221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

85/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 17koa, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez garatzeko Erregelamendua onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko tributu eta bilketa arloko errekurtsoak administrazio bidean aurkezteko araudia Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluko VII. kapituluan jasotzen da funtsean; kapitulu hori uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Birjarpenezko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamenduak garatzen du, besteak beste.

Beharrezkoa da erregelamendu hori eguneratzea eta modernizatzea, kontuan hartuta bai abenduaren 28ko 28/2016 Foru Legeak bai Zenbait zerga aldatzeari eta tributu arloko beste neurri batzuei buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak lege arau horretan sartu berri dituzten arau aldaketak eta azken horren lehen xedapen iragankorrean ezarritako aurreikuspena.

Adierazpen horiek betetzeko, Erregelamendu berri bat onesten da; Erregelamendu horrek aurrekoa ordezten du osorik, ezertan eragotzi gabe indarra hartzen duen unean dauden prozedurei buruzko xedapen iragankorrean ezarritakoa, eta aplikatuko zaie indarra hartzen duenetik aurrera abiarazten diren prozedurei.

Erregelamenduak 72 artikulu ditu, zazpi titulutan banatzen direnak.

I. tituluak prozedura guztiei oro har aplikatu beharreko arauak ezartzen ditu, prozedura zehatz batzuetan arautzen diren alderdiei izan ezik. Horrela, honako hauek ezartzen dira: isiltasun administratiboaren efektuak (horrelakotzat jotzen da prozedura bakoitzaren gehieneko epeen barnean ebazpenak berariaz ez jakinaraztea), errekurtsogileek prozeduran interesdunen izaera lortzeko bete behar diren baldintzak, ordezkariaren bidez jarduteko aukera, eta errekurtsoa aurkezteko eskaeretan edo idatzietan aipatu behar den edukia.

II. tituluak berraztertzeko errekurtsoa arautzen du, eta ez du aldaketa handirik indarreko araudiarekin alderatuta. Hona hemen berritasun adierazgarrienak: errekurtsoa ez onartzeko berariazko arrazoiak zehaztea, eta berariazko ebazpena jakinarazteko ezarritako gehieneko epea luzatzea, zeina hiru hilabetekoa izanen baita errekurtsoa aurkezten denetik, organo eskudunei hilabeteko epea baino arrazoizkoagoa dena emate aldera errekurtsoa ebatzi eta jakinaraz dezaten. Halaber, aurkaratutako egintzaren betearazpenaren etena arautzen da.

III. tituluak egun dagoen araudiari buruzko berritasun adierazgarriak ditu. Erreklamazio ekonomiko-administratiboei buruzko alderdiak arautzen ditu, eta hiru kapitulutan banatzen da. Lehena bat dator Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusitako araudiarekin, eta erreklamazio horren gaiak eta gai horien inguruan aurkara daitezkeen egintzak ezartzen ditu.

II. kapituluak Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboa arautzen du, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak ezartzen duenez egintzak bide ekonomiko-administratiboan berrikusteari dagokionez Nafarroako Gobernuaren berraztertzeko ahalmena gauzatzearen arduraduna den administrazio organoa, hain zuzen. Horri dagokio erreklamazio ekonomiko-administratiboez arduratzea, eta horiek tramitatu eta ebaztea, eta haren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio bideari, nahiz eta horien aurka errekurtsoa jar daitekeen zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bere legeak ezarri bezala. Beste berritasun garrantzitsu bat da Auzitegiak osoko bilkuran edo bakarrik jardun ahal izatea erregelamenduz ezarritako kasuetan. Arau orokor gisa, erreklamazio ekonomiko-administratiboak ebazteko eskumena Auzitegiaren osoko bilkurari dagokio; lehendakariak eta kideek osatzen dute hori. Baina, zenbait kasutan (adibidez, tramitera ez onartzeko adierazpenak, aurkaratutako egintza eteteari buruzko ebazpenak, edo espedienteak tramitatzean sor daitezkeen gorabeheren konponketa), Auzitegiak eraginkortasun osoz jardun dezake kideetako bakar baten bidez. Bi antolaketa neurri horiek jarduera azkartzea ekarri behar dute beraiekin, eta horrek, auzitegiaren beraren lana errazteaz gain, errekurtsogileei onura ekarriko die, egungo epea baino laburragoa den batean jasotzen ahalko baitituzte jakinarazpenak. Halaber, Auzitegiak aurkaratzen den egintza eteteko aukera ezartzen da.

III. tituluaren III. kapituluak Auzitegiaren aurrean jarraitu beharreko prozedura arautzen du, bi berritasun adierazgarri aurreikusita. Zuzen-zuzenean gaiaren mamiari buruzkoak ez diren elementuak izan arren, horri edo hasitako prozeduraren baliotasunari berari lotuta dauden alderdien aurrean arazo intzidentalak aurkezteko aukerari buruzkoa da lehena. Nabarmendu beharreko bigarren berritasuna da erreklamazioa ebazteko ezarritako urteko gehieneko epea etetea ahalbidetzen duten kasu zehatz batzuk ezartzen direla, eta eteteko denborak xedatzen direla baldin eta Erregelamenduak xedatzen dituen baldintzak gertatzen badira. Horrez gain, alderdi batzuk argitzen dira, egungo arauketaren arabera zalantzazkoak izan litezkeenak, baina, oro har, indarreko arauketari eusten zaio.

IV. titulua berrikuspen-prozedura bereziei buruzkoa da: 16/2017 Foru Legea onetsi arte, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 140. eta 146. artikuluen arteko testuak arautzen zituen horiek modu berariazkoan eta laburrean; beraz, berritasuna dakar erregelamendu bidezko arauketan. Legezko arau berrien egitura eta garapen berriak dakartza, eta honako hauek argitzen ditu: tramitatzeko eta ebazteko eskumenak, aurkezteko eta ebazteko epeak, eta Nafarroako Kontseiluaren txostena eskatzeko aukera.

V. tituluak berrikuspen-errekurtso berezia arautzen du, eta berritasun handiak dakartza aurreko arauketaren aldean. Ebazteko eskumenari buruzkoa da lehena, eta hori bat dator erreklamazio ekonomiko-administratiboetarako ezarritakoarekin. Bigarrenak zerikusia du “egitatezko akatsa”k errekurtsoa aurkezteko arrazoia izateari uztearekin, gure inguruko beste zerga administrazio batzuen indarreko legedian xedatutakoarekin bat. Hirugarrena Nafarroako Kontseiluari irizpena eskatu beharraren derrigorrezkotasuna kentzeari buruzkoa da; izan ere, eskaera hori hautazko bihurtzen da, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak berari aurkezten zaizkion kontuak ebazteko duen espezializazioak berme nahikoa baitakar berekin, ezertan eragotzi gabe komenigarritzat jotzen denean hori eskatzeko aukera. Laugarren berritasunak dena delako ebazpena jakinarazteko gehieneko epea handitzen du pixka bat, hiru hilabetetik lau hilabetera, hain zuzen. Eta azken berritasuna bada erreklamazio ekonomiko-administratiboetarako ezarritako arauak modu osagarrian aplikatzea arauketak berak aurreikusten ez duen guztian.

VI. tituluak ere berritasuna dakar erregelamendu bidezko arauketan. Ekonomia eta administrazio arloko berrikuspen-prozeduretan emandako ebazpenak betearazteko jarduketak ukitzen ditu.

Eta VII. tituluak egintza baten betearazpena eteteko edo zor baten ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko emandako bermeen kostua itzultzeko modua arautzen du haren definizioari, irismenari, hori gauzatzeko eskumena duten organoei eta haren prozedurari dagokienez.

Hortaz, ondoriozta daiteke Erregelamendu hau onesteak berekin dakarrela une honetara arte indarrean egon den araudia eguneratzea eta modernizatzea. Horrela, izapidetze administratiboa azkartzen lagunduko du (horixe da alderdi garrantzitsuena), baita herritarrei arlo horretan ematen zaien zerbitzua hobetzen eta legezkotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak finkatzen eta garatzen ere.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 17ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez garatzeko Erregelamendua onestea.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez garatzeko Erregelamendua onesten da.

Xedapen iragankor bakarra.–Indarra hartu aurretik edo ondoren administrazio bidean hasitako berrikuspen-prozedurei aplikatzea.

1. Zenbait zerga aldatzeari eta tributu arloko beste neurri batzuei buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legearen bosgarren artikuluko hogeita zazpigarren apartatuan eta lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, Erregelamendu hau aplikatuko zaie horrek indarra hartzen duenetik aurrera hasten diren administrazio bideko berrikuspen-prozedurei.

2. Halaber, Zenbait zerga aldatzeari eta tributu arloko beste neurri batzuei buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera aplikatuko dira foru lege horrek indarra hartu baino lehen aurkeztutako erreklamazio ekonomiko-administratiboei eta berrikuspen-errekurtso bereziei buruzko ebazpen eskumenaren arloko xedapenak.

3. Erregelamendu honek indarra hartu baino lehen aurkeztutako eteteko eskaerak amaitu arte tramitatuko dira eskaera horiek aurkeztu diren unean indarrean zegoen araudiaren arabera.

Xedapen indargabetzailea.–Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Birjarpenezko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamendua.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaitasuna.

Ogasun arloko eskumena duen departamentuko titularrari baimena ematen zaio erregelamendu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

ERANSKINA

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez
garatzeko Erregelamendua

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

2. artikulua. Isiltasun administratiboa.

3. artikulua. Prozedurako interesdunak.

4. artikulua. Ordezkaritza.

5. artikulua. Abiarazteko eskaeraren edo idazkiaren edukia.

II. TITULUA.–Berraztertzeko errekurtsoa.

6. artikulua. Errekurtsoaren xedea eta izaera.

7. artikulua. Aldiberekotasunaren ondorioak.

8. artikulua. Eskumena.

9. artikulua. Aurkezteko epea.

10. artikulua. Aurkeztearen ondorioak.

11. artikulua. Errekurtsoaren hasiera.

12. artikulua. Ez onartzeko arrazoiak.

13. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren bidez aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea.

14. artikulua. Errekurtsoa ebaztea.

15. artikulua. Osagarritasuna.

III. TITULUA.–Erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

I. KAPITULUA.–Alderdi orokorrak.

16. artikulua. Zer gairi buruz aurkezten ahal diren erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

17. artikulua. Aurkaratzen ahal diren egintzak.

II. KAPITULUA.–Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboa.

1. atala.–Xedapen orokorrak.

18. artikulua. Eskumena.

2. atala.–Auzitegiaren osaera eta kideen eginkizunak.

19. artikulua. Osaera eta izendapena.

20. artikulua. Ordezpenak.

21. artikulua. Auzitegiko lehendakariaren eginkizunak.

22. artikulua. Auzitegiko kideen eginkizunak.

23. artikulua. Auzitegiko idazkariaren eginkizunak.

3. atala.–Auzitegiko kideen abstentzioa eta errekusazioa.

24. artikulua. Abstentzioa.

25. artikulua. Errekusazioa.

4. atala.–Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren funtzionamendua eta barne-araubidea.

26. artikulua. Funtzionamendua.

27. artikulua. Deialdia eta gai-zerrenda.

28. artikulua. Bileraren ordena.

29. artikulua. Erabakiak hartzea. Boto partikularrak.

30. artikulua. Bileren aktak.

III. KAPITULUA.–Prozedura.

1. atala.–Abiaraztea.

31. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkeztea.

32. artikulua. Erreklamazio kolektiboa.

2. atala.–Zabalkuntza eta metaketa.

33. artikulua. Berrikuspena zabaltzea.

34. artikulua. Interesdunek metatzea.

35. artikulua. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak metatzea.

3. atala.–Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren egoitzan aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea.

36. artikulua. Betearazpena eteteko arrazoiak.

37. artikulua. Eteteko eskaera. Bermeak.

38. artikulua. Bilketa organoei irizpena edo txostena eskatzea.

4. atala.–Izapidetzea.

39. artikulua. Espedientea edo jarduketak erreklamatzea.

40. artikulua. Proba. Dokumentazioa eta txostenak eskatzea.

41. artikulua. Adostasun-aktei eta -proposamenei buruzko erreklamazioetan txostena eskatzea.

42. artikulua. Arazo intzidentalak.

43. artikulua. Arazo prejudiziala.

44. artikulua. Tramitazio laburtua.

5. atala.–Ebaztea.

45. artikulua. Ebaztea.

46. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa ez onartzea.

47. artikulua. Amaitzeko beste modu batzuk.

48. artikulua. Jakinarazpenak.

IV. TITULUA.–Berrikuspen-prozedura bereziak.

I. KAPITULUA.–Erabat deusezak diren egintzen berrikuspena.

49. artikulua. Abiaraztea.

50. artikulua. Aurkaratutako egintza etetea.

51. artikulua. Izapidetzea.

52. artikulua. Ebaztea.

II. KAPITULUA.–Egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-deklarazioa.

53. artikulua. Abiaraztea.

54. artikulua. Izapidetzea.

55. artikulua. Ebaztea.

III. KAPITULUA.–Zerga arloko egintzak eta zehapenak jartzekoak errebokatzea.

56. artikulua. Abiaraztea.

57. artikulua. Izapidetzea.

58. artikulua. Ebaztea.

IV. KAPITULUA.–Akats materialak, egitezkoak eta aritmetikoak zuzentzeko prozedura.

59. artikulua. Akatsak zuzentzeko prozedura.

V. KAPITULUA.–Berrikuspen-errekurtso berezia.

60. artikulua. Berrikuspen-errekurtso berezia.

VI. TITULUA

Administrazio errekurtsoak eta ebazpenak betearaztea

61. artikulua. Administrazio errekurtsoak eta ebazpenak betearaztea.

62. artikulua. Aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko aurkeztutako bermeen murrizketa proportzionala.

63. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak betearazteko arau bereziak.

VII. TITULUA

Bermeen kostua itzultzea

64. artikulua. Aplikazio-eremua.

65. artikulua. Itzulketaren xede diren bermeak.

66. artikulua. Emandako bermeen kostua zehaztea.

