221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

88/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortu zuena.

HITZAURREA

Azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Nafarroako Adinekoen Kontseilua, kide anitzeko kontsulta organo gisa, adineko pertsonen arloko kontuetarako, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikia, hirugarren adineko pertsonek parte hartzeko tresna gisa, oro har gizarteko sektore horren ongizatearen onerako. Maiatzaren 7ko 39/2007 Foru Dekretuaren bidez aldatu ziren Nafarroako Adinekoen Kontseiluaren osaera eta eginkizunak.

Denbora iraganik eta izandako esperientziarengatik, ikusi da aldaketak egin behar direla Kontseiluaren osaeran eta funtzionamenduan, parte-hartze eraginkorragoa eta egiazkoagoa izan dezaten adinekoak ordezkatzen eta defendatzen dituzten entitateek eta elkarteek.

Horregatik Kontseilua definitzen da, lehenik, adinekoak ordezkatzeko organo gisa, parte hartzeko tresna gisa eratzen baita, herritar horien ongizatea lortzeko politika eta jarduketen plangintzarako, exekuziorako eta jarraipenerako.

Bigarrenik, Kontseiluaren osaera aldatzen da, ordezkaritza handiagoa izan dezaten beren askotariko beharrak asetzeko adinekoek sortutako entitate eta elkarteek, kontuan izanik lurraldearen dibertsitatea.

Azkenik, lanerako batzorde iraunkor bat sortzen da, osoko bilkuretan landu beharreko gaiak prestatzeko eta Kontseiluaren funtzionamendua dinamizatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortu zuen azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretua aldatzea.

Honako aldaketa hauek sartzen dira azaroaren 24ko 344/1997 Foru Dekretuan, zeinaren bidez sortu baitzen Nafarroako Adinekoen Kontseilua.

Bat.–1. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“1. Nafarroako Adinekoen Kontseilua sortzen da adinekoen eta haiekin lotutako entitateen eta erakundeen foro gisa, parte har dezaten herritar horien ongizatea lortzeko politika eta jarduketen plangintzan, exekuzioan eta jarraipenean”.

Bi.–2. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“2. Nafarroako populazioaren sektore hori ordezkatzeko organotzat hartuko da Nafarroako Adinekoen Kontseilua, galarazi gabe Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eskumenak eta eginkizunak”.

Hiru.–4. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“4. artikulua.

1. Nafarroako Adinekoen Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

a) Lehendakari bat.

b) Bi lehendakariorde.

c) Gehienez ere 25 kide.

2. Kontseiluko lehendakaria izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularra.

3. Lehenbiziko lehendakariordea izanen da adinekoen arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularra. Kontseiluko lehendakariaren ordez ariko da, hura kanpoan edo eri dagoenean edo legezko beste arrazoiren batengatik ez dagoenean.

4. Bigarren lehendakariordea izanen da artikulu honen 5. apartatuko b), c), d), e) eta f) letretan adierazten diren elkarte, entitate eta erakundeetako kideek beren artetik aukeratutako pertsona bat. Lehenbiziko lehendakariordearen ordez ariko da, ondorio guztietarako, lehendakaria ordezteko aipatu diren kasu beretan.

5. Kontseiluko kideak honela hautatuko dira:

a) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak bi kide izendatuko ditu libreki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen artetik.

b) Hamalau kide, gizarte zerbitzuen arloan ari diren adineko elkarteen ordezkari, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat. Arlo bakoitzeko entitateek bi kide izendatuko dituzte gehienez, salbu Iruñeko eta Iruñerriko gizarte zerbitzuen arloan, non lau kide izendatuko baitira, bi Iruñeko esparrurako eta bi Iruñerriko esparrurako.

c) Bi kide, Nafarroako Foru Komunitatearen esparru guztian ari diren adinekoen elkarteen ordezkari.

d) Bi kide emakume adinekoen elkarteen ordezkari, betiere haien estatutuen arabera elkartekide izateko betebeharra bada adineko emakume izatea.

e) Bi kide, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak.

f) Lau kide, sindikatuen ordezkari. Nafarroako Foru Komunitatean %10eko ordezkagarritasuna baino handiagoa frogatzen duen sindikatu bakoitzak kide bat izendatuko du bere kideen artean erretiroan daudenen artetik. Beharkizun hori betetzen dituzten lau sindikatu baino gehiago baldin badaude, ordezkagarritasun portzentajerik handiena duten lau sindikatuek izendatuko dute kide bat.

