221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

89/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 31koa, hein batean aldatzen duena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua.

ZIOEN AZALPENA

Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak egitura hori hein batean aldatzea proposatu du; zehazki, Berrikuntzaren, Barne Kalitatearen eta Europako Proiektuen Atala amortizatzea eta Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzua sortzea.

Adierazitakoarekin bat etorriz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 31n egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Hein batean aldatzen da irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena. Hona aldaketak:

Bat.–41. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“41. artikulua. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu:

a) Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzua.

b) Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua.

c) Natur Ingurunearen Zerbitzua.

d) Lurralde eta Paisaia Zerbitzua

e) Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoa.

f) Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzua.

2. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek bere jarduketak koordinatuko dituzte, lan lerroak ezarriko dituzte eta Ingurumena Zaintzeko Atalari jarraibide tekniko zehatzak emanen dizkiote atal horrek natur ingurumenaren kudeaketan, zaintzan, ikerketan eta ikuskapenean esleiturik dituen eginkizunak behar bezala egin ahal ditzan.

3. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek barne koordinazioa izanen dute Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuarekin, zerbitzu horren eskumenen esparruko arloetan.”

Bi.–43. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“43. artikulua. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuaren egitura.

Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak atal hauek ditu:

a) Informazioa Integratzeko eta Ezagutza Sortzeko Atala.

b) Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atala.”

Hiru.–Kendu egiten da 46. artikulua.

Lau.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia izeneko III. kapituluaren 7. atala aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“7. ATALA

Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzua

69. artikulua. Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren eskumenen esparrua.

Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretuak basozaintzari esleitzen dizkion eginkizunak izanen ditu, dekretu horren bidez arautzen baita basozainen berariazko araubidea; zehazki, honako hauek:

a) Ingurune naturala zaintzea, ikuskatzea, ikertzea eta kudeatzea.

b) Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak diruz laguntzen dituen edo kudeatzen dituen lanak gainbegiratzea.

c) Ingurumen arloko larrialdietan laguntzea.

d) Eskumena duten organoei salaketak eta ikuskapen aktak igortzea.

e) Bere eskumeneko arloen gaineko arau-hausteak ikertzea, beste erakunde eskudun batzuekin batera.

f) Ingurune naturalean ingurumen arloko arauak betetzen direla begiratzea, eta ez-betetzeen berri ematea.

g) Herritarrei informazioa eta aholkuak ematea.

h) Prestakuntza beharrak identifikatzea eta zaindariak trebatzeko planak prestatzea.

i) Ingurumen hezkuntzaren arloko programetan parte hartzea.

j) Ingurune naturalean dagoen ondare historikoa eta arkeologikoa zaindu eta babestea.

k) Babes zibileko planetan parte hartzea eta istripu eta larrialdietan laguntzea, babes zibilerako zerbitzuen koordinaziopean.

l) Jarduketak Foruzaingoarekin eta Segurtasun Indar eta Kidegoekin koordinatzea.

m) Departamentuko zerbitzu eta unitate teknikoekin koordinatzea.

n) Koordinazio unitateak koordinatzea.

Gainera, kontuan harturik zeharkako izaera duela, gainerako unitate teknikoekin elkarreragina duela eta Zuzendaritzaren prozedura gehienetan beharrezkoa den agente gisa jarduten duela, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak behar diren neurriak bultzatu eta kudeatuko ditu lan prozesu, prozedura eta tresnak hobetzeko, barne kalitatearen eta ebaluazioaren arloan ezarritako politika korporatiboarekin koordinatuz, hori guztia kudeaketaren bikaintasuna helburu, eta zehazki honako neurri hauek:

o) Barne prozesuak aztertzea eta oinarrizko prozeduren mapa prestatzen laguntzea, Europar Batasunak eskatzen duen elkarreragingarritasuna lortzearren.

p) Departamentuko unitateei laguntza ematea eta unitate horiek koordinatzea tramiteak modernizatu, arindu eta sinplifikatzeari begira, betiere herritarrentzako arretan eragimena handitzeko asmoz.

q) Prozesu bakoitzeko kalitate adierazleen ezarpena garatzea, bai eta gogobetetasun inkestak, barne kalitatea hobetzeko planak, kalitatea kudeatzeko sistema estandarizatuak eta politika eta eredu korporatiboekin lerrokatutako sinplifikazio administratiborako sistemak ere.

r) Barne autoebaluaziorako metodoak ezartzea prozesuen mapan, Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeari dagokionez.

s) Barne koordinazio eta dinamizazioa, kalitate prozesuak bultzatzen direla bermatzeko.

t) Bere eskumen esparruaren barruan agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Bost.–69. bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“69. bis artikulua. Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren egitura.

Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak atal hau izanen du bere egituran:

a) Ingurumena Zaintzeko Atala.”

Sei.–69. ter artikulua gehitzen da. Hona testua:

“69. ter artikulua. Ingurumena Zaintzeko Atalaren esparru materiala.

Ingurumena Zaintzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Basozainen berariazko araubidea erregulatzen duen azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretuak zaintzaren, ikuskapenaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan basozainei esleitutako eginkizunak kudeatzea.

b) Eskualdeetako koordinazio unitateak antolatu eta koordinatzea.

c) Informazioa bideratzea eskualdeen eta zerbitzuko zuzendaritzaren artean.

d) Zaintza taldearen eskariak analizatzea.

e) Honako arlo hauei buruzko proposamenak jasotzea eta Zerbitzuko zuzendaritzari aurkeztea: jarduketa-protokoloak, arropa erostea, ibilgailuak eta materiala, lan arlo jakin batzuetarako lantalde espezializatuak, beste unitate batzuekiko harremanak eta zaintza taldearentzat interes orokorrekoa den beste edozein kontu.

f) Zerbitzuko zuzendaritzari proposamenak egitea lantalde espezializatuei buruz eta prestakuntza planari buruz, zerbitzuko zuzendaritzak azter eta balora ditzan.

g) Ingurumen hezkuntzaren arloko planak eta programak garatzea.

h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.”

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atal mailatik beherako unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1813317