53. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63/2018 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein izanen den, ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozeduraren baitan, hurbiltasun linealaren irizpidea, haren balorazioa eta aplikatuko den gehieneko distantzia, zer herritan aplikatuko den eta zein izanen den ikasleen batez besteko gehieneko erlazioa eskola unitate bakoitzeko, bai eta, horrez gain, zein diren prozeduraren jarraibideak, egutegia eta eskabide ereduak ere, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egiteko 2018-2019 ikasturtean.

Bat etorriz Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 17ko 28/2015 Foru Aginduaren 2. oinarriaren 2. atalean eta 5. oinarriaren 4. eta 5. ataletan ezarritakoarekin, zehaztu behar da, ikasturte akademiko bakoitzerako, zer herritan aplikatuko den hurbiltasun linealaren irizpidea, zein den irizpide hori erabiltzeko kontuan hartuko den gehieneko distantzia, eta zer ikasketatan eta zer ikasmailatan hartuko den kontuan irizpidea. Foru agindu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak, eta abenduaren 29ko 141/2016 Foru Aginduak aldatu zuen. Bestalde, beharrezkoa da, halaber, prozesuaren jarraibideak eta datak zehaztea ikasturte bakoitzerako.

Orobat, eta bat etorriz apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin, bidezkoa da zehaztea Hezkuntza Departamenduak ezarritako plangintzarekin bat ikastetxe bakoitzari esleitutako plazak, betiere hezkuntza hitzarmenetarako ezarritako berariazko arauak betez ikastetxe itunduen kasuan. Foru dekretu horren bidez ezartzen dira unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak.

Hori guztia ebazpen batean zehaztuko da urtero, zeina eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emanen baitu.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gehieneko distantzia linealaren irizpidea aplikatzea, 2018-2019 ikasturterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketetan, honako herri hauetan ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeetan: Iruña, Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur Zendea, Egues, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

2. Hurbiltasun linealaren irizpideari dagokionez, zeina zehaztuta baitago Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 17ko 28/2015 Foru Aginduaren 5. oinarriaren 5. paragrafoan, honako hau ezartzen da: hurbiltasun linealaren irizpidea erabiltzeko gehieneko distantzia lineala 1500 metrokoa izanen da 2018-2019 ikasturteko. Distantzia hori kalkulatzeko, eskatzaileak bi hauen artean aukeratu dezake: hots, kontuan har daitezke, alde batetik, edo eskatzailearen benetako bizilekuaren UTM koordenatuak edo, bestela, gurasoetako baten edo legezko tutoreetako baten lantokiaren UTM koordenatuak, eta, bestetik, lehenengo aukera bezala eskatutako ikastetxearen UTM koordenatuak. Kalkulu hori egiteko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman dagoen geolokalizazio tresna erabiliko da, zeina Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sisteman oinarritzen baita.

3. Hurbiltasun linealaren irizpidea 0,5 punturekin baloratzea.

4. Irizpide honen aplikazioan kontuan hartuko da martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa, bai eta ondorengo lege garapenak ere. Aipatu foru dekretuak arauak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko, eta martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak aldatu zuen.

5. Gehienez ere talde bakoitzeko 30 ikasleko ratioa ezartzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasmaila guztietarako eta 33 ikaslekoa Batxilergoko ikasmaila guztietarako, bat etorriz Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2206 Lege Organikoarekin 157.1.a) artikuluan ezarritakoarekin eta Hezkuntzaren esparruan gastu publikoa arrazionalizatzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin. Gertatuz gero ebazpen hau onesten den unean ikastetxeren batek ratio handiagoa izatea, ezin izanen dira bajak ordeztu baldin eta horrek arestiko ratioa gainditzea badakar.

6. Ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedurarako jarraibideak, egutegia eta eskabide ereduak onestea, 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak egin ditzaten; ebazpen honen I., II. eta III. eta IV. eranskinetan jaso dira jarraibideak, egutegia eta eskabide ereduak.

7. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Argibide Bulegora eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 23an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO ETA BATXILERGOKO JARRAIBIDEAK

PLAZA ESKAERA

1. Ikastetxeek zigilua daraman fotokopia emanen diote eskatzaileari, eskabidea zein egunetan sartu den adierazita duela.

2. Aurreinskripzioa egiteko eskabidearekin batera, erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurkeztu behar da. Bertan, gutxienez ere, ikaslearen izena eta aitaren edo/eta amaren edo legezko tutorearen izena agertuko dira. Etxebizitza berean bizi beharko dute.

