221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

86/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 13 a) artikuluan, osasun publikoarekin zerikusia duten hainbat jarduketa esleitzen dizkie Foru Komunitateko osasun administrazioei; haien artean, uraren jolas erabileraren kontrola, pertsonen osasunean izaten ahal duen eraginagatik.

Foru lege hori garatze aldera, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren bidez, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri ziren.

Alabaina, kontuan hartuta denbora dezente igaro dela hura onetsi zenetik, esperientzia zabala jaso dugula legearen aplikaziotik, eta aldaketa ugari egin direla denbora tarte honetan igerileku instalazioetan eta araudi teknikoetan, segurtasunekoetan eta administratiboetan, egungo egoeretara hobeki egokituko den arau berri bat onestea komeni da, igerilekuetan segurtasun baldintzak hobetzeko, igerilekuak irekitzeko izapideak errazteko eta igerilekuetako erregelamenduak arau eskakizun berrietara egokitzeko.

Foru dekretu honen aplikazio eremuan sartzen diren igerilekuen irisgarritasunari dagokionez, bermatzeko herritar guztiek aukera berdinak izanen dituztela horietan gauzatzen diren bainu, aisialdi, bizikidetza eta kirol jardueren erabileran eta sarbidean, erabat aplikagarria da guztien irisgarritasunaren eta pertsona guztientzako diseinuaren alorretan Estatuan eta Foru Komunitatean indarrean dagoen araudia, arau horiek foru dekretu honen artikuluetan jaso ez badira ere.

Honako arau hauetan daude jasota eskakizun berri horiek: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauan, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoan; eta, beste batetik, azaroaren 23ko 17/2009 Legean, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzkoan (aurreko zuzentarauaren transposizioa gauzatu zuena Espainiako ordenamendu juridikora). Izan ere, printzipio orokor hau ezartzen dute: ez da baimen araubiderik finkatuko zerbitzu jardueretan sartzeko eta haietan aritzeko, interes orokorreko arrazoi premiatsu bat ez badago behintzat. Baimena, halakorik izatekotan, nahi den helburuarekiko proportzionala izanen da, eta ezin izanen du baldintza baztertzailerik ezarri.

Ildo horretatik, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, erantzukizunpeko adierazpenak aurreikusten ditu 69. artikuluan; horien bidez, interesdunak bere ardurapean adierazten du betetzen dituela indarreko araudiak jarduera jakin bat gauzatzeko ezartzen dituen eskakizunak, eta badituela hori egiaztatzen duten agiriak, eta, gainera, jarduera horrek irauten dueino betebeharrak betetzeko konpromisoa adierazten du.

Beste alde batetik, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuak, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituenak, arlo horretako oinarrizko arau berri bat jasotzen du; estatu mailako igerilekuen araudietako oinarrizko eta gutxieneko osasun irizpideak eguneratzen eta deskribatzen ditu, igerileku horien erabilerak pertsonen osasunean eragin handia izaten ahal duela kontuan hartuta. Hori guztia, Osasun Publikoari buruzko 33/2011 Lege Orokorrak Administrazio Publikoei ezarritako herritarren osasuna babesteko betebeharra betetze aldera.

Errege dekretuaren zehaztapenen artetik, foru araudia egokitzea eskatzen dute honako hauek, besteak beste: igerilekuen eta ontzien definizioak eta sailkapenak, zerikusia duten eragileen ardurak, titularrak eta administrazio eskumendunak, teknikarien prestakuntza eta kualifikazio eskakizunak, laborategiek eta analisi metodoek bete beharreko baldintzak, kalitate kontrola eta uraren eta airearen kalitate irizpideak, ez betetzeen eta gorabeheren definizioa eta horiek dakartzaten jarduketak, eta informazioa jendaurrean jartzeko eta agintari eskumendunek elkarri informazioa emateko betebeharrak, gertakarien jakinarazpena barne.

Beste alde batetik, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretua, Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duena, erabilera kolektiboko igerilekuen segurtasunaren eta irisgarritasunaren eremuetan aplikatu beharreko araua da. Ontzi eta instalazio mota jakin batzuetan, aplikagarria da, baita ere, uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretua, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onesten duena, zuzenean aplikatzekoa baita, igerileku estalietan eta aldageletan exijitzen diren airearen baldintza sanitarioei dagokienez. Igerilekuetan jartzen ahal diren elementuak, uretako atrakzioak esaterako, segurutzat jotzeari dagokionez, aintzat hartu behar da abenduaren 26ko 1801/2003 Errege Dekretua, Produktuen Segurtasun Orokorrari buruzkoa.

Hori horrela, araua eguneratzeak Nafarroako igerilekuen kalitatea eta segurtasuna areagotzen lagunduko du, eta haiek erabiltzen dituzten pertsonen osasunaren babesa eta segurtasuna hobetuko.

Adierazitakoarekin bat, Osasun kontseilariak eskaturik, eta Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren hogeita lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da bere aplikazio eremuan dauden igerilekuetarako higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak arautzea, hauek guztiak barne: igerilekuetako instalazioak eta atxikitako zerbitzuak, osasun kalitateko baldintzak, uraren eta airearen tratamendua eta kontrola, informazio sistema eta komunikazio araubidea, zaintza eta ikuskapen sanitarioak eta zehapen araubidea.

2. artikulua. Definizioak.

1. Foru dekretu honen ondorioetarako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) Igerilekua: nagusiki bainurako, jolaserako, erabilera terapeutikorako eta kirol entrenamendurako erabiltzen diren instalazioen multzoak osatutako barrutia, bainua hartzeko gune bat edo batzuk eskaintzen dituena, eta ontzi artifizial bat edo batzuk eta atsedenerako edo egoteko gune bat dituena, hauek guztiak barne: uretako atrakzioak, guztiak behar bezala funtzionatzeko behar diren ekipamendu eta instalazio atxikiak eta pertsona erabiltzaileen eskura jartzen diren zerbitzu osagarriak.

b) Erabilera publikoko igerilekuak: edonori edo erabiltzaile talde zehatz bati irekita dauden igerilekuak, jabearen edo okupatzailearen senideek edo gonbidatuek bakarrik erabiltzekoak ez direnak, sarrera prezio bat ordaindu ala ez. Honelakoak izaten ahal dira:

–1. mota: jarduera nagusia urarekin lotutakoa duten igerilekuak, hala nola igerileku publikoak, aisialdikoak, ur parkeak edo spa guneak.

–2. mota: xede nagusiaren zerbitzu osagarri gisa jarduten duten igerilekuak, hala nola hoteletako, ostatu turistikoetako edo kanpinetako igerilekuak edo osasun zentroetako igerileku terapeutikoak, besteak beste.

c) Erabilera pribatuko igerilekuak: jabearen edo okupatzailearen senideek edo gonbidatuek bakarrik erabiltzekoak diren igerilekuak, familia erabilerarako etxeen alokairuarekin lotutakoak barne. Honelakoak izaten ahal dira:

–3A mota: jabekideen elkargoetako, landetxeetako edo nekazaritza turismoko establezimenduetako, ikastetxe nagusietako edo antzekoetako igerilekuak.

–3B mota: familia bakarreko igerilekuak.

d) Igerileku naturalizatua: artifizialki eraikitako ur gorputza, bainurako erabiltzen dena, eta uraren tratamendua biologikoa eta/edo fisikoa bakarrik duena.

e) Ontzia: a) idatz zatian aurreikusitako erabileretarako bideratzen den ura biltzen duen eraikuntza egitura. Erabilera nagusiaren arabera, honelakoak izaten ahal dira:

–Plisti-plasta ibiltzekoak: 6 urtetik beherakoei zuzendutako ontzia. Gehienezko sakonera 0,35 metrokoa izanen da.

–Irakastekoa: igeri egiten ikasteko erabiltzen den ontzia, gehienezko sakonera 1,40 metrokoa izanen duena.

–Jolaserakoa: aisialdirako erabiltzen den ontzia. Ez du izan behar 0,50 metro baino gutxiagoko sakonera duen gunerik, ontzira sartzeko arrapaletan edo obra eskaileretan izan ezik.

–Ludikoa: plisti-plasta ibiltzekoa ez den ontzia, beste erabilera batzuk ere izan arren, uretako atrakzioak dituena. Ontzi horietan argi eta garbi adierazi beharko dira erabilera desberdinetarako bideratuta dauden guneen arteko mugak.

–Igeriketarakoa: kirol hori gauzatzeko erabiltzen den ontzia. Horretarako behar diren ezaugarriak izanen ditu.

–Erabilera anitzekoa: erabilera bat baino gehiago dituen ontzia, horietako bat ere ez denean nagusia.

–Jauzi putzua: jauziak egiteko erabiltzen den ontzia. Horretarako behar diren ezaugarriak izanen ditu.

–Hidromasajerakoa: ur girotuko ontzia, urari etengabe eragiten eta haren birzirkulazioa gauzatzen duena abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.

–Kontrasterakoa: balneoterapia zirkuituen parte izaten den ur hotzeko edo beroko ontzia.

–Terapeutikoa: mediku edo birgaitze erabileretara bideratutako ontzia. Aerosol ekoizpena izaten ahal du, edo ez.

–Termala eta/edo mineromedizinala: agintaritza eskumendunak ontzi bateko elikadura ura mineromedizinal edo termal jo duenean, eta kimikoki tratatuta ez dagoenean. Estazio termal batean egon behar du, eta tratamendu mediko-termaletarako bakarrik erabilia izan. Uraren birzirkulazioa izaten ahal du, edo ez.

Ontzi bat girotutzat jotzen da, estalita edo estali gabe egonda ere, bertako urari berotze prozesua egiten zaionean, tenperatura erregulatzeko.

Ontzi bat estalitzat jotzen da, itxitura iraunkorra badu; ez estalitzat, horrelakorik ez badu; eta mistotzat, iraunkorra ez den itxitura bat badu.

f) Uretako atrakzioa: Ontzi batekin lotuta egon ala ez, ura ukituz jolastea xede duen instalazio finko edo mugikor oro.

g) Nasa edo hondartza gunea: ontzia inguratzen duen azalera, bainulariek bakarrik erabiltzen ahal dutena.

h) Bainurako gunea: ontziak eta haren nasak edo hondartzak osatzen duten gunea.

i) Ontziaren edukiera: ontzi batean aldi berean egon daitezkeen bainularien gehienezko kopurua.

j) Titularra: Igerilekuaren jabea den pertsona fisikoa edo juridikoa (publikoa edo pribatua) edo jabekideen elkargoa, foru dekretu hau betearazteko ardura duena. Igerilekua jabea ez den beste pertsona fisiko edo juridiko batek ustiatzen badu, ustiapenaren arduraduna joko da titulartzat foru dekretu honen ondorioetarako.