67. artikulua. Organo eskudunak.

68. artikulua. Abiaraztea.

69. artikulua. Izapidetzea.

70. artikulua. Ebaztea.

71. artikulua. Betearaztea.

72. artikulua. Emandako bermeen kostuaren murrizketa proportzionala.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua Xedea eta aplikazio-eremua.

Erregelamendu honek Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra garatzen du egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez, baita aurkaratutako egintza baten betearazpena eteteko edo zor baten ordainketa geroratzeko aurkeztutako bermeen kostua itzultzeari dagokionez ere, baldin eta egintza hori edo zor hori bidegabetzat jotzen bada.

2. artikulua. Isiltasun administratiboa.

1. Erregelamendu honetan arautzen diren prozeduretan, epea amaitu eta interesdunei berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaie, interesdunek prozedura horiek ezetsitzat jotzen ahalko dituzte isiltasun administratiboaren ondorioz, eta aukera izanen dute legez aplikatu beharreko araudiaren arabera dagokion errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko.

2. Epea mugaeguneratu ondoren organo eskudunek emandako berariazko ebazpenak ez du loturarik izanen isilbidearen nondik-norakoarekin.

3. artikulua. Prozedurako interesdunak.

1. Erregelamendu honetan aurreikusitako ondorioetarako, administrazio prozedurako interesduntzat jotzen dira beren eskubideetan edo bidezko interesetan kaltea hartzen duten zergapekoak.

2. Lege edo erregelamendu arauetan berariaz kontrakoa adierazi ezean, honako hauek ez dira legitimatuta egonen errekurtsoak edo erreklamazioak aurkezteko:

a) Funtzionarioak, salbu eta berehala eta zuzenean urratzen bada onartua duten eskubide bat edo haien interes legitimoak ukitzen badira.

b) Partikularrak, Administrazioak eskuordetuta jarduten dutenean edo haren agente edo mandatudun gisa.

c) Salaketaren egileak.

d) Itun edo kontratu bidez zerga betebeharrak beren gain hartzen dituztenak.

e) Aurkaratutako egintza eman duten organoak, salbu eta bestelakorik xedatzen bada foru lege maila duen arau batean.

3. Interesdunaren legitimazioa harreman juridiko eskualdagarriren baten ondorioz sortua bada, eskubideduna izanen da ondorengo interesduna, prozeduraren tramitazioa edozein egoeratan dagoela ere.

4. Prozedura tramitatzen den bitartean horretan agertu ez diren eskubide edo bidezko interesen titular diren beste batzuk egon badaudela ohartuz gero, errekurtsoa edo erreklamazioa dagoela jakinaraziko zaie, hamar eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten, jakinarazi ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

5. Hurrengo artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, prozedura zehatz batean hainbat interesdun daudenean, sortzen diren jarduketak horiek berariaz izendatu duten ordezkariarekin edo interesdunarekin eginen dira eta, horrelakorik ez badago, aurkezteko idazkian lehen-lehena aipatzen denarekin.

4. artikulua. Ordezkaritza.

1. Interesdunek beren kabuz edo ordezkari bidez jarduten ahalko dute, eta horrexekin gauzatuko dira administrazio jarduketak, berariaz kontrakoa adierazi ezean. Hala ere, baliozkoak eta eraginkorrak izanen dira Administrazioak interesdunekin zuzenean gauzatzen dituen jarduketak, nahiz eta ordezkaria izendatu.

2. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatzen ahalko da, betiere baliabide horrek ordezkaritza egon badagoela modu fidagarrian jasotzen badu, organo eskudunaren aurrean pertsona agertuta egindako apud acta ahalordea barne. Ordezkatzeko ahalordea nahikoa ez bada tramitatzeko eta ebazteko edozein egintzatarako, hamar eguneko epea emanen da, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, ordezkaritza frogatzen duen dokumentua aurkezteko edo zuzentzeko. Epe horretan berean, interesdunak ordezkariak haren izenean egindako jarduketa berretsi, eta ordezkaritza frogatzen duen dokumentua aurkezten ahalko du ondoko jarduketetarako. Atzemandako akatsak emandako epearen barnean zuzendu ezean, ukitutako egintzaren zein ondokoen tramitazioa zergapekoarekin gauzatuko da zuzenean, zuzenketa hori legez egiaztatu arte.

3. Erregelamendu honetan arautzen diren prozeduretan, ez da derrigorrezkoa abokatuak edo prokuradoreak esku hartzea.

5. artikulua. Abiarazteko eskaeraren edo idazkiaren edukia.

1. Erregelamendu honetan arautzen diren prozedurak interesdunak eskatuta abiarazten direnean, abiarazteko eskaerak edo idazkiak honako datu hauek izan beharko ditu gutxienez:

a) Interesdunaren izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea. Ordezkari bidez jarduten bada, modu osagarrian ordezkariari buruzko aipamen berdinak gehitu beharko dira.

b) Abiarazten den errekurtso, erreklamazio edo prozedura mota edo horren izaera zehaztea.

c) Errekurtsoa edo erreklamazioa zer organotan aurkezten den edo zer organori eskatzen zaion prozedura abiarazteko.

d) Aurkaratzen den edo espedientearen xede den administrazio egintza edo jarduketa zehaztea, baita hori eman zen eguna eta horren inguruan komenigarritzat jotzen diren gainerako datuak ere.

e) Errekurtsoa edo erreklamazioa egiteko arrazoiak, eta interesdunaren asmoa.

f) Jakinarazpenetarako helbidea, hori ez bada a) letran adierazitakoa; bakarra izan beharko da. Hainbat helbide aipatzen badira, jakinarazpenak interesdunak ondorio horietarako adierazitako azkenera igorriko dira. Helbiderik aipatu ezean, jakinarazpenak interesdunen zerga-egoitzara igortzen ahalko dira.

g) Idazkiaren edo eskaeraren tokia, eguna eta sinadura.

h) Sartutako diru kopuruak ordaintzeko edo horiek itzultzeko eskatzen bada, sarrera egin beharreko kontuaren IBAN zenbakia. Hori idazkian adierazten ez denean, ogasun arloan eskumena duen departamentuaren datu-baseetan eskatzaileari lotuta agertzen den edozein banku-kontutan ordaintzen ahalko da itzulketa.

i) Aplikatu beharreko araudian ezarrita dagoen beste edozein.

2. Abiarazteko eskaerak edo idazkiak ez baditu betetzen aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak, eta Erregelamendu honetako zuzenketa arau bereziak ezertan eragotzi gabe, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak aurkezteko, eta berariaz ohartaraziko zaio errekerimendu hori aintzat hartu ezean jarduketak artxibatuko direla eta eskaera edo idazkia ez aurkeztutzat joko dela.

3. Errekurtsogileak errekurtsoaren edo erreklamazioaren kalifikazioan akatsa egiten badu edo hori jasotzen ez badu, berdin-berdin tramitatuko da, baldin eta aurkeztutako idazkitik eta gainerako zirkunstantzietatik modu arrazoizkoan ondoriozta badaiteke haren benetako izaera.

4. Errekurtsoa edo erreklamazioa eskuduna ez den administrazio organo batean aurkezten bada, idazkia jasotzen duen organoak ofizioz igorri beharko dio eskuduntzat jotzen den administrazio organoari, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

II. TITULUA

Berraztertzeko errekurtsoa

6. artikulua. Errekurtsoaren xedea eta izaera.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa har dezaketen administrazio egintza guztiak aurretik aurkaratzen ahal dira berraztertzeko errekurtsoaren bidez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta titulu honetan xedatutakoaren arabera.

2. Berraztertzeko errekurtsoa hautazkoa izanen da, eta interesdunek erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkez dezakete zuzenean egintza horien aurka.

7. artikulua. Aldiberekotasunaren ondorioak.

1. Berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa ezin izanen dira aldi berean erabili.

2. Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztean, interesdunak adieraziko du ez diola horri aurka egin bide ekonomiko-administratiboan.

3. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak onartezintzat joko ditu Administrazioaren edozein egintzari buruzko erreklamazio ekonomiko-administratiboak, agertzen baldin bada egintza hori berraztertzeko errekurtsoaren bidez aurkaratu dela eta hori ez dela ebatzi edo baztertu isiltasun administratiboaren ondorioz; kasu horretan, espedientea dagokion organo kudeatzaileari itzuliko zaio. Hori ez da oztopoa izanen, ondoko erreklamazio baten bidez eta berraztertzeko errekurtsoa amaitu ondoren, gai beraren mamiari buruzko ebazpena emateko.

4. Berraztertzeko errekurtsoaren aurretik gai berari buruzko erreklamazio bat aurkeztu dela egiaztatzen bada, errekurtso hori amaitutzat jo, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Halaber, jardundako guztia Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboari igorriko zaio.

5. Berraztertzeko aurreko errekurtso bat isiltasun administratiboaren bidez ukatzearen aurka erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ondoren, erreklamazioa ebatzi baino lehen errekurtso hori berariaz ebazten bada, berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena erabat baieslea izanez gero prozedura amaitutzat joko da, errekurtsogileen asmoen satisfazio administratiboaren ondorioz.

Berraztertzeko errekurtsoaren berariazko ebazpenak beste erabaki bat badakar, hori espediente ekonomiko-administratibora gehituko da dokumentu osagarri gisa, hurrengo ebazpenean kontuan har dadin.

6. Dagokion errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztutzat jotzen den unearen ondorioetarako, aurkezpen horren eguna, ordua eta minutua hartuko dira kontuan.

7. Interesdunak errekurtsoaren izaera adierazten ez badu idazkian edo izaera hori haren edukitik ondorioztatzen ez bada, erreklamazio ekonomiko-administratiboa dela ulertuko da.

8. artikulua. Eskumena.

Berraztertzeko errekurtsoaz arduratzeko eta hori tramitatzeko eskuduna izanen da aurkaratutako egintza eman duen organoa, antolaketa administratiboari buruzko arauek eskumena beste bati esleitu ezean.

9. artikulua. Aurkezteko epea.

Berraztertzeko errekurtsoa idatziz jarri beharko da hilabeteko epean, berrikusteko eskatzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Isiltasun administratiboaren kasuetan, eragina izan eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko da errekurtso hori.

10. artikulua. Aurkeztearen ondorioak.

Berraztertzeko errekurtsoak beste errekurtso batzuk erabiltzeko epeak eteten ditu, eta epe horiek hasieratik zenbatuko dira berriro, indargabetutako ebazpena berariaz jakinarazten den egunetik aurrera edo, hala denean, ezetsitzat jotzen den egunetik aurrera.

11. artikulua. Errekurtsoaren hasiera.

1. Berraztertzeko errekurtsoa Erregelamendu honen 5. artikuluan adierazitako datuak jasotzen dituen idazkiaren bidez aurkeztuko da.

2. Egitezko nahiz zuzenbideko gorabeherei buruzko alegazioak eginen dira berraztertzeko errekurtsoan, egokitzat jotzen direnak. Idazki horrekin batera, lortu nahi den asmorako oinarri diren agiriak aurkeztuko dira.

3. Interesdunak kudeaketa espedientea eta administrazio jarduketak behar baditu alegazioak egiteko, bulego kudeatzailean agertu beharko du errekurtsoa aurkezteko emandako aldiaren barnean.

4. Eskatutako espedientea edo administrazio jarduketak erakutsi beharko dizkio interesdunari bulego kudeatzaileak, horretako buruaren erantzukizunpean.

5. Aurkaraturiko egintza eteteko eskatzen bada, eskaera horrekin batera, hala denean, errekurtsoa abiaraztearen idazkiaren kopia eta Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera eman beharreko bermeen frogagiriak aurkeztuko dira.

12. artikulua. Ez onartzeko arrazoiak.

1. Errekurtsoa ebazteko organo eskudunak hori ez onartzea erabakitzen ahalko du, baldin eta zirkunstantzia hauetako baten bat gertatzen bada:

a) Errekurtsoa jasotzen duen organoak eskumenik ez izatea, Erregelamendu honen 5. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

b) Gaitasun edo legitimazio baldintzak ez betetzea.

c) Behin betiko aurreko egintza irmo batzuen errepikapena diren egintzen aurka aurkeztea, edo denbora nahiz forma aldeko baldintzetan ez errekurritzeagatik onartu diren egintzak berresten dituztenen aurka.

d) Jada epaitu edo ebatzi den zerbaiti buruzkoa izatea.

e) Errekurtsoa aurkezteko epea iragan izana.

f) Agertzea errekurtsogileak aurretik erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu duela egintza beraren aurka.

g) Aurkaratu ezin diren egintzak izatea xede.

2. Ez onartzeari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

13. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoaren bidez aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea.

1. Berraztertzeko errekurtsoa aurkezteak ez du aurkaratutako egintzaren betearazpena eteten, legezko ondorio guztiekin, kuota edo eskubide likidatuen, interesen eta aplikatu beharreko errekarguen bilketa barne.

2. Dena den, aurkaratzeak zerga-zehapen bat ukitzen badu, horren betearazpena automatikoki etenen da bermerik eman behar izan gabe, zehapena irmoa izan arte administrazio bidean, ez bada horren aurkako errekurtsoa aurkezten jurisdikzio bidean eta ez bada eskatzen haren betearazpena eteteko; izan ere, kasu horretan, agintaritza judizialak xedatzen duenari jarraituko zaio.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 30.4 artikuluan aurreikusitako zerga-zehapenak ordaintzeko erantzukizunak ez dira etenen apartatu honen arabera.

3. Errekurtsogileak betearazpen hori eteteko eskatzen ahalko du aurkaratutako egintza eman duen organoaren aurrean, eta organo hori izanen da hori tramitatzeko eta ebazteko eskumena duena.

Hala ere, aurkaratutako administrazio egintzaren bilketa organoak ebatzi behar du artikulu honen 7. apartatuko a) letran aurreikusitako eten automatikoaren eskaera.

4. Aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko eskaerak horretaz arduratzen diren organoen jarduketak eteten ditu organo eskudunak hori berariaz ebatzi arte.

