221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

123/2018 FORU AGINDUA, urriaren 31koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 5eko 74/2016 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen bulegoen mailan.

ATARIKOA

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 5eko 74/2016 Foru Aginduaren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen bulegoen mailan. Foru agindu hori, gero, ekainaren 5eko 88/2017 Foru Aginduaren bidez aldatu zen, Barne Zuzendaritza Nagusiaren egituran zerbitzuen eta atalean mailan gertatutako aldaketetara egokitzeko.

Gaur den egunean, beharrezkoa da aldaketa gehiago egitea bulegoen mailan, hain zuzen, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian eta hiru zuzendaritza nagusitan.

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, proposatzen da eginkizunak Kudeaketa Administratiboaren Bulegoan bateratzea, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari esleitutako eginkizun guztien koordinazio administratiborako unitate gisa jardun dezan eta Zerbitzuko bi atalei laguntza eman diezaien. Zerbitzu horretan berean, Gobernuaren Idazkaritza Atalari atxikitzen zaizkio esleituta dituen eginkizunei lotuta dauden bi bulego, hots: Argibide eta Erregistro Bulegoa eta Posta Eginkizunetarako Bulegoa. Horrela, zeharkakoak ez diren eginkizun berariazkoak dituzten bulegoak nor bere atalari atxikita gelditzen dira.

Atxikipena aldatzeaz gainera, bulego horiei esleitutako eginkizunen deskribapena eguneratzen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak jendeari informazioa emateko bulegoetarako eta erregistro bulegoetarako ezartzen duen araudi berriarekin bat. Ildo horretan, Posta Eginkizunetarako Bulegoari beste kudeaketa unitate batzuekiko esparru akordioa kontrolatu eta koordinatzeko eginkizuna ere esleitzen zaio, baita egindako igorketei buruzko informazioa eta laguntza ematekoa ere.

Bestalde, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalean bulego berri bat sortzen da, Koordinazio Elebidunaren Bulegoa, bere gain hartuko dituena, berez itzulpen lanak izan gabe, Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaraz argitaratzeko ezinbestekoak diren eginkizunak; izan ere, euskarazko aldizkaria argitaratu beharra ezarrita dago bai Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean, baita Nafarroako Aldizkari Ofiziala arautzen duen uztailaren 2ko 58/2009 Foru Dekretuan ere. Eginkizun horiek, orain arte, itzulpen unitateko langileek betetzen dituzte, nahiz eta unitate hori, gaur egun, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari atxikita dagoen. Beste alde batetik, tresna informatikoek izandako bilakaera dela-eta, kudeaketa arloa gaindimentsionatua gelditu da. Hortaz, bidezkoa da arlo hori egungo beharretara egokitzea, Kudeaketa Bulegoan txertatuz Kalitate eta Kontrolerako Bulegoaren eginkizunak, eta azken bulego hori kenduz.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak, bere aldetik, bere egitura organikoaren barreneko bulegoen aldaketa sustatu du. Horren ondorioz, Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoaren eta Mantentze-lanen Bulegoen atxikipena aldatuko da Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuaren barruan, eta Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoaren eta Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoaren eginkizunak azaltzeko testua aldatzen da, baita lehenengoaren atxikipena ere, hori guztia eginkizunak eguneroko kudeaketari egokitzeko asmoz eta helburuak lortzeko bidean eraginkortasuna hobetzeko asmoz.

Gainera, bi bulego berri sortzen dira Justizia Zuzendaritza Nagusiaren barruan. Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuaren barruan, Artxibo Judizialaren eta Liburutegiaren Bulegoa sortzen da, Proiektuen Atalari atxikia, honako lan hauetan laguntzeko: epaileei, magistratuei, fiskalei eta Justizia Administrazioaren letraduei ematen zaien liburutegi zerbitzuaren kudeaketa; funts bibliografikoak erosi eta maileguan uzteko zerbitzuaren kudeaketa; artxiboetan gordetzeko diren agiriak gainbegiratu eta zaintzeko zerbitzua; organo judizialentzako mailegu zerbitzua; Agiri Judizialak Suntsitzeko Batzordean parte hartzea; hori guztia etorkizuneko artxibo digitalen ezarpena bultzatuz. Orobat, Justizia Administrazioko langileei prestakuntza ematea, prestakuntza arloko laguntza ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta elkarlanean aritzea Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoaren Artxiboak Kudeatzeko Taldearekin.

