221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko legelari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoa.

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, 2018ko azaroaren 6an, honako ebazpen hau eman zuen:

Erakunde honen plantilla organikoan aurreikusirik dago Ganberaren zerbitzuko legelari lanpostu bat, eta, lanpostu hori betetzeari dagokionez, Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusiak proposamen-txostena eman du, eta Ganberako langileen batzordeari horien berri eman eta entzun zaio. Erakundearen zerbitzu juridikoek, kontu-hartzailetzakoek eta administratzaileak aldeko txostenak eman dituzte. Horiek horrela, proposamen-txostena ikusirik,

EBATZI DU:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko legelari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Deialdia eranskineko oinarriekin bat etorriko da.

Bigarrena.–Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitara dadila xedatzea.

Iruñean, 2018ko azaroaren 6an.–Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.

DEIALDIA, NAFARROAKO KONTUEN GANBERAREN
ZERBITZUKO LEGELARI IZATEKO LANPOSTU
BAT LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKOA

Hona hemen deialdi honetako

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko legelari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honako hauei jarraikiz eginen da: 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua eta lekualdatze lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2007ko otsailaren 26an onetsia. Horien osagarri aplikatuko dira Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatu eta betearazteko eman zen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena.

1.3. Deialdiaren ondorioz izendatutako pertsonak bete beharko ditu Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, legelari lanpostuarentzat ezarritako eginkizunak, eta horien eskubide eta betebeharrak izanen ditu.

Haren eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoak dira, besteak beste: aholkularitza juridikoa ematea lehendakariari eta Ganberako beste kide batzuei; Nafarroako Kontuen Ganberari kontabilitateko erantzukizunaren arloan legozkiokeen espediente jurisdikzionalak izapidetzea; Nafarroako Kontuen Ganbera ordezkatu eta defendatzea kasuan kasuko organo jurisdikzionaletan; eta esleitzen zaizkien gaiei buruzko txosten eta irizpien juridikoak egitea. Aipatutako erregelamendua Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onetsi zuen 2007ko otsailaren 16ko Ebazpenaren bidez (2007ko 19. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa).

1.4. Lanpostua A mailakoa da eta horri dagozkion ordainsariak izanen ditu, bai eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak ere.

1.5. Deialdi honen xede den lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

1.6. Kontuen Ganberari buruzko Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoarekin bat, legelariak erakundearen Aholkularitza Juridikoan sartuko dira, eta eginkizunak Kontuen Ganberako Idazkaritza Nagusiaren menpe beteko dituzte.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanpostu huts horiek lekualdatze lehiaketaren bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartu ahal izanen dute jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) A mailako funtzionarioa izatea.

b) Zuzenbideko gradu edo lizentzia titulua izatea.

c) Nafarroako Parlamentuko legelaria edo Nafarroako Gobernuko aholkulari juridikoa izateko izendatua izatea. Bigarren kasuan, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, bete beharreko baldintza izanen da aholkulari juridikoaren kargua egiaz hiru urtez gutxienez bete izana.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko adjudikatuko zaie.

2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak hautapen prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria.–Eskaerak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Lekualdatze lehiaketan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide baten bidez, eredu ofizialarekin bat (deialdiaren II. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.

Eskabideak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web-orrian ere (www.camaradecomptos.es), langileak hartzeko deialdien atalean.

3.2. Hurrengoak erantsi behar zaizkio eskaerari:

–Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta berauen frogagiriak, behar bezala kautotuak.

3.3. Eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio eta Nafarroako Kontuen Ganberaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Iruñeko Ansoleaga kalea 10), egun eta ordu baliodunetan (goizeko 9:00etatik 14:00etara bitarte, astelehenetik ostiralera), hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskaerari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrera igorri baino lehen.

Eskabideak Kontuen Ganberaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira haren egoitza elektronikoaren bidez.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskaeran adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4. oinarria.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Onartutako izangaien izen-deiturak agertuko dira zerrenda horretan. Halaber, hura argitara emanen da Kontuen Ganberaren iragarki oholean eta www.camaradecomptos.es webgunean.

4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta, akatsik izan bada, haiek zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epearen barruan.

4.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.4. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitaratuko da: www.camaradecomptos.es. Izangai bakar bat ere onartuko ez balitz, lehiaketa eman gabe utziko litzateke.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hona hemen merezimendu lehiaketaren epaimahaiko kideak:

Burua:

José Luis Ezquerro Royo, Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusia.

Ordezkoa: Miguel Ángel Aurrecoechea Gutiérrez, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Kideak:

Silvia Domenech Alegre, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

Ordezkoa: Fermín Erbiti Zabalza, Nafarroako Comptos Ganberako kazetari-itzultzailea.

Gemma Angélica Sánchez Lerma, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria, erakundearen langileen batzordearen ordezkaria; epaimahaiko idazkari lanak eginen ditu.

Ordezkoa: Karen Moreno Orduña, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea, erakundeko langileen batzordearen ordezkari.

5.2. Kalifikazio epaimahaia izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost eguneko epearen barruan eratu beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jarduerak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiaren ebazpenak gehiengoz emanen dira eta epaimahaiburuak kalitatezko botoa erabiltzen ahalko du.

5.3. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak ebatziko ditu.

5.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 45 puntu izanen dira.

6.2. Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

6.3. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian, eta bost eguneko epea ezarriko du, merezimenduen balorazioaren gainean eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.

6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Ganberako iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko da berriz ere zerrenda, izangaiek merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin. Iragarki horretan, proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua emanen dira aditzera.

7. oinarria.–Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoa eta Nafarroako Kontuen Ganberaren gaineko ezagutzari buruzkoa.