2. Gainera, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duenean, jasotako definizioak hartuko dira aintzat.

3. artikulua Aplikazio eremua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean dauden igerileku guztiei izanen zaie aplikagarria foru dekretu honetan xedatutakoa.

2. Foru dekretu honen aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira igerileku naturalizatuak; edonola ere, osasun agintaritzak xedatutako baldintzak bete beharko dituzte, higieneari, uraren kalitateari eta segurtasunari dagokienez.

3. Hogei etxebizitza edo familia unitate baino gutxiago dituzten jabekideen elkargoen igerilekuei honako hauek bakarrik izanen zaizkie aplikagarri: 4., 5., 6., 7., 9., 10., 12., 14., 16. (5. apartatua izan ezik), 17., 18., 19., 21., 27.2, 28., 29.5, 37. eta 38. artikuluak, VII. Kapitulua, bidezkoa den orotan, eta hirugarren xedapen gehigarria. Era berean, nasa edo hondartza eta gainerako kanpoko gune zoladuradunak ez labaingarriak izatea eskatuko zaie.

4. Landetxeetako edo nekazaritza turismoko establezimenduetako eta ikastetxe nagusietako igerilekuei, haietan ostatu hartzen duten pertsonek bakarrik erabiltzekoak badira, honako hauek bakarrik izanen zaizkie aplikagarri: 4., 5., 6., 7., 8., 9., 10., 12., 14., 15., 16., 17., 18., 19., 21., 23., 26.2, 27., 28., 29., 32., 33., 36. eta 37 artikuluak, eta VII. Kapitulua, bidezkoa den orotan.

5. Ontzi terapeutikoei, kontraste ontziei, 20 metro karratu baino gutxiagoko beheko ur xafla duten hidromasajerako ontziei eta 20 metro karratu baino gutxiagoko beheko ur xafla duten ontzi termalei eta/edo mineromedizinalei ez zaie aplikagarri izanen 8.2, 8.3, 9., 10.,13., 26. eta 27.2 artikuluetan xedatutakoa.

6. 3B motako erabilera pribatuko igerilekuei 38. artikuluan xedatutakoa bakarrik izanen zaie aplikagarri.

7. Ontzi batekin lotuta ez dauden uretako atrakzioei IV. Eranskinean xedatutakoa izanen zaie aplikagarri.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Igerilekuen titularrak arduratu beharko du haien funtzionamenduaz, mantentzeaz, osasun egoeraz eta segurtasunaz, foru dekretu honetan eta gainerako xedapen aplikagarritan xedatutakoarekin bat.

II. KAPITULUA

Uraren inguruaren baldintzak. Ontziak eta instalazioak

5. artikulua. Igerilekuaren ezaugarriak.

1. Igerileku bat eraikitzeko edo aldatzeko proiektu guztiek, gainera, honako hauetan xedatutakoa bete beharko dute: martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuan, Eraikuntzarako Kode Teknikoa onesten duenean; eta uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onesten duenean; bai eta aplikagarri zaien gainerako lege eta arauetan xedatutakoa ere.

2. Igerilekuaren titularrak bermatu beharko du instalazioek badituztela erabiltzaileen osasunerako arriskuak prebenitzeko eta haien segurtasuna ziurtatzeko elementu egokiak, eta instalazioak osasun egoera onean daudela; hori guztia, pertsonei kalterik ez zaiela eraginen ziurtatzeko.

6. artikulua. Ontzien ezaugarriak.

1. Ontzien diseinuak egokia izan beharko du uraren homogeneizazioa bermatzeko, eta erabiltzaileentzako arriskurik ez eragiteko.

2. Ontziaren barnean jartzen den uretako atrakzio edo jolas oro kolore bizikoa izanen da, ontziaren barnetik erraz ikusteko modukoa izan dadin.

3. Hondoak aldapa egokia izanen du, ontziko urak behar bezala husteko. Sakonera aldaketak gehienezko malda hauen bidez eginen dira, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eraikitako ontzi terapeutikoetan, kontraste ontzietan eta hidromasaje ontzietan izan ezik:

a) Plista-plasta ibiltzeko ontzietan, ehuneko 6koa.

b) Gainerako ontzietan, ehuneko 10eko malda, 1,40 metroko sakonerara arte, eta ehuneko 35ekoa, gainerako guneetan.

c) Ontzi terapeutikoetan, kontraste ontzietan, hidromasaje ontzietan eta antzekotan, ez da eskatuko aurreko puntuan xedatutakoa betetzea ontziaren berezko elementuak dauden guneetan eta ontziaren erabilera batetik bestera igarotzeko guneetan.

1,40 metroko sakonera duten guneak seinaleztatu eginen dira, eta, era berean, sakonera balio handiena eta txikiena seinaleztatuko dira, dagokien puntuetan; horretarako, errotuluak jarriko dira, gutxienez, ontziaren hormetan eta nasan, ikusgarriak izan daitezen ontziaren barrutik zein kanpotik.

4. Eraikitzen diren ontzi berrietan eta zaharberritzen direnetan, hormen eta zoruaren estaldura kolore argikoa izanen da, eta erraz garbitzeko eta konpontzeko modukoa, iragazgaitza, erresistentea urraduren eta talken kontra eta egonkorra uraren tratamendurako erabiltzen diren produktuen aurrean. Gainera, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eraikitako ontzi terapeutikoetan, kontraste ontzietan eta hidromasaje ontzietan izan ezik, ontziaren zoruaren estaldura ez labaingarria izanen da 1,50 metrotik beherako sakonera duten guneetan, beste mota bateko estalduraren bat behar duten elementuak dituzten guneetan izan ezik (masaje plakak eta antzekoak, esaterako).

5. Ontzi guztiek izanen dute, gutxienez, hondoa urez husteko sistema bat, bainulariei arriskurik ekarriko ez diena, eta ontzian dagoen ur guztia eta sedimentuak eta hondakinak bizkor ateratzeko bidea emanen duena.

6. Ontzia urez husteko sistema birzirkulazio sistemarekin lotuta badago, hondoko bi hargune izan beharko ditu gutxienez uraren birzirkulaziorako zirkuitu bakoitzeko. Horiek, gainera, behar adinako distantzia izan beharko dute batetik bestera, bainulari bakar batek biak aldi berean tapatzea ezinezkoa izan dadin. Segurtasun gailu batez babestuta egonen dira, bainulariek kendu ezin izanen dituztenak, eta, horrela, bertan harrapatuta gelditzea eragotziko da. Hondoko harguneen xurgatze azalera kalkulatzerakoan, honako hau hartuko da kontuan: hargune bakoitzean, xurgatze abiadura ez da inoiz izanen 0,6 metro segundoko baino handiagoa.

7. Uretako atrakzioetarako ontzitik ura hartzen duten harguneek ere aurreko puntuan jasotako eskakizunak beteko dituzte.

7. artikulua. Ontzietako uretara iristeko sarbideak.

1. Ontzietako uretara sartzeko, plisti-plasta ibiltzekoetan izan ezik, eskailerak eta/edo arrapalak jarri beharko dira derrigorrean; erabiltzaileei ontziko uretara sartzen laguntzeko beste sistema batzuk ere jartzen ahalko dira, hautaz.

2. Ontzira sartzeko eskailerak egonen dira uretako atrakzioen alboko guneetan.

3. Obra eskailerek eta arrapalek material herdoilgaitzezko eskubanda izanen dute, eta ez labaingarriak izanen dira. Obra eskaileretako mailek kolore berezia izanen dute ertzetan, gainerakotik bereizi ahal izateko, edo antzeko beste sistema eraginkorren bat izan beharko dute, erraz ikusi ahal izateko.

8. artikulua. Ontzien inguruaren baldintzak.

1. Ontzia inguratzen duen nasa edo hondartza eta instalazioko gainerako kanpoko gune zoladuradunak, erabiltzaileak oinutsik sartzen ahal badira horietara, ez labaingarriak izanen dira, baita heze egonda ere.

2. Nasaren edo hondartzaren gutxieneko zabalera 1,20 metrokoa izanen da, eta putzurik ez sortzeko edo ontzira urik ez isurtzeko moduan eraikita egonen da.

3. Ontzien nasa ez jarraitua izatea onartuko da, gehienez ere haren perimetro osoaren ehuneko 25ean, honako hauetan:

a) Uretako atrakzioak edo elementu apaingarriak dauden guneak. Kasu horretan, metro bateko gutxieneko zabalera izanen duen pasabide gune bat egonen da beti elementu horien eta perimetro itxituraren artean.

b) Eraikuntza aukerak direla-eta, instalatzea ezinezkoa denean; behar bezala justifikatu beharko da aurrez, dagozkion arrazoi teknikoak argudiatuz.

4. Foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eraikitako ontzi terapeutikoetan, kontraste ontzietan eta hidromasaje ontzietan, ontzia inguratzen duen nasa edo hondartza eta instalazioko gainerako kanpoko gune zoladuradunak, erabiltzaileak oinutsik sartzen ahal badira horietara, ez labaingarriak izanen dira, baita heze egonda ere, eta putzurik ez sortzeko edo ontzira urik ez isurtzeko moduan eraikita egonen dira.

9. artikulua. Uretako atrakzioak.

1. Abenduaren 26ko 1801/2003 Errege Dekretuan, produktuen segurtasun orokorrari buruzkoan, xedatutakoari jarraikiz, uretako atrakzioek, funtzionatzen hasi baino lehen, errege dekretu horren 3.3 artikulua betetzen dutela egiaztatzen duen ziurtagiri bat izan beharko dute.

