227. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

264/2018 EBAZPENA, urriaren 31koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita berrehun eta hiru mila euroko (203.000 euro) diru-laguntza Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoarentzat eta onesten baitu diru-laguntza hori antolatzeko hitzarmena, 2018. urterako. DDBN identifikazioa: 422093.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestalde, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoa, izaera bereziko elkartea den aldetik, eta juridikoki hala aitortua sortu zenetik, lan handia egiten ari da hainbat arlotan: boluntariotzaren garapena eta elkartasunaren sustapena, larrialdi medikoko egoerak, gizarte laguntza, garraio egokitu berezia, prebentzio zerbitzuak, osasun prestakuntza eta gaikuntza larrialdi kasuetarako, laguntza psikologikoa eta geriatrikoa.

Nafarroako Gobernua, bere departamentuen bidez laguntza eta gizarte arloko programa eta politikak aurrera eramateko orduan, boluntarioen eta profesionalen arteko hartu-emanak sustatzen ari da, eta bide ematen ari da antolaturik dauden boluntarioek interes orokorrekoak izan daitezkeen arloetan esku hartzeko, haien lana osagarria delakoan.

Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak, 2018ko urriaren 25eko 2018/723000 eskabidearen bitartez, laguntza ekonomikoa eskatu zuen bere baliabideak babes zibilaren sisteman egiazki sartzeak sortzen dizkion gastuei aurre egiteko, bai funtzionamendu gastuetarako (elkartekideen prestakuntza barne) bai larrialdietan esku hartzeko behar diren bitartekoak eskuratzeko, Nafarroako Gobernuarekin 2012ko apirilaren 12an sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren laugarren klasularekin bat, indarrean baita.

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legean bi partida izendun daude erakunde hori sostengatzeko:

–050007 02500 4819 134102, “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin gastu arruntetarako”, 188.000,00 eurokoa.

–050007 02500 7819 134102, “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin inbertsioetarako”, 15.000,00 eurokoa.

Diru-laguntza hori Espainiako Gurutze Gorriarekin sinatuko den hitzarmen batean arautuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta bertan dagoenez Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuak emandako aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gastua baimentzea eta Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoari (IFZ: Q-2866001G) berrehun eta hiru mila euroko (203.000,00 euro) diru-laguntza ematea 2018. urterako, elkarte horren antolaketa-egitura eta Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako zerbitzuak biltzen dituen egoitza soziala finantzatzeko eta, bestetik, boluntariotza sustatzeko, Nafarroako babes zibilaren sistemaren partaide baita.

2. Gastu hori finantzatzea, honela: 188.000 euro 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin gastu arruntetarako” izeneko 050007 02500 4819 134102 partidaren kargura; eta 15.000,00 euro “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin inbertsioetarako” izeneko 050007 02500 7819 134102 partidaren kargura.

3. Diru-laguntza hori arautzeko Espainiako Gurutze Gorriarekin izenpetu beharreko hitzarmena onestea. Ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.

4. Diru-laguntza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibilerako Zerbitzuari, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari eta Boluntarioen Bulegoari. Halaber, ebazpena jakinaraztea Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoari, eta ohartaraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1813593