227. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 31n hartua, zeinaren bidez hasten baita espediente honen tramitazioa: Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Noain Elortzibarko udal-mugartean, zeinak hizpide baititu zortasun aeronautikoak eta 4. fasearen berrantolamendua. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

I.–Aldaketaren aurrekariak, xedea eta justifikazioa.

Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala da indarreko hirigintzako planeamendua jarduketa eremuan. Ciudad del Transporte de Pamplona SA sozietateak sustatu du, eta Nafarroako Gobernuak 2004ko uztailaren 26an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2004ko abuztuaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Gero, 2006. urtean aldatu zen UPS hori, Nafarroako Gobernuak 2006ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez (2006ko martxoaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Aldaketa honek bi helburu ditu. Batetik, Abiazio Zibilaren Zuzendaritzaren jarraibideei jarraitzea; zehazki, araudian apartatu bat sartzea zortasun aeronautikoei buruz, eta, araudi-planoetan, Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoko planoak sartzea.

Halaber, agiri honen xedea da Iruñeko Garraioaren Hiriko 4. fasearen antolamendua aldatzea, lurzati handiagoak gaitzeko, eta onargarri gisa ezartzeko “zerbitzu publikorako ekipamendua” erabilera, fase horren lurzatien azaleraren %40n. Horretarako kentzen dira eremu intermodala eta harekin lotutako eremu logistiko intermodala, eta antolamendua aldatzen da, aurreikusitako bidea ezabatuz, baita ekipamendu komunitarioko sistema lokalerako zen lurzatia ere.

Aldaketa justifikatzen da lurzati handia behar delako jarduera logistikoetarako lekua izateko, eta Iruña aldean intermodalitatea txertatzeko ikerketa batean auzitan jartzen delako Garraioaren Hirian nodo intermodala exekutatzeko beharra, ikusita zer distantzia dagoen Noaingo Gune Logistikora, zer potentzial duen, zenbat eskatzen duten zerbitzu hori Nafarroako enpresek eta Garraioaren Hirian aurreikusitakoaren muga operatiboak eta teknikoak. Azken argudio horrekin, proposatzen da eremu intermodala eta harekin lotutako eremu logistiko intermodala kentzea eta horiei uko egitea.

Proposatzen den lurzati logistiko motaren aldaketa justifikatzeko, argudiatzen da ezen gaur egun 4. faserako aurreikusten dela pabilioi modularraren tipologia, eta badela horrelako tipologiarako lurzoru urbanizatua hutsik 3. fasean (91.600 bat metro koadro), eta ez dela aurreikusten logistikako eskaera handirako lurzatirik.

Justifikatzearren 4. faseko ekipamendu lokala kentzea (ekipamendu komunitarioko sistema lokala), argudiatzen da lurzatien tipologia berriak ez duela tokirik, eta jada badirela halako erabilera duten lurzatiak hutsik Garraioaren Hirian.

II.–Aldaketaren deskribapena.

Eremua egituratzeko, erreferentziatzat hartzen dira Garraioaren Hiriaren aurreko faseetan aurreikusitako zirkulaziorako ardatz nagusietako bi (Nafarroako etorbidea eta ekialdeko Etorbidea); horietatik abiatuta taxutzen dira erabilera logistikoko lurzati berriak.

Dokumentazio idatziaren arabera, kontuan izanik lurzati berrien tamaina, ez da beharrezkoa banaketarako biderik egitea; hortaz, proposatzen den bide-sistema mugatzen da espaloi bat aurreikustera bidearen 4. fasearen aldean.

Gune berdeak hegoaldean planifikatu dira, modu perimetralean. Gainera, Talluntze errekaren ondoan berdegune-zerrenda bat xedatu da, 49 m zabal. Orobat, Nafarroako etorbidearen ondoan dagoen berdegune bat (758. eta 766. lurzatiak), 2. fasetik heldu dena, lekuz aldatzen da, eta arlo berriko berdeguneen multzoan sartzen (azalera horrekin, erreserbak handitzen ditu).

Dokumentuaren arabera, hegoaldean dagoen berdegunearen tamainak eta morfologiak ahalbidetuko luke, etorkizunean, beharrezkoa izanez gero, trenbidea igarotzea, Garraioaren Hiria handitzeko UPSean adierazitako trazaduraren arabera. Berdegune hori ez da zenbatzen lagapenaren ondorioetarako, halako moduz non exekutatzen bada ez baita beharrezkoa izanen berdeguneak berrezartzea.