5. Eskaera hori nahitaez lotuta egonen da aurretik edo aldi berean aurkeztu den berraztertzeko errekurtso bati, eta idatziz egin beharko da aurkeztutako errekurtsoa ebatzi aurreko edozein unetan. Horrez gain, argi eta garbi adierazi behar du zer egintzaren betearazpena eten nahi den; eta, hala denean, emandako bermearen baliozkotasuna, eraginkortasun juridikoa eta gaitasun ekonomikoa justifikatu eta frogatzen dituzten dokumentuekin batera aurkeztuko da. Dena den, ebazpena emateko eskumena duen organoak zirkunstantzia horiek egiaztatzen ahalko ditu bilketa organoei berariaz eskatutako irizpenaren edo txostenaren bidez.

Eteteko eskaerak ez baditu betetzen eskatzen diren baldintza guztiak edo horrekin batera bermea justifikatzen duten agiriak aurkezten ez badira, hamar eguneko epea emanen da akats horiek zuzentzeko. Zuzenketa hori emandako epearen barnean egiten ez bada, ez egindakotzat jo, eta tramite gehiagorik gabe artxibatuko da.

6. Bermea emateko eskatzen denean, aurkaratutako egintzaren betearazpenaren etena baimentzeko, berme hori hilabeteko epean eratu beharko da, horretarako baimena eman dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarotzen bada etena onartu duen organoari bermea eratu izana modu fede-emailean jakinarazi gabe interesdunari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, automatikoki ukatutzat joko da inolako jakinarazpen osagarririk egin behar izan gabe.

7. Hurrengo kasuetan hartuko da aintzat eteteko eskaera:

a) Automatikoki, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 143. artikuluko 3. zenbakian aurreikusitako bermeetako baten bat ematen denean, bertan ezarri bezala.

b) Inolako bermerik eman beharrik gabe, berraztertzeko errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak atzematen duenean aurkaratutako egintzan akats materialak, egitezkoak eta aritmetikoak daudela, zorra ordaindu, barkatu, konpentsatu edo geroratzen denean edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatu dela adierazteko legez ezartzen diren baldintzak gertatzen direnean.

c) Salbuespen gisa, balizko ukoaren ondorioz eskatzaileak frogatzen badu konpontzen zailak diren edo konpondu ezin diren kalteak daudela; kasu horretan, organo eskudunak bermeak eman beharretik salbuesten ahalko du osorik edo zati batean.

d) Xedetzat zor edo zenbateko likidorik ez duten egintzen kasuan, organo eskudunak uste badu horien betearazpenak konpontzen zailak diren edo konpondu ezin diren kalteak eragin ditzakeela.

8. Eskatutako etena onartzen edo ukatzen duen ebazpena bi hilabeteko epean jakinarazi beharko da, hori aurkezten denetik aurrera. Epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunak ezetsitzat jotzen ahalko du hori.

9. Ezesteko ebazpenak edo aurreko apartatutan aipatutako epea jakinarazpenik egin gabe igarotzeak eskubidea ematen dio interesdunari erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezteko.

10. Etena onetsitakoan, indarrean egonen da eskaera aurkeztu den egunetik beretik.

11. Berraztertzeko errekurtsoa zati batean baietsita likidazio berri bat eman behar bada, aurkeztutako bermea zor berriaren ordainketari lotuta geratuko da, aplikatu beharreko berandutze-interesak barne.

12. Berraztertzeko errekurtsoan erabakitako etenak prozedura horri baino ez dio eraginen, bide ekonomiko-administratibo osoan horri eustea berariaz eskatu ezean. Eten hori bermea eman ondoren erabakitzen bada, hori mantentzen ahalko da bakarrik bilketa organoek emandako irizpenaren edo txostenaren bidez baliozkotasuna, eraginkortasun juridikoa eta gaitasun ekonomikoa frogatzen badira.

14. artikulua. Errekurtsoa ebaztea.

1. Ebazpena emateko eskuduna izanen da aurkaratutako egintza eman duen organoa, antolaketa administratiboari buruzko arauek eskumena beste bati esleitu ezean.

2. Organo eskudunaren iritziz egokia bada interesdunek planteatu gabeko gaiak aztertu eta ebaztea, prozeduran pertsonatutakoei azalduko dizkie, eta hamar eguneko epea emanen die, epe hori zabaldu dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera, alegazioak egin ditzaten.

3. Ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, errekurtsoa aurkeztu eta biharamunetik aurrera. Epe hori berariazko ebazpena jakinarazi gabe iraganik, errekurtsogileak ezetsitzat hartzen ahalko du, egokitzat jotzen duen erreklamazioa aurkezteko.

4. Berraztertzeko errekurtsoaren kontra ezin izanen da berriz aurkeztu errekurtso hau.

15. artikulua. Osagarritasuna.

Titulu honetan aurreikusten ez den orotan, osagarriak izanen dira erreklamazio ekonomiko-administratiboetan aurkaratutako egintzaren betearazpenaren prozesua eta etena arautzen dituzten xedapenak.

III. TITULUA

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak

I. KAPITULUA

Alderdi orokorrak

16. artikulua. Zer gairi buruz aurkezten ahal diren erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak gai hauei buruzkoak izanen dira, horietan zer-nolako aferak jasotzen diren gorabehera, egitezkoak nahiz zuzenbidekoak:

a) Tributuak eta ordainarazpen parafiskalak kudeatu eta ikuskatzea, eta, oro har, Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatu beharreko zuzenbide publikoko sarrera guztiak biltzea.

b) Tributu arloan zehatzeko ahala erabiltzea.

c) Beste edozein, foru lege bidez horrela ezartzen denean.

17. artikulua. Aurkaratzen ahal diren egintzak.

1. Aurreko artikuluan zehaztu diren gaiei buruzko erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkezten ahalko dira egintza hauen aurka:

a) Behin-behinekoz edo behin betiko eskubide bat onartu edo ukatzen dutenak edo betebehar bat deklaratzen dutenak.

b) Tramitekoak, gaiaren mamia zuzen edo zeharka erabakitzen dutenak, prozedurari amaiera ematen diotenak, ezinezko bihurtzen dutenak, haren jarraipena eteten dutenak, edo interesdunaren babes gabezia eragiten dutenak.

2. Bereziki, honako hauek aurkaratzen ahal dira:

a) Behin-behineko edo behin betiko likidazioak.

b) Berariazko edo presuntziozko ebazpenak, isiltasun administratiboaren aplikaziotik ondorioztutakoak eta autolikidazio bat zuzentzeko eskaera batek eragindakoak.

c) Ondasunen eta eskubideen balio egiaztapenak onesten dituztenak, bai eta balio edo oinarriak finkatzeko egintzak ere, haien araudiak hala ezartzen duenean.

d) Tributu arloko salbuespen edo hobari araubideak aurretik onartzen edo ukatzen dituztenak.

e) Zergapeko bati aplikatu beharreko tributu araubidea ezartzen dutenak, haren kargurako etorkizuneko betebeharrak ezartzen baditu, formalak barne.

f) Tributu zehapenak ezartzen dituztenak.

g) Nafarroako Foru Komunitatearen Zuzenbide Publikoko sarreren diru-bilketaren kudeaketak sortutakoak.

h) Tributu arloko sarrera bidegabeen itzulketarako eskaerak ebazten dituztenak.

i) Berariazko ebazpenak edo isiltasun administratiboaren aplikaziotik ondorioztutakoak, legez ezarritako tributu arloko jarduketak zuzentzeko eskaerek eragindakoak.

j) Berariazko ebazpenak edo isiltasun administratiboaren aplikaziotik ondorioztutakoak, legez atxikipena edo konturako sarrera egin behar dutenek egindako atxikipenen edo konturako sarreren aurkako erreklamazioek eragindakoak.

k) Berariazko ebazpenak edo isiltasun administratiboaren aplikaziotik ondorioztutakoak, fakturak eman, entregatu eta zuzentzeko betebeharrari buruzko erreklamazioek eragindakoak.

l) Berariazko ebazpenak edo isiltasun administratiboaren aplikaziotik ondorioztutakoak, ordezkoaren eta zergadunaren arteko harremanetatik datozen erreklamazioek eragindakoak.

m) Bide honetan aurkaratzen ahal diren administrazio egintzen bete beharrekotasuna eteteko eskaera ebazten dutenak.

n) Akats materialak, egitatekoak edo aritmetikoak zuzentzearen arloan tributuen organo kudeatzaileek emandakoak.

ñ) Aurrekoez bestelakoak izanik, aurkaratzen ahal direnak tributu edo diru-bilketa arloan emandako arauetan hala ezarrita dagoelako espresuki.

3. Ez da erreklamazio ekonomiko-administratiborik onartuko egintza hauei dagokienez:

a) Nafarroako Gobernuak emandakoak edo ogasun arloko eskuduna den departamentuko titularrak administrazio bidea amaitzen duen ebazpena hartu behar duen prozeduretan emandakoak.

b) Bide judizial, zibil edo laboralaren aurretik bide administratiboko erreklamazioa eragiten dutenak, edo bide horri amaiera ematen diotenak.

c) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 164.1 artikuluan aipatzen diren likidazio administratiboak.

d) Arau batek edo lege mailako xedapen batek erreklamazio ekonomiko-administratibotik kanpo espresuki uzten dituenak.

II. KAPITULUA

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboa

1. ATALA

Xedapen orokorrak

18. artikulua. Eskumena.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboari baino ez dagokio gaien inguruan aurkaratzen ahal diren administrazio egintzen aurka aurkezten diren erreklamazio ekonomiko-administratiboez arduratu eta horiek tramitatu eta ebazteko eskumena; izan ere, haren ebazpenek administrazio bidea amaitzen dute.

2. Auzitegiaren eskumena ukaezina eta luzaezina izanen da, eta ezin izanen da aldatu interesdunek men egitearen ondorioz, betiere independentzia funtzionalez jardunda.

3. Ezin izanen da berraztertzeko errekurtsorik aurkeztu Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenen aurka.

4. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko da jurisdikzio horren berezko arauen arabera.

2. ATALA

Auzitegiaren osaera eta kideen eginkizunak

19. artikulua. Osaera eta izendapena.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboa gehienez ere bost kidek osatzen dute; horietako bat lehendakaria izanen da. Auzitegiak idazkariaren laguntza izanen du bere jardunerako eta funtzionamendurako.

2. Auzitegiko osoko bilkura lehendakariak eta jarduneko kide titular guztiek osatuko dute. Idazkaria ere joanen da deitzen diren bileretara.

3. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboko lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du, ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik, auzitegiko kideen artean, eta, ondorio guztietarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Zerbitzuko zuzendariaren kategoria edukiko du.

4. Kideak ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko ditu, Auzitegiko lehendakariak proposaturik, ogasuneko teknikarien kidegoko funtzionarioen artean, eta, ondorio guztietarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria edukiko dute.

5. Auzitegiko idazkaria Zuzenbidean lizentziaduna edo graduduna den funtzionario bat izanen da, eta ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko du, Auzitegiko lehendakariak proposaturik. Ondorio guztietarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria edukiko du.

6. Auzitegiak bere eginkizunak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen diren administrariak eta teknikariak izanen ditu atxikirik.

20. artikulua. Ordezpenak.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboko lehendakaria kanpoan edo gaixo badago, bere postua hutsik edo legezko beste arrazoiren batek eragiten badio, Auzitegian antzinatasun handiena duen kide titularrak beteko ditu lehendakariaren eginkizunak, eta antzinatasun bereko bi kideren artean, adinez zaharrena denak.

2. Auzitegiko kideak kanpoan edo gaixo badaude, beren postua hutsik edo legezko beste arrazoiren batek eragiten badie, ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak ordezkatuko ditu aldi baterako, ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatutako ogasuneko teknikarien artean, baldin eta ordezkapen hori beharrezkoa bada Erregelamendu honetan xedatutakoaren ondorioetarako.

3. Idazkariaren ordez ere, aurretik aipaturiko kasuetan, Zuzenbidean lizentziaduna edo graduduna den eta Auzitegian antzinatasun txikiena duen kideak ordezkatuko du, eta antzinatasun bereko bi kideren artean, gazteena denak, edo, kasua bada, lehendakariak Zuzenbidean lizentziadun direnen artean izendatzen duen eta Auzitegiari atxikita dagoen teknikariak.

21. artikulua. Auzitegiko lehendakariaren eginkizunak.

1. Auzitegiko lehendakaria horren ordezkaria da, baita atxikitako langile guztien goi buru organiko eta funtzionala ere. Halaber, Auzitegiaren egitura zehaztea dagokio, baita Erregelamendu honek esleitzen dizkion eginkizun guztiak eta karguari atxikitako gainerakoak gauzatzea ere.

2. Bereziki, lehendakariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Espedienteak lantzeko oinarrizko irizpideak ezartzea, eta kideen artean banatzea.

b) Gaiak lantzeko modua ikuskatzea, eta ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrari espediente horien bilakaera frogatzen duten egoeren berri ematea, hori egiteko eskatzen zaionean.

c) Esleitutako ebazpen proposamenak idaztea, eta horien kopia helaraztea kideei idazkaritzaren bidez.

d) Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera aplikatu beharreko banakako gaitasuna duten espedienteak ebaztea.

e) Hala denean, Erregelamendu honetan aurreikusitako arrazoietako baten bat duten Auzitegiko kideen abstentzioa ebaztea.

f) Kideen errekusazio kasuak ebaztea.

g) Erakunde, korporazio edo bulego ofizialen txostenak eta irizpenak eskatzea, ebazpen proposamen egoki baterako beharrezkoak edo komenigarriak direnak.

h) Ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrari proposatzea Auzitegiak auzitegiei eta erakunde publikoei behar duen laguntza eska diezaiela, berak egiterik ez duenean.

i) Prozedura bat ebazteko eta hori jakinaraztea agintzeko legezko gehieneko epearen etenari buruzko ebazpena hartzea.

j) Bileren deialdia erabakitzea, eta hori jakinarazteko agintzea, baita buru aritzen den bileretan ordena egokia gordetzen dela zaintzea ere.

k) Bere botoaren bidez berdinketak ebaztea.

l) Erabakia hartzea jada esleitutako ebazpen proposamenak idazteko eginkizuna Auzitegiko beste kide bati agintzearen komenigarritasunari edo beharrari buruz.

m) Banakako gaitasunaren txostenen inguruan sor daitezkeen irizpideak bateratzeko lana sustatzea.

n) Auzitegiaren ebazpenak behar bezala betearazteko behar diren neurriak hartzea.