3. Lantokia egiaztatzeko, enpresaren titularrak luzatutako dokumentua aurkeztu behar da, zeinean zehaztuko baita non dagoen lantokia eta zer lan zerbitzu eskaini ohi duen bertan. Dokumentu hori 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa izanen da.

4. Nafarroako Parlamentuaren ebazpena eta Nafarroako Arartekoaren gomendioa kontuan hartuta, Pirinioetako DBHIetatik (Garralda, Erronkari eta Otsagabia), eremu ez euskalduneko ikastoletatik eta Lekaroz BHIko A eredutik heldu diren Batxilergoko 1. mailako eskatzaileek, onartuak izateko baremoaren ondorioetarako, hautatu duten ikastetxearen helbidea balia dezakete ikasketak hizkuntza eredu berean jarraitzeko.

5. Nafarroako Arartekoaren gomendioa kontuan hartuta, Arte Batxilergoko modalitatearen 1. mailako eskatzaileek, onartuak izateko baremoaren ondorioetarako, hautatu duten ikastetxearen helbidea balia dezakete.

6. Eskatzaileek zalantza badute ikaslearen promozioaren gainean, inprimaki berean egin daiteke onartzeko eskaera bai ikasmailaz igarotzeko bai errepikatzeko.

7. Ikastetxeek EDUCA bidez sartuko dituzte eskaera guztiak horretarako ezarritako epean, puntu guztiak beteta dituztela.

8. Nahitaez igorri eta jakinarazi behar da matrikulen aurreikuspena horretarako ezarritako epean, EDUCA programako “Ikastetxearen eskaintza (VII. eranskina)” delakoaren bitartez.

ESKAERAK AURKEZTEA ETA BANANTZE ETA DIBORTZIO KASUAK

1. Eskaera baliozkotzat eta eraginkortzat joko da kasu hauetakoren batean baldin badago:

1.1. Bi gurasoen sinadurarekin eginikoa.

1.2. Horietako batek eginikoa, baldin laukitxo hau markatu badu: nire erantzukizunpean adierazten dut gurasoak/tutoreak bat gatozela eskaera honekin.

1.3. Horietako batek eginikoa, baldin laukitxo hau markatu badu: gurasoak/tutoreak banantze, dibortzio edo desadostasun egoeran gaudela deklaratzen dut, eta ebazpen judiziala edo indarra duen dokumentazioa aurkezten dut, ahalmena ematen didana nik neuk bakarrik aukeratzeko semearen edo alabaren ikastetxea. Horretaz gain, aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko du eta hartatik aterako da erabakia berari bakarrik dagokiola. Dokumentaziotik ez bada ateratzen bati bakarrari dagokiola erabakia hartzea, eskaera tramitatuko da baldin ulertzen bada bi gurasoek onartzen dutela, banantze eta dibortzio kasuetan ikastetxeetarako jarraibideen ezarritako irizpideekin bat (eskolatzea aipatzen duen horretan, 1. atalean) eta egiaztatua gelditu bada aurkeztu den dokumentazioarekin.

1.4. Gainerako kasuetan eskatzaileari errekerituko zaio eskaera osa dezan, ohartaraziz eskaera bertan behera geldituko dela baldin eta adierazitako epean osatzen ez badu.

JAIEGUNAK

1. Ebazpen honen II. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. “Bukaera eguna” jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen zaio.

IRIZPIDE OSAGARRIA

(hurbiltasun lineala)

1. Bat etorriz 28/2015 Foru Aginduak, zeina abenduaren 29ko 141/2016 Foru Aginduak aldatu baitzuen, bere 5. oinarriaren 5. atalean ezarritakoarekin, eta aintzat hartuz Arartekoaren gomendioa, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak 0,5 puntu emanen dizkio eskatzaileari baldin eta berorren helbidetik edo gurasoetako baten edo legezko tutoreetako baten lantokitik lehenbizi eskatutako ikastetxera dagoen distantzia ebazpenean hurbiltasun lineal gisa ezarritako distantzia bera edo hortik beherakoa bada, kontuan izanik eskatzaileak puntuazioa kalkulatzeko aukeratutako helbidea, bizitokia den kasuetan, 2018ko urtarrilaren 1a baino lehenago egon behar duela altan emanda, eta lantokia den kasuetan, bertan zerbitzu ematen ari behar duela 2017ko abenduaren 31n.