2. Uretako atrakzioei aldizkako azterketak eginen zaizkie, urtean behin gutxienez, eta behar diren mantentze lanak eginen dira, erabiltzeko egoera onean egon daitezen eta finkatutako segurtasun eskakizunak bete ditzaten. Prestakuntza eta bitarteko egokiak dituzten langileek egin behar dituzte azterketak eta mantentze lanak, fabrikatzailearen jarraibideak betez; egin ostean, dagokion ziurtagiria eman beharko dute.

10. artikulua. Babes hesiak.

1. Ontzi guztiek, plisti-plasta ibiltzekoek izan ezik, sistema egokiren bat izanen dute funtzionamendu garaitik edo orduetatik kanpo haietara sartzea ez dadin erraza izan; esate baterako, giltzaz itxitako ateak edo antzeko eraginkortasuna duen beste prozeduraren bat.

2. Bainurako guneak babes hesiak izanen ditu, Eraikuntzako Kode Teknikoan finkatutako ezaugarriak izanen dituztenak. Erabiltzaileak dutxa duten sarbideetatik bakarrik sartzen ahalko dira gune horietara. Sarbide mota horiek ez dira beharrezkoak izanen ontzi estalietan eta plisti-plasta ibiltzeko ontzietan. Ontzi estaliek eta plisti-plasta ibiltzeko ontziek behar adina dutxa izan beharko dituzte nasan edo hondartzan.

3. Bainurako gunerako sarbideen kopurua eta banaketa erabakitzerakoan, kontuan hartuko da irisgarritasun egokia bermatzeko beharra, osasun laguntza behar bezala eman ahal izateko; betiere, plisti-plasta ibiltzeko ontzietatik urrun egon behar dute.

Ontzian uretako atrakzioak badaude, sarbideetako batek haietatik gertu egon behar du nahitaez.

4. Dutxen ontziek edo zoladurek ura erretentziorik gabe husteko bidea eman behar dute.

11. artikulua. Aldagelak, dutxak eta komunak.

1. Instalazio guztiek, ontzi terapeutikoek, kontraste ontziek eta 20 metro karratu baino gutxiagoko beheko ur xafla duten hidromasajerako ontziek izan ezik, aldagelen, dutxen eta komunen gune bereizi bat izanen dute erabiltzaileen eskura, sexuka bereizitakoa.

2. Ontzien guztirako ur xaflaren 200 metro karratuko, honako hauek izan beharko dituzte gutxienez:

a) Gizonezkoak: Banaka erabiltzeko bi kabina, komun bat, dutxa bat eta konketa bat.

b) Emakumeak: Banaka erabiltzeko bi kabina, komun bat, dutxa bat eta konketa bat.

Ur xaflaren azalera handiagoa duten instalazioetan, hornidura areagotuko da ur xaflaren 200 metro karratuko (edo dagokion zatikia), aurreko irizpideari jarraikiz. Kasu honetan, gizonezkoen horniduran, bi pixatoki jartzen ahalko dira komunetako baten ordez.

Edonola ere, aldagelen eta/edo dutxen gunea erabilera kolektibokoa izaten ahal da; horrela bada, banaka erabiltzeko kabina bat eta dutxa bat egonen dira gutxienez aldagela gune bakoitzean.

3. Dutxetan, kanpokoetan zein aldageletakoetan, konketetan, komunetan eta pixatokietan, gizakiek kontsumitzeko egokia den ura egonen da.

4. Bi sexuei zuzendutako komunetan, honako hauek egonen dira: paper higienikoa, xaboi likidoa banantzeko makinak, erabilera bakarreko eskuoihalak edo aire beroaren bidezko lehorgailuak, fardelak aldatzeko apala eta zaborrak biltzeko ontzi estankoak.

5. Aldagelen gunean, gainera, hezetasunarekin aldatzen ez den materialez egindako armairuak egonen dira, erraz garbitzeko, desinfektatzeko eta aireztatzeko modukoak, edo jantzitegi komuna, arropa gordetzeko erabili eta botatzeko poltsak izanen dituena.

6. Aldageletan, dutxetan eta komunetan, aireztatzeko sistema naturala edo behartua egonen dira. Material iragazgaitzez eraikita egonen dira, eta erraz garbitzeko eta desinfektatzeko moduko lurzoru ez labaingarria izanen dute, putzuak sortzeko aukerarik ematen ez duena.

7. Hogei etxebizitza edo familia unitate baino gutxiago dituzten jabekideen elkargoen igerilekuetan, hotel eta ostatu instalazioetakoetan eta xede nagusia bainua eta aisialdia sustatzea ez duten erakundeetakoetan, haien ezaugarriak eta erabilera baldintzak kontuan hartuta, ez da derrigorrezkoa izanen aldagela instalazioak izatea.

12. artikulua. Desinfekzioa eta desintsektazioa.

1. Aldagelen eta komunen gune osoa garbitu eta desinfektatu egin beharko da, gutxienez egunean behin.

2. Instalazioetan eta gune berdeetan intsektuak kentzeko, erabilera horretarako produktu biozida espezifikoak erabiliko dira, ingurumen erabilerarako baimenduta daudenak, instalazioaren izurriteen kontrolerako planean xedatutakoari jarraikiz, eta, gutxienez, aire zabaleko igerilekuen sasoi bakoitza hasi baino lehen, eta sei hilean behin, etengabe funtzionatzen duten igerileku estalietan. Edonola ere, haien baimenean, segurtasun datuen fitxetan (SDF) eta/edo erabiltzen diren produktuen etiketetan jasotako aplikazio baldintzak beteko dira.

3. Erabiltzen den produkturako gaikuntza tekniko egokia duten langileek eginen dituzte lan horiek.

13. artikulua. Jateko guneak.

Bainurako guneetatik gertu dauden jateko edo edateko guneak horietatik bereizita egon behar dute, ez dadin arrisku higieniko-sanitariorik sortu.

III. KAPITULUA

Uraren eta airearen tratamendua, kalitatea eta kalitate kontrola

14. artikulua. Elikadura ura.

1. Ontziak elikatzeko ura, ahal dela, kontsumo publikoko ur hornidurarako sare batetik hartuko da.

Baimendutako beste jatorri batzuetako ura ere erabiltzen ahalko da, betiere, ontzian sartu baino lehen gutxienez iragazitako eta desinfektatutako ura bada, eta I. Eranskinean jasotako kalitate eskakizunak betetzen baditu.

2. Ur birzirkulaziorik gabeko ontzi termaletan eta/edo mineromedizinaletan, erabilera puntuaren aurretik, uraren osaera aldatzen ez duten metodo fisikoekin edo fisiko-kimikoekin tratatu behar da.

15. artikulua. Azaleko gainezkatzea eta bulkadak.

1. Ontziek, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eraikitako ontzi terapeutikoek, kontraste ontziek eta hidromasaje ontziek izan ezik, etengabeko azaleko gainezkatzerako sistema egoki bat izan behar dute, sistema erregulatzaile bati hidraulikoki konektatutakoa. Sistemak ahalmen egokia izan behar du ontziaren ur bolumenerako, irisgarria izan behar du, garbitu ahal izateko, eta aireztatuta egon behar du.

2. Azaleko gainezkatzea ez jarraitua izatea onartuko da, ontziaren guztirako perimetroaren ehuneko 35era arte gehienez, uretako atrakzioak edo iristeko aurrealdeko panelak dauden tokietan.

3. Urak ontzietan dituen sarreren eta irteeren kopurua eta banaketa uraren homogeneizazioa lortzeko moduan diseinatuko dira.

4. Ura tratamendu sistemarako hartzen bada hondoko hustubideetatik, ez da hartuko birzirkulatu beharreko uraren guztirako bolumenaren ehuneko 30 baino gehiago, eta bainularien segurtasuna bermatuko da beti.

16. artikulua Ura araztea.

1. Ontzietako urari egin beharreko tratamenduak dira, gutxienez, iragazketa bat eta desinfekzio bat, eta, edonola ere, haren kalitateak foru dekretuan xedatutakoa betetzeko behar diren guztiak.

2. Ontzi guztien uraren tratamendurako instalazioak independenteak izanen dira bata bestearengandik.

3. Uraren tratamendu sistematikorako erabiltzen diren desinfektatzaileak eta gainerako produktuak ez dira inoiz zuzenean ontzietara isuriko; dosifikatzeko sistema automatikoak edo erdiautomatikoak erabili beharko dira. Sistema horiek behar bezala garbitu eta mantendu beharko dira, fabrikatzailearen jarraibideak betez, eta sasoi bakoitza hasi baino lehen haien egoera aztertuz.

4. Ontziak itxita egonen dira garbiketa eta mantentze lanak egiten diren bitartean. Salbuespen gisa, eta justifikatutako arrazoiak direla medio, ontzietan produkturen bat eskuz bota beharra izanez gero, irekita egoteko ordutegitik kanpo eginen da, edo itxi eginen dira horretarako, eta segurtasun epe bat utziko da berriz funtzionatzen hasi baino lehen.

5. Ontzi guztietarako, termaletarako eta/edo mineromedizinaletarako izan ezik, ontziko ur bolumen osoaren birzirkulaziorako gehienezko denbora hauek finkatzen dira: lau ordu, estali gabekoetan; hiru ordu, estalietan eta mistoetan; ordu bat, plisti-plasta ibiltzekoetan; eta hogeita hamar minutu, aerosolak sortzen dituzten ontzi terapeutiko girotuetan eta hidromasajerako ontzietan. Ontzi termaletan eta/edo mineromedizinaletan (uraren birzirkulazioa izan ala ez), foru dekretu honen 21. artikuluan finkatutako eskakizunak betetzen direla bermatu beharko da.

Iragazteko gehienezko abiadura bitarteko iragazlearen ezaugarrien arabera prozesua modu eraginkorrean gauzatzeko behar den hura izanen da. Aerosolak sortzen dituzten hidromasajerako ontzietan eta ontzi terapeutiko girotuetan, hondar iragazkien gehienezko abiadura 36,7 m³/h/m²-koa izanen da.

6. Instalazioa erabiltzen ari den bitartean, iragazte ekipamenduak behar bezala garbituko eta mantenduko dira, fabrikatzailearen jarraibideak betez, sasoi bakoitza hasi baino lehen haien egoera aztertuz, eta geruza iragazleak berrituz, beharrezkoa izanez gero. Gainera, uraren sarreraren eta irteeraren arteko presio diferentzia neurtzeko sistemak izanen dituzte, edo mantentze egoera aztertzeko aukera ematen duen eta antzeko eraginkortasuna duen beste sistemaren bat. Ordezkapen iragazkiei dagokienez, fabrikatzaileak esandakoa beteko da.

