242. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2018 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko diru-laguntzaren 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 425110.

Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2006an sortu ziren, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak (jada desagertua) eskatuta. Haren 2005eko txostenean ohartarazi zuen jaitsi egin zirela, oro har, Nafarroako telebisten ekoizpen propioaren kopuruak, eta gomendatu zuen programa interesgarriak eta eskualdeko eta tokiko ekoizpena sustatzea diru-laguntzen bidez.

Orduz geroztik, laguntza horiek urtero tramitatu dira, bai nominatiboki LTDaren lizentzia duten telebistentzat, bai norgehiagokako araubideari jarraikiz.

2017an berritu egin zen diru-laguntzen deialdi hori, eta laguntzak Europako araudira egokitu dira, zehazki 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikulura eta I. kapitulura; Erregelamendu horren bidez, laguntzen kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Eta Europar Batasuneko araudiaren zuzenbidezko berme horri jarraituz, dagokion deialdia egin zen 2018an.

Nafarroako Gobernuak 2019rako egin duen Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuan partida bat aurreikusten da helburu horrexekin. Aurreko ekitaldietan metatuko esperientziatik abiatuta, irizten da komeni dela laguntza hauek izapidetze aurreratuko espedientearen bitartez tramitatzea (orain egin nahi den gastua eraginkortasunez onesteak baldintzatuko du tramitazioa), deialdiaren ebazpena 2019ko ekitaldiko hasierako egunetan irmoa izan dadin eta telebista operadoreek hobeki antolatzeko aukera izan dezaten.

2018ko urriaren 31ko Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari baimena ematen zaio 1.100.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2019an” izeneko diru-laguntzen deialdia aldez aurretik onesteko.

2019. urterako proposatzen den deialdiak berrikuntza hauek ditu bere oinarrietan:

a) Deialdiko funtsak birbanatzeko sistema hobetzen da proiekturik ez dagoenean edo kalitate tekniko eskasagatik proiektuak kanpo uzten direnean. Kasu horietan, birbanaketa ez da eginen programa horiek aurkezteko orduan xede zuten kategorien arabera, hasiera batean kategoria guztietan diru-laguntzarik gabe gelditu diren programa horien puntuazio teknikoaren hurrenkerari jarraituz baizik, betiere deialdian finkatutako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoaren muga (%50) gainditu gabe; halaber, aukera emanen da proiektua dagoen aurrekontuaren arabera birformulatzeko.

b) Telebisten ikusle kopuruaren irizpidea ezabatzen da balorazio elementu gisa, eremu desberdinetan ari direlako (erkidegokoa eta tokikoa; bigarren kasu honetan, bi eskualde desberdinetan, gutxienez) eta publiko desberdinak dituztelako beren programen lehen hizkuntzaren arabera.

c) Behar diren ordainketak onesteko orduan, zigorrak ezartzen dira programei diru-laguntzak eskuratu ahal izateko puntuak ematen dizkieten baldintzak edo konpromisoak betetzen ez badira.

d) Gehieneko muga bat ezartzen da B eta C tipologietan ematen ahal den diru-laguntzaren kasuan: 50.000 euro programa bakoitzeko.

Horregatik guztiagatik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu duen txostena ikusita, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2019an” izeneko diru-laguntzen deialdiaren izapidetze aurreratua onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10003-B1100-4709-921500: Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak

2019

1.100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu-baseari (NGDDB) jakinaraztea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko azaroaren 20an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak honako honetarako: “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2019an”

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honek 2019rako Foru Komunitateko ikus-entzunezko edukien ekoizpen-jardueren diru-laguntza erregimena ezartzea du helburu, tokiko- eta autonomia-esparruko lurreko telebista digitalen (LTD) lizentzia pribatuen titulartasunak dituztenek igortzeko.

Ikus-entzunezko edukiak Nafarroako hizkuntza ofizialetako batean eginen dira eta haien helburua izanen da Foru Komunitateko ikus-entzunezko kulturaren eskaintza handitzea.

2. oinarria.–Aurrekontua eta diruz lagungarriak diren kostuen muga.

