244. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

834/2018 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira oinarriak finantza entitate laguntzaileak hautatzeko, Nafarroako Gazte Txartelaren programaren esparruan, eta haiekin sinatu beharreko hitzarmenaren testua.

European Youth Card Association (EYCA) bere kideez osatutako elkarte bat da, eta helburua du Gazte Txartela herrialdeetan eta eskualdeetan sustatzea, gazteen behar eta nahiei erantzun ahal izateko; gaztetzat jotzen dira 14 urtetik 30 urtera bitarteko pertsonak, biak barne, eta txartelaren bidez garraioa, informazioa, ostatua, aisia jarduerak, kultura eta kirolak eskuragarriago izan ditzakete, bai eta beren garapena bultzatzeko, mugigarritasuna handitzeko eta eguneroko bizitza hobetzeko lagungarri diren edonolako abantailak eta zerbitzuak ere.

Irabazi asmorik ez izatea da Gazte Txartela zuzentzen duten printzipioetako bat, eta, horren ondorioz, programan berean lortutako diru-sarrerak berriz inbertitu behar dira, Lisboako Protokoloaren arabera.

Espainiako Gazteriaren Institutua (INJUVE) EYCAko eskubide osoko kidea da eta, beraz, Gazte Txartela emateko eskubidea eta betebeharra du, dagozkion logotipoak eta ikurrak erabiliz, bai eta jarduerak sustatu eta zuzentzekoa ere (eskubideak, azpilizentziak eta marka bateratuak ematea edo kideetako bazkideei eragiketak lagatzea barne).

Espainiako Konstituzioaren eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren bidez egindako eskumen banaketa kontuan harturik, INJUVEk gazte txartelaren logotipoa eta ikurra erabiltzeko eskubideak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari laga zizkion, Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egungo estatutuek, zeinak abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitziren, erakunde autonomo horri eskumenak ematen dizkiote gazteen arloko politika publikoak planifikatu, sustatu eta ebaluatzeko, ikuspegi bikoitza erabiliz: berariazko ekintzak garatzea eta zeharkakotasuna aplikatzea gazteriaren gaineko arloetan.

Hartara, aipatutako Foru Dekretuaren 24. artikuluko f) apartatuak Gazteriaren Zuzendariordetzako Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari esleitzen dio Gazte Txartelaren programaren kudeaketa.

Gazteriaren Zuzendariordetzak txosten bat aurkeztu du non adierazten baitu ezen Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 2ko 81/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zela hirugarren (eta azken) luzapena Caja Rural de Navarra Sociedad Cooperativa de Crédito eta Caixabank SA entitateekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetarako, Nafarroako Gazte Txartelaren programaren esparruan.

Orobat, adierazten da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak segitzen duela interesa izaten finantza entitateekin halako hitzarmenak sinatzeko, Nafarroako Gazte Txartelaren esparruan; horretarako, beharrezkoa da oinarri berri batzuk onestea, ahalbidetu dezaten Nafarroako Foru Komunitatean dauden finantza entitate gehiagok sinatzea lankidetza-hitzarmena. Sinatu beharreko hitzarmenaren xede nagusia da “Gazte Txartela” marka eta logotipoa erabiltzea hura sinatzen duten finantza entitateen txarteletan eta berariaz gazteentzat diren programetan. Ordainetan, programara sartzen den finantza entitate bakoitzak urtean 83.000 euroko ekarpen finkoa eginen du urtero, baldin entitate bat edo bi sartzen badira. (Entitateko 70.000 euro izanen dira baldin hiru finantza entitate sartzen badira; edo 60.000 euro entitateko baldin lau entitate edo gehiago sartzen badira).

II. eranskineko eduki zehatzarekin izenpetuko dira hitzarmen horiek, eta ebazpen honi erantsitako oinarriei loturik egonen dira.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gazte Txartelaren programaren esparruan finantza entitateak edo entitate talde laguntzaileak hautatzeko oinarriak onestea, baita eranskinak ere.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea presaz.

3. Ebazpen hau igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko azaroaren 26an.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Rubén Goñi Urroz.