Justiziako Gizarte Zerbitzuaren barruan, Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoa sortzen da, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita, epaitegien eta bitartekaritzako entitateen arteko bitartekaritza prozeduretan izaera hori aitortzeaz eta eginkizunak esleitzeaz arduratuko dena; izan ere, azken urteotan asko handitu dira horrelako espedienteak jurisdikzio penalean, zibilean eta markataritzakoan. Hala, 2007. urtean hasitako proiektu pilotu bat izatetik Justizia Administrazioaren baliabide arrunt bat izatera igaroko da, gatazkak konpontzeko gisa horretako sistema alternatiboak sustatuko dituena.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Administrazio Publikoetan administrazio elektronikoa ezartzeko dagoen premiaren ondorioz, Administrazio Elektronikoaren Atala sortu zen gure departamentuaren egitura organikoa aldatu zuen uztailaren 5eko 67/2017 Foru Dekretuaren bidez, Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuari atxikia. Orain, atal berri horri sostengu juridikoa emateko berariazko unitate bat sortu beharra dago, bulego mailakoa; Administrazio Elektronikoaren Araubide Juridikoaren Bulegoa izena izanen du, eta administrazio elektronikoa ezartzearekin lotutako eginkizunetan sostengu eta laguntza emateaz arduratuko da.

Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuaren barruan, orobat, Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Bulegoa sortzen da, kasu honetan Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari atxikia, Informazio Sistema Zentralen Ataleko Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoaren eginkizunak bere gain hartzera datorrena. Ezagutzaren kudeaketaren arloan eta edukiak Interneten bidez kudeatu, administratu eta argitaratzeko sistemen arloan sostengu orokorra emateko unitate gisa arituko da.

Laguntza Administratiboaren eta Digitalizazioaren Atalaren barruan, zeina zuzenean Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita baitago, kendu egiten da Araubide Administratiboaren Bulegoa; izan ere, bulego horrek zituen eginkizun batzuk administrazio elektronikoaren ezarpenarekin lotuta zeuden, eta horiek Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzuko Administrazio Elektronikoaren Atal sortu berrira igaro dira.

Azkenik, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren barruan, honako eginkizun hau esleitzen zaio berariaz Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoari: Idazkaritza Tekniko Nagusiaren unitate eskuordetu gisa aritzea administrazio elektronikoa garatzeko eskumena duten unitateetatik bultzatzen diren lantaldeetan.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa aldatzea, bulegoen mailan eguneratzeko asmoz. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak xedatuari jarraikiz, kontseilari bakoitzaren esku uzten baitu bere departamentuko bulegoak sortu, aldatu edo kentzeko eskumena,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 5eko 74/2016 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen bulegoen mailan.

Bat.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia izeneko I. kapitulua aldatzen da, honela idatzita geldituko baita:

“I. KAPITULUA

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzua

1. artikulua. Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu bilkuretarako deialdiak prestatu eta banatzea.

b) Gobernu bilkuretan aztertuko diren gaien dokumentazioa prestatzea, departamentuekin koordinatuta.

c) Gobernuaren erabakien eta arauzko xedapenen ziurtagiriak idaztea.

d) Gobernuak onetsitako erabakiak eta arauzko xedapenak biltzea eta artxibatzea.

e) Gobernu bilkuretako akta liburuak prestatzea.

f) Testuen prozesu mekanizatua kudeatu eta koordinatzea, Gobernuko Idazkaritzaren eginkizunei loturik.

g) Aipatu eginkizun guztiekin zerikusia duen dokumentazioa, oro har, tramitatzea.

h) Xedapen orokorrak eta, hala behar denean, Gobernuaren erabakiak Nafarroako Aldizkari Ofizialera eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igortzea.

i) Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko atalei sostengu administratiboa ematea.

j) Nafarroako Kontseiluari laguntza ematea Nafarroako Kontseiluaren espedienteen tramitazioan.

k) Talde administratiboa, mandatari zerbitzua eta mantentze-lanetakoa koordinatzea.

l) Zerbitzuak eta atalek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

2. artikulua. Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoa.

Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoa, Gobernuaren Idazkaritza Atalari atxikita, erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoa izanen da, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoentzat aurreikusitako eginkizun guztiak.

b) Herritarrei harrera egitea eta argibideak ematea Nafarroako Gobernuko argibide eta erregistro bulegoaren bidez.

c) Herritarrei eta Administrazioko unitateei harrera egitea eta argibideak ematea telefono baliabideen bitartez.

d) Dokumentuak jasotzea eta horien tratamendua egitea erregistro sisteman.

e) Aurkezturiko dokumentazioa kodetzea eta departamentu interesdunetara igortzea.

f) Erregistro idazpenen kontrola eta jarraipena egitea.

g) Erregistroaren arloan laguntza emateko dauden gainerako bulegoetako arduradunekin eta departamentuetako eta erakunde autonomoetako erregistro laguntzaileetako arduradunekin koordinatzea.

h) Ziurtagiri digitalak egiteko eta identifikazio eta sinadura digitalerako sistemak aplikatzeko laguntza ematea.

i) Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren erregistro lanak egitea eta bere iragarki-taula kudeatzea.

j) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein.

k) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. artikulua. Posta Eginkizunetarako Bulegoa.

Posta Eginkizunetarako Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritza Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko Administrazioari igortzen zaizkion gutunak bildu, sailkatu eta banatzea.

b) Foruzaingoak egiten dituen segurtasun kontroletan laguntzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioak sortzen dituen gutunak bildu, sailkatu, frankeatu eta igortzea.

d) Barneko posta bildu eta banatzea.

e) Frankeatzeko jasotzen diren objektuak kontrolatzea.

f) Egindako lanen kontabilizazioa.

g) Esparru-akordioa kontrolatu eta koordinatzea, unitate kudeatzailea den aldetik.

h) Kanpoko enpresen esku uzten diren frankeatze eta igortze lanen kontabilizazioa.

i) Herritarrei eta Administrazioko unitateei arreta eta argibideak ematea egindako igorpenei buruz.

j) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

4. artikulua. Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoa.

Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoak, Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Indarreko legediaren arabera eratzen diren Elkarte eta Federazioen Erregistroa kudeatzea, haiek batez ere Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan jarduten dutenean.

b) Azaroaren 11ko 613/1999 Foru Dekretuak araututako Fundazioen Erregistroa kudeatzea.

c) Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoetako Kontseiluen Erregistroa, apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak sortua, kudeatzea.

d) Erregistro horietan sartu behar duten egintzen inskripzio espedienteak tramitatzea.

e) Erregistro horietan inskribatzen diren egintzei lotutako nahitaezko dokumentazio guztia gordailutzea.

f) Publizitatea ematea erregistro idazpenei eta erregistro horretan gordailutzen den dokumentazioari.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atala

5. artikulua. Kudeaketa Bulegoa.

Kudeaketa Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalari atxikita, honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren agiriak jasotzea eta formalki balidatzea, eta haien osotasuna bermatzea egokien iruditzen zaizkion sistema teknologikoak erabiliz.

b) Argitaratzen diren agirien benetakotasuna bermatzea, dela sinadura digitalaren bidez, dela egokien iruditzen zion beste sistema teknologiko baten bidez.

c) Iragarkiak sailkatzea eta barne-sisteman erregistratzea, argitaratzeko behar diren datuak eta metadatuak sartuta.

d) Tasa ordaindu beharra duten iragarkiak, erosketak eta gastu-kontrola kudeatzea, baita beharrezkoa den beste edozein kudeaketa ekonomiko egitea ere.

e) Iragarkiak bidaltzen dituzten Administrazioko unitateei arreta eta laguntza teknikoa ematea argitalpen fase guztietan.

f) Herritarrei arreta egitea eta laguntzea, batez ere informazio bilketan.

g) Jatorrizko agiriak kudeatu eta artxibatzeko barne sistemaren mantentze-lanak.

h) Sinplifikazio administratibora jotzea, aldian behin prozeduren egokitasuna berrikusiz.

i) Bulegoaren langile eta baliabide beharrak bideratzea.

j) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

6. artikulua. Ekoizpen eta Zabalkunde Bulegoa.