1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 1.100.000 eurokoa da, gehienez ere, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko B10003 B1100 4709 921500 partidaren pareko izaerarekin 2019ko Nafarroako Gastuen Aurrekontu Orokorrean sortzen den partidaren kargura.

2. Laguntzak diru-laguntza gisa ematen dira, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan eta I. kapituluan adierazitakoaren arabera, zeinetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen diren, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Ikus-entzunezko lanak ekoizteko laguntzen intentsitatea diruz lagungarriak diren kostuen %50ekoa izanen da.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Lurreko Telebista Digitalaren (tokikoa eta erkidegokoa) emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak izan ahalko dira laguntza hauen onuradunak, zeinak, deialdi honetako eskaerak aurkezteko epean, lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programazioari dagozkienen araberako emanaldiak eskaintzen dituzten.

2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.

3. Deialdi hau ez da aplikagarria izanen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, laguntza ilegal eta barne-merkatuarekin bateragarria ez dena deklaratu zaienentzat, eta ezta aipaturiko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzat.

4. oinarria.–Proiektuen tipologiak eta laguntzen gehieneko zenbatekoak

1. Ikus-entzunezko edukiak ekoizteko jarduerak hurrengo proiektu-tipologia eta baldintzekin bat etorriko dira:

A tipologia: Herritar guztiei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 600.000 euro gehienez.

A.1. Formatu desberdinetako telebistako programak, Nafarroako herritar guztiei zuzenduak.

A.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 40 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

A.3. Tipologia honen baitan ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza ezin izanen da 500.000 euro baino handiagoa izan.

B tipologia: Nafarroa osoko publiko sektorialei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 250.000 euro gehienez.

B.1. Formatu desberdinetako telebistako programak, adinaren arabera (haurtzaroa, gaztaroa, hirugarren adina...) edo interes-komunitatearen arabera (hezkuntza-komunitatea, jarduera ekonomikoen sektorea...) aurrez definituriko publikoei edo publiko sektorialei zuzenduak.

B.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

B.3. Tipologia honen baitan ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza ezin izanen da 200.000 euro baino handiagoa izan.

B.4. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzari 50.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere.

C tipologia: Tokiko publikoei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 250.000 euro gehienez.

C.1. Formatu desberdinetako telebistako programak, LTDaren Plan Tekniko Nazionalak Nafarroarako egiten dituen tokiko banaketetako (Lizarra, Iruña, Zangoza, Tafalla eta Tuterako eskualdeak) publikoen interes jakin eta zehatzetarako diseinatuak. Tipologia honetara Nafarroarako tokiko LTDaren lizentzia duten titularrak bakarrik aurkeztu ahal izanen dira.

C.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

C.3. Tipologia honen baitan ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehienezko diru-laguntza ezin izanen da 100.000 euro baino handiagoa izan.

C.4. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzari 50.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere.

2. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen da Nafarroako telebistetako informazio-programazioa.

3. Telebista operadoreek ezin izanen dute programa-proposamen bera hiru programazio-tipologia hauetako batera baino gehiagora aurkeztu. Hala gertatuko balitz, laguntzak kudeatzen dituen zerbitzuak (Komunikazio Zerbitzuak) proposamen horri dagokion tipologia ezarriko du, aurkezturiko memoriarekin bat etorriz, eta tipologia horren baitan bakarrik baloratuko da.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira diru-laguntzaren xedeko jardueren izaerarekin bat datozenak eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik 2019ko urriaren 31ra arteko epean egiten direnak (azken egun hau barne).

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen gastu horien guztirakoaren %50 baino gehiagokoa.

3. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak: zuzeneko gastuak (langileenak barne), zeharkako gastuak eta ondasun inbentariagarriak erosteko edo amortizatzeko gastuak.

4. Ikus-entzunezkoen produkzioaren emanaldiari zuzenean lotutakoak jotzen dira zuzeneko gastutzat, ikus-entzunezko edukiak sortzeko beharrezkoak diren langileenak barne. Zuzeneko gastuen kasuan (langileenak barne), hots, onuradunak diru-laguntza honen xedea ez den beste programazio bat ekoizteko direnean, diruz laguntzen den proiektuan erabilitako denbora zati proportzionalari dagozkion gastuak baino ez dira egotziko.

5. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Ikus-entzunezkoak ekoizteko jardueren gauzatzea edo ikus-entzunezko edukiak ekoizteko beharrezkoak diren beste lan lagungarri batzuk azpikontratatu ahal izanen dira. Kasu horietan, diruz lagungarriak diren gastuak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

6. Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezin izanen dira izan enpresaren hitzarmenetan edo onuradunari aplika dakizkiokeen hitzarmen sektorialetan jasotakoak baino txikiagoak, ezta ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak ere (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Programako pertsona arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 3.750 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.000 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.500 euro.

7. Komunikabideek hainbat ondasun inbentariagarriren amortizazioa aurkezten ahal dituzte deialdi publikoen babesean: ekipo elektronikoak eta informatikoak, programa informatikoak eta ikus-entzunezko materiala. Kontabilitateko irizpide orokorrak kontuan hartuta, ekipo eta programa hauei urtean %20 arteko eta %33 arteko amortizazio linealak aplikatzen ahal zaizkie, hurrenez hurren.

8. Zeharkako gastuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak ere, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak, baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko, telebista-seinalearen difusio eta garraioari dagozkion gastuak barne. Proiektu bakoitzean diruz lagun daitezkeen zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izanen; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion diru-laguntzaren xedeko programari.

9. Diruz lagungarriak diren zuzeneko zein zeharkako gastuetatik kanpo daude telebista operadorearentzako higiezinen alokairu edo amortizaziorako direnak; lege edo/lan arloko aholkularitza zerbitzuaren prestazioak eta azpikontratazioak; eta diruz lagundutako programazioaren produkzioari lotu gabeko jarduketetako langileen gastuak (ordezkaritza-gastuak, dieta eta bidaiak, eta abar.).

6. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus). Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta “ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2019” fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Diru-laguntzen deialdi honi dagozkion jakinarazpen telematikoak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Prozedura honi dagozkion jakinarazpenak eskatzaileak horretarako emandako helbide elektronikora bidaliko dira.

3. Laguntza hauek efektu bultzatzailea izan behar dute. Hortaz, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatzen denaren arabera, diru-laguntzen eskatzaileek ezin izanen dituzte diruz lagundutako jarduerak hasi deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea irekitzen den data baino lehenago.

4. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) I. eranskineko eskaera, entitateari buruzko datuak, proposatutako ikus-entzunezko edukiaren edo edukien izenak eta horiei dagokien programazio-tipologia betez formularioan.

2) II. eranskineko erantzunkizunpeko adierazpena, deialdian exijitzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

3) III. eranskineko eredua erabilita, proposaturiko ikus-entzunezko edukiaren memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

4) IV. eranskineko eredua erabilita, giza baliabide eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

5) Memoria ekonomikoa eta finantzaketari buruzkoa, dagokion banakapenarekin, V. eranskineko eredua erabilita. Memoria bana aurkeztu beharko da proposaturiko programa bakoitzeko, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

6) Memoria ekonomikoa, VI. eranskinaren arabera. Aurkeztu beharreko aurrekontuan zuzeneko zein zeharkako gastuak bilduko dira, eskaera aurkezten den egunetik 2019ko urriaren 31ra arteko tarteari dagozkionak.

7) Amortizazioen taula, VII. eranskinaren arabera, eta hartan agertuko dira ondasunaren deskribapena, haren eskurapen data, amortizazio-balioa eta amortizazio-sistema, inbentariatutako ondasun bakoitzaren amortizazio-urte eta -kopuruak dituen egutegi bat barne.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Reproductor de Windows Media.