ESKAERAKO DOKUMENTAZIOA

1. Kasuan kasuko eskabide eredu ofizialetan jasotzen dena, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman Espainiakoen baldintza berberetan sartzeko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

ONARTZEKO BAREMOA

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

3. 2016. urteko lanbide arteko gutxieneko soldata 9.172,80 eurokoa da. Errenta aitorpena aurkeztuz gero, baliozkotze mekanikoaren kodea daraman ale bat izan beharko du. Per capita errenta kalkulatzeko, ondoan heldu diren jarraibideak hartuko dira kontuan, dagokion atalean. Per capita errenta kalkulaturik, EDUCA aplikazioaren dagokion laukitxoan sartuko da balio hori.

4. Errenta tarteak eta EDUCAk bakoitzari emandako puntuazioa ondoko hau da:

–Lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo hori baino txikiagoa bada per capita errenta (4.586,40 euro): 1,5 puntu.

–Lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta soldata horren hiru laurdenak edo txikiagoa bada per capita errenta (6.879,60 euro): 1,0 puntu.

–Lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada per capita errenta (9.172,80 euro): 0,5 puntu.

–Lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada per capita errenta: 0 puntu.

5. Minusbaliotasun maila, %33koa edo handiagoa, dokumentu hauetako baten bidez frogatuko da:

5.1. Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria. (Nafarroan, gaur egun, Eskubide Sozialetako Departamentua da)

5.2. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena (GSIN), ezintasun iraunkor osoagatik, ezintasun iraunkor absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik pentsioduna dela adierazten duena.

5.3. Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren edo Defentsa Ministerioaren ebazpena, lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako desgaitasunagatik erretiro pentsioa aitortzen duena.

5.4. Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

6. Legez familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren bidez egiaztatuko da.

7. Eskaerak hartzeko epea bukaturik, horiek ezin izanen dira aldatu, eta ez da onartuko baremoan eragin dezakeen dokumentazio gehiago.

8. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak EDUCAtik ateratako eredua erabiliz emanen dira aditzera, eta ikastetxean, toki ageri batean, erakutsiko dira.

9. Zerrendak argitaratu aurretik, ikastetxeek EDUCAren bidez jakinarazi beharko dute onartu izana.

10. Batxilergoa eskatzen duten ikasleek ikasketa espedientea aurkeztuko dute eskaera egiten dutenean.

10.1. Aurtengo ikasturtean matrikula DBHko 4. mailan egin duten ikasleek ikasketa espedientea aurkeztuko dute, DBHko 3. maila bitartean kalkulatutako batezbesteko aritmetikoarekin.

10.2. Gainerako ikasleek Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 17ko 28/2015 Foru Aginduaren 11. oinarrian xedatutakoa beteko dute.

PER CAPITA ERRENTAREN KALKULUA, ONARTZEKO BAREMOAREN ONDORIOETARAKO

1. Ondorio horietarako, familia unitatearen errentatzat hartuko da (dira) Likidazio Oinarri Osoa(k) (NFK-ko errenta aitorpenaren 525 laukia).

2. Ondorio horietarako, familia unitatetzat hartuko da aitorpenaren lehen orrialdean ageri den familia kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak).

3. Ondorio horietarako, familia unitatearen per capita errenta kalkulatuko da likidazio oinarri osoa (atal honetako 1. puntua) zati familia kideen kopurua eginik (atal honetako 2. puntua).

GIZARTE ETA KULTURA EGOERA AHULEAN DAUDEN DBH-KO IKASLEENTZAKO ERRESERBA

1. Erreserbatutako plaza horiek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena aurkeztea.

BESTELAKO ERRESERBAK

1. Ikasleak beste ikastetxe batera joan daitezke atzerriko hizkuntza bat ikastera. Hori errazteko, ikastetxeek matrikulatuta utziko dituzte ikasle horiek haien plazetan, gehienez ere ikasturte batez. Epe hori igarota, eta ikaslea ikastetxera itzuli ez bada, zegokion ikaspostua galduko du.

2. Behin matrikulatuta egonda, aurreko puntuan aipatutako ikasleak ikastetxeari eman beharko dio horren berri, eta esan zer herrialde eta herritan dagoen ikastetxea eta zein izen duen.

