221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

323E/2018 EBAZPENA, urriaren 18koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Conservas Asensio SAri autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa ezartzeko proiekturako, Larragako udal-mugartean. Sustatzailea Energía, Innovación y Desarrollo Fotovoltaico SL da.

2018ko abuztuaren 1ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (“Energiari buruzko instalazioak”) sartua dago espediente hori. Aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua Conservas Asensio enpresaren nabearen hegoaldeko lurretan 112 panel fotovoltaiko jartzea da (eskaeran Larragako 2. industrialdeko 747 eta 748 lurzatiak daude sartuta), industria-nabearen autokontsumorako. Potentzia instalatuak 35,84 kWp izanen ditu, eta, inbertsoreen potentzia izendatua, berriz, 36 kW-koa izanen da.

Espedientean ageri da Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren 2018ko irailaren 25eko aldeko txostena, ebazpen honetara gehitzen diren baldintzekin (baldintza nagusiaren arabera, instalazioak ezin izanen du eraginik izan 2. industrialdeko 747 lurzatian, Larragako Udal Planaren arabera nekazaritza-ekoizpen handiko lurzorua baita, eta industria-jarduerak debekatuta daude bertan.) Era berean, espedientean ageri da Larragako Udalaren 2018ko urriaren 16ko txostena.

2018ko urriaren 16an, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman zuen.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Conservas Asensio SAri autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa ezartzeko proiekturako, Larragako udal-mugartean. Sustatzailea Energía, Innovación y Desarrollo Fotovoltaico SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Baimen honen bitartez 112 panel fotovoltaiko jartzen ahalko dira Larragako 2. industrialdeko 748 lurzatian, Conservas Asensio enpresaren instalazioei zerbitzu emateko. Enpresaren industria-jardueraren parte izanen dira, igorritako dokumentazioarekin eta baimen honek zehaztutakoarekin bat etorriz.

Plaka fotovoltaikoak Larragako 2. industrialdeko 748 lurzatian soilik jarri beharko dira, 2. industrialdeko 747 lurzatian sartu gabe. Izan ere, lurzoru hori nekazaritza-ekoizpen handiko lurzorua da Larragako Udal Planaren arabera, eta industria-jarduerak debekatuta daude bertan.

–Nafarroan industrialdeak eta industria jarduerak nola ezarri arautzen duen apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuarekin 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, gutxienez 10 metroko tartea egonen da panel fotovoltaikoen eta lurzatiaren itxituren eta mugen artean.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera nahiz hari lotutako industria-jarduera utziz gero, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu, gehienez ere bortz urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Larragako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko 11. barrutia) eta interesdunari igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 18an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1812677