ñ) Auzitegiko osoko bilkurak hartutako erabakiak sinatzea, eta Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera aplikatu beharreko banakako gaitasuna dutenak ere bai.

o) Auzitegiak behar bezala funtzionatzeko behar diren eta ez kideei ez idazkariari esleitu ez zaizkien eginkizun guztiak gauzatzea, baita berariazko agindu baten bidez esleitzen zaizkionak ere.

22. artikulua. Auzitegiko kideen eginkizunak.

Hauek dira Auzitegiko kideen eginkizunak:

a) Esleitutako ebazpen proposamenak idaztea, eta horien kopia helaraztea lehendakariari eta gainerako kideei idazkaritzaren bidez.

b) Probak egiteko aukera onartzea edo ukatzea.

c) Hizlari aritzen diren gaiei lotuta egiten diren instrukzio eginbide guztietan agertzea.

d) Lehendakariari proposatzea erakunde, korporazio edo bulego nagusien txostenak eta irizpenak eska ditzala.

e) Aurkaratutako egintzen eta ebazpenen organoei eskatzea behar diren administrazio espedienteak osatzeko, Auzitegiko idazkaritzaren bidez.

f) Beharrezkotzat jotzen diren dokumentuak edo jarduketak gehitzea berrikuspeneko administrazio espedienteei.

g) Bileretako eztabaidetan parte hartzea, bozkatzeko eskubidea erabiltzea, eta beren boto partikularra ematea.

h) Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera aplikatu beharreko banakako gaitasuna duten espedienteak ebaztea, eta ebazpenak sinatzea.

i) Erregelamendu honek esleitutako eginkizun guztiak gauzatzea, baita lehendakariaren aginduz esleitzen zaizkienak ere.

23. artikulua. Auzitegiko idazkariaren eginkizunak.

Auzitegiko idazkariaren eginkizunak hauek dira:

a) Auzitegiari atxikitako administrarien buru organiko eta funtzionala izatea.

b) Erreklamazio ekonomiko-administratiboari edo Auzitegiak ebatzi beharreko gainerako errekurtsoei buruzko idazkiak eta dokumentuak jasotzea.

c) Hala denean, aurkeztutako jatorrizko dokumentuak eta horiekin batera aurkeztutako kopiak erkatzea, jatorrizkoak itzultze aldera.

d) Idazkien eta dokumentuen sarrera eta irteera erregistroaz arduratzea, eta bertan bidezko idazpenak jasotzea; halaber, akten eta boto partikularren liburuez arduratzea, eta Auzitegiak emandako ebazpenen testigantzak artxibatzea.

e) Jakinarazpenak, zitazioak, deiak eta eskaerak egitea; hala denean, jakinarazpenak behar bezala egiten direla kontrolatzea; eta indarreko araudiaren arabera eskatutako espedienteak agerian jartzea.

f) Espedientean dauden edo prozeduratik ondorioztatzen diren alderdiei buruzko kopia ziurtatuak edo ziurtagiriak egitea.

g) Hala denean, errekurtsogileei arreta egiteko eta jendaurrean jarduteko lanak gauzatzea.

h) Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren tramitazioaren egoeraren berri ematea interesdunei, horiek eskatuz gero.

i) “Apud acta” ahalordetzeari eta akatsak zuzentzeari buruzko eskumenak gauzatzea Erregelamendu honetan aurreikusitako ordezkaritzaren arloan.

j) Bulego kudeatzaileari eskatzea aurkeztutako errekurtsoari edo erreklamazioari lotutako gaiari buruzko espedientea edo horren osagarria, eta prozeduraz arduratzen den kideari igortzea.

k) Auzitegiari ohartaraztea epeak igaro direla eta eskaeraren iraungipena deklaratzeko behar diren zirkunstantziak gertatzen direla.

l) Auzitegiko lehendakariak berarekin bilerak egiteko aurretik erabakitako zitazioak gauzatzea, eta bai horri bai kideei bilera bakoitzeko gai-zerrenda eta bertan aztertuko diren gaien txostenak igortzea.

m) Auzitegiaren eskumenekoak diren errekurtsoen eta erreklamazioen berrikuspen-espedientea prestatzea.

n) Dagokion bulegoari itzultzea kudeaketa espedientea, prozedura amaitutakoan.

ñ) Erregelamenduan aurreikusitako gainerako eginkizunak gauzatzea, baita Auzitegiko lehendakariak aginduta esleitzen zaizkionak ere.

3. ATALA

Auzitegiko kideen abstentzioa eta errekusazioa

24. artikulua. Abstentzioa.

1. Bai Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboko kideek bai erreklamazio ekonomiko-administratiboen tramitazioan esku hartzen duten langileek, hurrengo apartatuan adierazitako zirkunstantzietako baten batean badaude, prozeduran esku hartzeko beren abstentzioa proposatuko dute, eta lehendakariari jakinaraziko diote berak ebatz dezan. Ukitutako pertsona lehendakaria bada, kide anitzeko organoari jakinarazi beharko dio, eta horrek erabakia hartuko du gehiengo soilaz. Kasu horretan, lehendakari arituko da Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera horretarako ordeztu behar duena.

2. Hona hemen abstenitzeko arrazoiak:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo besteren batean, baldin eta azken horren ebazpenak lehenari eragin badiezaioke; sozietate edo entitate interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, entitate edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.

c) Aurreko b) letran aipaturiko pertsonetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

d) Dena delako kudeaketa, bilketa, ikuskapen eta zehapen prozeduraren tramitazioan edo ebazpenean funtsezko esku-hartzea izatea.

e) Zerbitzu harremana izatea gaian interes zuzena duen pertsonarekin, edo azken bi urteetan edozein motatako zerbitzu profesionalak eman izana, edozein dela ere egoera edo tokia.

3. Auzitegiko kideen jarduketak, abstenitzeko arrazoiak dituztenean, ez du nahitaez ekarriko haiek esku hartu duten egintzak baliogabeak izatea.

4. Auzitegiko lehendakariak espedientean edonola esku ez hartzeko agintzen ahalko die aurretik aipatutako zirkunstantzietako baten batean dauden pertsonei.

5. Bidezko kasuetan ez abstenitzeak dagokion erantzukizuna ekarriko du.

25. artikulua. Errekusazioa.

1. Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan eska dezakete interesdunek errekusazioa.

2. Errekusazioa idatziz aurkeztuko da, zein arrazoitan oinarritzen den adierazita.

3. Errefusatzen den pertsonak lehendakariari adieraziko dio errekusaziorako argudiatutako arrazoia duen ala ez, hurrengo hiru egunean. Errekusaziorako arrazoia badu, lehendakariak errefusatzen den pertsona ordeztea erabakiko du. Errekusaziorako arrazoia ukatzen bada, lehendakariak ebazpena emanen du hiru eguneko epean, txostenak bildu eta egiaztapenak egin ondoren.

4. Errefusatzen den pertsona lehendakaria bada, prozedura Auzitegiko osoko bilkuraren aurrean tramitatu, eta gehiengo soilaz hartutako erabakiaren bidez ebatziko da. Kasu horretan, lehendakari arituko da Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera horretarako ordeztu behar duena.

5. Arlo honetan hartutako ebazpenen kontra ezin izanen da inolako administrazio errekurtsorik aurkeztu; hala ere, prozedura amaitzen duen egintzaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztean, errekusatzea alega daiteke.

4. ATALA.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren
funtzionamendua eta barne-araubidea

26. artikulua. Funtzionamendua.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak modu kolegiatuan hartzen ditu ebazpenak, hurrengo apartatuan adierazten diren kasuetan izan ezik; izan ere, horietan dena delako gaiaz arduratzen den kideari dagokio erabakia hartzea.

2. Auzitegiak banaka jarduten du bere kideetako baten bidez, honako kasu hauetan:

a) Berrikuspen-errekurtso berezia edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa tramitera ez onartzeko arrazoietako baten bat dagoenean.

b) Ebatzi beharreko kontua denean Auzitegiko lehendakariak esleituta ebazpen proposamena tramitatu eta idatzi beharreko erreklamazio ekonomiko-administratiboetan aurkarazten den egintzaren betearazpena etetea.

c) Errekurtsogileak uko edo atzera egitearen ondorioz jarduketak artxibatzea erabaki behar denean.

d) Eskatzen diren asmoen prozeduraz kanpoko satisfazioagatik jarduketak artxibatzea deklaratzen denean.

e) Eskaeraren iraungipena deklaratu behar denean.

3. Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ebazpena emateko eskumena duen kidea espedientea esleituta duena izanen da, abstentziorako edo errekusaziorako arrazoirik egon ezean; izan ere, kasu horretan, lehendakariak espedientea esleituko dio arrazoi hori ez duen beste kide bati.

4. Auzitegiak banaka jarduten badu, ez dira aplikatuko deialdiari, gai-zerrendari eta bozketen baldintzei buruzko arauak, Auzitegiak osoko bilkuran jarduten duenean baino ez baitira aplikatuko.

5. Kide guztiek eta idazkariak deitzen zaien bileretara joan, eta erabakiak eta ebazpenak hartzeko behar diren eztabaidetan parte hartu beharko dute. Hala ere, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboa modu baliozkoan eratzeko, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko ondorioetarako, beharrezkoa izanen da jarduneko kideen erdiak bertaratzea, eta horietako batek lehendakaria edo haren eginkizunetan ordezten duena izan beharko du. Halaber, Auzitegiko idazkariak bertaratu beharko du edo haren eginkizunetan ordezten duenak.

27. artikulua. Deialdia eta gai-zerrenda.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboko lehendakariari dagokio bileren deialdia erabakitzea eta hori jakinarazteko agintzea. Jakinarazpen hori bost egun lehenago eginen da gutxienez, jada bildu den Auzitegiaren iritziz behar bezala egiaztatuta dauden premiazko kasuetan izan ezik.

2. Jakinarazpen horrek barnean izanen du gai-zerrenda, lehendakariak ezarriko duena Auzitegiko gainerako kideek behar bezalako aurrerapenaz egin dituzten eskaerak kontuan hartuta, hala denean.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, salbuespen gisa Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboa modu baliozkoan eratzen ahalko da, nahiz eta deialdirako ezarritako baldintzak bete ez, jarduneko kide guztiak bilduta daudenean eta aho batez erabakitzen dutenean.

4. Halaber, gai-zerrendan aipatu gabeko gaiak landu eta ebazten ahalko dira, Auzitegiko jarduneko kide guztiak bertan egonda horrela erabakitzen bada gehiengo soilaren aldeko botoaren bidez.

28. artikulua. Bileraren ordena.

Lehendakariak zuzenduko ditu eztabaidak, eta, alde horretatik, eztabaiden erregulartasuna eta, oro har, legeen betetzea bermatuko ditu. Gainera, bilera eteten ahalko du edozein unetan arrazoi justifikatua egonez gero, eta bilerarekin zer egunetan jarraituko den zehaztu beharko du.

29. artikulua. Erabakiak hartzea. Boto partikularrak.

1. Auzitegiko kide guztiek hitza eta botoa dituzte. Idazkaria Auzitegiaren bileretara joanen da, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

2. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenak gehiengo soilaz hartuko dira, bilerara bertaratutako kide guztien botoak zenbatuta. Hala denean, berdinketak lehendakariaren kalitateko botoaz ebatziko dira.

3. Kideek nahitaez eman beharko dute botoa; gehiengoaren erabakiarekin ados ez dagoenak boto partikularra jasoarazten ahalko du, bozketa egin eta hurrengo bi eguneko epean. Boto hori ebazpenari erantsiko zaio.

30. artikulua. Bileren aktak.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboko osoko bilkurak egindako bilera bakoitzari buruz akta bat eginen da, honako datu hauek adieraziko dituena: bertaratutakoen identitatea, bileraren tokia eta denbora, aztertutako espedienteen aipamena, eztabaidaren gai nagusiak, bozketen forma eta emaitza, eta ebazpenen edukia. Halaber, hala denean, hartutako ebazpenaren boto partikularrak agertu beharko dira.

2. Aktak Auzitegiko idazkaritzaren ardurapean egonen den liburuan txertatuko dira hurrenez hurren; idazkariak edo haren eginkizunetan ordezten duenak sinatuko ditu, lehendakariak ontzat emanda, eta bilera berean edo hurrengoan onetsiko dira. Aktak modu korrelatiboan koadernatuko diren orrien gainean hedatzen ahalko dira. Halaber, baliabide telematikoen bidez gauzatzen ahalko dira, hala denean, lehendakariaren eta idazkariaren sinadurak modu fede-emailean agerrarazita.

3. Auzitegiko idazkariak kide bakoitzak emandako ebazpenen zerrenda prestatuko du hilero, honako hauek adierazita: espediente zenbakia, aurkeztu den eguna, gaia, hori ebatzi duen kidea, ebazpenaren data eta emaitza. Horri ebazpenen kopia erantsiko zaio, eta Auzitegiko bilera-aktekin batera artxibatuko dira. Halaber, baliabide telematikoen bidez gauzatzen ahalko dira, hala denean, ebazpena eman duen kidearen eta Auzitegiko idazkariaren sinadurak modu fede-emailean agerrarazita.