JENDAURREKO ZOZKETA

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituenak, 15. artikuluan ezartzen du ezen, berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen dela organo eskudunaren aurrean.

Jendaurreko zozketa hori Hezkuntza Departamentuan egin zen (San Domingo kalea, zk.g.) 2018ko otsailaren 13an, inplikatuta dauden ikastetxeei deia egin ondoren.

1. Jendaurreko zozketarako prozedura:

a) Zerrenda bat egin zen Nafarroan inskribatutako eta matrikulatutako ikasle guztiekin, eta bakoitzari zenbaki bat eman zitzaion.

b) Gero, zenbaki bat atera zen, ikasle batena zena.

c) Ikasle horren deitura eta izena kontuan hartuta, pertsona horretatik hasita zehaztuko da plazak esleitzeko lehentasun alfabetikoa.

d) Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 17ko 28/2015 Foru Aginduaren 5. oinarriko 7. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

e) Zozketaren emaitzaren arabera osatuko da onartuen zerrenda.

f) Plaza huts guztiak esleituta direla, prozedura berari jarraituko zaio itxaron zerrenda osatzeko, zozketan parte hartzen dutenen zerrenda bukatu arte.

g) Esleitutako plazetan batzuk hutsik geratuz gero, zerrenda hori erabiliko da.

h) Aurreko prozedura horri guztiari buruzko akta eginen da, eta bertan jasoko da zozketaren emaitza.

ERREKLAMAZIOAK BEHIN-BEHINEKO
ZERRENDARI

1. Zer ikastetxetan egin den aurreinskripzioa, hango zuzendari titularrari zuzenduko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako epeko azken eguneko 14:00ak baino lehen.

MATRIKULATZEKO DOKUMENTAZIOA

1. Epe arruntean eta berezian nahiz ikasturtea hasita dagoela ikastetxe batean sartzen diren ikasle berriek matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

1.1. Erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurreinskripzioaren orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan.

1.2. Txerto txartela edo zein txerto dosi hartu diren edo zein osasun azterketa egin zaion adierazten duen beste agiri mediko bat.

1.3. Osasun txartelaren fotokopia.

1.4. Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak minusbaliotasunik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

DBH-RAKO:

1.5. Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren edo horien baliokidearen fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak.

1.6. Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira Familia Liburuan edo jaiotza agirian edo horien baliokidean agertzen direnekin.

BATXILERGORAKO:

1.7. NANaren, AIZaren, atzerritarren nortasun txartelaren edo ikasle txartelaren fotokopia edo haien parekoarena.

1.8. Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatutako dokumentazioan agertzen direnekin.

1.9. Atzerritarrek derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman Espainiakoen baldintza berberetan sartzeko duten eskubidea galarazi gabe, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

1.10. Ikasketa espedientea:

Ikaslearen historiala eta/edo honako hauen fotokopia konpultsatua: Oinarrizko Hezkuntzaren Eskolatze Liburuaren 25. eta 27. orrialdeena, Batxilergoko Kalifikazio Liburuaren 12. eta 13. orrialdeena edo Lanbide Heziketako Kalifikazio Liburuaren 7. edo 8. orrialdeena, dagokionaren arabera, edo, hala denean, ikasketa espedientearena.

ATZERRIKO HEZKUNTZA SISTEMETATIK DATOZEN IKASLEAK BATXILERGOAN SARTZEA

1. Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, eskabidearekin batera, ikastetxean aurkeztu beharko dute ikasketak homologatzearen baldintzapeko bolantea edo behin betiko kredentziala, zeinetan ageri den kalkulatutako batez besteko nota.

EPE BEREZIA

1. Epe arruntean herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako eskaera egin ez duten ikasleek bakarrik izanen dute eskaera epe berezian aurkezteko aukera.

2. Bizilekuz aldatu izana frogatzeko, erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurkeztuko da, aurreinskripzioaren epe arrunta itxi ondoren bizileku berrian alta hartu izana erakusteko. Ondorio horietarako, helbide aldaketa justifikatzeko, posta kodearen aldaketa egon behar du.

EPETIK KANPO ESKOLATZEA

1. Epe arruntaren eta bereziaren ondotik bizilekuz aldatzeagatik ikastetxez aldatu beharra justifikatua duten ikasleek bakarrik eskatzen ahalko dute plaza. Egoera hori dokumentu bidez frogatuko da.