7. Arazketa sistema lanean egonen da, gutxienez, ontzia jendeak erabiltzeko irekita dagoen bitartean, eta, edonola ere, I. Eranskinean ontziko uraren kalitateari buruz ezarritako parametroak betetzeko behar den adina denboraz.

8. Kontagailuak egonen dira, ontzi bakoitzean zer ur bolumen berritu eta araztu den jakiteko bidea emanen dutenak une oro. Kontagailu bolumetrikoak izanen dira, edo antzeko beste sistemaren bat, baina inoiz ere ez ordukakoak.

9. Ura arazteko, ur bero sanitarioa ekoizteko eta girotzeko ekipamenduak dituzten lokalak eta produktu kimikoak gordetzeko lekuak toki irisgarri baina bereizitan egonen dira, aireztatuta egon beharko dute, eta instalazioko mantentze lanetako langileek bakarrik izanen dute sarbidea.

17. artikulua. Ura berriztatzea.

Ontzietako ura aldizka berriztatu behar da, ur berria gehituz, I. Eranskinean finkatutako mugak eta azaleko gainezkatze sistemaren funtzionamendu egokirako behar diren mailak bermatze aldera.

18. artikulua. Barruti estaliak.

Ontzi estaliak edo mistoak dituzten barrutiek bertako airea etengabe eta behar adina berritzeko behar diren sistemak izenen dituzte, uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko.

19. artikulua. Ontziko ura tratatzeko produktu kimikoak.

Ontzietako ura tratatzeko, erregelamendu bidez baimendutako produktuak erabiliko dira, eta behar bezala etiketatuta egon beharko dute, indarreko legediarekin bat. Dagozkien arau tekniko espezifikoetan eta/edo haien segurtasun datuen fitxetan adierazi bezala biltegiratuko eta erabiliko dira, eta horiek eskuragarri egon behar dute beti instalazioan.

20. artikulua. Langileak.

1. Igerilekuek langile egokiak izanen dituzte igerilekuetako instalazioak prestatzeko, garbitzeko eta mantentzeko, arduratsuak, eta honakoetarako gaitasun teknikoa dutenak: ekipamenduak maneiatzeko, produktu kimikoak erabiltzeko, ontziko uraren autokontrola gauzatzeko behar diren gailuak, erreaktiboak eta ereduak erabiltzeko eta instalazioen mantentze programak gauzatzeko.

2. Langile horiek Estatuko dagokion oinarrizko araudiak finkatutako lanbide kualifikazioaren ziurtagiriak izan beharko dituzte.

21. artikulua. Uraren eta airearen kalitate irizpideak.

1. Ontziko urak ez du organismo patogenorik edo substantziarik izan behar giza osasunerako arriskutsu izaten ahal diren kontzentraziotan, eta I. Eranskinean finkatutako eskakizunak bete behar ditu. Ontziko urak hondakin desinfektatzailea izan beharko du, desinfekzio ahalmena duena.

Uraren birzirkulazioa duten ontzi termalei eta/edo mineromedizinalei dagokienez, ur hori sistema fisikoekin edo fisiko-kimikoekin tratatu behar da, eta, egiaztatzen bada metodo horiekin ez direla lortzen uraren kalitate mikrobiologikorako parametroak, desinfekzio kimikoa egin behar zaio.

2. Ontzi estalien edo mistoen barrutietako eta gela teknikoetako aireak ezin du inolako arriskurik ekarri erabiltzaileen osasunerako, eta ezin du narritagarria izan begietarako, azalerako edo mukosetarako; gainera, II. Eranskinean finkatutako eskakizunak bete behar ditu.

22. artikulua. Kalitatearen kontrola.

1. Igerilekuaren titularrak, gutxienez, I. eta II. eranskinetan finkatutako parametroak kontrolatu behar ditu ontzi bakoitzean.

2. Honako kontrol hauek egin behar dira:

a) Hasierako kontrola: igerilekua ireki aurreko hamabostaldian eginen da, ura banaketa publikoko saretik hartzen ez duten ontzietan, ontzi eraiki berrietan, ontzia 2 astez baino gehiagoz itxita izan ostean eta uraren kontrol parametroak, edo airearenak, instalazio estalietan, nabarmen aldatzen ahal dituzten bestelako aldi baterako itxialdien ondoren. I. eta II. eranskinetan finkatutako parametroak kontrolatuko dira.

b) Errutinazko kontrolak: ontzi bakoitzeko uraren tratamenduaren eraginkortasuna aztertze aldera, eguneroko kontrolak eginen dira, III. Eranskinean deskribatutako moduan. Lortutako emaitzak Osasun Kontrolerako Erregistro Liburuan jasoko dira egunero, derrigorrezkoa baita ontzi bakoitzak horrelako liburu bat izatea.

c) Aldizkako kontrolak: hamabostean behin eginen dira, edo hilean behin, hidromasaje ontzien, aerosolak sortzen dituzten ontzi terapeutiko girotuen eta ontzi termalen eta/edo mineromedizinalen kasuan; I. eta II. eranskinetan xedatutakoa betetzen duten aztertuko da. III. Eranskinean adierazitako moduan eginen dira kontrolak.

Irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa betetzen duen laborategi batek egin behar ditu goian aipatutako kontrolak.

3. Ontzi estaliak edo mistoak dituzten igerilekuetan, barrutian adierazgarri diren puntuetan, II. Eranskinean aipatzen diren airearen kontrolak eginen dira gutxienez, III. Eranskinean deskribatutako moduan.

4. Ur laginak hartzeko puntuak ontzi bakoitzaren eta zirkuituaren adierazgarriak izanen dira. Honakoak izan beharko dira gutxienez:

a) Puntu bat ontziaren sarreran edo tratamenduaren irteeran, ontzirako sarrera baino lehen. Igerileku eraiki berrietan, iturri egokiak jarriko dira laginak hartzeko, zirkuituaren laginketa puntuan.

b) Beste bat ontzian bertan, ura ontzira sartzen den lekutik urrunen dagoen lekuan.

5. Aurreko puntuetan aipatutako kontrol guztiak ontzian eginen dira, osasun agintaritzak besterik agintzen ez badu behintzat.

6. Laborategian aztertzeko ur laginak V. Eranskinean finkatutako moduan hartuko dira, edo antzeko eraginkortasuna duen beste prozeduraren bat erabiliz.

7. Artikulu honetan aipatutako kalitate kontrolak agintaritza eskumendunari igorriko zaizkio hark adierazitako moduan eta prozeduraren bidez.

23. artikulua. Uraren kalitatearen kontrola instalazio jakin batzuetan.

1. Hogei etxebizitza edo familia unitate baino gutxiago dituzten jabekideen elkargoen igerilekuetan, eta landetxeetako edo nekazaritza turismoko establezimenduetako eta antzekoetako eta ikastetxe nagusietako igerilekuetan, haietan ostatu hartzen duten pertsonek bakarrik erabiltzekoak badira, honela eginen da uraren kalitatearen kontrola:

Gutxienez egunean behin, kloro askearen, kloro konbinatuaren eta pH-aren parametroak neurtuko dira, eta, ura desinfektatzeko azido trikloroisozianurikoa erabiltzen bada, baita azido isozianurikoarena ere. Kloroa ez den beste desinfektatzaileren bat erabiltzen bada, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituenaren, I. Eranskinean adierazi moduan jardunen da. Neurriak kontrol orri batean jasoko dira, eta hori eskuragarri egonen da igerilekuan.

Igerilekuaren funtzionamendu sasoian zehar, gutxienez behin, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretu horretan finkatutako aldizkako kontroletako bat eginen da. Errege dekretu horren 9. artikuluan finkatutako eskakizunak betetzen dituen laborategi batek eginen du kontrol hori.

2. Osasun agintaritza eskumendunak analisi gehigarriak eskatzen ahalko ditu, igerilekuaren ezaugarrien arabera, eta erabiltzaileen osasunerako arriskuak daudela irizten badu.

3. Ontzietako urari egindako kontroletan ikusten bada ez direla betetzen aztertutako parametroak, ahalik eta bizkorren hartuko dira dagozkion neurri zuzentzaileak eta/edo prebentziozkoak.

4. Aipatutako irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren V. Eranskinean jasotako gertakariak osasun agintaritza eskumendunari jakinaraziko zaizkio.

24. artikulua. Autokontrolerako protokoloak.

Igerilekuaren titularrak igerilekuaren autokontrol protokolo espezifiko bat izan eta aplikatu beharko du; hori igerilekuan bertan egonen da beti, mantentze lanetako langileen eta agintaritza eskumendunaren eskura. Kasu bakoitzean, behar den maiztasunez eguneratu beharko da. Autokontrol protokolo horrek alderdi hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ontzi bakoitzeko uraren tratamendua.

b) Uraren kontrola.

c) Igerilekuaren mantentze lanak.

d) Garbiketa eta desinfekzioa, legionelosia hedatzeko eta transmititzeko arriskua duten instalazioen mantentze eta kontrol plana barne.

e) Segurtasuna eta jardunbide egokiak. Sorosleen kopurua areagotzea eskatzen duten arrisku egoerak.

f) Izurriteak kontrolatzeko plana.

g) Hornitzaileen eta zerbitzuen kudeaketa.

25. artikulua. Ez betetzeak.

1. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ez betetzetzat jotzen da ontziak I., II. edo III. eranskinean xedatutakoa ez betetzea. Behin ez betetzea hautemandakoan, igerilekuaren titularrak berehala ikertuko du zergatik gertatu den, eta dagozkion neurri zuzentzaileak hartuko ditu, bai eta, hala badagokio, prebentzio neurriak ere, ez dadin berriz gertatu.

2. Ontziak bainurako itxita egon beharko du haren balioak normalizatu arte, gutxienez, honako egoera hauetan:

a) Titularrak edo osasun agintaritzak irizten badu erabiltzaileen osasunerako hurbileko arriskua dagoela.

b) Errutinazko eta/edo aldizkako kontrolaren ondoren, I. Eranskinean jasotako ontzia ixteko arrazoietako bat agertzen bada.

c) Ontziko uretan gorozkiak edo gorakoen arrastoak edo beste ageriko hondakin organiko batzuk daudenean.