III. KAPITULUA

Prozedura

1. ATALA

Abiaraztea

31. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkeztea.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa idatziz jarriko da hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Isiltasun administratiboaren kasuetan, erreklamazioa ebazpena jakinarazteko ezarritako epea amaitu eta biharamunetik aurrera jartzen ahalko da, jakinarazpena egin ez bada ere. Isiltasun administratiboaren bidez ezetsitako errekurtsoaren ebazpena erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ondoren jakinarazten bada eta jakinarazitako berariazko ebazpenaren aurka beste erreklamazio bat aurkezten bada, abiarazitako prozedura aurrera joanen da, eta aurkeztutako bigarren erreklamazioa alegaziotzat joko da.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistroan, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboan, aurkaratutako egintza eman duen organoan edo Administrazio Prozedura Erkidearen arau orokorrek eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak jasotzeko gaitutako aurrez aurreko edo Internet bidezko bulego eta erregistroetako edozeinetan aurkezten ahalko da erreklamazio ekonomiko-administratiboaren idazkia.

4. Errekurtsoa aurkezteko idazkiaren edukian Erregelamendu honen 5. artikuluko aipamenak jasoko dira gutxienez.

32. artikulua. Erreklamazio kolektiboa.

1. Erreklamazio kolektiboa honako kasu hauetan egiten ahalko da:

a) Hainbat pertsona batera ukitzen dituzten eskubide edo betebeharren adierazpenei lotuta dagoenean.

b) Hainbat interesdun egonda, haien erreklamazioetan Erregelamendu honen 34.2 artikuluan jasotako zirkunstantziak betetzen direnean.

2. Aurreko apartatuaren arabera egokia ez den erreklamazio kolektibo bat sustatzen duen idazkia aurkezten bada, Auzitegiko idazkariak interesdunei jakinaraziko die erreklamazio horren prozesua etenda egonen dela bidezko banakako erreklamazioak bereizirik aurkeztu arte. Hala ere, erreklamazio kolektiboa sustatzen duen idazkiak aribidean dauden epeak etenen ditu, baldin eta horretatik ondorioztatu behar diren banakako erreklamazioak hamar eguneko epean aurkezten badira, eskaera egin eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

2. ATALA

Zabalkuntza eta metaketa

33. artikulua. Berrikuspena zabaltzea.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak espedienteak jasotzen dituen gai guztiak jakinarazten dizkio Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboari, gai horiek interesdunek planteatuta egon nahiz ez.

2. Aurretik azaldutakoaren arabera, organoaren iritziz komeni bada interesdunek planteatu gabeko gaiak aztertu eta ebaztea, prozeduran pertsonatutakoei azalduko dizkie, eta hamar eguneko epea emanen die alegazioak egin ditzaten.

34. artikulua. Interesdunek metatzea.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa administrazio egintza bakar bati buruzkoa da, hurrengo apartatuan xedatutakoa izan ezik.

2. Bi administrazio egintza edo gehiago biltzen dituen erreklamazioa egiten ahalko da horietan zirkunstantzia hauetako baten bat betetzen denean:

a) Organo kudeatzaile berak egitea, dokumentu edo espediente beraren babesean, edo egintzak arrazoi berak eragindakoak izatea.

b) Beste batzuen kopia, berrespena edo betearazpena izatea, edo horiek aurkaratzean salbuespen berak erabiltzea, edo horien artean zuzeneko edozein lotura egotea, nahiz eta administrazio organo, dokumentu edo espediente ezberdinek eragin.

3. Metatzeko eskaera dagokion erreklamazio ekonomiko-administratiboan onetsi edo ukatuko da, eta horren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik aurkeztu.

35. artikulua. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak metatzea.

1. Bi erreklamazio edo gehiagoren tramitazioa hartzen duten Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboko kideek jarduketen metaketa ebazten ahalko dute, interesdunek eskatuta edo ofizioz, baldin eta Erregelamendu honen 32. eta 34. artikuluetan erreklamazio kolektiboak edo bi administrazio egintza edo gehiago biltzen dituen erreklamazioa onartzeko ezartzen diren baldintzak betetzen badira.

2. Halaber, metaketa erabakitzen ahalko da ebazpena eman behar duen organoak komenigarritzat jotzen badu horiek ukitzen dituen ebazpena hobeki ulertze aldera.

3. Metatzeko erabakia erreklamazio ekonomiko-administratiboaren ebazpenean berean zehaztuko da, eta horren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik aurkeztu.

3. ATALA

Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren egoitzan
aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea

36. artikulua. Betearazpena eteteko arrazoiak.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezteak ez dakar aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea, legezko ondorio guztiekin, kuota edo eskubide likidatuen, interesen eta aplikatu beharreko errekarguen bilketa barne. Hala ere, berraztertzeko bidean erabakitako etenak indarrean egoten jarraituko du, baldin eta hori bide ekonomiko-administratibo osora hedatzea eskatu eta onartu bada eta emandako bermeak legez ezarritako zenbatekoa adinakoak badira.

2. Dena den, aurkaratzeak zerga-zehapen bat ukitzen badu, horren betearazpena automatikoki etenen da bermerik eman behar izan gabe, zehapena irmoa izan arte administrazio bidean, ez bada horren aurkako errekurtsoa aurkezten jurisdikzio bidean eta ez bada eskatzen haren betearazpena eteteko; izan ere, kasu horretan, agintaritza judizialak xedatzen duenari jarraituko zaio.

3. Hurrengo kasuetan hartuko da aintzat eteteko eskaera:

a) Automatikoki, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 143. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako bermeetako baten bat ematen denean, bertan ezarri bezala.

b) Subsidiarioki, interesdunak ezin badu aurkeztu a) letran jasotako bermerik, betearazpena etetea adostu daiteke beste berme batzuk emanda, baldin eta nahikoak direla iritziz gero, betiere bilketa organoek aurretik aldeko txostena emanda.

c) Inolako bermerik aurkeztu beharrik gabe, Auzitegiak atzematen duenean aurkaratutako egintzan akats materialak, egitezkoak eta aritmetikoak daudela, zorra ordaindu, barkatu, konpentsatu edo geroratzen denean edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatu dela adierazteko legez ezartzen diren baldintzak gertatzen direnean.

d) Salbuespen gisa, eteteko eskaeraren balizko ukoaren ondorioz eskatzaileak frogatzen badu konpontzen zailak diren edo konpondu ezin diren kalteak daudela; kasu horretan, organo eskudunak bermeak eman beharretik salbuesten ahalko du osorik edo zati batean.

e) Xedetzat tributu zor edo zenbateko likidorik ez duten egintzen kasuan, Auzitegiak uste badu horien betearazpenak konpontzen zailak diren edo konpondu ezin diren kalteak eragin ditzakeela.

37. artikulua. Eteteko eskaera. Bermeak.

1. Aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko eskaera aurkeztuko du errekurtsogileak Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboan, eta Auzitegi hori izanen da Erregelamendu honetan aurreikusitako antolaketa arauen arabera eskaera hori tramitatu eta ebazteko eskumena duena.

Hala ere, aurkaratutako administrazio egintzaren bilketa organoak ebatzi behar du Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 143. artikuluko 3. zenbakian aurreikusitako eten automatikoaren eskaera.

2. Aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko eskaerak horretaz arduratzen diren organoen jarduketak eteten ditu organo eskudunak hori berariaz ebatzi arte.

3. Eskaera hori nahitaez lotuta egonen da aurretik edo aldi berean aurkeztu den erreklamazio ekonomiko-administratibo bati, eta idatziz egin beharko da aurkeztutako erreklamazioa ebatzi aurreko edozein unetan. Horrez gain, argi eta garbi adierazi behar du zer egintzaren betearazpena eten nahi den; eta, hala denean, emandako bermearen baliozkotasuna, eraginkortasun juridikoa eta gaitasun ekonomikoa justifikatu eta frogatzen dituzten dokumentuekin batera aurkeztuko da. Dena den, Auzitegiak zirkunstantzia horiek egiaztatzen ahalko ditu bilketa organoei berariaz eskatutako irizpenaren edo txostenaren bidez.

4. Eteteko eskaerak ez baditu betetzen eskatzen diren baldintza guztiak, horrekin batera bermea justifikatzen duten agiriak aurkezten ez badira edo egon daitezkeen eta konpontzen zailak diren edo konpondu ezin diren kalteen inolako justifikaziorik aurkezten ez bada, hamar eguneko epea emanen da akats horiek zuzentzeko. Zuzenketa edo aurkezpen hori emandako epearen barnean egin ezean, Auzitegiak ebazten ahalko du eskaera hori tramitera ez onartzea, eta, horrenbestez, jarduketak artxibatu eta eskatzaileari jakinaraziko dio.

5. Bermea emateko eskatzen denean, aurkaratutako egintzaren betearazpenaren etena baimentzeko, berme hori hilabeteko epean eratu beharko da, horretarako baimena eman dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarotzen bada bilketa organoei bermea eratu izana jakinarazi gabe interesdunari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, etena automatikoki ukatutzat joko da inolako jakinarazpen osagarririk egin behar izan gabe.

6. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 143. artikuluko 3. zenbakiko a), b) eta c) letretan aurreikusitako bermeak ez direnak aurkeztuta etena eskatzen denean, behar bezala frogatu beharko da ezinezkoa dela berme horiek aurkeztea, eta eskainitako bermeen izaera eta ezaugarriak, oinarrian dituzten ondasunak edo eskubideak, eta horien balorazio ekonomikoa zehaztuko dira.

7. Eratutako bermeak aurkaratutako egintzaren bilketaren arloan eskumena duten organoen eskura egonen dira.

8. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa zati batean baietsita likidazio berri bat eman behar bada, aurkeztutako bermea zor berriaren ordainketari lotuta geratuko da, aplikatu beharreko berandutze-interesak barne.

9. Eskatutako etena onartzen edo ukatzen duen ebazpena hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da, hori aurkezten denetik aurrera. Epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunak ezetsitzat jotzen ahalko du hori.

10. Ezesteko ebazpenak edo aurreko zenbakian aipatutako epea jakinarazpenik egin gabe igarotzeak eskubidea ematen dio interesdunari egokitzat jotzen duen errekurtsoa aurkezteko.

11. Etena onetsitakoan, indarrean egonen da eskaera aurkeztu den egunetik beretik.

38. artikulua. Bilketa organoei irizpena edo txostena eskatzea.

Eteteko eskaera tramitera onartu ondoren, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak eskainitako bermeen baliozkotasunari, eraginkortasun juridikoari eta gaitasun ekonomikoari buruzko irizpen edo txosten bat eskatzen ahalko die bilketa organoei, baita berme gisa eman daitezkeen beste ondasun eta eskubide batzuk egoteari buruzkoa ere. Organoak hilabeteko epean prestatu eta jakinarazi beharko dio Auzitegiari, eskatzen zaion egunetik aurrera.

4. ATALA

Izapidetzea

39. artikulua. Espedientea edo jarduketak erreklamatzea.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa jaso eta, hala denean, egon daitezkeen akatsak zuzendu ondoren, aurkaratutako egintza eman duen organoari edo bulegoari espedientea edo horren inguruan egon diren jarduketak igortzeko eskatuko dio idazkariak, eta organo horrek Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboari igorri beharko dio hogei eguneko epean, eskaera egiten denetik aurrera. Espedientearen hasieran aurkibide oso bat, orritan antolatua, egonen da, eta barnean honako hauek jasoko ditu modu antolatuan: aurkaratutako administrazio egintza emateko kontuan hartu diren aurrekari, aitorpen, dokumentu eta txosten guztiak (nahiz eta hori aurkaratutako egintzaren egilearekin zerikusirik ez duen beste administrazio organo batek egin), eta, hala denean, dagokion organoaren txostena.

Bereziki, honako hauek jotzen dira espedientean agertu beharreko dokumentutzat, organo kudeatzaileak aintzat hartu baditu edo aintzat hartu behar bazituen: likidazio proposamenak; tributu, bilketa edo zehapen likidazioak edo ebazpenak, bidezko jakinarazpenekin batera prozedura eragin dutenak; horien aurka aurkeztutako errekurtsoak eta haiei dagozkien ebazpenak eta jakinarazpenak; txostenak; eta aurkaratutako egintzak emateko orduan Administrazioak aintzat hartu dituen gainerako dokumentuak.

2. Aurkatutako egintza eman duen organoak edo bulegoak Auzitegiari espediente osoa edo aurreko apartatuan aipatutako jarduketak igorri ezean epe horretan, eta egindako eskaerari erantzuteko aurkeztu ez diren dokumentuak ondoren aurkezteko aukera eragotzi gabe, bai ukitutako administrazio organoek emandakoak bai interesdunak berak emandakoak ikusita ebazten ahalko da erreklamazio ekonomiko-administratiboa.

3. Espedientea teknika edo baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez igortzen ahalko da, horretarako onesten diren sistemak erabiliz, hain zuzen.

4. Alegazioak egiteko interesdunak kudeaketa espedientea edo administrazio jarduketak behar baditu, Auzitegiaren egoitzan agertu beharko du horretarako, idazkariak horren berri emateko ezartzen duen epearen barnean.

40. artikulua. Proba. Dokumentazioa eta txostenak eskatzea.

1. Prozedura ebazteko garrantzitsuak diren gertaerak zuzenbidean onartzen den edozein baliabideren bidez frogatzen ahalko dira, eta zuzenbidearen arau orokorrek aginduko dute frogaren zamari eta haren balioari dagokienez.

2. Interesdunek eskatzen dituzten probak egiteari uko eginez gero, horretarako arrazoiak azaldu beharko ditu prozeduraren tramitazioaz arduratzen den kideak; kide horrek uko hori ematen ahalko du ebazpen proposamenean edo ebazpenean berean, banakako gaitasuneko kasuetan. Halaber, kide horrek eskumena izanen du proba horiek egitea onartzeko, eta, kasu horretan, horiek egiteko behar dena xedatuko du Auzitegiko idazkariarekin batera.

Proba horiek egiteko Administrazioak bere gain hartu behar ez dituen gastuak egin behar badira, Auzitegiak horiek aldez aurretik ordaintzeko eskatzen ahalko dio eskatzaileari.

3. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak erreklamazio ekonomiko-administratiboa ebazteko komenigarritzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatzen ahalko die interesdunei, administrazio organoei edo hirugarren pertsonei. Foru lege baten babesean edo Erregelamendu honetan beste epe bat adierazi ezean, eskaera horri hamabost eguneko epean erantzuten ez bazaio, jada dagoen dokumentazioa aztertuta ebazten ahalko da erreklamazio ekonomiko-administratiboa. Aurkeztutako dokumentazioa berrikuspen-espedienteari erantsiko zaio.