Eskaeren aurkezpenak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzen onarpen garbi eta formala dakar berarekin. Zentzu horretan, eranskinetan organo kudeatzaileari eskatu beharreko baimenak sartuko dira, hark datuak benetakoak direla ziurtatzeko egin beharreko egiaztapenak egin ditzan. Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste inolako jarduketei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jardunen da, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari ere jarraituko zaio.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eskaerak eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, interesdunari berari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez bada, edo interesdunak gelditasuna erakutsiz gero, laguntza-eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta bigarren mailako kontu hau Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariak emandako diru-laguntzen bukaerako ebazpenean argituko den.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura hau, funtsean, aurkezturiko eskaeren konparaketa egitean, haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko helburuarekin proiektuak baloratzean eta balorazio onena lortu dutenei diru-laguntzak esleitzean datza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Prozeduraren organo kudeatzailea Komunikazio Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

3. Komunikazio Zerbitzuak ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proiektuak, deialdi honetako 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Egindako ebaluazioa ikusirik, organo kudeatzaileak Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariari aurkeztuko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horretan, deialdian ezarritako tipologia bakoitzaren baitan baloratutako proiektuen zerrenda azalduko da (lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak), eta baita diru-laguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda, esleituriko zenbatekoarekin. Proposamenean adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4. Kategoria batean edo gehiagotan funts batzuk aplikatu gabe gelditzen badira (eskaera faltagatik edo aurkeztutako eskaerek ez dutelako lortzen 8. oinarriak laguntzak lortzeko zehazten duen gutxieneko puntuazio teknikoa), poltsa bakar batean pilatuko dira. Poltsa horren bidez deialdira aurkezturiko beste proiektu batzuk diruz laguntzen ahalko dira, betiere 8.1 oinarrian ezarritako gutxieneko balorazioa gainditzen badute, programa horiek lortutako puntuazio ordenaren arabera, zein tipologiatan aurkeztu diren aintzat hartu gabe. Eskura dagoen kreditua ez bada nahikoa programa finantzatzeko (programari dagokion tipologian ezarritako aurrekontu-mugen arabera), telebista operadoreari aukera eskainiko zaio programaren aurrekontua birformulatzeko. Horretarako, bi egun balioduneko epea izanen du, proposamen hau bide elektronikotik jakinarazten zaion egunetik hasita. Eskaera horri erantzuten ez badio edo ez zaiola interesatzen adierazten badu, eskaintza hurrengo programari eginen zaio, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, eta hala hurrenez hurren, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

5. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendari Nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko diru-laguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuz, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebaztearekin batera.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Diru-laguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

6. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendari Nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

8. oinarria.–Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.

Eskaerak ebaluatzeko, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira. Deialdi honetatik kanpo geratuko dira oinarri honen 1. atalean 25 puntu edo gutxiago lortu dituzten programen eskaerak. Kasu honetan ez dira aplikatuko oinarri bereko 2. eta 3. ataletan ezarritako balorazio-irizpideak.

1. Programen diseinua, 60 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Programen sormena eta barietatea, eta haiek azaltzeko eta planteatzeko berrikuntzak egitea, Nafarroako gaur egungo telebista parrilen aldean: 40 puntu.

–Parte hartzera edo elkarrizketara gonbidatu gogo diren protagonisten aniztasuna eta zer ordezkatzen duten: 10 puntu.

–Interes publikokotzat jotako Nafarroako herritar elkarteen lankidetza eta parte-hartzea programazioa diseinatzeko eta bertan protagonista izateko: 5 puntu.

–Genero ikuspegiaren ikuspuntua sartu izatea edukiak diseinatu eta garatzeko, eta hizkera inklusiboa erabiltzea: 5 puntu.

2. Berrinbertsioa Nafarroako ikus-entzunezko sektorean, 20 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Azpikontratazioa Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin: 10 puntura arte.

–10 puntu Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin zuzeneko gastuan edo azpikontratazioan kopuru handiena bermatzen duen kategoria bakoitzeko programari. Balorazio honetatik kanpo geldituko da antena-eskubideak lortzeko gastua. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

programaren gastu-portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

10 X

––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

dagokion kategorian portzentajerik handiena duen programaren gastu-portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

–10 puntu Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik zenbateko handiena bermatzen duen kategoria bakoitzeko saioari: Nafarroako profesional edo enpresek zuzendu, ekoiztu edo/eta banatutako produktuak, hau da, nagusiki konpainia nafarrenak diren eskubideak dituzten ikus-entzunezko produktuak, betiere telebista operadoreak sozietatean parte hartzen ez badu. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

programaren gastuaren zenbatekoa Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik

10 X

––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

dagokion kategorian gasturik handiena duen programaren gastuaren zenbatekoa Nafarroako produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik

3. Konpromisoak gizarte arloan, 20 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Diru-laguntzak jaso dituzten edukiak Internet bidez ematea: 10 puntura arte.