3. Ontziak bainurako ixteko egoeren berri emanen zaio agintaritza eskumendunari, hark finkatutako moduan eta prozeduraren bidez. Edonola ere, bitarteko elektronikoak erabiltzen ahalko dira.

4. Igerilekuaren titularrak egiaztatu beharko du ez betetzea eragin zuten arrazoiak behar bezala zuzendu direla, eta erabiltzaileei eta agintaritza eskumendunari emanen die horren berri.

IV. KAPITULUA

Igerilekuen segurtasun baldintzak

26. artikulua. Ontzien edukiera.

Plisti-plasta ibiltzeko ontzietan izan ezik, honela kalkulatuko da zenbat bainulari sartzen ahal diren aldi berean ontzi jakin batean: azalerako 2 metro karratu erabiltzaile bakoitzeko.

27. artikulua. Adingabeen segurtasuna eta babesa.

1. Igerilekuetan, zortzi urtetik beherakoak haren zaintzaz arduratzen den pertsona heldu batek zainduta egonen dira uneoro, eta behar bezala seinaleztatuko da hori.

2. Plisti-plasta ibiltzeko ontziak behar bezala babestuta egonen dira, eta gainerako ontzietatik bereizita, adingabeek ezin izan dezaten haietatik beste ontzi batzuetara sartu beraiek bakarrik, pertsona heldu batek zainduta egon behar baitute.

28. artikulua. Salbamendu uztaiak.

1. Plisti-plasta ibiltzeko ontzietan, 20 metro karratu baino gutxiagoko beheko ur xafla duten hidromasajerako ontzietan eta 20 metro karratu baino gutxiagoko beheko ur xafla duten ontzi termaletan eta/edo mineromedizinaletan izan ezik, salbamendu uztai homologatuak jarriko dira erabiltzaileentzat oso irisgarri diren lekuetan; bi jarriko dira, gutxienez, ontzi bakoitzean, eta, ontzi ludikoak izanez gero, beste bi gutxienez.

2. Salbamendu uztaien erdiak, gutxienez, hari lotutako soka bat izanen du, ontziaren gehienezko zabaleraren erdia gehi hiru metroko luzera erabilgarria izanen duena gutxienez.

29. artikulua. Sorosleak.

1. 3A motako erabilera publikoko eta pribatuko igerileku guztiek, hurrengo atalean xedatutakoaren kaltetan izan gabe, gutxienez sorosle bat izan beharko dute ontzietatik gertu, horiek guztiz ikusteko aukera ematen duen leku batean. Soroslea jardunean egonen da ontziak funtzionatzen dauden denbora guztian zehar, eta, beraz, behar diren txandak finkatuko dira horretarako.

2. Soroslea izateko betebeharretik salbuetsita daude hauek:

a) Hogei etxebizitza edo familia unitate baino gutxiago dituzten jabekideen elkargoen edo urbanizazioetako igerilekuak.

b) Ontzi terapeutikoak bakarrik dituzten igerilekuak.

c) Plisti-plasta ibiltzeko ontziak.

d) Kontraste ontziak, hidromasajerakoak eta termalak eta/edo mineromedizinalak, betiere, ontziak ez badu 200 metro karratutik gorako ur xafla, eta 1,60 metrotik beherako sakonera badu.

3. Soroslea izateko betebeharretik salbuesten ahalko dira jarraian aipatzen direnak, betiere, instalazioa ireki edo berriz ireki aurretik dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkezten badiote osasun agintaritza eskumendunari:

a) Hogeitik berrogeita hamar etxebizitza edo familia unitate arteko jabekideen elkargoen igerilekuak, baldintza hauek guztiak betetzen badituzte aldi berean: ur xaflaren guztirako azalera (plisti-plasta ibiltzeko ontzia kontuan hartu gabe) 200 metro karratutik gorakoa ez izatea, ontzien sakonera 1,60 metrotik beherakoa izatea eta bertako egoiliarrek soilik erabiltzeko izatea.

b) Xede nagusiaren zerbitzu osagarri gisa jarduten duten igerilekuak, hala nola hoteletakoak, landa hoteletakoak, ostatuetakoak, kanpinetakoak, ikastetxe nagusietakoak, landetxeetakoak edo nekazaritza turismoko establezimenduetakoak, aterpetxeetakoak eta apartamentu edo etxebizitza turistikoetakoak eta antzekoetakoak, betiere, baldintza hauek guztiak betetzen badituzte aldi berean: 100 plazatik behera izatea, ur xaflaren guztirako azalera (plisti-plasta ibiltzeko ontzia kontuan hartu gabe) 200 metro karratutik gorakoa ez izatea, ontzien sakonera 1,60 metrotik beherakoa izatea eta bertako egoiliarrek soilik erabiltzeko izatea.

c) Osasun agintaritzak adierazten ahal dituen beste zenbait instalazio, aurrekoen antzekoak.

4. Artikulu honek aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, arriskuen banakako ebaluazio bat aurkeztu beharko da, UNE EN 15288-2 “Igerilekuak. 2. zatia: Funtzionamendurako segurtasun eskakizunak” arauari jarraikiz egindakoa. Ebaluazio hori gaitasun tekniko egokia duten langileek egin beharko dute, eta bertan adieraziko da zer kontrol neurri hartu behar diren, egindako arrisku ebaluazioan oinarrituta.

5. Artikulu honen 3. atalean aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena instalazioaren titularrak edo arduradunak izenpetu beharko du. Artikulu honen 3 a) atalean aipatutako instalazioen kasuan, elkargoko presidenteak izenpetuko du, haren ordezkari gisa, eta jabekideen bilkuran ondorio horietarako adostutako akordioaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

6. Soroslea izateko betebeharretik salbuetsita dauden ontzietan, egoera horren berri emanen zaie erabiltzaileei, eta nork bere burua zaintzeko gomendioak emanen zaizkie.

Informazioa erabiltzaileen eskura egonen da leku irisgarrietan eta ondo ikusten direnetan jarritako horma irudietan, eta, betiere, udalerriko hizkuntza ofizialetan, ingelesez eta instalazioaren titularrak egoki irizten duen beste edozein hizkuntzatan.

7. Sorosle gisa jarduteko, Estatuko dagokion oinarrizko araudiak finkatutako lanbide kualifikazioaren ziurtagiriak izan beharko dituzte langileek.

30. artikulua. Sorosle eta zaindari kopurua.

1. Osasun agintaritzak ezartzen ahal duenaren kaltetan izan gabe, instalazioaren titularrak erabakiko du zenbat sorosle behar diren ontzi guztiak behar bezala zaintzeko; edonola ere, artikulu honen 2. eta 3. ataletan xedatutakoa bete beharko da.

2. Gutxieneko sorosle kopurua kalkulatzeko, ontzi guztietako ur xafla hartuko da kontuan, plisti-plasta ibiltzeko ontzietakoa izan ezik, eskala honi jarraikiz:

–Ur xaflaren azalera 1.500 metro karratukoa edo gutxiagokoa duten instalazioetan: sorosle bat.

–Ur xaflaren azalera handiagoa duten instalazioetan, sorosle kopurua areagotuko da, aurreko irizpideari dagokionez azalera areagotzen den proportzio berean.

–Ontzi baten edo batzuen eta gainerakoen arteko bereizketa fisikoak ez badu biderik ematen guztiak modu eraginkorrean zaintzeko, derrigorrezkoa izanen da beste sorosle bat izatea gutxienez, gainerakoetatik bananduta dagoen ontzi bakoitzeko.

–Ontzi ludikoek horiek bakarrik zaintzeaz arduratzen den sorosle bat izanen dute gutxienez.

3. Sorosle kopurua dena dela ere, atrakzioak dituzten ontzi ludikoek, arriskuak eragiten ahal dituztelako zaintza eskatzen dutenek, atrakzioak behar bezala erabiltzen direla bermatzeaz arduratzen diren langileak izan beharko dituzte horiek funtzionatzen dauden denbora osoan zehar. Gutxienez langile bat egonen da bi atrakzioko edo zatikiko, atrakzioaren diseinua dela-eta zaindari batek atrakzio hori bakarrik zaintzea komeni ez bada behintzat.

4. Sorosleek eta zaindariek haiek erraz identifikatzen laguntzen duen arropa bereziren bat izan beharko dute, “Soroslea” edo “Zaindaria” izenak jarrita.

5. Soroslea falta bada, ontzia itxita egonen da bainularientzat.

Zaindariak falta badira, eta artikulu honen 3. puntuan xedatutakoaren arabera beharrezkoak badira, uretako atrakzioak itxita egonen dira.

31. artikulua. Lehen sorospenetako lokala eta botika kutxa.

1. Instalazioen barrutian, ontzi terapeutikoak, kontraste ontziak eta 20 metro karratu baino gutxiagoko beheko ur xafla duten hidromasajerako ontziak bakarrik dituztenetan izan ezik, lehen sorospenak emateko lokal egoki bat egonen da, independentea, bainurako gunetik gertu. Lokal horrek foru dekretu honen VI. Eranskinean aipatutako hornidura, instalazioak eta ekipamendua izan beharko ditu.

2. Jabekideen elkargoen instalazioak, hoteletakoak eta ostatuetakoak, ontzi termalenak eta/edo mineromedizinalenak eta xede nagusia bainua eta aisialdia sustatzea ez duten erakundeetakoak, lehen sorospenak emateko lokala izateko betebeharretik salbuetsita daude. Edonola ere, foru dekretu honen V. Eranskinean aipatutako larrialdietarako oinarrizko botika kutxa izan beharko dute, instalazioko sorosleek zainduko dutena, 29.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz hori izatetik salbuetsita dauden instalazioetan izan ezik.

32. artikulua. Telefonoa.

Erabilera publikokoa den igerileku orok telefonoa izan behar du erraz eskuratzeko moduan, kanpokoekin harremanetan jarri ahal izateko. Edonork ikusteko moduan jarriko da SOS Nafarroa – Operazioak Koordinatzeko Zentroaren telefono zenbakia (112).

V. KAPITULUA

Instalazioak aitortzea

33. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena obrak edo zaharberritzeak egin ostean.

