227. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARBIZU

Deialdia, hautaproben bitartez izangaien zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratazioaren bitartez zerbitzu anitzetako langile lanpostuaren beharrak betetzeko

Deialdia 2018ko azaroaren 19an onetsi da, Arbizuko alkatearen ebazpen bitartez. Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduko 42. artikulua eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Hautaproben bidez izangai zerrenda bat osatzeko deialdia iragartzen da, Arbizuko Udalean aldi baterako kontratazio bitartez zerbitzu anitzetako langile lanpostuaren beharrak betetzeko lan-poltsa osatzeko.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du, eta aldi baterako kontratatzeko dauden aurreko zerrendak bertan behera geldituko dira. Eta erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

1.2. Izendapenarekin batera, izendatua aldi baterako langile bihurtuko da eta Gizarte Segurantzaren araubidean afiliatu eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen D mailari dagozkion lansariak izanen ditu, gehi momentu bakoitzean erabakiko diren osagarriak.

1.4. Lanaldia. Zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta kontratazio bakoitza egiten denean erabakiko da. Baliteke goizez, arratsaldez edota lanaldi zatitua izatea, zerbitzuen beharretara egokituko da eta organo eskudunek edozein momentutan aldatu ahal izanen dute, bai kontratazioaren hasieran edota baita kontratazioak irauten duen bitartean ere.

1.5. Lanpostuak euskarazko nahitaezko hizkuntza eskakizun hau du: C1 ahozkoa eta B1 idatzizkoa.

1.6. Bete beharreko funtzioak lanpostuaren kategoriari dagozkionak dira, besteak beste:

a) Udalaren eraikin eta instalazioen kontserbazio- eta mantentze-lanak: elektrizitatea, iturgintza, berogintza, zurgintza, margoketa, igeltsero-lanak...

b) Kale eta plazetako lorategi eta zuhaitzetan aritzea, eta beraz, erein, landatu, ureztatu, inausi, lurra lantzea, eta abar.

c) Kaleak eta plazak garbitzea (ekortzea, paperontzietako hustea, hustubideak garbitzea, etab.) eta berdeguneak ureztatzea.

d) Ondasun publikoak kontserbatzeko obrak: argiteria, hornidura eta saneamendua, elektrizitatea, iturgintza, zurgintza, margoketak, igeltsero-lanak...

e) Lanpostuaren funtzioekin harremana daukan makineria erabiltzea.

f) Udalaren administrazioaren kudeaketan laguntzeko bere esku uzten diren eginkizunak (hala nola, jakinarazpenak, eskutitzak, mandatuak, kartelak eta abar bidaltzea eta eskura ematea).

g) Altzariak, tresnak, eszenatokiak, toldoak, hesiak eta bestelako materialak muntatu, desmuntatu, paratu eta lekuz aldatzea.

h) Ustekabeko beharrizanei egokitzea, lanorduko malgutasunari dagokionez, lan-programa bete eta zerbitzuaren beharrizanei erantzuteko.

i) Mendiko lanak: loteak markatu, bideak garbitu, udal-kontsumorako egurra prestatu, etab.

j) Udalak agintzen dizkion beste lan guztiak, bere kategoriari badagozkio.

1.7. Aurreikusitako funtzioengatik, langileak Arbizun bizi beharko du.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiar nazionalitatea edukitzea, Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak izenpetu eta espainiar estatuak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiar nazionalitatea dutenen, Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez Eskola Ziurtagiria edo horren baliokidea den titulua edukitzea edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Euskaraz dakiela frogatzea. Honako jakite-maila hau edukitzea beharrezkoa da: C1 ahozkoan eta B1 idatzizkoan edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den agiria. Titulurik eduki ezean, izangaiak proba bat gainditu beharko du hizkuntz gaitasun nahikoa duela frogatzeko. Euskara proba 2018ko azaroaren 28an izanen da: goizeko 09:00etan Sakanako Mankomunitatean. Probak Sakanako Mankomunitateak eginen ditu.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) B1 gidabaimena indarrean izatea.