7.1. Bi ariketa egin beharko dira idatziz, gehienez ere lau ordutan; gehieneko puntuazioa 20 puntu izanen da.

Lehenengo ariketa 5 puntu arte baloratuko da. Ordubeteko epean, iruzkin bat egin beharko dute Nafarroako Kontuen Ganberari eta horrek egiten duen lanari buruz. Zehazki, iruzkina honako hauei buruzkoa izanen da: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Nafarroako Kontuen Ganbera arautzen duen Foru Legea, Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua, Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamendua, Nafarroako Kontuen Ganberaren Ekonomia eta Finantzen Erregelamendua, Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea.

Bigarren ariketa 15 puntu arte baloratuko da. Deialdi honen 1. oinarriko 3. atalean deskribatutako lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa egin beharko da, gehienez ere hiru orduko epean, Kontuen Ganberako legelariek egin ohi dituzten lanei buruzkoa (txosten eta aholkularitza juridikoak).

7.2. Ariketak bukatuta, izangaiek gutun-azaletan sartuko dituzte, bereizita, eta gutun-azalaren hegalean sinatuko dute interesdunak berak eta epaimahaiko idazkariak, zeinak bere zaintzapean gordeko baititu. Bidezko denean, eta alfabetozko hurrenkerari jarraituz, oposizio-egileak, epaimahaiaren aurrean, berak sinaturiko gutun-azalak ireki eta ariketa jendaurrean irakurriko du. Irakurketa amaituta, kalifikazio epaimahaiak galderak egiten ahalko ditu bi ariketei buruz, eta ondoren kalifikatu eginen ditu.

Proba hori baztergarria izanen da. Bi ariketak baturik gutxienez ere 10 puntu behar dira gainditzeko. Lortutako puntuazioa Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitaratuko da.

7.3. Proba egiteko orduan, minusbaliotasunen bat izanik halaxe eskatzen duten pertsonek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.4. Proba praktikoa egiteko, izangaiek lege-bildumak erabiltzen ahalko dituzte, paperean, lege testuak baizik ez dituztenak, iruzkin doktrinal edo jurisprudentzialik gabekoak.

8. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.

8.1. Epaimahaiak lehiatzaile guztien puntuazioa prestatu eta izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren araberakoa, Kontuen Ganberako lehendakariari, eta hark deialdiaren hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman lezake, hori egitea egokia balitz. Halaber, lehendakariak zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

8.2. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenaren alde eginen da.

8.3. Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak puntuaziorik altuenak lortzen dituzten izangaiei esleituko dizkie lanpostuak, eta haien izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9. oinarria.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Izangaiak izendapenari buruzko erabakia jakinarazi eta ondoko hamar egun naturaleko epearen barruan bete beharko du lanpostua.

9.2. Aipatu epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duen lehiakideak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazi zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.

10. oinarria.–Praktikaldia.

10.1. Proposaturik eta behin-behinekoz izendaturik dagoen pertsonak urtebeteko praktikaldia gainditu beharko du legelari izateko behin betiko izendapena lortu aurretik, Nafarroako Kontuen Ganberari buruzko Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoarekin bat. Izendatutako izangaiak behin-behinekoz jabetza hartzean hasiko da praktikaldia.

10.2. Praktikaldian, izendatutako pertsonak Kontuen Ganberako gainerako legelariei dagozkien eskubide eta eginbeharrak izanen ditu.

10.3. Kontuen Ganberako lehendakariak, bertako kideei entzun ondoren, izangaiak praktikaldian izaniko etekina baloratu eta hori bukatzean kalifikazioa emanen du, gai edo ez-gai, ebazpen arrazoitu baten bidez.

11. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

11.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

11.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, bere oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 25 puntu gehienez.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa. 15 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka jasotako edo saritutako zientzia edo ikerketa lanak egitea, aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea, baita itzulpenak argitaratzea ere: 4 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak toki, eskualde, estatu edo nazioarteko maila duen.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: lau puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) letra osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 15 puntukoa izanen da gehienez.

c) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak. Gehienez ere 5 puntu.

1. Deialdian eskatutakoez bestelako goi mailako titulazioak: gehienez ere puntu bat.

2. Erdi mailako titulazioak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 0,50 puntu.

3. Doktore maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere puntu bat.

4. Euskara eta Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea:

Azpiatal honetan Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea honela baloratuko da: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 0,40 puntu jasoko dira; A2 maila izanez gero, 0,80 puntu; B1 izanez gero, 1,00 puntu; B2 izanez gero, 1,20 puntu; eta C1 edo baliokidea izanez gero, 1,50 puntu.

Halaber, azpiatal honetan euskara jakitea honela baloratuko da: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 0,60 puntu jasoko dira; A2 maila izanez gero, 1,00 puntu; B1 izanez gero, 1,40 puntu; B2 izanez gero, 2,00 puntu; eta C1 edo baliokidea izanez gero, 2,70 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean hainbat tituluren eta egiaztagiriren artean ezarritako baliozkotzeak. 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ebazpen hori, irailaren 27koan.

Oharrak c) letrarako:

1. Hizkuntzen ezagutza hizkuntza eskola ofizial baten ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, edo erakunde publiko akreditatu batek emandako ziurtagiriaren bidez. Hartan lortutako titulazioa edo maila adieraziko da.

2. Titulu ofizialik ahalbidetu ez arren hizkuntza ikasmaila osoak edo unibertsitate ikasketak gainditu badira, epaimahaiak horiei puntuazioa ematea erabaki dezake, dagokion tituluaren proportzioan.

II. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1813464