Memoriak adierazten duenez, berdegune publikoei beste berdegune-zerrenda bat gehituko zaie, erabilera publikoko lurzoru pribatuan, lurzatien parean. Lurpeko linea elektrikoak ukitutako espazioari dagokio.

Berdegunearen hego-ekialdeko mutur batean ukipen bat mantenduko da, izan baitaiteke errepide bat igarotzea, AP-15 eta A-21 lotzekoa, Eremu Zentraleko LAP-3an jasoa.

Halaber, agirian jaso da indarreko UPSean aurreikusitako bide-erreserba, ahalbidetuko lukeena hegoaldetik sarbide bat egitea Garraioaren Hirira. Sarbide posible horri buruzko ikerketa zehatzagorik ez dagoenez, behar den espazioa erreserbatzen da bakarrik, baina ez da exekuziorik aurreikusten.

Era berean, eremuaren mendebaldean ere beste espazio bat erreserbatzen da, bidearen luzapen bat ahalbidetzeko, etorkizunean mendebaldera garatzen bada ere.

Agirian, justifikazio gisa, azaltzen da ez dela aurreikusten aparkalekurik lurzoru publikoan 20.000 metro koadrotik gorako lurzatia izateagatik eta hala aurreikusia egoteagatik 85/95 Foru Dekretuan, baina exijitzen da tokiak erreserba daitezela lurzatiaren barnean eginen den jardueraren arabera.

0,7 m²/m²-ko eraikigarritasun garbiko koefizientea ezartzen da lurzati handiko eraikin isolatuaren erabilera logistiko anitzerako. Kontuan izanik antolamendu xehatuaren ondoriozko lurzati pribatuen azalera 311.173 m² dela, eraikigarritasuna 217.821 m²-koa da.

Lurzatien gehieneko okupazioa %65ekoa da, eta eraikitzeko gehieneko altuera 15 m sestra gainetik eta 3 m sestra azpitik. Sestra gainetik, gehienez 3 solairu aurreikusten dira, eta 1 sestra azpitik.

Hauek dira erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak lurzati handiko eraikin isolatuaren erabilera logistiko anitzerako: 0,70 beheko solairuan eta 0,25 goiko solairuetan.

UPS honen aldaketak antolatutako eremu osoa lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu da, eta honela mugatu da: banaketa eremu bat, sektore bat eta exekuzio unitate bat.

2. eta 4. faseen arteko muga doitzearen ondorioz, banaketa eremuan sartu dira 758. eta 766. lurzatiak, bat datozenak 2. fasea exekutatuta lortutako sistema lokalekin, zeinak birkokatu nahi baitira. Ez dira zenbatzen, beraz, ez aprobetxamenduaren ondorioetarako ez erreserbak kalkulatzeko ere.

Exekuzio unitatea garatzeari dagokionez, 8 urteko epe bat aurreikusten da honako betebehar hauek betetzeko: lagapena, ekitatez banatzea eta urbanizazioa.

Kalkulatzen da 770.000 euro inbertituko direla urbanizazioan, eta, horiei, erantsi beharko zaie hornidurako eta saneamenduko eraikuntzarako behar diren azpiegitura kostuak.

III.–Txosten sektorialak.

2018ko irailaren 24an, beren eskumeneko gaiei buruzko txostena egiteko eskatu zitzaien departamentu eta erakunde hauei:

• Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atala.

• Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atala.

• Hondare Historikoa (arkeologia).

• Enpresa Sustapenaren Zerbitzua.

• Babes Zibila.

• Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

• Garraio Zerbitzua.

• Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

• Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia (Sustapen Ministerioa).

• Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia (Sustapen Ministerioa).

• Iruñerriko Mankomunitatea.

• Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren irailaren 25eko txostena jaso da, eta hartan esaten da ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaiela ingurumen ebaluazio estrategikoa behar duten planen eta programen aldaketa txikiei, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Dokumentazioa azterturik, egiaztatzen da osorik dagoela, eta hasiera eman zaio ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuari, UPSaren aldaketaren tramitazioa egitearekin batera.

IV.–Kontuan hartu beharrekoak.

• Aldatzen den planeamenduari dagokionez:

Dokumentuan argi jaso behar dira aldatu nahi diren tresnak (UPSa eta aldaketak), eta nola aldatu nahi diren, adieraziz horietako bakoitzean zer dokumentu geldituko diren aldaturik. Kasu honeta, 2. fasea antolatzen duen UPSari dagokio (2. eta 4. faseen arteko muga aldatzen baita), baita 3. eta 4. faseak antolatzen dituen UPSei ere.

