221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

809E/2018 EBAZPENA, urriaren 22koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tuterako udal-mugartean dagoen pentsua ekoizteko instalazio baterako. Titularra Piensos Muga SL da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta jarduera sailkatuko udal lizentziaren araubidearen menpe dago. Irekitzeko eta jarduteko behar diren udal lizentziak ditu, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoa betez.

Ekoizpen-maila aldatu dezaketen egoeraren araberako kontuak alde batera utzita, gaur egungo instalazioak duen gehienezko ekoizpen-ahalmen izendatuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsia) 2A eranskineko 2. epigrafean kokatzen du instalazioa, hau da, “Animalientzako jakien ekoizpena, nagusiki landare-jatorriko lehengaietan oinarritua eta egunean amaitutako produktuen 300 tonatik gorako ekoizpen-ahalmenarekin (hiruhilekoetako batez besteko balioak)”.

Ondorioz, instalazioa Ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago, atalaseen eta irizpideen aplikazioaren arabera. Ildo horretan, erregelamendu horren 3C eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak, apirilaren 11ko 129E/2017 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen proiektuak ez zuela bete behar ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura.

Halaber, instalazio hau abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) ii) epigrafean dago sartua, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b) ii) epigrafean ere (testu bategina).

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsatzen ahal duten jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 15 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Tuterako udal-mugartean kokatutako pentsu-fabrika baterako. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak eta neurriak. Instalazio horren titularra Piensos Muga SL da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02232092542015 zenbakiarekin. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Titularrak prozedura administratiboan aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, betetzat jotzen da martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko tramitea, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzeko onetsitako Erregelamenduaren 12. artikuluan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan aurreikusia.

Zortzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2018ko abenduaren 1a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Piensos Muga SLri, Tuterako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 22an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1812679