Ekoizpen eta Zabalkunde Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Argitaratu beharreko jatorrizko agirien maketazioa, Nafarroako Aldizkari Ofizialerako ezarritako ezaugarri formalei jarraikiz.

b) Eguneroko aldizkaria sortzea gaztelaniaz eta euskaraz, baita beharrezkotzat jotzen diren aldizkari bereziak ere.

c) Interes bereziko edukiak dituzten separatak sortzea.

d) Edizio sistemaren mantentze-lanak.

e) Aldizkariak Interneten eta egokitzat jotzen den beste edozein zabalkunde bidetan kargatzen direla bermatzea.

f) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zabalkunde sistemak (web-orria, bilatzailea, alerten sistema edo beste edozein zabalkunde bide) eguneratuak edukitzea, teknologiari eta informazioari dagokienez.

g) Hizkuntza erraztera eta baliabideak berrerabiltzera jotzea eta irisgarritasun arauak betetzen direla berrikustea.

h) Aldizkariak artxibatzea.

i) Bulegoaren langile eta baliabide beharrak bideratzea.

j) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

7. artikulua. Koordinazio Elebidunaren Bulegoa.

Koordinazio Elebidunaren Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Elebitan jasotzen diren agirien kalitate kontrola egitea eta bi bertsioak paraleloak direla eta terminologia normalizatzeko irizpideekin bat datozela egiaztatzea.

b) Aurkibidea kontrolatzea eta gaztelaniazko eta euskarazko testuen arteko paralelismoa egiaztatzea.

c) Itzultzera bidaliko diren agiriak antolatu eta analizatzea, argitalpen epeak optimizatzeko.

d) Ohiko eredu eta agirien normalizazioan laguntzea.

e) Euskarazko arreta eskatzen den kasuetan, jendeari arreta ematea, aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz.

f) Arreta ematea informazioa euskaraz eskatzen duten iragarki igorleei.

g) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko bertsioaren web-orriaren mantentzeaz arduratzea, bi hizkuntzetan duen bilakaera aldi berekoa izan dadin.

h) Bulegoaren langile eta baliabide beharrak bideratzea.

j) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Bi.–Justizia Zuzendaritza Nagusia izeneko IV. kapitulua aldatzen da, honela idatzita geldituko baita:

“IV. KAPITULUA

Justizia Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua

19. artikulua. Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa.

Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoak, Proiektuen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jendeari arreta eta argibideak ematea, dela zuzenean, dela telefonoz, dela agiri bidez.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzearekin loturiko lan guztiak.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta organo judizialetako Liburutegi Zerbitzuari laguntzea.

d) Garbitze- eta mantentze-lanetan laguntzea.

e) Ate eta leihoak kontrolatzea eta organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.

f) Organo judizialen eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ikus-entzunezko eta bulegoko baliabideen erabilerari eta eskuragarritasunari lotutako lan guztiak.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

20. artikulua. Artxibo Judizialaren eta Liburutegiaren Bulegoa.

Artxibo Judizialaren eta Liburutegiaren Bulegoak, Proiektuen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Artxibo Judizialeko dokumentazioaren erregistro, artxibo, zaintza eta kontserbazio lanak gainbegiratzea.

b) Agiriak sortu edo eskatzen dituzten organo judizial baimenduei bermatzea espedienteak lokalizaturik eta eskuragarri daudela, eta, orobat, ikusteko, maileguan hartzeko edo kontsultatzeko moduan.

c) Nafarroako Agiri Judizialak Suntsitzeko Batzordearekin kolaboratzea.

d) Nafarroako organo judizialetan administrazio elektronikoa garatzen laguntzea.

e) Artxiboari buruzko dibulgazio eta prestakuntza ekintzak proposatu eta antolatzea.

f) Bulegoaren eginkizunei buruzko txosten teknikoak egitea.

g) Bere eremuari atxikitako langileen lana gainbegiratzea.

h) Jardueren memoria prestatzea.

i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

21. artikulua. Hornidura Bulegoa.

