242. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2268/2018 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agindua ematen da argitara dadin 2018ko azaroaren 26ko Gobernu Kontseiluak onetsitako “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2018ko lan publikoaren eskaintza onesten duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2017ko azaroaren 27an Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki haren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2018ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen.

“NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, UNIBERTSITATEKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN 2018ko
LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONESTEN DUENA

2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, Estatuko 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, bere artikuluetan ezartzen ditu administrazio publikoetan langile berriak sartzeko mugak eta jarduera publikoko sektore jakin batzuetan aplika daitezkeen salbuespenak, bai eta horretarako erdietsi beharreko birjarpen tasa maximoa ere. Zehatz-mehatz, % 100eko birjarpen tasa dagokie unibertsitateetako administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuei, aipatutako legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2017ko ekitaldian Unibertsitate honetan zerbitzua emateari utzi dioten langile finkoen kopuruaren arabera, lau lanpostukoa da langileen birjarpen tasa, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat artikuluaren 7. apartatuan ezarritako kalkuluaren arabera.

Bestalde, 2018ko uztailaren 3ko lege horrek tasa gehigarri bat ezartzen du aldi baterako enplegua egonkortzeko. Tasa horrek unibertsitateetako administrazioko eta zerbitzuetako langileei eragiten die, eta 2017ko abenduaren 31 baino lehenagoko hiru urteetan gutxienez aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren egiturazko lanpostuak hartzen ditu barne. Hala ere, aukera dago tasa gehigarri hori 2018tik 2020ra bitarteko ekitaldietan onetsi eta argitaratzen diren lan eskaintzen bidez artikulatzeko, eta, horregatik, Unibertsitateak, bere burua antolatzeko ahalmena erabiliz eta aukerarik egokiena dela ulertuz, tasa hori 2019ko eta 2020ko ekitaldietan onetsiko diren lan publikoaren bi eskaintzen bitartez bideratzea erabaki du.

Hori guztia kontuan harturik, beharrezkoa da 2018. urteko lan publikoaren eskaintza onestea, birjarpen tasa aplikatzearen ondoriozko lanpostuak barne hartzen dituena. 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bost artikuluarekin bat etorriz, eskaintza baliozkoa izateko, lanpostuen deialdia hiru urteko epe luzaezinean egin beharko da, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari txostena bidali eta gero.

Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2018ko azaroaren 26an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion

ERABAKIA:

Lehena.–Lan Publikoaren Eskaintza onestea.

Estatuko 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsi da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2018ko lan publikoaren eskaintza.

Bigarrena.–Eskainitako lanpostuak.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostu hauek eskaintzen dira 2018rako:

LANPOSTUA

MAILA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Teknikaria O.L. (Euskara)

A

1

Teknikaria O.L. (Informatika Zerbitzua)

A

1

Teknikaria O.L. (Ekonomia adarra)

A

1

Teknikaria O.L.

A

1

Hirugarrena.–Hautaketa prozesuak.

Lan eskaintza honek eragingo dituen hautaprobak arautzeko oinarri espezifikoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira beranduenez hiru urteko epean, lan eskaintza hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.–Zabalpena.

Erabaki hau Kudeatzailetzara, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura helaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.”

Iruñean, 2018ko azaroaren 26an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Iragarkiaren kodea: F1814578