–10 puntu diruz lagundutako edukien hedapena Internet eta sare sozialetako bideo-kanalen bidez bermatzen duten proposamenentzat, lehen emisiotik hasita sei hilabetean zehar gutxienez.

–5 puntu diruz lagundutako edukien hedapena Internet eta sare sozialetako bideo-kanalen bidez bermatzen duten proposamenentzat, lehen emisiotik hasita hiru hilabetean zehar gutxienez.

–Berdintasun plana eta errenta bermatua jasotzen duten pertsonen kontratazioa: 10 puntura arte.

–5 puntu gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak ezarrita dituzten enpresen eskaintzetarako; gutxienez ere, lan- eta familia-bizitza uztartzeko ordutegia malgutzeko eta lanaldia murrizteko neurriak izan beharko dituzte.

–5 puntu gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko: 2,5 puntu emanen dira lanaldi osorako eta gutxienez 3 hilabeterako kontratatzen den errenta hartzaile horietako bakoitzeko.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Diru-laguntzaren telebista onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebehar, baldintza eta helburuak betetzea.

b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta finantza kontrolak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Jakinarazpen hori erregistratu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio berariaz aldaketa horri ezezkorik ematen, bai komunikazio betebeharra eta bai proposaturiko aldaketa onartutzat joko dira.

d) Diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

e) Diru-laguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntzak eta diru-sarrerak adieraztea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Laguntza horiek jaso direla jakin bezain laster emanen da adierazpen horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Jasotako diru-laguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gutxienez 10 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

g) Diru-laguntzaren xedeko programen kopia aurkeztea, deialdiaren organo kudeatzaileak adierazitako formatu eta modu elektronikoan. Kopia hori gordetzeko izanen da eta ikus-entzunezkoen artxibo publiko batean sartuko da; jendaurrean erakusten ahalko da, betiere merkataritza helbururik gabe.

h) Diru-laguntzarako deialdi honen onuradun diren telebista operadoreek Estatuko araudia bete beharko dute programen irisgarritasunari dagokionez entzumeneko desgaitasuna duten pertsonentzat. Diru-laguntzaren xedeko programan edo programetan azpitituluak jartzea galarazten duten arrazoi teknikoak badaude, operadoreak beste aukera bat aurkezten ahalko du organo kudeatzailearen araua betetzeko, betiere deialdi honen bidez finantzatzen den programetako bat irisgarria dela bermatuta.

i) Autonomia erkidegoetako telebista operadoreen kasuan, eta Lizarrako, Iruñeko eta Zangozako eskualdeetako tokiko operadoreen kasuan, euskarazko programetako bat gutxienez ere astean behin ematea bere lizentziako LTDeko kanal nagusian, lehen emanaldian edo lehendik gaztelaniaz emandako programak euskaraz emanez (uztailan eta abuztuan salbu).

j) Argi eta garbi zehaztea, diruz lagundutako programa bakoitzaren amaierako kredituetan, Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezkoaren ekoizpenean egin duen kofinantzaketa, Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa ele biz sartuz. Kofinantzaketa hau telebista operadoreak telebista programa hauen zabalkundea eta publizitatea egiteko aurreikusten dituen sustapen- edo autosustapen-espazioetan ere agertu beharko da.

2. Diru-laguntzen onuradunek aplikatu beharreko foru araudian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, diru-laguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxaren bitartez, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso baino lehen.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Oro har, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte. Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

10. oinarria.–Ekoizturiko edukiak emateko eta hedatzeko baldintzak.

a) Programak beren lizentziako LTDeko kanal nagusiaren bitartez (kanal bat baino gehiago dutenen kasuan) eta 2019ko ekitaldian ematea, deialdi honetako onuradun suertatzen direnen eskabideetan proposaturiko emankizunen kapituluekin, periodikotasunarekin eta egutegiarekin bat etorriz.

b) Diruz lagundutako edukiak Internet edo sare sozialetako bideo-kanalen bidez ematea, eskaintzan konpromiso hori erakutsi duten telebisten aldetik. Url-a eman beharko dute.

11. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diru-laguntza, oro har, azken ordainketan eginen da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Nolanahi ere, ordainketa partzial bat egin ahal izanen da ekainera bitarte (hori barne) egindakoentzat.

Aurrerakin gisako diru-kopuruak ordaintzen ahalko dira, hurrengo atalean ezarritako baldintzak eta mugak beteta.

2. Aurrerakin eskaeren tramitazioa: deialdi honetako onuradun suertatzen diren telebista operadoreek deialdian emandako diru-laguntza osoaren %33ra bitarteko ordainketa aurreratua eskatzen ahalko dute, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik hilabeteko epean, behin onuradunek unitate kudeatzailearen aurrean ikus-entzunezko konponketa erregistratu ondoren, 9.1.j oinarria eta 9.2 oinarriari dagokion dokumentazioa betetzeko. Eskaerari diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa baliabide egokirik ez izatea frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. Deialdi honetako onuradunei legozkiekeen aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak diren kasuetan, diru horren ordainketak Diruzaintza Atalean aurkeztutako bankuko abalaren erregistroa izanen du baldintza gisa, jasotako laguntzari dagokion aurrerakinaren zenbateko berdinarekin.

3. Laguntzen %33ra bitarteko ordainketa partzial bat onesten ahalko da, finantzaturiko proiektuaren jardueren memoria eta memoria ekonomikoa 2019ko uztailaren 26ra arte (data hori barne) aurkezten duten eskatzaileentzat, deialdi honetako hurrengo oinarrian deskribatutako baldintzetan (2019ko ekainaren 30era arteko aurreekoizpen-, ekoizpen- eta emisio-lanak), aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren. Ordainketa partzial horretarako, aurrerakina kobratzea aurrez hautatu dutenentzat, aurrerakin hori behar bezala erabiltzea eta gauzatzea egiaztatu beharko dute.

4. Emandako laguntzen azken ordainketa eginen zaie (aurrerakinari eta/edo ordainketa partzialari dagozkien kopuruak kenduta, jaso badira), finantzaturiko proiektuaren jardueren memoria eta memoria ekonomikoa 2019ko azaroaren 15era arte (data hori barne) aurkezten duten eskatzaileentzat, deialdi honetako hurrengo oinarrian deskribatutako baldintzetan (2019ko urriaren 31ra arteko aurreekoizpen-, ekoizpen- eta emisio-lanak), aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren.

5. Konpromisoak ez betetzeagatiko zigorrak:

–Operadore batek Nafarroako ikus-entzunezko enpresekiko azpikontratazioak edo Nafarroako ikus-entzunezko lanen antena-eskubideen erosketak aurrekontuan jarri baditu eta aurreikuspen horiek gauzatzen ez baditu, programa ekoizteko emandako laguntza murriztuko da egin ez den inbertsio horren %50eko zenbatekoan. Gainera, ez dira diruz lagungarritzat hartuko telebista operadoreak beste merkataritza sozietate edo egile batzuekin bestela egindako azpikontratazioak edo antena-eskubideen erosketak, sozietate edo egile horiek ez badituzte betetzen deialdira aurkeztutako proposamenek baloratuak izateko behar zituzten baldintzak.

–Diru-laguntzaren zenbatekoaren %2ko penalizazioa aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzagatik onartutako gastu osoen gainean, telebista operadoreak deialdian aurkeztutako proposamenean askatasunez hartutako konpromiso guztiak (diru-laguntzak emateko deialdiaren 8.1 eta 8.3 oinarrien arabera baloratuak) frogatzen ez badira.

–Diru-laguntzaren zenbatekoaren %5eko penalizazioa aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzagatik onartutako gastu osoen gainean, deialdiaren 9. oinarrian ezarritako betebehar guztiak bete direla frogatzen ez bada.

12. oinarria.–Justifikatzeko modua.