4. Halaber, aurkaratutako egintza eman duen organo edo bulegotik, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta beste erakunde publiko batzuetatik biltzen ahalko ditu erreklamazio ekonomiko-administratiboak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen aurrekariak, txosten teknikoak edo jarduketak.

5. Auzitegiak erreklamazio ekonomiko-administratiboan tramitatu duen espedienteko alderdi zehatzei buruzko kopia ziurtatua emateko eskatzen ahalko dute interesdunek idatziz. Eskaeran, eskatzen diren dokumentuen kopia bakoitzerako eskaera agertu beharko da, hau da, ezin izanen da espedientearen eduki osoari buruzko eskaera orokorrik egin. Kopiak egiteak berekin dakartzan gastuak eskatzailearen kargukoak izanen dira.

Auzitegiko idazkariak eginen ditu kopia ziurtatuak, eta emandakoa jaso beharko du espedientean.

Auzitegiko lehendakariak egin den eskaera ukatzen ahalko du arrazoizko probidentzia baten bidez, eskaerak Auzitegiaren funtzionamenduaren eraginkortasunari eragiten badio edo indarreko araudiaren arabera gorde beharreko informazioa bada.

Kopiak eskatzeak ez du administrazio prozeduraren inolako tramiterik etenen.

6. Dokumentu bat aurkeztean, interesdunek haren kopia batekin aurkeztu beharko dute, idazkariak jatorrizkoa itzul dezan biak erkatu ondoren.

7. Espedientea Auzitegiaren egoitzan jarriko da agerian.

41. artikulua. Adostasun-aktei eta -proposamenei buruzko erreklamazioetan txostena eskatzea.

1. Erreklamazioa adostasunez sinatu diren aktetatik ondorioztatzen diren eta Tributu Ikuskapenak bideratu dituen likidazioei buruzkoa bada, Auzitegiak erreklamazio hori igorriko dio Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari, zerbitzuko zuzendariak txosten gehigarria egin dezan bi hilabeteko epean, eta zuzendari horrek aldez aurretik aztertu diren eta bere txostena oinarritzeko behar diren aurrekariak, dokumentazioa eta liburuak biltzen ahalko ditu interesdunengandik. Txosten gehigarri hori interesdunei jakinaraziko zaie hamar eguneko epean, komenigarritzat jotzen dutena alega dezaten.

2. Berdin jardunen da erreklamazioa zehapen espedienteak izapidetzetik ondorioztatzen diren egintzei buruzkoa bada, interesdunak organo eskudunaren proposamenarekin ados dagoela adierazten badu.

42. artikulua. Arazo intzidentalak.

1. Ebazpena eman aurreko edozein unetan arazo intzidentalak proposatzen ahalko dira, gaiaren mamia izan ez arren horrekin edo prozeduraren baliozkotasunarekin lotuta dauden alderdiei buruzkoak direnak, aldez aurreko eta beharrezko baldintza bada horiek ebaztea erreklamazioa tramitatzeko.

Besteak beste, horrelakotzat joko dira honako hauei lotutakoak: interesdunen nortasuna; erreklamazioak tramitatu edo ebatzi behar dituzten organoetako kideen abstentzioa eta errekusazioa; errekurtsoa aurkezteko idazkian adierazi gabeko praktikak egiteko eskaera; edo betearazpen bidean ebazpenez sortzen diren kontuak.

2. Arazo intzidentalek ez dute inoiz berrikuspen-prozeduraren tramitazioa eteten, Auzitegiko kideren baten errekusazioari buruzkoak direnak izan ezik, eta gaiaren mamia ebazteaz arduratzen den organoak ebatziko ditu, Erregelamendu honetan eskumen hori beste organo edo pertsona zehatz bati esleitu ezean.

3. Arazoen gaineko ebazpena bereizirik hartzen ahalko da, edo gaiaren mamiari buruzko ebazpenean sartu. Kasu horretan, hori ebazteko eskumena ebazpen hori emateko eskumena duen organoari dagokio.

4. Arazoen gaineko ebazpenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu, baina erreklamazioa amaitzen duen ebazpena aurkaratzean arazo intzidentalaren xedea plantea daiteke berriro ere.

5. Erregelamendu honen VI. tituluak xedatutakoak arautuko du erreklamazio ekonomiko-administratiboen betearazpenaren inguruan ager daitezkeen kontuen ebazpena.

43. artikulua. Arazo prejudiziala.

1. Bai Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean bai Erregelamendu honetan esleitutako eginkizunak betetzeko, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak beharrezkotzat jotzen du arazo prejudiziala Europar Batasuneko Justizia Auzitegian aurkeztea, haren araudiaren arabera. Hamabost eguneko epea emanen zaie bai erreklamazio-egileari bai aurkaratutako administrazio egintza eman duen Zerga Administrazioari, planteamendu horren egokitasunari buruz egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Igorritako idazkiarekin batera, Auzitegiak horren planteamendua egokitzat jotzeko dituen arrazoiak azalduko dira.

2. Europar Batasuneko Justizia Auzitegian arazo prejudizial bat aurkezten denean, prozedura ekonomiko-administratiboa etenen da hori aurkeztu denetik arazo prejudiziala ebazten duen ebazpena jaso arte. Halaber, egokia izanen da zenbait prozedura ekonomiko-administratiboren garapena etetea, baldin eta horiek ebazteko beharrezkoa bada aurkeztutako arazo prejudizialaren emaitza jakitea. Eten hori prozedura ekonomiko-administratiboko interesdunei jakinaraziko zaie, eta, gainera, etenak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 55. artikuluak aipatzen duen eskubideak preskribatzeko epearen zenbaketa etetea zehaztuko du; epe hori berriro ere zenbatzen hasiko da proposatutako arazoaren ebazpena organo ekonomiko-administratibo eskudunean jaso ondoren.

3. Arazo prejudiziala proposatu ondoren Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak uste badu arazo prejudizialaren alegazio osagarriak edo birformulazioak aurkeztu behar direla edo horretan atzera egin behar dela, hamar eguneko epea emanen die bai erreklamazio-egileari bai Zerga Administrazioari, egokitzat jotzen dutena alega dezaten. Horrekin batera, behar diren arrazoiak emanen ditu.

4. Aurkeztutako arazoaren ebazpena Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboan jasotzat jotzeko, ulertuko da hori gertatu dela gaztelaniazko bertsioa Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Etena kentzea erreklamazio-egileari jakinaraziko zaio, baita arazo prejudiziala aurkeztearen ondorioz eten diren prozeduretako bakoitzeko egintza bideratu duen Zerga Administrazioko organo eskudunari ere.

5. Zerga Administrazioko organo eskuduntzat joko da Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko kudeaketa zuzendaritza.

44. artikulua. Tramitazio laburtua.

1. Arazoa ebazten ahalko da administrazio espedientea eskatu gabe, erreklamazioa aurkezteko idazkiaren eta horrekin batera aurkeztutako aurrekari, datu edo dokumentuen bidez Auzitegiak eskura baditu erreklamazioa ebazteko behar diren elementu guztiak.

2. Halaber, alde batera uzten ahalko da espedientea edo prozeduraren beste edozein tramite, erreklamazioaren espedientean une horretara arte dauden datuak ikusita erreklamazioa ez onartzeko arrazoi bat atzematen bada.

3. Era berean, espedientea agerian jartzeari uko egiten ahalko zaio, erreklamazio-egileak ez badu berariazko eskaerarik egin hori gauzatzeko edo tramite horri berariaz uko egiten bazaio.

5. ATALA

Ebaztea

45. artikulua. Ebaztea.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak, osoko bilkuran zein edozein kideren bidez jardunda, erreklamazio-egileak adierazitako asmoei eta aurkeztutako erreklamazioa oinarritzen duten oinarriei buruzko ebazpena emanen du epearen barnean, ez badu uste erabakia eman behar duenik berariaz planteatu gabeko konturen baten gainean; kasu horretan, Erregelamendu honen 33.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren gehieneko iraupena urtebetekoa izanen da, eta honako erabaki hauetako bat duen ebazpenaren bidez amaituko da:

a) Erreklamazioa ez onartzea, 46. artikuluarekin bat.

b) Erreklamazioa osorik edo zati batean baiestea, zuzenbidearen araberakoa ez dela adierazita eta erreklamazioa jaso duen egintza osorik edo zati batean baliogabetuta. Hala denean, erreklamazioaren xede den egintza zuzenbidearen araberakoa izateko hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu.

c) Erreklamazioa ezestea.

d) Prozedura amaitu dela adieraztea, erreklamazio-egilearen asmoak ebazpenaren aurretik bete baitira interesdunak amore emateagatik edo uko egiteagatik edo antzeko arrazoiengatik.

3. Ebazpenean akats formalak atzematen direnean, erreklamazio-egilearen defentsa aukerak murriztu dituztenak, egintza baliogabetuko da ukitutako zatian, eta jarduketek akats formala gertatu zen unera arte atzera egiteko aginduko da.

4. Artikulu honen 2. apartatuan ezarritakoa gorabehera, eta Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 87.2 artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, prozedura bat ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legezko gehieneko epea eteten ahalko da, Auzitegiaren iritziz, zirkunstantzia hauetako edozein gertatzen denean:

a) Erregelamendu honen 43. artikuluan aurreikusitako arazo prejudiziala aurkeztu bada eskaera aurkezten denetik erabakia organo proposatzaileari jakinarazi arte.

b) Europar Batasunaren eremuan amaitu gabeko prozedura bat badago, dena delako ebazpenaren edukia funtsean eta zuzenean baldintzatzen duena, hori dagoela jakiten denetik hori ebatzi arte.

c) Prozedura bat ebazteko ezinbestekoa bada organo jurisdikzional batek aldez aurretik erabakia hartzea, dena delako ebazpenaren edukia funtsean eta zuzenean ukitzen duena, hori dagoela jakiten denetik hori ebatzi arte.

d) Automatikoki, interesdunek espedientea tramitatzen edo ebazten parte hartu behar duten kideetako edozeinen errekusazioa sustatzen badute, hori aurkezten denetik berariaz ebatzi arte.

a), b) eta c) letretan aurreikusitako etena hautazkoa izanen da, eta Auzitegiaren erabakia ez da lotuta egonen aldez aurreko eskaera egoteko aukerari. Horrela, erabakiak berekin ekar ditzakeen onurak eta kalteak hartu beharko ditu kontuan ebazpenean. Prozeduraren etena baimentzeko eta hori kentzeko orduan, interesdunei jakinarazi beharko zaie.

d) letran aurreikusitako eten automatikoa kentzearen berri ematen ahalko da berariazko ebazpen baten bidez edo aurkeztutako errekusazioaren ebazpenari buruzkoarekin batera.

5. Etena automatikoki kendutzat joko da aurretik aipatutako kasu bakoitzari aplikatu beharreko baldintzak betetakoan.

6. Ebazpenak emateko eskumena osoko bilkurari zein prozeduraz arduratzen diren kideei dagokie, titulu honen II. kapituluan ezarritakoaren arabera.

7. Ebazpenek aurrekariak eta zuzenbideko oinarriak jaso beharko dituzte, baita epaia edo xedapen zatia ere, eta horietan interesdunek proposatutako gai guztiak eta espedienteak berak sortzen dituenak erabakiko dira, interesdunek sustatutakoak izan zein ez. Halaber, bat etorri beharko da interesdunek egindako eskaerekin, eta ezin izanen da inola ere larriagotu hasieran zuen egoera.

8. Artikulu honen 4. apartatuan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, 2. apartatuan ezarritako epea igarotzen bada ebazpenik jakinarazi gabe, interesdunak ezetsitzat jotzen ahalko du erreklamazioa, bidezko errekurtsoa aurkezte aldera.

9. Erreklamazioa osorik edo zati batean baiestearen ondorioz lehenago sartutako dirua itzuli behar baldin bada, interesdunak eskubidea izanen du sarrera egin zuen egunetik ordaintzeko agindua ematen den egunera arte sorturiko berandutze-interesak eskuratzeko.

46. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa ez onartzea.

Ebazpenak erreklamazio ekonomiko-administratiboa ez onartzea erabakiko du honako kasu hauetan:

a) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren eskumenetik kanpora baldin badago.

b) Gaitasun edo legitimazio baldintzak betetzen ez badira.

c) Behin betiko aurreko egintza irmo batzuen errepikapena diren egintzen aurka aurkezten badira, edo denbora nahiz forma aldeko baldintzetan ez errekurritzeagatik onartu diren egintzak berresten dituztenen aurka.

d) Jada epaitu edo ebatzi den zerbaiti buruzkoa bada.

e) Erreklamazioa aurkezteko epea iragan bada.

f) Agertzen bada errekurtsogileak aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu duela erreklamazioa aurkeztu baino lehen eta ebazpena jakinarazi ez bada edo isiltasun administratiboaren kasuan ebazpena emateko epe osoa iragan ez bada, ezertan eragotzi gabe errekurtso horren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztea.

g) Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren xedea aurkaratu ezin diren egintzak badira.

47. artikulua. Amaitzeko beste modu batzuk.

Halaber, honako hauek ere prozedura ekonomiko-administratiboa amaituko dute:

a) Erreklamazioa oinarritzen duen eskubideari uko egitea.

b) Erreklamazio ekonomiko-administratiboan amore ematea hori jasota geratzea ahalbidetzen duen edozein baliabideren bidez eta prozeduraren edozein unetan.

c) Administrazioak onartzea erreklamazioaren xede den asmoa.

48. artikulua. Jakinarazpenak.

Interesdunak zuzenean ukitzen dituzten egintza guztiak edo erreklamazio ekonomiko-administratibo bat amaitzen dutenak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako moduan eta epeen barnean jakinaraziko dira.

IV. TITULUA

Berrikuspen-prozedura bereziak

I. KAPITULUA

Erabat deusezak diren egintzen berrikuspena

49. artikulua. Abiaraztea.