1. Indarreko legediaren arabera dagozkion lizentziak eskuratzeaz gainera, igerilekuaren titularrak instalazioen irekierari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat igorri beharko dio osasun arloko sail eskumendunari, instalazioetan eraikuntza obrak edo aldaketak egin ostean.

2. Erantzukizunpeko adierazpen hori irekitzeko aurreikusitako data baino lehen helarazi beharko da; bestalde, hura jakinarazi eta sei hilabeteko epean hasi beharko da jarduera, gehienez ere.

3. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira erantzukizunpeko adierazpenarekin batera:

a) Proiektua, ontzien diseinuari eta arazketari buruzko informazioa jasoko duena gutxienez.

b) Obra amaierako ziurtagiria, foru dekretu honetan finkatutako eskakizunak betetzen dituela egiaztatzen duena.

34. artikulua. Funtzionamendurako erantzukizunpeko adierazpena.

1. Ontziak itxita egoten badira sei hilabetez baino gehiagoz, edo aldaketak egiten badira haien funtzionamendu araubidean, igerilekuko titularrak funtzionamendurako erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, eta osasunaren alorreko eskumenak dituen sailari igorri.

Ontzi estalien, terapeutikoen, hidromasajekoen eta termalen eta/edo mineromedizinalen kasuan, gutxienez urtean behin aurkeztu beharko da.

2. Erantzukizunpeko adierazpen hori irekitzeko aurreikusitako data baino lehen helarazi beharko da; bestalde, hura jakinarazi eta bi hilabeteko epean hasi beharko da jarduera, gehienez ere.

35. artikulua. Instalazioan izan beharreko dokumentazioa.

Honako dokumentu hauek instalazioan izan beharko dira beti, eta ikuskarien eskura:

a) Erantzukizunpeko adierazpenaren fotokopia, agintaritza eskumendunak behar bezala erregistratutakoa.

b) Instalazioan intsektuak kendu izanaren ziurtagiria.

c) Instalazioko ontziak zaintzeaz arduratzen diren sorosleen kopurua egiaztatzeko agiria, indarreko legediarekin bat prestakuntza egokia dutela egiaztatzen duena, bai eta foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren zaindarien kopurua egiaztatzekoa ere.

d) Teknikari eskumendunaren ziurtagiria, instalazioa funtzionamendu eta mantentze baldintza egokietan dagoela eta foru dekretu honetan finkatutako eskakizun guztiak betetzen dituela ziurtatzen duena.

e) Zoladurak ez labaingarriak direla egiaztatzeko ziurtagiria.

f) Autokontrolerako protokoloa.

g) Uretako atrakzioei, ontzietan halakorik bada, aldizkako azterketak egin zaizkiela egiaztatzen duen ziurtagiria.

h) Osasun arloko agintaritza eskumendunak eskatzen duen beste edozein dokumentu.

VI. KAPITULUA

Jendaurreko informazioa eta informazio igorpena

36. artikulua. Jendaurreko informazioa.

1. Igerilekuaren titularrak jendearen eskura jarriko du, leku irisgarrian eta ongi ikusteko moduan, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren 14. artikuluan finkatutako informazioa, gutxienez.

2. Informazioa udalerriko hizkuntza ofizialetan jasoko da beti, bai eta beste hizkuntza batzuetan ere, instalazioaren titularrak egoki jotzen badu.

37. artikulua. Funtzionamendurako arauak eta barne erregelamenduak.

1. Igerilekuek funtzionamendurako arauak edo barne erregelamenduak izan beharko dituzte. Horietan, erabiltzaileei jakinaraziko zaie zein den instalazioen erabilera araubidea, batez ere osasun arriskuak ekiditeari eta segurtasun baldintzak ezartzeari buruz, eta, zehazki, ontziak irekitzeko eta ixteko ordutegiei buruz.

2. Ontzi ludikoetan horma irudi informatiboak jarriko dira, uretako atrakzio bakoitzaren erabilera arauak adieraziko dituztenak, bai eta haien erabilera maiztasunak, edukiera, mugak eta ordutegiak ere; atrakzioen sarbideetatik gertu jarriko dira, erraz ikusteko eta irakurtzeko moduan.

38. artikulua. Gorabeherak.

1. Gorabeherak irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren V. Eranskinaren 7. atalean jasotakoak dira.

2. Behin gorabehera hauteman denean, titularrak dagozkion kudeaketak eginen ditu zergatik gertatu den jakiteko, eta dagozkion neurri zuzentzaileak eta prebentziozkoak hartzeko.

3. Gorabehera hauteman eta astebeteko epean, gehienez, agintaritza eskumendunari emanen zaio haren berri, hark finkatutako formatuan eta bitartekoaren bidez. Edonola ere, bitarteko elektronikoak erabiltzen ahalko dira.

VII. KAPITULUA

Ikuskapenak, arau hausteak eta zehapenak

39. artikulua. Ikuskapen eta zaintza sanitarioa.

1. Beste administrazio organo edo erakunde batzuen eskumenen kaltetan izan gabe, osasunaren alorrean eskumenak dituen sailari dagokio foru dekretu honetan eta aplikagarri diren gainerako osasun xedapenetan jasotakoa betetzen dela egiaztatzea, zaintzea eta ikuskatzea.

2. Horretarako, eta foru dekretu honetan jasotako autokontrolerako arauez gainera, behar diren ikuskapen bisitak eginen dira arauak betetzen direla egiaztatzeko. Bisita bakoitzean, dagokion akta jasoko da, zer urritasun ikusi diren adieraziko duena, eta fotokopia bat emanen zaio instalazioaren arduradunari.

3. Ikuskatzaileek titularrari edo langile arduradunari eskatzen ahalko diote aurkezteko instalazioen egoera edo funtzionamendua aztertzeko behar diren datuak, dokumentuak edo egiaztagiriak. Halaber, agindutako zaintza eginkizunetarako beharrezkoak edo gomendagarriak diren jarduketak edo analisiak egitea ere agintzen ahalko du.

Beharrezko datu, dokumentu edo egiaztagiriak ikuskatzaileen eskura egonen dira beti, eta, bereziki, eskuragarri egonen dira beti Osasun Kontrolerako Erregistro Liburuak eta erantzukizunpeko adierazpenak, III. eta V. kapituluetan aipatzen direnak, hurrenez hurren.

40. artikulua. Arau hausteak.

1. Foru dekretu honetan jasotakoa ez betetzea osasun alorreko arau hauste administratibotzat joko da, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren I. Tituluaren VI. Kapituluan xedatutakoarekin bat, eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen VII. Kapituluan xedatutakoarekin bat.

2. Arau hauste arintzat joko dira jarraian aipatzen direnak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 35.A) artikuluarekin bat:

a) Foru dekretu honetan ezarritakoa betetzean irregulartasunak izatea, baldin eta horiek osasun publikoan eragin zuzenik ez badute.

b) Instalazioen mantentzean, funtzionamenduan eta kontrolean, eskakizunak betetzean, uraren tratamenduan eta kontrolean eta igerilekua irekitzeko araubidean eta zaintzan zabarkeriaz jardute hutsa, betiere, eragindako nahasmendua edo arriskua oso garrantzitsua ez bada.

c) Erregelamendu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, betiere, arau hauste larritzat edo oso larritzat jo ez badira espresuki.

3. Arau hauste larritzat joko dira jarraian aipatzen direnak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 35.B) artikuluarekin bat:

a) Instalazioen funtzionamenduan kontrol falta izatea eta dagokion arretarik gabe jardutea, osasun arriskua dakarrenean.

b) Osasun agintaritza eskumendunak finkatutako berariazko eskakizunak ez betetzea, instalazioei, uraren eskakizunei, haren tratamenduari eta kontrolari edo igerilekua irekitzeko araubideari eta zaintzari dagokienez, betiere, lehenengo aldiz gertatu bada.

c) Beste arau hauste arin batzuekin batera egindakoak, edo haiek ahalbidetzeko edo ezkutatzeko balio izan dutenak.

d) Foru dekretu honetan araututako arloan, datuak edo informazioa emateari edo osasun agintariei edo haren ordezkariei laguntzeari oztopoak jartzea.

e) Erregelamendu honetan finkatutako betebeharrak ez betetzea, osasun arrisku nabarmena dakarrenean.

f) Azken hiru hilabetean hutsegite arinak egin izana behin baino gehiagotan.

4. Arau hauste oso larritzat joko dira jarraian aipatzen direnak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 35.C) artikuluarekin bat:

a) Foru dekretu honetan xedatutakoari buruzko arau hausteak, kontzienteki eta nahita egin direnean, eta instalazioetako erabiltzaileei kalte larria eragin zaienean.

b) Beste arau hauste larri batzuekin batera egindakoak, edo haiek ahalbidetzeko edo ezkutatzeko balio izan dutenak.

c) Osasun agintaritza eskumendunak agindutako berariazko eskakizunak behin baino gehiagotan ez betetzea.

d) Foru dekretu honetan araututako arloan, datuak edo informazioa emateari edo osasun agintariei edo haren ordezkariei laguntzeari ezezko borobila ematea.

e) Osasun agintariekin edo haren ordezkariekin erresistentziaz, bortxaz, mehatxuz edo errepresaliaz jardutea edo men ez egitea, edo presioa eragiteko beste edozein modutan jardutea.

f) Azken bost urteetan hutsegite larriak egin izana behin baino gehiagotan.

41. artikulua. Zehapenak.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 36. artikuluan xedatutako zehapenak ezarriko zaizkie foru dekretu honi dagozkion arau hausteei.

42. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Foru dekretu honen 25. artikuluan aurreikusitako egoerez gainera, osasun agintaritzak igerileku instalazioen funtzionamendua ixtea edo aldi baterako etetea, guztiz edo partzialki, agintzen ahalko du honako egoera hauetan:

a) Erantzukizunpeko adierazpen batean funtsezko datu faltsuak edo zehaztasunik gabekoak aurkeztu direnean, edo horiek aipatu ez direnean, horrek erabiltzaileen osasunerako edo segurtasunerako arriskua badakar.

b) Foru dekretu honetan xedatutakoa ez dela bete egiaztatzen denean, eta erabiltzaileen osasunerako edo segurtasunerako berehalako arriskua dagoela ikusten denean.