1. Behin diruz lagundutako jarduerak egiten direnean, eta aurreratutako dirua justifikatu eta diru-laguntzaren gainontzeko zenbatekoa kobratu ahal izateko, onuradunek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 11.3 eta 11.4 oinarrietan ezarritako epeetan:

a) Diru-laguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Diru-laguntzen onuradunek ekainaren 30era edo urriaren 31ra arteko gastuak zehaztuko dituen taula bat, kontabilitate-multzoetan sailkatuta, osatu beharko dute.

2. Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3...).

3. Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

4. Fakturen fotokopiak eta gastuak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak hurrenkeran zenbakituko dira (dok. zk.: 1, 2, 3...) eta gastuak justifikatzeko taulan ageri den ordena berean aurkeztuko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

5. Gizarte Segurantzako gastuaren justifikazioa TC1 eta TC2 dokumentu ofizialak eta dagozkien ordainketen justifikazioak aurkeztuta eginen da, urriko hilabeteari dagokion ordainketa abenduaren 11ra arte justifikatzeko aukera galarazi gabe.

6. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

13. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Diru-laguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Estatuko zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kasu horietan, murriztu eginen da diru-laguntza.

2. Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuz, zeinaren bitartez diru-laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, kontuan izan beharko dira estatuko diru-laguntzak pilatzeari buruzko arauak. Horrek esan nahi du deialdi honetan jarduera, proiektu edo enpresa onuradunei emandako diru-laguntzen zenbateko osoa estatuko beste edozein laguntzari gehitu ahal izanen zaiola, beti ere diruz lagungarriak diren kostu desberdinei edo estatuko beste edozein laguntzari erreferentzia egiten baldin badie, osoki edo modu partzialean diruz lagundutako kostuekin bat etorriz, baina bakarrik pilaketa horrek ez badu diru-laguntzaren intentsitatea edo erregelamenduaren araberako diru-laguntza handienaren zenbatekoa gainditzen.

3. Diru-laguntza hauek ez zaizkie gehituko gastu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza batzuei, baldin eta horrek berekin badakar Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan zehaztutako laguntzen intentsitatea gainditzea.

14. oinarria.–Gardentasuna, publizitatea eta informazioa.

1. Deialdi hau, bertako oinarriak eta eranskinak, bai Aldizkari Ofizialean eta bai Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira. Gainera, organo kudeatzaileak deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen laburpen bat argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean (NGDDB), orok jakin dezan eta 9.2 oinarrian adierazitako gardentasun betebeharrei erantzunez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendu horretan ezarritakoa betetzeko, hurrengo konpromisoak hartu beharko ditu:

a) Eskatzaileek deialdi honetan jasotzen duten diru-laguntzaren onuradunei eta horiek jasotako zenbatekoei dagokien informazioa DDBNean argitaratu dadin bermatzea. Berariaz, zehaztasun osoz argitaratuko da 500.000 euro baino gehiagoko banakako laguntza bakoitzaren inguruko informazioa.

Laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean argitaratuko da informazioa, eta gutxienez hamar urtez egonen da eskuragarri.

b) Europar Batzordeari diru-laguntzen erregimenari buruzko informazio laburbildua duen formulario normalizatua ematea, 2019rako deialdi hau argitaratzen den egunaren ondorengo 20 egun balioduneko epean.

15. oinarria.–Errekurtsoak.

1. Foru Agindu honen eta bere oinarri arautzaileen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Prozedura honi dagozkion kontuetan Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendari Nagusiak emandako ebazpenen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Kontseilariari zuzendua, ebazpen hori jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Ikus-entzunezkoetarako diru-laguntzaren eskaera aurkezteko fitxa.

II. eranskina.–Erantzunkizunpeko adierazpena, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

III. eranskina.–Proposaturiko programa bakoitzaren ikus-entzunezko edukien memoria deskriptiboa.

IV. eranskina.–Proposaturiko programa bakoitzaren giza baliabideen eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa.

V. eranskina.–Proposaturiko programa bakoitzaren ekonomia- eta finantziazio-memoria.

VI. eranskina.–Memoria ekonomikoaren taula.

VII. eranskina.–Amortizazioen taula.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1814406