1. Ofizioz, egintza eman duen organoaren edo hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusiaren erabaki bidez edo interesdunak eskatuta abiarazten ahalko da erabat deusezak diren egintzak berrikusteko prozedura. Azken kasu horretan, berrikusi nahi den egintza eman duen organoari zuzenduko zaio idazkia. Ofiziozko hasiera interesdunari jakinaraziko zaio.

2. Prozedura tramitatzeko eskumena duen organoak arrazoizko erabakia ematen ahalko du berrikusteko eskaerak tramitera ez onartzeko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 146. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

50. artikulua. Aurkaratutako egintza etetea.

Tramitazioaz arduratzen den organoak proposatuta, ofizioz edo interesdunak eskatuta, gaiaren mamiari buruzko ebazpena emateko eskumena duen organoak prozedura honen mende dagoen egintzaren betearazpena eteten ahalko du erreklamazio ekonomiko-administratiboetarako aurreikusitako prozeduran eteteko ezartzen diren kasu, baldintza eta epe berdinetan.

51. artikulua. Izapidetzea.

1. Tramitatzeko eskumena duen organoa berrikuspenaren xede den egintza eman duen organoa izanen da, eta horrek ebazpen proposamena prestatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein datu edo aurrekari eskatzen ahalko du.

2. Administrazio espedientea interesdunari jakinaraziko zaio, baita egintzan eskubideak aitortu zaizkien edo egintzaren eraginez interesak ukituta izan dituzten gainerako pertsonei ere, hamabost eguneko epean, epe hori ireki dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bai alegazioak bai egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta frogagiriak aurkez ditzaten, hala nahi izanez gero.

3. Entzunaldia emateko epea amaiturik, prozedura tramitatzeko eskumena duen organoak ebazpen proposamena igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari.

52. artikulua. Ebaztea.

1. Ebazpen proposamena jaso ondoren, Nafarroako Kontseiluaren irizpena eskatuko da. Deuseztasunaren deklarazioa egiteko, irizpen horrek aldekoa izan beharko du.

2. Prozedura tramitatzeko organo eskuduna ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen da, salbu eta egintza Nafarroako Gobernuak eman badu; halakoetan, hari dagokio ebazpena ematea.

3. Berariazko ebazpena emateko epea urtebetekoa izanen da gehienez ere, interesdunak eskaera aurkezten duenetik aurrera edo prozedura ofizioz hasiko dela jakinarazten zaionetik aurrera.

4. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ezetsitzat joko da edo, bestela, prozedura iraungitzat.

5. Berariazko ebazpenak edo 3. apartatuan aurreikusitako epea ebazpena jakinarazi gabe iragateak amaiera emanen dio administrazio bideari.

II. KAPITULUA

Egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-deklarazioa

53. artikulua. Abiaraztea.

Ofizioz (Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen erabakiaren bidez), norberaren ekimenez edo egintza eman duen organoak edo hierarkian hurrengo mailan dagoen nagusiak proposatuta abiaraziko da antolamendu juridikoa edonola ere urratzea dakarten egintza deuseztagarrien kaltegarritasuna deklaratzeko prozedura. Hasiera interesdunari jakinaraziko zaio.

54. artikulua. Izapidetzea.

1. Tramitatzeko organo eskuduna berrikuspenaren xede den egintza eman duena izanen da, eta organo horrek ebazteko garrantzitsuak diren aurrekariei buruzko txostena emanen du.

Halaber, ebazpen proposamena prestatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein datu, aurrekari edo txosten eskatzen ahalko da.

2. Administrazio espedientea interesdunei jakinaraziko zaie hamabost eguneko epean, epe hori ireki dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bai alegazioak bai egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta frogagiriak aurkez ditzaten, hala nahi izanez gero.

3. Entzunaldia emateko epea amaiturik, organo eskudunak ebazpen proposamena eginen du, eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko.

55. artikulua. Ebaztea.

1. Prozedura ebaztea ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrari dagokio, eta ebazpen horrek amaiera emanen dio administrazio bideari.

2. Ebazpena eman behar duen organoaren iritziz komeni bada, Nafarroako Kontseiluak irizpena ematea eskatzen ahalko du aurretik.

3. Kaltegarritasuna ezin izanen da deklaratu administrazio egintza jakinarazi eta lau urte igaro ondoren, eta beharrezkoa izanen da interesdun izandako guztiei entzunaldia ematea aurrez.

4. Baldin eta sei hilabete igaro badira prozedura hasi zenetik eta ez bada kaltegarritasun-deklarazioa ebatzi, prozedura iraungi eginen da.

5. Kaltegarritasuna deklaratu ondoren, espediente osoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ondoren aurkaratzeko eskumena duten organo juridikoei igorriko zaie.

III. KAPITULUA

Zerga arloko egintzak eta zehapenak jartzekoak errebokatzea

56. artikulua. Abiaraztea.

1. Errebokatze prozedura ofizioz baino ez da abiaraziko, ezertan eragotzi gabe interesdunek Zerga Administrazioari hori abiarazteko eskatzeko duten aukera egintza eman duen organoari zuzendutako idazki baten bidez. Kasu horretan, Administrazioa idazkia jaso izanaren berri eman beharko du. Hasiera interesdunari jakinaraziko zaio.

2. Zerga arloko egintzak eta zehapenak jartzekoak errebokatzen ahalko dira Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak ebazpena eman arte, nahiz eta bide ekonomiko-administratiboan erreklamazioa jarri.

3. Ezin izanen dira errebokatu Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak emandako ebazpenak, ezta ebazpen horiek aipatzen dituzten zerga arloko egintzak eta zehapenak jartzekoak ere, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 140.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

57. artikulua. Izapidetzea.

1. Tramitatzeko organo eskuduna egintza eman duena izanen da, eta organo horrek beharrezkotzat jotzen duen edozein datu, aurrekari edo txosten eskatzen ahalko du.

2. Hala denean, entzunaldia emanen zaie interesdunei hamabost eguneko epean, epe hori ireki dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bai alegazioak bai egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta frogagiriak aurkez ditzaten, hala nahi izanez gero.

58. artikulua. Ebaztea.

1. Prozedura hau ebazteko eskumena ogasun arloan eskumena duen departamentuko titularrari dagokio.

2. Ezin izanen da errebokatu, preskribatzeko epea igaro ondoren.

3. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehienez ere sei hilabete izanen dira prozedura hasi dela interesdunari jakinarazten zaionetik hasita.

4. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungi eginen da.

IV. KAPITULUA

Akats materialak, egitezkoak eta aritmetikoak zuzentzeko prozedura

59. artikulua. Akatsak zuzentzeko prozedura.

1. Prozedura ofizioz abiarazi bada, abiarazteko erabakiarekin batera zuzenketa proposamena jakinaraziko da, interesdunak alegazioak aurkez ditzan hamabost eguneko epean, proposamena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

2. Zuzenketa interesdunen alde egiten denean, prozeduraren ebazpena zuzenean jakinarazten ahalko da.

3. Prozedura interesdunak eskatuta abiarazi bada, Zerga Administrazioak bidezkoa dena ebazten ahalko du zuzenean, prozeduran agertzen ez badira edo ebazpenean kontuan hartzen ez badira interesdunak aurkeztutako gertaerak, alegazioak edo frogak ez direnak. Bestela, ebazpen proposamena jakinarazi beharko da, interesdunak bere zuzenbidearen araberakoa dena alega dezan hamabost eguneko epean, proposamena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Prozedura ebazteko eskumena kapitulu honek aipatzen dituen akatsak dituen egintza edo ebazpena eman duen organoari dagokio.

5. Berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da interesdunak eskaera aurkezten duenetik hasita edo prozedura hasteko ebazpena jakinarazten zaionetik hasita.

6. Ebazpena jakinarazi gabe epe hori iraganda, ezetsitzat joko da edo, hala denean, prozedura iraungitzat, eta bidezko berraztertzeko errekurtsoak edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkezteko epea hasiko.

V. TITULUA

Berrikuspen-errekurtso berezia

60. artikulua. Berrikuspen-errekurtso berezia.

1. Interesdunek berrikuspen-errekurtso berezia aurkezten ahalko dute Nafarroako Zerga Ogasunean sartutako organo administratiboek emandako egintza irmoen kontra eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpen irmoen kontra, inguruabar hauetako bat tartean dagoelarik:

a) Gaia ebazteko funtsezko balioa duten agiriak agertzen badira, egindako akatsa agerian uzten dutenak, errekurtsoaren xede den egintza edo ebazpenaren ondotik bada ere edo haiek emateko garaian aurkeztu ezin zirenak.

b) Errekurtsoaren xede den ebazpenean funtsezko eragina izan duten agiri edo testigantza batzuk epai judizial irmoaren bidez faltsuak direla deklaratu denean, ebazpen hura baino lehen nahiz ondoren.

c) Ebazpena honen ondorioz eman izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, indarkeria, iruzurrezko amarrua edo beste jokabide zigorgarri bat, halakotzat deklaratuta baldin badago epai judizial irmo baten bidez.

2. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboan aurkeztuko da, bera baita horretaz arduratu eta hori tramitatu eta ebazteko organo eskuduna, hiru hilabeteko epean, dokumentuak daudela jakiten denetik edo epai judiziala irmo bihurtzen denetik.

3. Errekurtsoa aurkezteko legitimaturik daude errekurtsoaren xede den egintzan edo Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenean interesa dutenak. Ebazpen horri dagokionez, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea ere legitimaturik dago.

4. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak arrazoiturik ebazten ahalko du errekurtsoa tramitera ez onartzea, inguruabar hauetako bat tartean delarik:

a) Irmo bilakatu ez diren egintzen kontra aurkezten denean.

b) Aurreko 1. apartatuan aurreikusitako kausetako batean oinarritzen ez denean.

c) Funtsean berdinak diren beste errekurtso batzuk mamiari dagokionez ezetsi direnean.

d) Errekurtsoa aurkezteko idatzian ez dagoenean inolako zantzurik edo frogarik egindako eskaerari eusteko.

5. Ebazpena eman behar duen organoaren iritziz komeni bada, Nafarroako Kontseiluak irizpena ematea eskatzen ahalko du aurretik, eta irizpen hori ez da loteslea izanen.

6. 2. eta 4. apartatuetan xedatutakoa gorabehera, berrikuspen-errekurtso berezia Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak aurkezten badu Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak emandako ebazpen irmo baten kontra, horren tramitazioa departamentu eskuduneko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eginen du, eta ebazteko eskumena, berriz, Nafarroako Gobernuarena izanen da, Nafarroako Kontseiluak aginduzko irizpena eman ondotik.

7. Errekurtsoa aurkezten denetik lau hilabete iragan ondoren espresuki ebazpena jakinarazi gabe, ezetsi dela ulertuko da.

8. Espresuki emandako ebazpenak edo aurreko zenbakian aurreikusitako epea ebazpena jakinarazi gabe iragateak amaiera emanen dio administrazio bideari.

9. Berrikuspen-errekurtso bereziaren bidez aurkaratutako egintzaren edo ebazpenaren betearazpena ezin izanen da eten inola ere.

10. Aurreko zenbakietan aurreikusita ez dagoen orotan, erreklamazio ekonomiko-administratiboen inguruan ezarritakoa aplikatuko da.

VI. TITULUA

Administrazio errekurtsoak eta ebazpenak betearaztea

61. artikulua. Administrazio errekurtsoak eta ebazpenak betearaztea.

1. Erregelamendu honetan araututako berrikuspen-prozeduretan ematen diren ebazpenak horietan ezarri bezala betearaziko dira, hasieran aurkaratutako egintzaren betearazpena etetea erabakitzen ez bada eta eten horri eusten bazaio beste instantzia batzuetan.

2. Errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratibo bat betearaztetik ondorioztatzen diren egintzak interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta haren eskumenaren arloan, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaari ere bai, bi hilabeteko epean, betearazteko eskumena duen organo eskudunari ebazpen hori jakinarazten zaionetik.

3. Betearazpen egintzak ez dira izanen aurkaratu beharreko egintza eragiten duen prozeduraren zati.

4. Ebazpenak betearaztean, eskualdatzeari, egintza akastunak aldatzeari, eta egintzak eta tramiteak gordetzeari buruzko arauak aplikatuko dira, baita administrazio zuzenbideko xedapen orokorretan aurreikusitako baliozkotzeari buruzkoak ere.

5. Gaiaren mamiari buruzko ebazpena hartzen denean eta horri jarraikiz aurkaratutako egintza osorik edo zati batean deuseztatzen denean, deuseztatutakoak ukitzen ez dituen egintzak eta tramiteak mantenduko dira, haien eduki osoari eutsiz, gainera.

6. Administrazio likidazioak deuseztatzen badira eta horrek diru kopuruak itzultzea badakar berekin, legez aurreikusitako berandutze-interesak ordainduko dira.

7. Zati batean baiesten duen ebazpenak sartu beharreko diru kopurua aldatzen ez duenean, ebazpena betearazten ahalko da aurkaratutako egintza eta zati batean deuseztatzen denetik datozen ondokoak zati batean aldatuz. Kasu horietan, hasierako egintzak iraunen du, baina ebazpenaren edukiaren arabera zuzenduko da. Halaber, aurretik egindako bilketa egintzak mantenduko dira, ezertan eragotzi gabe oztopoen eta egindako enbargoen diru kopuruak moldatzea, beharrezkoa bada.

8. Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, formazko akatsa egon arren bidezkotzat jotzen ez bada gaiaren mamiari buruzko ebazpena hartzea, ebazpenak jarduketen atzeraeragina aginduko du, deuseztatu den egintzan oinarritzen diren ondoko guztiak deuseztatuko dira, eta, hala denean, behar ez bezala sartutako bermeak edo diru kopuruak itzuliko dira, horiei dagozkien berandutze-interesekin batera.

