53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Lodosako udal-mugartean La Lomba parke eolikoko neurketa dorrea tokiz aldatzeko proiektuari. Sustatzailea M. Torres Desarrollos Energéticos SL da.

2017ko ekainaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean dago sartua (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

La Lomba parke eolikoan baliabide eolikoaren jarraipen azterlanak egiteko, 2009ko ekainean 66 metroko altuerako dorre bat jarri zen, gaur egun parke horretan neurketak egiten ari dena. Neurketa-dorrea ezin da mantendu, horren ondoren eraiki zen linea elektrikoa dagoelako. Azken horrek galarazten du langileak mantentze-lanak egiteko dorrera segurtasunez igotzea. Beraz, 50 metroko altuerako beste dorre bat beste leku batean jartzeko eskatzen da (koordenatuak STR89: X = 574.974, Y = 4.699.286), lehendik zegoenaren ondoan; 3 hilabetez bi dorreak mantenduko dira eta epe hori iragandakoan dorre zaharra desmuntatuko da. Proiektua Ebroko Iraganbide Nagusia altxonbidetik hurbil eginen da, baina hura ukitu gabe.

Espedientean jasota dago Lodosako Udalaren, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena, abelbideen gaineko ukipenei dagokienez. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lodosako udal-mugartean La Lomba parke eolikoko neurketa dorrea tokiz aldatzeko proiektuari. M. Torres Desarrollos Energéticos, SL da sustatzailea.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Instalatzeko lanetan, sastrakadia ez da kenduko ez dorre berriaren instalazio eremuan ezta oraingo dorrearenean ere, dorrea eta bere ainguralekuak instalatzeko puntuan izan ezik. Era berean, inguru horretako topografia ez da aldatuko, ezta lurzoruaren gainazaleko geruzak ere.

–Lehen aipatu den neurketa dorreen aldi bereko funtzionamendu epea amaitu ondoren, aurrekoa desmuntatuko da.

–Obrek ukitzen dituzten eremu guztiak behar bezala eta jatorrizko egoerara lehengoratu beharko dira.

–Hegaztiek egiturarekin talka egin ez dezaten, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira dorre berriko tenka-soka guztietan, 5 metrotik baliza bat jarriz.

–Lanak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, abisua eman beharko zaio Lizarrako hegoaldeko Basozaintzari (e-maila: ogfoeste11@cfnavarra.es).

Hirigintza arlokoak:

–Lurretik ateratzen diren eraikuntzek, euskarriek edo instalazioek bidearekiko zortasun eremu bat errespetatu beharko dute, 3 metrokoa, haren kanpoko ertzetik neurtuta, 35/2002 Foru Legearen 112. artikuluaren arabera.

–Baimen hau emateko, ordeztu nahi den neurketa dorrea eraitsi beharko da, bi dorreen aldi bereko neurketaldia amaitu ondoren.

Herri-lurren Atalaren 2017ko irailaren 4ko txostenarekin bat, M. Torres Desarrollos Energéticos SL merkataritzako enpresak gauzatu asmo duen jarduketak herri-lurrak ukituko dituenez, Lodosako Udalak, obra-lizentzia jaso baino lehen –Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez–, lursail horien desafektazioaren onespena lortu beharko du, gero proiektuaren erabilera sustatzaileari lagatzeko. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikulua eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikulua.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik; Zehazki, Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak aldeko txostena lortu beharko du aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren eskutik, Logroñoko (Agoncillo) aireportuko zortasun aeronautikoek jarduketan eragiten dutelako.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lodosako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1800505