Espainiako herritartasuna ez duten izangaiek frogatu egin beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta legokiekeen erantzunkizuna galarazi gabe.

Baldintza hauek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, eta baita hautapen-prozedurak eta kontratazioak irauten duen bitartean ere.

3.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Arbizuko Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia 7, Arbizu) edo eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.1 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz, 4. atalean emaniko epearen barrenean.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira, eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.

c) Euskararen gaitasuna frogatzeko agiriaren fotokopia.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2018ko azaroaren 27ko eguerdiko 13:00ak artekoa izanen da. Eskabideak Arbizuko Udalean aurkeztuko dira.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Honako hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Karmele Marañon Txasko, Arbizuko alkatea. Ordezkoa: izendatzeko zain.

1. epaimahaikidea: Iruñeko Eskola Tailerreko irakaslea. Ordezkoa: Altsasuko Institututuko irakaslea.

2. epaimahaikidea: Gorka Garate Olano, Etxarri Aranazko Udaleko arduraduna. Ordezkoa: izendatzeko zain.

3. epaimahaikidea: Jesus Mari Mendinueta, Udaleko zinegotzia. Ordezkoa: izendatzeko zain.

4. epaimahaikidea: Francisco Javier Razkin Flores, Udaleko zinegotzia. Ordezkoa: izendatzeko zain.

Mahaikide idazkaria: Itziar Etxegarai, Udaleko idazkaria. Ordezkoa: María Barkos, Lakuntzako idazkaria.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta lehendakariari hala jakinarazi, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean. Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna balioduna izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta horietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa.

Ez da lehiaketa-faserik izanen eta, beraz, antzinatasuna eta formakuntza ez dira baloratuko.

7.–Oposizioaren garapena (Gehienez 100 puntu).

7.1. Oposizioan egin behar diren bi ariketak.

a) Lehen ariketa. Teorikoa (baztertzailea).

Idatzizko proba honetan, galdera sorta bati erantzun beharko zaio: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da baliozkoa. II. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira. Ariketa honen puntuazioa 40 puntu izanen da. Gainditzeko gutxienez puntuen erdiak lortu beharko dira. Proba teorikoa 2018ko azaroaren 29an goizeko 9:00etan hasiko da Arbizuko Udal-liburutegian.

b) Bigarren ariketa. Praktikoa (baztertzailea).

Proba praktikoa izanen da, deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik.

Ariketa honek 60 puntu edukiko ditu. Gainditzeko gutxienez puntuen erdiak lortu beharko dira.

Proba praktikoa azaroaren 30ean izanen da, 09:00etatik aurrera, landaben Enplegurako Trebakuntza Zentroan, Landaben poligonoa, A kalea z.g.

Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du.

7.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak Arbizuko Udaleko iragarki oholean eta probak egin diren tokian jendaurrean ipiniko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda. Zerrenda hori lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa izanen da, eta alkate udalburuari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, ontzat eman dezan. Berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan (praktikoa) puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei Arbizuko Udalean gertatzen diren premien arabera deitu ahal izanen zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.–Lan-poltsaren funtzionamendua: III. eranskinean arautzen da.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat hautatu eta aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Arbizun, 2018ko azaroaren 19an.–Arbizuko alkatea, Karmele Marañon Txasko.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II.–ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Arbizuko udalerria: Arbizuko auzoen izenak, mendiak, alderdiak, errekak, bordak eta ur-biltegiak, udal eraikinak; festak eta erromeriak eta ohiturak.

2.–Bere lanerako tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

3.–Ohiko argien eta led argien zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4.–Lorezaintzan erabiltzen diren tresnak (sasi-garbitzeko makina, soropil-ebakitzeko makina...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

5.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

6.–Zurgintzako oinarrizko erremintak (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, lekedak...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

7.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate/leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

8.–Barruko instalazioak. Neurketa ekipamenduak. Potentzia kontrolatzeko etengailuak. Etengailu diferentzialak.

