:00etatik 16:30era.

Langileek familia eta lana bateratzearren edota norberaren aferetarako, gehiegizko lanorduen ondorioz sortutako ordu-poltsa izanen dute. Ordu hauek ezingo zaizkio opor egunei gehitu.

b) Artikulu honetako aitzineko ataletan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia dutenei, ez eta ordu konpentsazioren bat (txandakako lana, gauekoa, etab.) dutenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.

Halakoetan, urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarri ez bezalako sistema baitute, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen sistemari kontuko dio bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du ukatzen bertze ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bertzelako sistemak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek halakorik komenigarri egiten badute.

Hirugarrena.– Baztango Udaleko Erregistro Orokorra 9:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera, lanegunetan.

Laugarrena.–Akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Udaletxeko iragarki oholean paratzea.

Borzgarrena.–Akordio hau Udaleko langileei igortzea”.

Baztanen, 2018ko otsailaren 16an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

Iragarkiaren kodea: L1803267