2. Zehapen prozedura hastean erabaki beharko da hartutako neurriak kendu eginen diren ala eutsi eginen zaien. Neurri horiek ez dira zehapenak izanen.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eranskinetako parametroak eta eskakizunak aldatzea.

Osasunaren alorreko eskumenak dituen departamentuaren titularrak emandako foru aginduaren bidez, foru dekretu honen eranskinetan jasotako parametroak eta eskakizunak aldatzen ahalko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.–Toki erakundeak eskuordetzea.

Baieztatu egiten dira foru dekretu hau indarrean jartzean, arauketa honekin lotutako eginkizunak gauzatze aldera, indarrean zeuden Nafarroako toki erakundeen eskuordetzeak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Erantzukizunpeko adierazpenen edukia.

Osasunaren arloan eskumenak dituen departamentuaren webgunean igerilekuen titularren eskura jarritako eredu normalizatuei jarraikiz eginen dira foru dekretu honetan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak.

Laugarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Foru Komunitateko Erabilera Kolektiboko Igerilekuen Osasun Errolda.

Instalazioen titularrek beren instalazioen funtsezko ezaugarriak eta haietan egiten diren aldaketak jakinarazi behar dizkiote Nafarroako Foru Komunitateko Erabilera Kolektiboko Igerilekuen Osasun Erroldari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitakoari, hark finkatutako ereduei jarraikiz.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Ontzi batekin lotuta ez dauden eta toki publikoetan jarrita dauden uretako atrakzioak.

Igerilekuak ez diren tokietan jartzen diren eta ontzi batekin lotuta ez dauden uretako atrakzioek foru dekretu honen IV. Eranskinean xedatutakoa bete behar dute.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Eskakizunak betetzeko epeak.

1. Bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa salbuespen, 2021eko urtarrilaren 1a izanen da igerilekuek foru dekretu honetan xedatutako eskakizunak betetzeko muga data, betiere, egokitzapen horrek instalazioak edo eraikuntza elementuak aldatzea eskatzen badu, eta erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna nabarmen arriskuan jartzen ez duten urritasunak badira.

2. Xedapen iragankor honetan xedatutakoaren babesean jardun nahi duten igerilekuen titularrek sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute foru dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo berrogeita bost egun balioduneko epean. Horrekin batera, teknikari eskumendunak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek jasoko dituena: instalazioan aurkitutako urritasunen xehetasunezko deskribapena, horiek egiturazko aldaketa eskatzen dutela arrazoitzen duena, zaharberritzea egin bitartean hartuko diren neurri gehigarriak, hautemandako urritasunek sortzen ahal dituzten arriskuak minimizatze aldera, eta, hala badagokio, igerilekuen erabiltzaileei haien berri emateko modua. Adierazpen hori aurkezten ez bada, igerilekuak ezin izanen du funtzionatu, foru dekretu honetan xedatutako baldintzetara egokitu arte.

Bigarren xedapen iragankorra.–105/2012 Foru Dekretuaren ondorioak.

Irailaren 19ko 105/2012 Foru Dekretuaren, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan agindutako zenbait eskakizunetara egokitzeko epea finkatzen duenaren, babesean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenek ondorioak izaten jarraituko dute; betiere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak horiei buruz ezarritako baldintzak betetzen badira.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Lanbide kualifikazioak eskuratzeko epeak.

1. Igerilekuetako ekipamenduen eta instalazioen mantentzerako eta garbiketarako langileen prestakuntza, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren 8. artikuluan finkatutakoa, arautzen ez den bitartean, ez da berariazko prestakuntzarik eskatuko jarduera hori gauzatzeko. Hiru urteko aldi iragankorra finkatzen da, arauketa hori egiten denetik zenbatzen hasita, prestakuntza hori eskatzen hasteko.

2. Hiru urteko aldi iragankorra finkatzen da, foru dekretu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, sorosleek foru dekretu honen 29.7 artikuluan jasotako eskakizunak bete ditzaten.

Denbora tarte horretan, baliozkotzat joko dira zentro edo erakunde publikoek edo pribatuek emandako igerilekuetako edo antzekoetako sorospeneko prestakuntza ziurtagiriak, foru dekretu hau indarrean jarri baino lehen eskuratutakoak, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean.

Denbora tarte berean, sorosleek dagokion lanbide kualifikaziorik ez badute, sorosle gisa jardun ahal izateko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, abuztuaren 31ko 176/2011 Foru Dekretuan finkatutako prestakuntza jaso izana egiaztatzen duena, desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak osasun esparrutik kanpo erabiltzeari dagokionez.

3. 1. eta 2. puntuetan xedatutakoaren kaltetan izan gabe, osasunaren alorreko eskumenak dituen kontseilariak xedapen honetan aurreikusitako epe iragankorrak luzatzen ahalko ditu, foru agindu baten bidez, egiaztatzen bada lan merkatuan ez dagoela behar adina langile, sorosle gisa edo igerilekuetarako ekipamenduen eta instalazioen mantentzerako eta garbiketarako langile gisa jarduteko kualifikazio egokia duenik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituena; irailaren 19ko 105/2012 Foru Dekretua, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan agindutako zenbait eskakizunetara egokitzeko epea finkatzen duena; eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo baxuagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Osasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean jartzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean jarriko da indarrean foru dekretu hau.

Iruñean, 2018ko urriaren 24an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA

Uraren kalitate parametroak

PARAMETROA

BALIO PARAMETRIKOA

UNITATEAK

OHARRAK

ONTZIA IXTEKO BALDINTZAK

pH

7,2-8,0 (muga balioak)

7,2-7,4 (gida balioak)

Balioak tartetik kanpo daudenean, Langelierren Indizea zehaztuko da, eta - 0,5 eta + 0,5 artean egon beharko du

Balioak 6,0tik behera edo 9,0tik gora badaude, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte

Tenperatura

24-30°C, ≤ 36ºC hidromasajerako ontzietan eta termaletan eta/edo mineromedizinaletan

ºC

Ontzi girotuetan bakarrik

Ontzi girotuetan balioak 40°C-tik gorakoak badira, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte

Gardentasuna

Hondoko hustubidea ongi ikustea

Hondoko hustubidea edo Secchi diskoa ez badira ondo ikusten

Erredox potentziala

250 mV-tik 900 mV-ra

Desinfektatzaileak kloro edo bromo eta haien deribatuak ez bestelakoak direnean neurtuko da.

Birzirkulazio denbora

Igerilekuaren zehaztapenen eta beharren arabera, kalitate parametroak eta 16.5 artikulua betetzeko behar diren denborak

(orduak)

Ontziko ur bolumen osoa birzirkulatuko da, gutxienez:

• 4 orduz behin, ontzi estali gabeetan.

• 3 orduz behin, ontzi estalietan eta mistoetan.

• 1 orduz behin, plisti-plasta ibiltzeko ontzietan eta bestelakoetan.

• 30 minutuz behin, hidromasajerako ontzietan, eta aerosolak sortzen dituzten ontzi terapeutiko girotuetan eta aerosolak sortzen dituzten ontzi termaletan eta/edo mineromedizinaletan

Uhertasuna

≤ 5

UNF

Balioa 20 UNF-tik gorakoa bada, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte

Hondakinezko desinfektatzailea

Hondakinezko kloro askea

0,5 - 2,0 Cl2

mg/l

Desinfektatzaile gisa kloroa edo haren deribatuak erabiltzen direnean kontrolatuko da

Halakorik ez bada, edo 5 mg/l-ko balioa gainditzen bada, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte; igerileku estalietan, gainera, areagotu eginen da aire berriztapena

Hondakinezko kloro konbinatua

< 0,6 Cl2

mg/l

Desinfektatzaile gisa kloroa edo haren deribatuak erabiltzen direnean kontrolatuko da

3 mg/l-ko balioa gainditzen bada, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte; igerileku estalietan, gainera, areagotu eginen da aire berriztapena

Guztirako bromoa

2-5 Br2

mg/l

Desinfektatzaile gisa bromoa erabiltzen denean kontrolatuko da

10 mg/l-ko balioa gainditzen bada, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte; igerileku estalietan, gainera, areagotu eginen da aire berriztapena

5,5’-dimetilhidantoina (DMH)

200

mg/l

Desinfektatzaile gisa bromo organikoa erabiltzen denean kontrolatuko da

Balioa 400 mg/l-tik gorakoa bada, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte

Azido Isozianurikoa

≤ 75

mg/l

Az. Trikloroisozianurikoaren deribatuak erabiltzen direnean kontrolatuko da

Balioa 150 mg/l-tik gorakoa bada, ontzia itxiko da, balioa normalizatu arte

Beste desinfektatzaile edo desinfekzio sistema batzuk

Agintaritza eskumendunak xedatutakoaren arabera

Agintaritza eskumendunak xedatutakoaren arabera

Adierazle mikrobiologikoak

Escherichia coli

0

CFU edo MPN 100 ml-an

Balio parametrikoa betetzen ez denaren susmoa izanez gero edo hala egiaztatuz gero, ontzia itxiko da, eta dagozkion neurri zuzentzaileak hartuko dira bainularien osasunerako arriskurik egon ez dadin

Pseudomonas aeruginosa

0

CFU edo MPN 100 ml-an

Legionella spp eta Legionella pneumophila

Hauteman gabe

CFU litro batean

Hautemate muga 100 CFU/L-tik behera

Hidromasajerako ontzietan, eta aerosolak sortzen dituzten ontzi terapeutiko girotuetan eta aerosolak sortzen dituzten ontzi termaletan eta/edo mineromedizinaletan bakarrik

II. ERANSKINA

Airearen kalitate parametroak. Igerileku estalietan neurtuko dira

PARAMETROA

BALIO PARAMETRIKOA

Hezetasun erlatiboa

< % 65

Giro tenperatura

Ontzi girotuak dituzten lokaletako airearen tenperatura lehorrak ontziko urarena gaindituko du 1 °C eta 2 °C artean, hidromasajerako ontzietan eta terapeutikoetan izan ezik

CO2

Ontzi estalien barrutiko airearen CO2 kontzentrazioak ez du gaindituko 500 ppm baino gehiagoz (bolumenean) kanpoko airearen CO2

III. ERANSKINA

Laginketarako gutxieneko maiztasuna

KONTROLAK

URETAN

AIREAN

GUTXIENEKO MAIZTASUNA

KONTROLAK ZER TOKITAN EGIN BEHAR DIREN

Hasierakoa

Denak

Denak

22.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laborategian eta igerilekuko kontagailuetan.