FINANTZA ENTITATEAK HAUTATZEKO ETA GERO HAIEKIN LANKIDETZA-HITZARMENAK IZENPETZEKO OINARRIAK, GAZTE TXARTELAREN LOGOTIPOA ERABILTZEKO

Lehendabizikoa.–Izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenen xedea.

1. Oinarri hauen bidez irizpide eta baldintza orokorrak ezartzen dira finantza entitateak edo entitate taldeak hautatzeko eta gero haiekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko, Gazte Txartelaren logotipoa erabiltzeko.

Izenpetuko diren lankidetza-hitzarmenen xedea izanen da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Gazte Txartelaren logotipoaren erabilera lagatzea oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten finantza entitate interesdunei edo finantza talde interesdunei, bai zuzenean bai krediturako finantza establezimenduen bidez, ordainketa entitateen bidez edo haiek partaide dituzten diru elektronikoaren entitateen bidez, entitate horiek logotipoa txerta diezaieten Nafarroan ematen diren finantza txartelei; horrela, aipatu logotipoa izatearen balio erantsia izanen dute txartel horiek.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zer finantza entitaterekin izenpetzen dituen hitzarmenak, haien eskura jarriko du Gazte Txartelaren logotipoa, eta txartela erabiltzeko arauak ere emanen dizkie.

2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dagokio finantza txartelaren diseinua EYCAk xedatutakoaren arabera (diseinuaren homogeneotasuna) homologatzea. Orobat, egokituko zaio finantza entitateek, Gazte Txartelaren esparruaren barnean, beren baliabideekin egiten dituzten jarduerak baimentzea, honako irizpideekin bat:

a) Unibertsaltasuna: finantza entitate laguntzaileek egiten dituzten ekintzak Gazte Txartelaren titular guztiei zuzenduko zaizkie.

b) Helburua: egiten diren jarduera edo ekintza guztiek bat etorri beharko dute Europako Gazte Txartelaren programaren filosofiarekin.

3. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Foru Komunitatean Gazte Txartelaren programaren erakunde arduraduna den aldetik, hitzarmena duten finantza entitateek logotipoak nola erabiltzen dituzten begiratuko du, eta zilegi izanen du jarraibideak ematea oker erabiltzen direla ikusten badu, baita erantzukizunak eskatzea ere erabilera okerraren ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari kalte egiten bazaio, dela zuzenean dela zeharka.

Bigarrena.–Lankidetza eskatzeko bete beharreko baldintzak:

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin Gazte Txartelaren programaren esparruan lankidetza-hitzarmena izenpetu nahi duten finantza entitateek adierazi beharko dute ondoko baldintzak betetzen dituztela, bai zuzenean bai krediturako finantza establezimenduekin, ordainketa entitateekin edo haiek partaide dituzten diru elektronikoaren entitateekin elkarlanean:

1. Zinpeko aitorpena, adierazten duena finantza entitate gisa eraturik dagoela eta, gutxienez hamar sukurtsal irekirik dituela, Nafarroako Foru Komunitateko bost udalerritan gutxienez.

2. Zinpeko aitorpena, adierazten duena badituela enpresa-antolakuntza eta/edo giza baliabide eta baliabide material nahikoak Gazte Txartela emateko.

Aurreko zinpeko aitorpenak aurkeztuta ulertuko da baldintzak bete direla, galarazi gabe Foru Administrazioak egiaztatzeko eta gainbegiratzeko dituen ahalmenak.

Hirugarrena.–Eskaeren aurkezpena.

Lankidetza-hitzarmena izenpetu nahi duten finantza entitateek eskaera aurkeztu beharko dute, nahitaez, deialdi honetako I. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Eskaerak 15 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako edozeinetan.

Eskaera postetxe batean aurkeztea erabakiz gero, egun horretan komunikatuko zaio Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusiari (fax bidez, zenbaki honetara: 848 423628), eskaera hori aurkeztu dela, azaroaren 26ko 30/1992 Lege aipatuaren 71. artikuluan ezarritakoarekin bat. Dena dela, epea amaitu eta 5 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

Eskaerak behar diren baldintza guztiak betetzen ez baditu, finantza entitate interesdunari eskatuko zaio hutsegitea zuzen dezala edo agintzen diren agiriak aurkez ditzala bost egun naturaleko epean, eta, adieraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela. Horretarako, ebazpen bat eman beharko da, aipatutako legearen 42.1 artikuluan aurreikusi bezala.