Hornidura Bulegoak, Baliabide Materialen Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erosketa zentralizatuetarako dituen organoen bitartez.

b) Horniduretako materialaren entrega kudeatzea eta haren jarraipena eta kontrola egitea.

c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

22. artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.

Mantentze-lanen Bulegoak, Ondasun Materialen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eraikin judizialetako instalazio eta ekipoen funtzionamendu egokia begiratzea, oreka geografikoa bilatuz bitartekoen eta giza baliabideen banaketari dagokionez; horretarako, beste departamentu batzuetako unitateen laguntza jasoko du, baliabideak zentzuz erabiltzeko.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

22. bis artikulua. Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoa.

Langileriaren eta Bulego Judizial Berriaren Bulegoak, Justizia Administrazioko Langileriaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sostengu administratiboa ematea antolaketa judizialaren eredu berria ezartzeko.

b) Nafarroako Justizia Administrazioko langileen datu baseen mantentze eta eguneratze lanak, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko unitate organikoekin koordinaturik, eta langile horien kudeaketa arrunta, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen arabera.

c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Justiziako Gizarte Zerbitzua

23. artikulua. Doako Justiziaren Bulegoa.

Doako Justiziaren Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari sostengu administratiboa ematea.

b) Doako justizia onartzeko ebazpenak interesdunei eta organo eskudunei igortzea.

c) Ukitutako lanbide elkargoen fakturazioaren gainean ebaztea.

d) Justiziako prestazioen gaineko aholkuak ematea herritarrei eta profesionalei.

e) Zerbitzuak edo Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkion guztiak.

24. artikulua. Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa.

Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako organo judizialek eskatzen dituzten itzulpen eta interpretazio zerbitzuetarako eskaerak kudeatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

b) Peritu judizialak izendatzeari buruzko informazioa eta orientazioa.

c) Justiziako Gizarte Zerbitzuaren fakturazioaren jarraipena, kontrola eta tratamendu administratiboa, salbu eta doako justiziaren prozeduran parte hartzen duten lanbide elkargoena.

d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

25. artikulua. Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoa.

Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoak, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Administrazioari laguntza eta sostengu teknikoa ematea gizarte lanari dagozkion arloen gainean, gizarte programa eta baliabideak sustatuz.

b) Argibideak eta aholkuak ematea dauden baliabideei eta eskubideei buruz.

c) Gizarte arazoei buruzko aholku espezializatuak ematea.

d) Gizarte-bazterketa egoeran dauden herritarrekin koordinazio lanak egitea neurri judizialei eta gizarte eta osasun zerbitzuei dagokienez.

e) Gizarte lankidetza sustatzea, zabalkunde kanpainetan eta gizartea sentsibilizatzeko kanpainetan sostengu teknikoa emanez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Lanaren Sailarekin koordinatuz abian jartzen dela hango ikasleek praktikak justiziaren esparruan egiteko programa, baita horren jarraipena eta ebaluazioa ere.

f) Eskatzen zaizkion txosten eta aditu-irizpen guztiak egitea.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

25. bis artikulua. Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoa:

Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoak, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Epaitegietako deribazioei kasu egitea, bitartekaritza espedienteak egiteari dagokionez.

b) Abokatuen elkargoen eta bitartekarien eskura jartzea bitartekaritza bat hasteko behar den dokumentazioa, hala badagokio.

c) Bitartekaritza kasuen gaineko estatistikak egitea, jurisdikzioen arabera eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren adierazleen arabera.

d) Justizia arloan bitartekaritzara jotzeko baliabideari buruzko informazioa ematea profesionalei eta herritarrei.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Hiru.–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusia izeneko V. kapitulua aldatzen da, honela idatzita geldituko baita:

“V. KAPITULUA

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua

26. artikulua. Administrazio Elektronikoaren Araubide Juridikoaren Bulegoa.

Administrazio Elektronikoaren Araubide Juridikoaren Bulegoak, Administrazio Elektronikoaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrazio Elektronikoaren Atalari sostengu eta laguntza juridikoa ematea administrazio elektronikoa ezartzearen gainean.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

27. artikulua. Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Bulegoa.

Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Bulegoak, Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari sostengu orokorra ematea arlo hauetan, besteak beste: ezagutzaren kudeaketa, eta edukiak Internet bidez kudeatu, administratu eta argitaratzeko sistemak.

b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

28. artikulua. SAP Sistemen Koordinazio Bulegoa.

SAP Sistemen Koordinazio Bulegoak, Informazio Sistema Zentralen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) SAP sistemak eta sistema horiekin integraturik dagoen softwarea ezarri, kontrolatu eta haien jarraipena egiteko proiektuak zuzendu eta kudeatzea Foru Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.

b) Unitateek SAP sistemen inguruan egiten dituzten eskaerak kudeatzea, honako hauek barne: koordinazioa, eraginaren ebaluazioa, lehenespena, baliabideen esleipena, etab.

c) Zerbitzu mailaren plangintza, definizioa eta jarraipena egitea SAP sistemetan, bai prozesu operatiboetan, bai laguntza zerbitzuan, unitateetako baliabideekin koordinatuz.

d) SAP sistemen inguruko jardueraren jarraipen txostenak egitea, hala nola laguntza zerbitzua, eskaerak, proiektuak, etab.

e) Laneko estandarrak eta jardunbide egokiak sustatu eta dinamizatzea bere eskumeneko eremuan.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

2. ATALA

Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua

29. artikulua. Sistemen Bulegoa.

Sistemen Bulegoak, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila ezarri eta garatzeko lanak zuzendu, haien jarraipena egin eta, behar izatera, horiek gauzatzea (ordenagailu zentrala, zerbitzu orokorretako eta departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, etab.).

b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen oinarrizko softwarearen administrazio teknikoko lanak zuzendu eta jarraipena egitea eta, behar izatera, horiek gauzatzea (sistema eragileak, datu baseak, teleprozesu monitorea, etab.).

c) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea.

d) Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

30. artikulua. Ekoizpen Bulegoa.

Ekoizpen Bulegoak, Ekoizpen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Informazio sistema zentralen erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, euskarri digitalean edo bestelako bitartekoetan dauden datuak igorri eta jasotzeari dagokionez.

b) Informazio sistema zentralen erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, erabiltzaileek eskatutako prozesuak egiteari dagokionez.

c) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren mantentze-lanak kontrolatu eta haien jarraipena egitea.

d) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren inbentarioaren mantentze-lanak eta jarraipena egitea.

e) Azken erabiltzailearen oinarrizko softwarearen eta ekipamendu mikroinformatikoaren hornidura eta instalaziorako espedienteak kudeatzea.

f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. ATALA

Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua

31. artikulua. Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoa.

Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoak, Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea (departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, oinarrizko softwarea, etab.).

b) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.

d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Lau.–32. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“32. artikulua. Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoa.

Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkaritza Tekniko Nagusian tramitatzen diren espedienteen jarraipena, artxiboa eta kontrola egitea.

b) Laguntza administratiboa ematea otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako eginkizunetan. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zen.

c) Araubide Juridikoaren Atalari eta Barne Araubideko Atalari laguntza administratiboa ematea.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren unitate eskuordetu gisa aritzea administrazio elektronikoa garatzeko eskumena duten unitateetatik bultzatzen diren lantaldeetan, eta, hori dela eta, administrazio elektronikorako tresna berrien erabileraren arloan gertatzen diren aurrerapenen berri ematea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren gainerako unitateetako arduradun eta erabiltzaileei. Horrekin batera, jarduteko jarraibide eta prozedurak igorriko dizkie, eta, era berean, unitate horien iradokizunak, zalantzak eta beharrak helaraziko dizkie aipatutako lantaldeei.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

1. Foru agindu honetan izena mantentzen duten bulegoetako burutzen izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza beretan.

2. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusian:

–Argibide eta Erregistro Bulegoko buruarena, hemendik aurrera Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoko buru izanen baita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Bulegoak kentzea.

a) Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusian, Kalitate eta Kontrolerako Bulegoa kentzen da.

b) Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusian, honako bulego hauek kentzen dira:

–Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoa.

–Araubide Administratiboaren Bulegoa.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1813316