221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

82/2018 EBAZPENA, urriaren 3koa, Garraio Zerbitzuko zuzendariak emana, deialdia egiten duena errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko 2019. urtean Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako.

Uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren bidez (2007ko 184. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 2koan), errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu ziren, eta Espainiako zuzenbidera bildu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko uztailaren 15eko 2003/59/EE Zuzentaraua.

Errege dekretu horretan, hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko baldintzak arautu ziren, baita Europar Batasuneko edozein estatutan finkaturiko enpresen ibilgailuak Espainiako bide publikoetan gidatzeko behar diren prestakuntza etengabeko ikastaroak egitekoak ere, Gidarien Erregelamendu Orokorrean zehazten diren C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D edo D+E kategorietako gidabaimenen jabe izatea eskatzen duten egoeretarako.

Errege dekretu horren 15. artikulua aplikatuz, bidezko da aipatu ziurtagiria lortzeko asmoz, 2019. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren proben deialdia onestea.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 5. Atalak eta errepideko garraiorako ibilgailu mota zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautu zituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, Kudeaketa Atalak proposatutakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko 2019. urtean Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak eranskin gisa gehitu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

3. Ebazpen hau Kudeaketa Atalari eta epaimahaikideei igortzea.

4. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Herri Lanetako zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko urriaren 3an.–Garraio Zerbitzuko zuzendaria, Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría.

I. ERANSKINA

Errepide bidezko salgai edo bidaiari garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa frogatzen duen lanbide gaitasunaren agiria lortzeko 2019. urtean Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Proba hauetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Aginduzko ikastaroak gainditu izana, bai arruntak, bai trinkoak, azterketa egin aurreko sei hilabeteetan, Errepideko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedaturikoarekin bat.

–Ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta hala dela frogatzea. Hala ere, beste autonomia erkidego batean bizi direnak ere aurkezten ahalko dira, betiere organo dei egilearen baimena badute, behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela kausa.

Horren ondorioetarako, izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarreko nortasun agiri nazionalean ageri dena hartuko da kontuan. Agiri horretan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da, bakar-bakarrik, honako kasu hauetako bat gertatzen bada:

1. Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izan duela azken urteko 185 egun naturaletan, gutxienez. Kontaketa hori ariketetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

2. Izangaiak, azkeneko urtean 185 egunetan baino gutxiagotan bizi izan bada ere Nafarroako Foru Komunitatean, frogatzen badu bizilekua aldatzera beharturik egon dela familiarekin edo lanarekin lotutako arrazoiengatik. Herri batean denboraldi mugatu batez bizi izan bada jarduera jakin bat egiteko, ulertuko da ez duela betetzen azkeneko baldintza hori. Unibertsitate, eskola edo ikastetxe batera joateak ez dakar ohiko bizilekua aldatzeko beharrik.

Bigarrena.–Eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian ageri den inprimakia betez (“Trámites” atalean, “CAP” idatzi bilatzailean).

–Eskabide bat aurkeztuz, oinarri hauen II. Eranskinean jasotako eredua erabiliz, Garapen Ekonomikorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (San Ignazio etorbidea, 3, beheko solairua, 31002, Iruña, Nafarroa), edo helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetatik beste edozeinetan: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/Recursos/lugaresPresentacion.htm. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan ere aurkezten ahal da.

2. Bi kasu horietan, eskabideaz gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izangaiek:

a) Indarreko nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Nortasun agiri nazionalean ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azkeneko urtean gutxienez 185 egun naturaletan Nafarroako Foru Komunitatean izan duela bizilekua. Kontaketa hori probetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

Erroldaren araberako antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

b) Azterketara aurkezteko tasari dagokion zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan ordaindu izanaren egiaztagiria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarrita dago tasa hori.

Eskaera Internet bidez egiten bada, agiri horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez bidaliko dira.

3. Probetarako izena emateko bidea zein den ere, bai eskabidea bai behar diren agiriak oinarri hauen III. eranskinean ezartzen diren epeetan aurkeztu beharko dira.

4. Izangaiak prestakuntza ikastaroa bukatu ez badu ere, aukera izanen du azterketa egiteko izena emateko, baldin eta eskaeretako akatsak zuzentzeko epea iragan baino lehen bukatzen bada ikastaroa, eta epe horretan Administrazioaren aurrean modu sinesgarrian frogatzen badu ikastaroa gainditu duela (ikastaroa egin den ikastetxeak aurkeztu behar duen ziurtagiri telematikoaren bidez).

5. Eskaerak kasuan kasuko deialdirako balioko du bakarrik. Geroko beste deialdi bateko probak egin nahi badira, eskaera berriz aurkeztu beharko da. Kasu horretan, aski izanen da eskabidea eta ordainketa gutuna aurkeztea, eskabidean adierazirik izangaiak gainerako agiriak ez dituela aurkeztu Administrazioak badauzkalako, aurreko deialdi batean aurkeztu zituelako.