2. Ikastetxe guztiek eman eta jaso beharko dituzte eskabideak, plaza hutsik izan edo ez, eta berehala tramitatuko dituzte behar diren oharrekin, Hezkuntza Departamentuari ikasle horiek eskolatzen laguntzearren.

LANBIDE HEZIKETAN IZENA AURREZ EMAN DUTEN DBH-KO ETA BATXILERGOKO IKASLEAK

1. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak behartuak daude Lanbide Heziketako ikastetxeei jakinaraztera zein den titulua erdietsi duten ikasleen batez besteko nota. Ikasleak beharturik daude lehen aukeran eskatutako ikastetxean hori aurkeztera, ondorio horretarako adierazitako egunetan.

2. Batez besteko notarako kontuan izanen dira DBHko lau ikasturteen baliokideak diren kurtsoen notak erdi mailako zikloetarako, eta Batxilergoko bi ikasturteenak goi mailako zikloetarako.

Derrigorrezko eskolatzealdian dauden ikastetxeko ikasleak eta, matrikula ez egiteaz gain, beste ikastetxe batean matrikulatuta ez dauden ikasle atxikiak

1. Ikastetxeek IV. eranskina bidali beharko dute Eskolatze Bulegora behar bezala beteta, egutegian ondorio horretarako adierazitako egunean.

2. Honako helbide honetara bidali beharko dute: nescolar@navarra.es

KOMUNIKAZIO BIDEAK

–Helbide elektronikoa: nescolar@navarra.es

–Gurasoei eta ikasleei aholkuak eta orientazioa ematea: 848426617

–Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat: 848426977

–Eskolatze Arloko koordinatzailea: 848426557

–Faxa: 848426987

II. ERANSKINA

2018-2019 ikasturtea

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako / Batxilergoko Ikasleak Onartzeko Prozesuaren Egutegia

PROZESUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

EPE ARRUNTA

Eskabideak igortzea eta/edo hartzea atxikipen zentrora

Martxoaren 27a

Martxoaren 28a

Ikastetxean inskribatzeko epea

Apirilaren 9a

Apirilaren 13a

14:00ak arte

Azken eguna aurreinskribatutako ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko.

Apirilaren 16a

Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea. (Educa)

Apirilaren 18a arte

Ikastetxean onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak egiteko egunak

Apirilaren 19a

Apirilaren 20a

14:00ak arte

Ikastetxeak ebaztea behin-behineko zerrendari jarritako erreklamazioak

Apirilaren 23a

Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean

Apirilaren 24a

VII. eranskina (Aurreikusitako matrikulazio datuak) EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea

Apirilaren 24a

Onartu gabeko ikasleak: Departamentuak plazak esleitzea ikasleei

Maiatzaren 7a

Ikasleak matrikulatzea

Ekainaren 26a

Uztailaren 13a

12:00ak arte

VII. eranskina (Aurreikusitako matrikulako datuak) EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea

Uztailaren 13a arte

EPE BEREZIA

Ikastetxean inskribatzeko epea

Abuztuaren 30a

Abuztuaren 31

14:00ak arte

Azken eguna aurreinskribatutako ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko

Irailaren 5a

Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea. (EDUCA)

Irailaren 5a

Erreklamazioak, onartuen behin-behineko zerrendari

Irailaren 5a

Irailaren 6a

14:00ak arte

Ikastetxeak ebaztea behin-behineko zerrenda

Irailaren 7a

Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean jartzea, ongi ikusteko moduko toki batean. Onartutako ikasleak nondik datozen ikastetxeei jakitera ematea. (EDUCA)

Irailaren 7a

Epe berezian onartutako ikasleen matrikula

Irailaren 10a

Irailaren 11

14:00ak arte

Onartu gabeko ikasleak: Departamentuak plazak esleitzea

Irailaren 14a

DBH-KO IKASLEAK: Eskolatze Bulegora igortzea ikastetxeko ikasleen eta, matrikula ez egiteaz gain, beste ikastetxe batean matrikulatuta ez dauden ikasle atxikien izenen zerrenda. (IV. eranskina)

Irailaren 18a arte

III. ERANSKINA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izena emateko eskabidea. 2018-2019 ikasturtea.

Batxilergoan izena emateko eskabidea. 2018-2019 ikasturtea.

IV. ERANSKINA

Ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta, matrikula ez egiteaz gain, beste ikastetxe batean matrikulatuta ez dauden ikasle atxikiak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1802766