Eskaera aurkezteak berarekin dakar ebazpen honetako oinarriak onartzea.

Laugarrena.–Entitateak hautatzea.

Gazteriaren Zuzendariordetzako Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala arduratuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratzeaz, baita Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari proposamena igortzeaz ere, zeinak ebazpen bidez onetsiko baitu lankidetza-hitzarmenen sinadura. Baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten finantza entitate guztiak, 2. oinarrian aurreikusitako zinpeko aitorpenen bidez frogatu ere, hautatuko dira behar den lankidetza-hitzarmena izenpetzeko.

Bosgarrena.–Ordain ekonomikoa.

Hitzarmena izenpetzen duten finantza entitateak bat edo bi baldin badira, urtean 83.000 euroko kopuru finko bat ordaindu beharko diote (entitateko) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, aipatu logotipoen lagapenarengatik. Diru hori hitzarmena sinatzean emanen da.

Entitateko 70.000 euro izanen dira urtean baldin hiru finantza entitatek izenpetzen badute hitzarmena, eta 60.000 euro entitateko, urtean, baldin lau finantza entitatek edo gehiagok izenpetzen badute.

Kopuru horri, hitzarmena luzatuz gero, Estatuko Kontsumoko Prezioen Indizea gehituko zaio. Luzapenari dagokion zenbatekoa ordainduko da luzapena egiten den hilabeteko lehenengo hamabostaldiaren barrenean.

Seigarrena.–Izenpetutako hitzarmenen jarraipena.

Izenpetu beharreko hitzarmenak betearazteko jarraipena, baita sinatzaileek onartutako baldintzak betetzearen gainekoa ere, Jarraipen Batzorde batek eginen du. Batzorde hori hitzarmenean berean izendatuko da, eta alde guztietako ordezkariak izanen ditu. Hitzarmenean zehaztuko da, halaber, funtzionamendurako araubidea.

Zazpigarrena.–Hitzarmenaren iraupena eta amaiera.

1. Lankidetza-hitzarmenak urtebeteko indarraldia izanen du hasiera batean, hitzarmena formalizatzen denetik 2019ko abenduaren 31 arte, urtero luzatzen ahalko da (behar den urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte), eta gehienez ere hiru aldiz luzatuko da. Luzapena edo luzapenak berariaz erabakiko dira eta, hala balegokio, urte batekoak izanen dira (12 hilabete). Luzatzeko eskaera hitzarmenaren hasierako indarraldia edo haren luzapenarena amaitu baino hilabete bat lehenago egin beharko da.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez onetsiko da luzapena.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak.

Oinarri hauetan edo dagokion hitzarmenean xedatutakoa betetzen ez bada, hura amaitu eginen da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak hala erabakita, finantza entitateari entzun ondoren.

Bederatzigarrena.–Hitzarmenen izaera, eta araubide juridikoa.

Izenpetzen diren hitzarmenek izaera juridiko-administratiboa izanen dute, eta oinarri hauetan, hitzarmenetan beretan eta administrazio araudian ezarritakoa izanen dituzte arau, eta, osagarri gisa soilik, araudi zibilean ezarritakoa.

Hitzarmena interpretatu, aplikatu eta betetzearen gainean desadostasunik sortzen bada aldeen artean, Jarraipen Batzordeak emanen du, lehenik, horri buruzko ebazpena. Aldeek adierazi dute batzorde horren erabakiak onartuko dituztela. Adostasunik ez badago, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak modu exekutiboan emanen du horri buruzko ebazpena. Zilegi izanen da ebazpen horien kontrako administrazio errekurtsoa eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea.

I. ERANSKINA

Eskabide eredu normalizatua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gazte Txartela programari buruzko lankidetza-hitzarmena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1814651