9. Ebazpenak errekurtsoa edo erreklamazioa osorik onesten badu eta egintza berririk eman behar ez bada, deuseztatu den egintzan oinarritzen diren ondoko guztiak deuseztatuz betearaziko da, eta, hala denean, behar ez bezala sartutako bermeak edo diru kopuruak itzuliko dira, horiei dagozkien berandutze-interesekin batera.

10. Administrazio ebazpenak aurkaratu den egintza berresten badu eta hori sarrera egiteko borondatezko epean eten bada, ebazpenaren jakinarazpenak ez du berekin ekarriko sarrera egiteko beste epe oso bat abiaraztea: sarrera egiteko epea zenbatzen jarraituko da hori mugaeguneratu arte.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboen kasuan, epe hori zenbatzen jarraituko da erreklamazio ekonomiko-administratiboaren ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Etena aldi exekutiboan egin bada, ebazpenaren jakinarazpenak zehaztuko du bidezkoa den horrekin jarraitzea edo premiamendu-prozedura abiaraztea, indarreko araudia aplikatuta.

11. Emandako bermea itzultzea bidezkoa dela egiaztatu ondoren, organo eskudunak ofizioz eginen du interesdunak eskatu behar izan gabe.

62. artikulua. Aurkaratutako egintzaren betearazpena eteteko aurkeztutako bermeen murrizketa proportzionala.

1. Aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa zati batean baiesten bada, baina haren ebazpena ezin bada betearazi aurreko artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, interesdunak eskubidea izanen du, hori eskatuz gero, aurkeztutako bermea proportzioan murrizteko.

Horretarako, organo eskudunak dena delako errekurtsoaren edo erreklamazioaren betearazpenetik sor daitekeen betebeharraren kuantifikazioa eginen du hilabeteko epean, interesdunak eskaera aurkezten duenetik, eta kuantifikazio hori erabiliko da dagokion murrizketaren zenbatekoa zehazteko, eta, horren ondorioz, oraindik egon daitekeen bermearena ere bai.

Hala ere, aurreko bermeak oraindik dagoen egintza, zor edo betebeharraren zenbatekoaren ordainketari lotuta egoten jarraituko du, eta bere iraunaldiari eutsiko dio oraindik dagoen egintza, zor edo betebeharraren zenbatekoa estaltzen duen berme berria gauzatu arte.

2. Etena erabaki duten organoak izanen dira bermea zehazteko eskumena dutenak.

63. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak betearazteko arau bereziak.

1. Interesduna ez badago ados ebazpena betearazteko ematen den egintza berriarekin, betearazpen-intzidente bat sustatzen ahalko du hilabeteko epean, egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak ebatzi beharko du hori bi hilabeteko epean, hori aurkezten denetik aurrera.

2. Auzitegiak betearazpen-intzidentea ezin dela onartu erabakiko du betearazten den ebazpenak dagoeneko erabaki dituen edo betearazten ari den ebazpenari lotutako erreklamazioan proposatu diren gaien inguruko kontuetan.

3. Hasierako erreklamaziorako aplikatu beharreko prozedura orokorraren arauek arautuko dute betearazpen-intzidentea, eta ofizioz kenduko dira proposatutako gaia ebazteko ezinbestekoak ez diren tramite guztiak.

4. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenak betearazi behar dituzten organoek ebazpena azaltzeko eskatzen ahalko diote horri.

VII. TITULUA

Bermeen kostua itzultzea

64. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 9.1 c) eta 144. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Zerga Administrazioak egintza baten betearazpena eteteko edo zerga zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko aurkeztu dituen bermeen kostua itzuliko du, zenbatekoa frogatu ondoren, epai edo administrazio ebazpen irmo batek egintza edo zor hori bidegabea dela deklaratzen badu.

2. Horretarako, bidegabetzat jotako egintza eman duen Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak edo erakunde autonomoak egin beharko du itzulketa hori.

3. Aurkeztutako bermeen kostuen itzulketak horiek gauzatu, mantendu eta deuseztatzeko behar diren kostuak hartuko ditu barnean, titulu honetan ezarri bezala.

4. Epai edo administrazio ebazpen irmoak zerga zorra zati batean bidegabetzat jotzen badu, aipatutako bermeen kostutik dagokion zatia hartuko du barnean itzulketak.

5. Titulu honetan aurreikusitako prozedurak aurretik aipatu diren kostuen itzulketa baino ez du berekin ekarriko, nahiz eta egokitzat jotzen duen zergadunak aukera izanen duen oro har aplikatu beharreko araudian aurreikusten den ondare-erantzukizunari buruzko prozedura eskatzeko, beste kostu edo kontzeptu batzuei dagokienez, horretarako aurreikusitako zirkunstantziak betetzen baldin badira.

65. artikulua. Itzulketaren xede diren bermeak.

1. Aurreko artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, titulu honetan aitortzen den itzulketarako eskubideak barnean hartuko ditu indarreko araudiaren arabera emanda, onartu diren bermeak; honako hauek dira:

a) Diruzko edo balore publikoen gordailua Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan.

b) Kreditu-erakundeek eta elkar bermatzeko sozietateek emandako abalak.

c) Ondasun higigarrien eta higiezinen hipotekak.

d) Bahiturak, eskualdatzearekin edo gabe.

e) Administrazioak edo justizia auzitegiek onartu duten beste edozein.

66. artikulua. Emandako bermeen kostua zehaztea.

1. Itzultzeko ondorioetarako, aurretik aipatutako bermeen kostuak honako diru kopuru hauek hartuko ditu barnean:

a) Abaletan, kreditu-erakundeari edo elkar bermatzeko sozietateari benetan ordaindu zaizkionak abala gauzatu, mantendu eta deuseztatzeagatiko komisio eta gastu gisa, zeinak sortu baitira interesdunari dena delako ebazpena edo epaia jakinarazi ondoko hogeita hamar eguneko gehieneko epean.

b) Aurreko artikuluan aipatutako hipoteketan eta bahituretan:

1) Fede-emaile publikoak esku hartzetik datozen gastuak.

2) Erregistroko gastuak.

3) Bermea eratzetik eta, hala bada, deuseztatzetik zuzenean datozen zergak.

4) Erregelamendu honek aipatzen dituen eta berme gisa eskaintzen diren ondasunen tasaziotik edo baloraziotik datozen gastuak.

c) Aplikatu beharreko araudiaren arabera eratzen diren eskudiruko gordailuetan, gordailatutako diru kopuruei dagokien legezko interesa, gordailua eratzen den egunetik ordainketa agintzen den egunera bitartekoa.

d) Zerga Administrazioak edo auzitegiek aurreko bermeak ez direnak onartu badituzte, horiek gauzatu, mantendu eta deuseztatzeko zuzenean egin diren eta frogatzen diren kostuak baino ez.

2. Bermeen kostuen itzulketarekin, Zerga Administrazioak sortzapenaren aldian indarra duen legezko interesa ere ordainduko du, interesdunak eskatu beharrik izan gabe. Ondorio horietarako, aldi hori zenbatuko da kostuak egin direnetik (behar bezala frogatuta) ordainketa agindu den egunera bitartean.

3. Administrazioak aurretik aipatutako epeetan itzuli edo deuseztatu ez badu bermea berari egotz dakiokeen arrazoi bat dela medio, epe horiek luzatuko dira itzulketa edo deuseztatze agindua egon arte.

67. artikulua. Organo eskudunak.

1. Diru-bilketa Zerbitzuko titularra izanen da ogasun arloan eskumena duen departamentuak likidatzen dituen zerga zorra eteteko aurkezten diren bermeen itzulketa erabakitzeko organo eskuduna.

Ondorio horretarako, antolaketa administratiboari buruzko arauek zehazten duten organoa izanen da prozedura tramitatzeko eta ebazpen proposamena Diru-bilketa Zerbitzuko titularrari igortzeko eskuduna.

2. Bermeen kostuaren itzulketa Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu edo erakunde autonomo batzuek likidatzen dituzten zorren etenak eragiten duenean, eskudunak izanen dira itzulketa erabakitzeko zein hori tramitatzeko organo likidatzaileak.

68. artikulua. Abiaraztea.

1. Prozedura interesdunak eskatuta abiaraziko da, aurreko artikuluan aurreikusitakoaren arabera tramitatzeko eskumena duen organoari igorri beharko dion idazkiaren bidez; honako zirkunstantzia hauek agerrarazi beharko dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak edo izen soziala eta identifikazio fiskaleko zenbakia eta, hala bada, bera ordezkatzen duen pertsonarenak, baita jakinarazpenetarako helbidea ere.

b) Eskabidea zehazten duten egitateak, arrazoiak eta eskaera.

c) Tokia eta data.

d) Eskatzailearen sinadura edo edozein baliabidearen bidez haren berariazko asmoa benetakoa dela frogatzen duen agiria.

e) Zein organori zuzentzen zaion.

2. Itzultzeko eskabidearekin batera honako datu edo agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Betearazpena eten zaion administrazio egintza osorik edo zati batean bidegabetzat jotzen duen ebazpen administratiboaren edo judizialaren kopia, eta haren irmotasuna aipatzea.

b) Itzultzeko eskatzen diren bermeen kostuaren zenbatekoa frogatzea. Abalen kasuan, abala eman duen kreditu-erakundeak edo elkar bermatzeko sozietateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta abala eman, mantendu eta deuseztatzeagatik horri ordaindutako diru kopuruak agerrarazi, baita abalatutako diru kopurua ere; horrez gain, aurkeztutako abalaren kopia eman beharko da. Erregelamendu honen 65. artikuluak aipatzen dituen gainerako bermeei dagokienez, Erregelamendu honen 65. artikuluko 1. apartatuko b) eta d) letretan aipatutako gastuak benetan ordaindu direla frogatu beharko da, baita arau horren c) letrak aipatzen duen gordailua eratu den eguna ere.

c) Itzulketa egiteko aukeratu den baliabidea berariaz adieraztea. Honako hauek aukeratu daitezke:

1) Banku-transferentzia, kreditu- edo banku-erakundearen kontu-kodearen zenbakia eta identifikazio-datuak adierazita.

2) Konpentsazioa, Diru-bilketaren Erregelamenduan ezarri bezala.

69. artikulua. Izapidetzea.

1. Prozedura izapidetzen duen organoak eskatzen den itzulketaren egokitasuna egiaztatzeko behar beste jarduketa gauzatzen ahalko ditu, eta beharrezkotzat jotzen dituen txostenak edo jarduketak eskatu.

2. Eskabideak aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatutako datuak jasotzen ez baditu edo horren 2. apartatuko b) eta c) letretan aurreikusitako dokumentazioa eransten ez badu, tramitatzeko organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak eransteko; halaber, ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta hori artxibatu eginen dela. Hala ere, interesdunak Administrazioari eskatzen badio atzera egite hori benetan gertatu dela adierazteko, Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpena eman beharko du.

3. Aurreko apartatuan aurreikusitako zuzenketa epea interesdunak eskatuta edo instrukzio organoaren ekimenez luzatzen ahalko da, eskatutako dokumentuak aurkeztean zailtasun bereziak daudenean.

4. Jarduketak amaiturik, instrukzio organoak, ebazpen proposamena idatzi baino lehen, interesdunari entzunaldia emanen dio bere zuzenbidearen araberakoa dena alega dezan.

Hala ere, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 86. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, entzunaldiaren izapidea saihesten ahal da, prozeduran interesdunak egindako alegazioak edo aurkeztutako frogak bakarrik agertzen badira edo horiek bakarrik kontuan hartzen badira.

70. artikulua. Ebaztea.

1. Organo eskudunak ebazpena eman, eta sei hilabeteko gehieneko epean jakinaraziko du, interesdunaren eskabidea Administrazioaren bulegoetan sartzen den egunetik aurrera.

2. Garatutako instrukzio egintzei jarraikiz egokia bada emandako bermearen kostua itzultzea, Erregelamendu honen 66. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako diru kopurua itzultzea erabakiko da, behar bezala frogatzen denean eta osorik edo zati batean bidegabetzat jotako zorra eteteari dagokionean.

Zati batean baietsi bada, itzulketak bidegabetzat jotako zorraren zatiari dagokion kostuaren zenbatekoa baino ez du hartuko barnean.

3. Ebazpena emateko epea iraganik hori eman gabe, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, ustezko ebazpenaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko ondorioetarako. Epea mugaeguneratu ondoren Administrazioak emandako berariazko ebazpenak ez du loturarik izanen isilbidearen nondik-norakoarekin.

4. Prozedura hori amaitzen duen ebazpenaren aurka erreklamazioa aurkezten ahalko da administrazio bidean, berraztertzeko errekurtsoaren ondoren (interesdunak hori aurkeztea erabakitzen baldin badu).

71. artikulua. Betearaztea.

Aurkeztutako bermearen kostua itzultzeko eskubidea aitortzen duen ebazpena eman ondoren, pertsona edo entitate hartzekodunari berak aukeratu duen moduan ordainketa egiteko agindua eginen da hamabost eguneko gehieneko epean, ebazpen hori ematen denetik aurrera.

72. artikulua. Emandako bermeen kostuaren murrizketa proportzionala.

1. Aurkeztutako errekurtsoa edo erreklamazioa zati batean baietsiz gero eta administrazio epaia edo ebazpena irmo bihurtu arte, zergadunak aurkeztu den bermea proportzioan murrizteko eskubidea izanen du, hori eskatzen badu. Hala ere, aurreko bermeak oraindik dagoen zorraren ordainketari lotuta egoten jarraituko du, eta bere iraunaldiari eutsiko dio oraindik dagoen zorraren zenbatekoa estaltzen duen berme berria gauzatu arte.

2. Aurkeztutako bermeak murrizteko edo ordezteko baino ez, organo kudeatzaileak dena delako errekurtsoa edo erreklamazioa ebaztetik datorren likidazioa eginen du hilabeteko epean, interesdunak eskabidea aurkezten duenetik aurrera, eta hori erabiliko da dagokion murrizketaren zenbatekoa zehazteko, eta, horren ondorioz, oraindik egon daitekeen bermearena ere bai.

3. Bermea ordezteko organo eskudunak izanen dira bere garaian etena erabaki zutenak.

Iragarkiaren kodea: F1812481