• Ekipamenduetarako eta zerbitzuetarako eremuei dagokienez:

Agirien arabera, berdeguneen lagapena pixka bat handitzen da, ekipamendu lokaleko lagapena kentzen da, eta kentzen da espazio publikoko aparkalekuen aurreikuspena.

Berdeguneei dagokienez, memoriak adierazten du berdegune-zerrenda bat gehituko zaiela, erabilera publikoko lurzoru pribatuan, lurzatien parean. Lurpeko linea elektrikoak ukitutako espazioari dagokio. Berdegune pribatu hori ez da inola ere zenbatuko lagapen gisa. Nolanahi ere, lurzatien zortasun hori araudian adierazi beharko da, eta lurzatien karga gisa agertu. Halaber, ezarri beharko dira, araudiaren 33. artikuluan, erabilera publikoko espazio libreen baldintza espezifikoak.

Aparkalekuei dagokienez, kontuan izanik eremu guztiaren tamaina, lurzati handiek okupatzen dute guztia, haren funtzionamendu egokia bermatzeko, beharrezkotzat jotzen da erabilera publikoko gutxieneko toki kopurua aurreikustea.

Garraioaren Hirian hegoaldetik sarbidea eduki ahal izateko bide-erreserbari dagokionez (indarreko UPSean sistema lokal gisa aurreikusi da), honako hauek zehaztu behar dira: ea bide-erreserbak diren bide gisa urbanizatu beharreko sistema lokalak, ea sistema orokorrak diren non lurzorua urbanizatu gabe lagako den, edo ea berdegune gisa urbanizatu beharreko erreserbak diren sektorearen barnean exekutatzen ez den bitartean, baina ez diren zenbatuko lagapenen ondorioetarako, eta etorkizunean balizko bide bat igaro daitekeen bertatik.

Irudi du etorkizuneko trenbide baterako erreserba funtzionalitaterik gabe geldituko dela eremu intermodalik gabe eta lotutako eremu logistiko intermodalik gabe. Mantentzen bada, bide-erreserba baten trataera bera izan beharko luke.

• Antolamenduari eta proposatutako determinazioei dagokienez:

Nafarroako etorbidearen ondoan planteatutako antolamenduari dagokionez, dokumentazio grafikoaren arabera, lurzati pribatuak espaloiraino iristen dira, eta oinezkoen bidea lurzati pribatuetan barna doa. Ezin da planteatu urbanizazio batean bide urbano publiko bat izatea eta espaloiak espazio pribatuan egotea, urbanizazioa zatikatuz eta espaloien jarraitutasuna egotea ekimen pribatuaren epeen menpe.

Planoetan, “gehieneko lerrokadura” esaten den tokian zehaztu behar da ea den “lurzatia ixteko gehieneko lerrokadura”, araudiaren 21. artikuluarekin bat. Halaber, 32. artikulua zuzendu behar da (“Lurzatiaren itxitura”), ezartzen duena lurzati guztiek izan dezaketela itxitura beren perimetro guztian.

Ereduzko aprobetxamendua zehazteko, oinarri hartuko da eraikuntza-erabilera eta -motetarako esleitutako eraikigarritasunaren homogeneizazio koefizienteen bidez homogeneizatutako aprobetxamendu orokorra. Aldaketan, koefiziente desberdinak planteatzen dira behe solairurako eta goiko solairuetarako; horiek justifikatu beharko dira merkatuko balioak kontuan hartuz (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen 102. artikulua), baita jatorrizko UPSeko koefizientek ere.

• Zortasun aeronautikoei dagokienez:

UPSa zuzentzen da, eta haren eremuari dagozkion zortasun aeronautikoei aplikatzekoa zaien erregulazioa gehitzen da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2018ko irailaren 28ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU

1. Espediente honen tramitazioa hastea: Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Noain Elortzibarko udal-mugartean, zeinak hizpide baititu zortasun aeronautikoak eta 4. fasearen berrantolamendua. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

2. Adieraztea espedientea ebazten denean erabaki honetan eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dela.

3. Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea aldaketak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, 31005 Iruña). Aipatu epean egoki jotzen diren alegazioak aurkezten ahalko dira, idatziz.

Dokumentua, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalera, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Enpresa Sustapenaren Zerbitzura eta Babes Zibilerako Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, eta jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari (Sustapen Ministerioa), Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari (Sustapen Ministerioa) eta Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusiari (Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioa), Iruñerriko Mankomunitateari, Noain Elortzibarko Udalari eta enpresa publiko sustatzaileari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1813344