Hirugarrena.–Epeak.

Oinarri hauen III. eranskineko taulan ageri dira eskabideak aurkezteko epeak.

Laugarrena.–Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki oholean (Iruñeko Alondegi kalea, 1, 2. solairua) eta aipaturiko Interneteko web-orrian argitaratuko dira, eta, horiekin batera, probak zer tokitan eta zer ordutan eginen diren jakinaraziko da, oinarri hauen III. eranskinean deialdi bakoitzerako finkatutako egunetan.

Bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, bidezkoa bada, akatsak zuzendu, oinarri hauen III. eranskinean proba bakoitzerako finkatutako egunera arte.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak ere oinarri hauen III. eranskinean deialdi bakoitzerako finkatutako datetan argitaratuko dira.

Bosgarrena.–Proben nondik norakoak.

Izangaiek NAN edo, epaimahaiaren arabera, beren nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Seigarrena.–Azterketaren egitura eta kalifikazioa.

1. Azterketaren gaiei, proben egiturari eta horien kalifikazioari dagokienez, Errepide bidezko garraiorako ibilgailu zenbaiten gidarien hasierako kualifikazioa eta etengabeko prestakuntza arautzen dituen uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Azterketa test modukoa izanen da. 100 galdera izanen ditu, eta horietako bakoitzak lau erantzun posible. Erantzun zuzenak puntu batekin baloratuko dira, eta erantzun oker bakoitzeko 0,5 puntu kenduko da. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Azterketa gainditzeko 50 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Ariketa egiteko, 2 ordu izanen dira gehienez.

3. Salgai garraiorako lanbide gaitasunaren agiria lortzeko azterketa egitea eskatzen duten gidariek, bidaiari garraiorako lanbide gaitasunaren agiria badute, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik; bidaiari garraiorako lanbide gaitasunaren agiria lortzeko azterketa egitea eskatzen duten gidariek, salgai garraiorako lanbide gaitasunaren agiria badute, uztailaren 20ko 1032/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. ataleko 1.4, 2.2 eta 3.7 helburuei dagokien azterketa zatia eginen dute bakarrik.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría jauna, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa:

–María Aránzazu Murillo Zabalza andrea, Kudeaketa Ataleko burua.

Mahaikideak:

–Oscar Molviedro Barea jauna, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrera andrea, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko burua.

–Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoak:

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–Luis Antonio Martínez Cunchillos jauna, Modernizazio Ataleko burua.

–Carmen Castiella Sánchez-Ostiz andrea, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

Idazkaria:

–María Senosiain Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Ordezkoa:

–Eva Estebariz Arteta andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Zortzigarrena.–Gaindituen zerrenda.

1. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda jendaurrean jarriko du Garraio Zerbitzuko bulegoetako iragarki taulan (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, “Trámites” atalean, “CAP” idatziz), eta Garraio Zerbitzuko zuzendariari igorriko dio.

2. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesteko Garraio Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Herri Lanetako zuzendari nagusiari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Gidari profesionalen hasierako kualifikazioa egiaztatzeko lanbide gaitasunaren agiria eskuratzeko azterketa

Eskabide orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Datak, azterketak egiteko, eskaerak aurkezteko, behin-behineko zerrendak argitaratzeko,
akatsak zuzentzeko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko

ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA

BEHIN-BEHINEKO ZERRENDAK
ETA AZTERKETA EGITEKO ORDUA
ETA TOKIA ARGITARATZEKO EGUNA

AKATSAK ZUZENTZEKO AZKEN EGUNA

BEHIN BETIKO ZERRENDAK ARGITARATZEKO EGUNA

AZTERKETA EGUNA

2019/01/02tik 2019/01/23ra

2019ko urtarrilaren 25a

2019ko otsailaren 8a

2019ko otsailaren 13a

2019ko otsailaren 15a

2019/02/25etik 2019/03/15era

2019ko martxoaren 22a

2019ko apirilaren 5a

2019ko apirilaren 10a

2019ko apirilaren 12a

2019/04/29tik 2019/05/20ra

2019ko maiatzaren 24a

2019ko ekainaren 7a

2019ko ekainaren 12a

2019ko ekainaren 14a

2019/07/15etik 2019/08/02ra

2019ko abuztuaren 8a

2019ko abuztuaren 23a

2019ko abuztuaren 28a

2019ko abuztuaren 30a

2019/09/02tik 2019/09/20ra

2019ko irailaren 27a

2019ko urriaren 11

2019ko urriaren 16a

2019ko urriaren 18a

2019/10/25etik 2019/11/15era

2019ko azaroaren 21a

2019ko abenduaren 9a

2019ko abenduaren 11

2019ko abenduaren 13a

Iragarkiaren kodea: F1812350