Errutina

pH, hondakinezko desinfektatzailea, uhertasuna, gardentasuna, tenperatura, birzirkulazio bolumena

Denak

Egunero, jardunaldi hasieran eta erabiltzaile gehien dauden unean. Aerosolak sortzen dituzten ontzi girotuetan, jardunaldiaren hasieran eginen da

In situ igerilekuko kontagailuetan

Aldizkakoa

Denak

Denak

22.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat

Laborategian eta igerilekuko kontagailuetan

–Errutinazko analisietan, eta desinfektatzeko klorozko produktu egonkorrak erabiltzen direnean, azido isozianurikoa ere neurtuko da.

–Titularrak aldizkako kontrola egiteko maiztasuna murriztea eskatzen ahalko dio agintaritza eskumendunari, bi urtez autokontrola egin ostean, errutinazko kontroletako eta aldizkako kontroletako balio guztiak I. eta II. eranskinetan jasotako balio parametrikoekin bat etorri badira beti.

IV. ERANSKINA

Ontzi batekin lotuta ez dauden uretako atrakzioak

Ontzi batekin lotuta ez dauden uretako atrakzioek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

1. Abenduaren 26ko 1801/2003 Errege Dekretuan, produktuen segurtasun orokorrari buruzkoan, xedatutakoari jarraikiz, uretako atrakzioek, funtzionatzen hasi baino lehen, errege dekretu horren 3.3 artikulua betetzen dutela egiaztatzen duen ziurtagiri bat izan beharko dute.

2. Uretako atrakzioei aldizkako azterketak eginen zaizkie, urtean behin gutxienez, eta behar diren mantentze lanak eginen dira, erabiltzeko egoera onean egon daitezen eta finkatutako segurtasun eskakizunak bete ditzaten. Prestakuntza eta bitarteko egokiak dituzten langileek egin behar dituzte azterketak eta mantentze lanak, fabrikatzailearen jarraibideak betez; egin ostean, dagokion ziurtagiria eman beharko dute.

3. Atrakzioak dauden gunea ez labaingarria izanen da, eta zoladuren ez labaingarritasunaren ziurtagiriak izan beharko dira.

4. Gutxienez urtean behin, martxan jarri baino lehen, garbiketa eta desinfekzio prozedura gauzatu beharko da instalazio horietan.

5. Atrakzio horiek ez badute uraren birzirkulaziorako sistemarik, giza kontsumorako egokia izan beharko du urak.

6. Birzirkulazioa duten atrakzioek, gainera, honako hauek bete beharko dituzte:

6.1. Atrakzioak dauden guneak etengabeko azaleko gainezkatzerako sistema egoki bat izan beharko du, sistema erregulatzaile bati hidraulikoki konektatutakoa. Sistemak ahalmen egokia izan behar du ontziaren ur bolumenerako, atrakzioek behar bezala funtziona dezaten; gainera, aireztatuta egon behar du, irisgarria izan behar du, garbitu ahal izateko, eta hustubidea izan behar du. Tanga horretako urari etengabeko iragazketa eta desinfekzio tratamendua egin behar zaio gutxienez, eta, edonola ere, uraren kalitateak foru dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren tratamendu egokiak.

6.2. Sistema erregulatzailea eta harekin lotutako tratamendua gune horretan dauden atrakzioetarako bakarrik erabiliko da.

6.3. Uraren tratamendu sistematikorako erabiltzen diren desinfektatzaileak eta gainerako produktuak gehitzeko, dosifikatzeko sistema automatikoak edo erdiautomatikoak erabili beharko dira. Sistema horiek behar bezala garbitu eta mantendu beharko dira, fabrikatzailearen jarraibideak betez, eta sasoi bakoitza hasi baino lehen haien egoera aztertuz.

6.4. Sistema erregulatzaileko ur bolumen osoa gehienez ere ordu batean birzirkulatzen dela bermatu beharko da.

6.5. Honako kontrol hauek egin behar dira:

a) Hasierako kontrola: instalazioa ireki aurretik eginen da, edo atrakzioak 2 astez baino gehiagoz itxita izan ostean edo uraren kontrol parametroak nabarmen aldatzen ahal dituzten bestelako aldi baterako itxialdien ondoren. I. Eranskinean finkatutako parametroak kontrolatuko dira.

b) Errutinazko kontrola: atrakzioen uraren tratamenduaren eraginkortasuna aztertze aldera, eguneroko kontrolak eginen dira, III. Eranskinean deskribatutako moduan. Lortutako emaitzak Osasun Kontrolerako Erregistro Liburuan jasoko dira egunero, derrigorrezkoa baita instalazio bakoitzak horrelako liburu bat izatea.

c) Aldizkako kontrola: hilero eginen da, eta I. Eranskinean xedatutakoa betetzen den aztertuko. Kontrola III. Eranskinean deskribatutakoari jarraikiz eginen da, eta irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuaren 9. artikuluan finkatutako eskakizunak betetzen dituen laborategi batek egin beharko du.

d) Atrakzioetako ura girotua bada, hasierako kontroleko eta aldizkako kontroleko analisietan Legionella spp eta Legionella pneumophila parametroak ere sartuko dira.

6.6. Ur laginak instalazioaren adierazgarriak izanen dira. Ur laginak zirkuitutik hartuko dira, eta iturri egokiak izan beharko dira horretarako; edo, bestela, atrakzioetatik bertatik hartuko dira.

6.7. Atrakzioetako ura tratatzeko, erregelamendu bidez baimendutako produktuak erabiliko dira, eta behar bezala etiketatuta egon beharko dute, indarreko legediarekin bat. Dagozkien arau tekniko espezifikoetan eta/edo haien segurtasun datuen fitxetan adierazi bezala biltegiratuko eta erabiliko dira, eta horiek eskuragarri egon behar dute beti instalazioan.

V. ERANSKINA

Igerilekuetako uraren laginak hartzea

Laginak hartzean, hondakinezko desinfektatzaile askea neurtuko da gutxienez “in situ”, bai eta tenperatura ere, Legionellaren kontrolerako laginetan, eta hartualdiaren data eta ordua jasoko dira idatziz.

Laginak hozkailuan gorde behar dira, eta ahalik eta lasterren eramanen dira laborategira, aztertzeko.

Analisi fisiko-kimikorako.

–Litro bateko ontzia, tapoi hariztatuduna. Ez da beharrezkoa esterila izatea.

–Ez du neutralizatzailerik izan behar.

–Hartu ur kantitate txiki bat, eragin ontziari, eta bota. Jarraian, hartu lagina 10 eta 30 cm arteko sakoneran.

Analisi mikrobiologikorako.

–Gutxienez 500 mililitroko ontzi esterila, tapoi hariztatuduna, tiosulfato sodikoa edo beste neutralizatzaileren bat gehituta.

–Erabiltzeko unean irekiko dira ontziak.

–Ontziari tapa kendu, eta lagina hartzen da ontzia ia-ia horizontalean urperatuz, baina ontziaren ahoak gorantz jotzen duelarik, ontziko neutralizatzailea ez dadin sakabanatu.

–Ontziari beheko aldetik eutsi behar zaio, eta ez lepotik, istripuzko kutsadurarik ez gertatzeko.

–Lagina uraren azaletik 10-30 zentimetrora hartu behar da, eta berehala ontzia itxi.

–Ontzia astindu emeki, neutralizatzaileak eragin dezan.

Ontziko uretan Legionella analizatzeko.

–Gutxienez 1 litroko ontzi esterila, tapoi hariztatuduna, tiosulfato sodikoa edo beste neutralizatzaileren bat gehituta.

–Ontziko uraren lagina hartzeko, ireki aurrez ur difusoreak eta aire puzgailuak, gutxienez minutu batez.

–Prozeduraren gainerako urratsak analisi mikrobiologikoan bezala egin behar dira.

–Lagina difusoreetatik hartzen bada, uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren 6b) Eranskinean finkatutako prozedurari jarraituko zaio.

VI. ERANSKINA

Lehen sorospenetarako lokala

30.1 artikuluan aipatzen den lokala behar bezala seinaleztatuta egonen da, eta dagozkion neurriak eta aireztatze baldintzak izanen ditu, zertarako erabiltzen den kontuan hartuta. Zorua ez labaingarria izanen da, eta hormen estaldura, leuna, garbitzeko modukoa eta iragazgaitza. Ohatila egonen da, bai eta konketa ere, txorrotako urarekin.

Botika kutxako produktuak egoera onean egonen dira, kontserbazio egoerari zein iraungitze datei dagokienez, eraginkorrak eta seguruak direla bermatzeko.

Larrialdietarako botika kutxan honako elementu hauek egonen dira, gutxienez:

–Berpizteko maskara eta baloia, eta oxigeno botila.

–Guraize zuzenak.

–Arropa ebakitzeko guraizeak.

–Erabilera bakarreko matxarda klinikoak.

–Erabili eta botatzeko binilozko edo nitrilozko eskularruak, zenbait neurritakoak.

–Tapaki termikoa.

–Hotz/bero poltsa.

–Ziztadak tratatzeko azalean emateko produktua.

–Pobidona iodatua edo beste antiseptikoren bat, dosi bakarreko ontzitan.

–Garbitzeko serum fisiologikoa dosi bakarreko ontzitan.

–Esparatrapua (hipoalergenikoa).

–Hainbat neurritako tiritak eta aposituak.

–Hurbilketa puntuak.

–Crepe motako benda elastikoak, zenbait neurritakoak.

–Gaza esterilen poltsatxoak.

–Tul koipetsuzko aposituak.

–Kuxindurazko kotoizko benda.

–Lepoko erregulagarria edo zenbait neurritako lepokoak: haurrentzat eta helduentzat.

–Guedel hodi malguak, 00tik 5 zenbakira bitartekoak (gutxienez, bakoitzetik bat).

–Bizkarrezurreko taula flotagarria, gerrikoak eta bestelako euskailuak dituena, lesionatuak behar bezala immobilizatu eta garraiatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: F1812868