227. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Udalak, 2018ko ekainaren 1ean egin osoko bilkuran, legeak eskatzen duen gehiengoarekin, hasiera batez onetsi zuen hasierako aldaketa Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan.

Argitara eman zen 2018ko ekainaren 21eko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan, eta ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Hasierako onespena behin betiko bilakatuko da, epe horretan erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkezten ez bada.

Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko aldaketa hau argitaratzen da legezko ondorioak izan ditzan.

Jaitzen, 2018ko urriaren 29an.–Alkate udalburua, Francisco Javier Eraso Azcona.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENENGO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4.25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29.ean, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100.ean ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Jaizko Udalari dagozkio, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izango dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izango du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izango dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur nahikoa bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko tramiteak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, erabat hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekuz alda daiteke, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emango, epaile baten aginduz ez bada.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean. Dena den, leku gutxi izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak eta, hileta zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izango du.

13. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketetarako, errautsak lurperatzeko eta hilobietako elementuak jartzeko erabiliko da.

Hilobietako burualdean, bakarrik jarri ahalko dira honako hauek:

–Ehorzketetarako: harrizko gurutzea edo hilarria, 50×100×8 cm neurrikoa, harrizko oinarri matxinbratua duena, 70×25×40 cm neurrikoa. Testu grabatua edo erliebean zizelkatua.

–Errautsetarako: Salanga grisa motako granitozko plaka angeluzuzena, 2 cm lodiera eta 74×64 neurrikoa, eta plaka bat 50×50×2 cm neurriko euskarria duena, Hegoafrika beltza motako granitozkoa. Testua grabatua eta zilar kolorez margotua. Altzairu herdoilgaitzezko loreontzia, 12,5×5 cm neurrikoa.

14. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izango dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua. Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:

a) Ehorzketak.

b) Errautsen ehorzketa.

c) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, eta izan daitezke pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izango dira.

21. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik edo beste hilerri batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, ehorzketari dagozkion tasak ordaindu beharko dira.

22. artikulua. 17. artikuluan jasotako 1. eta 2. zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emango die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

ERANSKINA

1.–Ehorzketak:

a) Jaizko Udalean erroldatuak: salbuetsirik.

b) Jaizko Udalean erroldatu gabeak: 500 euro.

2.–Errautsen ehorzketa:

a) Jaizko Udalean erroldatuak: salbuetsirik.

b) Jaizko Udalean erroldatu gabeak: 300 euro.

b) kasuan salbuetsirik daude herritarrak, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1813097