9.–Lanpara-motak, erabilerak, ezaugarriak eta horiek funtzionatzeko behar diren ekipo osagarriak. Konexioen eskemak. Elektrizitate lanetako arriskuei aurre hartzea.

10.–Mendian erabiltzen diren oinarrizko tresnak (motozerra, aizkora...) ezagutu, erabili eta mantentzea. Bideak eta arekak garbitzekoak, etab.

11.–Garbitzeko eta margotzeko erabiltzen diren oinarrizko produktuak eta tresnak (margo motak, bernizak, brotxa, arrabola...) ezagutu, erabili eta mantentzea. Zaborren kudeaketa.

12.–Igeltserotzan erabiltzen diren oinarrizko produktu eta tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Ondasun publikoak zaintzeko obrak. Oinarrizko planoak irakurri eta interpretatzea. Obra txikien eta konponketen zuinketa egitea.

III.–ERANSKINA

Kontratazioa kudeatzeko arauak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da Arbizuko Udaleko zerbitzu anitzetako langile lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez ari nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Zerrenda osatzea.

1. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautapen proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %25 gutxienez lortzen duten izangaiak.

2. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera.

3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita eta hurrengo lan-poltsa sortu arte.

4. Kanpainetarako kontratazioen kasuan, edo diru-laguntza batekin lotuta daudenen kasuan, eta betiere behar bezala justifikatzen duten eta ohikoak ez diren presazko arrazoiak badaude, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan.

5. Eragimena eta eraginkortasuna helburu, aldi baterako kontratazioetarako izangai zerrendak prestatzeko deialdietan lanaldi partzialean kontratatuak izateko aukera eskaintzen ahalko zaie izangaiei.

3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Datu hauek prozesuan parte hartzeko instantziatik hartuko dira. Interesdunak datuak eguneratu edota aldatu ditzake.

2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun-irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

4. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

5. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

6. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte. Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

7. Hasiera batean hilabeteko edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. idatz-zatian ezarritakoa bete behar izan gabe.

8. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, lanaldi partzialen kasuan izan ezik. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia Udalean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, betiere kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9. Izangaiak kasu bakoitzean esaten zaion epean kontratua onartu beharko du, bestela ukatzen duela ulertuko da. Epe hau ez da inoiz 24 ordu baino luzeagoa izanen.

4. artikulua. Deietarako lehentasun berezia.

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 hilabete epearen barruan, zerbitzu berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:

a) Deia egiten den momentuan indarra duen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

5. artikulua. Presazko deiak.

Behar bezala frogatutako presazko kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.

6. artikulua. Deiak amatasun, aitatasun edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

1. Amatasunaren, aitatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta aurreikusitako iraupenak bide ematen badie lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera arte doan epea Administrazioan emandako zerbitzu gisa onartuko da. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

7. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geratuko da, salbu eta ondoko egoera batean dagoela frogatzen badu:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, parte hartzeko eskabidean aukera hori hautatu ez bazuen. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 10.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

d) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatu arte uko egitea justifikatu zuen egoera bukatu dela.

e) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, norberak izandakoa zein adoptatua, zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

f) Bigarren gradura arteko odol- edo ezkontza-ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena, zaindu behar izatea. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

g) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.

h) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

2. Aurreko idatz-zatian jasotako kasuetan, h) letrakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazitako egoeretako batean, h) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea.

d) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

e) Arbizuko Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.

f) Lanpostua bertan behera uztea.

g) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko duen gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

Salbuespena: Sinatutako kontratuari uko egitean kontratuaren denboraren erdia gutxienez pasatu bada, horrek ez du suposatuko zerrendatik kanpo geratzea, baizik eta azken postura pasatzea. Hau ez da aplikatuko ukoaren zergatia baldin bada izangaia Arbizuko Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartu dela, maila bereko edo baxuagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo arau honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

Iragarkiaren kodea: L1814193