227. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LODOSA

Deialdia, C mailako administrari-ofizial izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko, plantillan lanposturik gehitu gabe

Alkatetzak urriaren 22an eman 130/2018 Dekretuaren bidez onetsi da, eta honako oinarri hauei jarraikiz eginen da:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan ezarri moduan, Lodosako Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen dituztenekin. Lanpostu horiek 2018ko ekitaldiko Udaleko plantilla organikoan agertzen dira, eta horiei dagokienez hau adierazten da: “Barne igoeran betetzeko, deialdi murriztuaren bidez”.

1.2. Hautaprobak gainditu eta administrari-ofizialen lanpostuan aritzeko izendatua gertatzen den izangaia C maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarritako kasuan kasuko ordainsari eta osagarriak jasoko ditu. Ordura arte zuen lanpostua besterik gabe amortizatuko da.

1.3. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko izangaiak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan edo lan-kontratuduna izan. Halaber, gizarte segurantzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Urteko lanaldia Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; Udalak edozein unetan aldatzen ahalko du.

1.5. Administrari-ofizialen lanposturako izendatzen den langilea ordura arteko eginkizun beretan arituko da, baina, gainera, maila edo talde berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkio.

Guztiz zehaztuta ez badaude ere, hona hemen zeregin batzuk:

–Oro har, betearazpen, izapidetze eta lankidetza lanak Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunarekin.

–Ematen dizkioten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri behar bezala ematea Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.

–Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari jasotzen diren agirien berri ematea.

–Tramiteko ofizioak eta eginbideak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibideei loturik.

–Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola egitea, eta espedienteen izapidetze administratiboak osatzea, kasuan kasuko agiriak erantsiz.

–Zailtasun juridikorik gabeko txostenak eta ebazpen proposamenak prestatzea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraikiz.

–Manatu ahal zaizkion lan arlo zehatzagoetan, txosten, proposamen, espediente eta mota ezberdinetako lanetan datuak lortzen eta eransten laguntzea.

–Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

Oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartua izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Lodosako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) D mailako administrari laguntzaile lanpostu bat betetzen egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako bigarren gradukoa edo horien baliokidea izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

Baldintza horiek eskabideak aurkezterakoan frogatu beharko dira eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar dira; hautapen prozesu osoan horien jabe beharko dute izan, izendatzeko unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Lodosako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 10:00etatik 14:00ak arte, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, baita honako hauek ere:

3.2.1. NANaren fotokopia konpultsatua.

3.2.2. Beharrezkoa bada, Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo baliokide denaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

3.2.3. Deialdiko 7.2. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Lodosako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganda, eta horiek zein zuzenketak ebatzi ondoan, Lodosako Udaleko alkateak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

–Burua: Pablo Azcona Molinet, Lodosako Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: María Victoria Sevilla Marzo, Lodosako Udaleko lehen alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Sergio Martínez Rubio, Sartagudako Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Marta Belaza Galar, Arronizko Udaleko administrari-ofiziala.

–2. epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, NUKFko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, NUKFko administrari-ofiziala.

–3. epaimahaikidea: idazkaria, María Asun Nieto Zabala, NUKFko teknikaria.

–Ordezkoa: Fermín Cabasés Hita.

–4. epaimahaikidea: Ana María Martínez Barbarin, Lodosako Udaleko kultura eta kirol koordinatzailea, langileen ordezkari gisa.

–Ordezkoa: María Gurpegui Aguirre, Lodosako Udaleko toki garapenerako agentea, langileen ordezkari gisa.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da, eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

Halaber, oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak emateko ahalmena izanen du, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia ondoren, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia: izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

7. oinarria.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean; horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliko dira. Horrela egin ezean, aurkeztu gabetzat joko dira. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

3.2.3 apartatuaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

a) Nafarroako administrazio publikoetako administrazio lanetan benetan egindako zerbitzuengatik: urte bakoitzeko 3 puntu –zenbaketatik kanpo geldituko dira deialdian parte hartzeko baldintza gisa aurkeztu eta zenbatu diren urteak–. Esperientziagatik, gehienez: 15 puntu.

b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetara joateagatik lortutako titulu edo ziurtagiri bakoitzagatik, bereziki udal kudeaketarako aplikazio informatikoei buruzkoak direnean:

Lanpostuarekin zerikusia duen ikastaro bakoitzeko, puntu 1. Ikastaroengatik, gehienez: 15 puntu osotara.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du Lodosako Udalaren iragarki-taulan izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuazioa.

8. oinarria.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehenengo ariketa: teorikoa. 20 galdera (test motakoak edo galdera laburrak) erantzunen dira, idatziz, II. eranskinean jasotzen den programako gaiei buruz.

Ariketa honengatik gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira; gainditzeko, gutxienez ere 20 puntu eskuratu behar dira.

b) Bigarren ariketa: praktikoa. Udal kudeaketarekin lotutako izaera administratiboko agiri bat edo gehiago prestatzean datza (lekualdatzeak, ofizioak, jakinarazpenak etab.).

Ariketa honengatik gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira; gainditzeko, gutxienez ere 15 puntu eskuratu behar dira.

Ariketa bakoitzeko gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, proba hasi aurretik.

8.2. Oposizioaldian, gehienez ere, 70 puntu lortzen ahal dira dira osotara.

8.3. Oposizioaldiko ariketetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik baztertuak izanen dira agertzen ez diren izangaiak.

9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Lodosako Udalaren iragarki-taulan ikusgai jarriko du gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batu ondotik. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian administrazio publikoetan egindako zerbitzuei buruzko atalean puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gutxieneko puntuazioa gainditu eta puntuazio handiena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Lodosako Udaleko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non izangaiek adierazi behar baitute ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta edo gabetuta eta ez direla inoiz baztertuta izan inongo administrazio publikotatik.

9.4. Izangaiek ez badituzte agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez dira izendatuko eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokien erantzukizuna ukatu gabe.

9.5. Aurreko 9.4 apartatuan zehaztutako kasuan, probak gainditu dituztenen zerrendan, 9.1 apartatuan aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua, eta horrekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera jarraituko da.

10. oinarria.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatu hautapen prozedura buruturik, alkateak, ebazpen baten bidez, Lodosako Udaleko administrari-ofizial izendatuko ditu hautapen prozedura gainditurik puntu gehien lortu dituzten izangaiak.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiek izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean hartuko dute lanpostuaren jabetza. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, Lodosako Udaleko C mailako funtzionario, administrari-ofizial gisa, bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, eta aurreko oinarrian xedatu bezala jokatuko da.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo,

b) Aldez aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetza honi zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Lodosan, 2018ko urriaren 22an.–Alkate udalburua, Pablo Azcona Molinet.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Toki administrazioko organoak. Kide anitzeko organoen funtzionamendua: osoko bilkura, informazio batzordeak.

2.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabide motak.

3.–Udal zergak: Lurraren gaineko kontribuzioa. Ekonomia-jardueren gaineko zerga. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga edo zirkulazioarena. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga. Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga edo gainbalioarena.

4.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena: biztanleria eta errolda.

5.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio elektronikoa.

6.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

Iragarkiaren kodea: L1812837