6. Aurreko apartatuko b), c) eta d) kasuetan, elkarteek edo taldeek proposatutako kide kopuruak gainditzen duenean arlo edo esparru bakoitzari esleitutako kideen gehieneko kopurua, hasieran proposatutako hautagaien artean aukeraketa eginen dute arloko edo esparruko elkarteek. Bozketan berdinketarik izanez gero, kide gehien edo ordezkagarritasun handien duen elkarteko kidea hautatuko da.

7. Kide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko izendatzen direnak ariko dira haien ordez.

8. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko du libreki idazkaria, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen artetik; hitza izanen du, baina botorik ez. Artikulu honen 5. apartatuko a) letran aurreikusitako kideen artetik, Kontseiluan gazteena den kideak ordeztuko du idazkaria; kasu honetan, Kontseiluko kideak botorako duen eskubideari eutsiko dio.”

Lau.–5. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatu dira, eta 4. apartatu bat erantsi, eta honela idatzita geldituko dira:

“2. 4.5 artikuluko b), c) eta d) letretan aipatzen diren adinekoekin lotutako elkarteen, entitateen eta erakundeen izenean ari diren kideen agintaldiak lau urte iraunen du.

3. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak hala xedatzen duenean utziko dute kargua artikulu horretako a) apartatuko kideek, eta e) eta f) apartatuetan aipatutako kideek, berriz, hala xedatzen dutenean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta ordezkagarritasun handiena duten sindikatuek, hurrenez hurren.

4. Kideek kargua utziko dute hurrengo arrazoiengatik:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Agintaldia bukatzea.

c) Ordezkatzen dituen erakundeek eta entitateek proposatzea.

d) Uko egitea eta Kontseiluko buruak onartzea.

e) Beste edozein egoera dela medio, Kontseiluko kideen gehiengoak ikusten badu ezin dituela bere eginkizunak bete”.

Bost.–5. bis artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. bis artikulua.

Aurreko 4. artikuluko 5. apartatuko b), c), d) eta f) letrek aipatutako Nafarroako Adinekoen Kontseiluko kideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarraren izaera politikoa izatea.

b) 65 urtetik gorakoa izatea, edo 60 urtetik gorakoa baldin jarduera profesionala edo lanekoa utzi badu.

c) Hauteskunde bidez hautatutako kargurik ez betetzea, izan udal hauteskundeak, erkidegokoak nahiz orokorrak, eta goi kargurik ez izatea Nafarroako Foru Komunitatean dauden Administrazio Publikoetako edozeinetan.”

Sei.–6. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“6. artikulua.

1. Kontseiluak urtean bi aldiz behintzat eginen du bilkura arrunta. Bilkura bereziak egiten ahalko dira lehendakariak dei egiten badu, norberaren ekimenez edo Kontseiluko kideen heren batek eskaturik.

2. Nafarroako Adinekoen Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, bertan egon beharko dute lehendakariak eta idazkariak edo haien ordezkoek. Horiez gainera, lehenbiziko deialdian kideen erdiek gehi batek egon beharko dute gutxienez, eta bigarren deialdian kideen herenek.

3. Bilkurak egiteko deialdietan gai-zerrenda adierazi beharko da. Nafarroako Adinekoen Kontseiluko kideek bilkura eguna baino zazpi egun lehenagotik gutxienez jaso beharko dute deialdia. Presazko arrazoiak direla eta, epea berrogeita zortzi ordura murritz daiteke.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak, eta horien arrazoiak emanen dira. Boto partikularrak erants daitezke, gehiengoz hartutako erabakiaren kontrakoak badira.

Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoak erabakiko du.

5. Bilkura guztien akta egin beharko da, hartutako erabakien berri emanen duena. Kontseiluko kide interesdunak eskatuta, hartutako erabakiaren kontra emandako botoak jasotzen ahalko dira aktan, baita abstentzioak ere, eta botoa azaldu edo justifikatzeko arrazoiak.

6. Nafarroako Adinekoen Kontseiluak Lan Batzorde iraunkor bat izanen du, eta honako kideek osatuko dute:

–Lehenbiziko lehendakariordea.

–4.5 artikuluko b) apartatuko gizarte zerbitzuetako arlo bakoitzeko kide bat.

–4.5 artikuluko a), c), d), e) eta f) apartatu bakoitzeko kide bat.

–Idazkaria.

Lan Batzordearen antolaketa eta funtzionamenduaren araubidea Kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztuko dira, lehendakariak proposatuta.”

Xedapen gehigarri bakarra.–Kontseiluaren osaera.

Foru dekretu hau argitaratu eta, gehienez, hiru hilabeteko epean, Kontseiluko kideak aukeratu eta izendatuko dira, 4. artikuluan aurreikusitako osaeraren arabera.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 24an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1812860