199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1521E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira diru-laguntzak emateko deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonak tratatzeko, 2018ko urritik 2019ko irailera.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra. Arau honek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da diru-laguntzak ematea autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek tratamendua jaso dezaten 2018ko urritik 2019ko irailera bitartean.

Aipatutako foru legeak aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, diru-laguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek 2018ko urritik 2019ko irailera bitartean jasotzen duten tratamendua ordaintzeko, osorik edo partez, diru-laguntzen deialdi hau onestea. Oinarri arautzaileak eranskin gisa gehitzen dira.

2. 86.108,40 euroko gastua baimentzea, edo Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua, 2019ko ekitaldirako. Honako honen kargura egotziko da: “Autismoa duten pertsonentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 partida. Diru-laguntza emateko baldintza izanen da aurrekontuan horretarako nahikoa kreditu izatea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ebaluazio Batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Diru-laguntzen deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 8an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek 2018ko urritik 2019ko irailera bitartean jasotako tratamendurako diru-laguntzen deialdia. Oinarri arautzaileak

1. Diru-laguntzaren helburua eta xedea.

Diru-laguntzak erabiliko dira osorik edo hein batean ordaintzeko autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonentzako tratamendua, 2018ko urritik 2019ko irailera bitartekoa. Haien onura publikoaren helburua da sostengua ematea pertsona horiek behar duten tratamendu beharrerako.

Tratamendu horrek homologatua beharko du izan, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da; tratamendu hori eman dutenek behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza izanen dute tratamendu hori emateko, eta profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere arlo hauetakoak: psikologia, irakasle-ikasketa, pedagogia, logopedia, terapia okupazionala, haur hezkuntzako goi mailako teknikaria, erizaintza edo gizarte lana.

Tratamendu hori emanen da horretarako baimena duten zentroetan.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa izatea, sendagile espezialista batek emandakoa. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean daudenak, betiere sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

–Onuradunak ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzea urte batez, 2019ko irailaren 30a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamenduaren komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

3.1. Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko irailaren 2tik 30era bitarte izanen da.

3.3. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa honen bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7639/Subvencion-para-tratamiento-de-personas-con-trastorno-del-espectro-autista-2019.

Halaber, eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkez daitezke, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Horrek ez du ezertan galaraziko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria edo asilo-eskubidea emateko ebazpena.

b) Txosten medikoa, sendagile espezialista batek egin duena eta iritzi klinikoa edo diagnostikoaren susmoa biltzen duena. Txosten hori aurretik eman bada diru-laguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.

5.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

Diru-laguntza aurkezteak berekin dakar baimena ematea batzordeko osasun profesionalek onuradunaren historia klinikoa kontsultatzeko, diru-laguntzaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatze aldera.

c) Profesional akreditatu baten txostena, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena.

d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa. Tratamendua agindu eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

e) Onuraduna adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama baldin bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan, edo guraso bakar bati dagokionean zaintza, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

g) Egindako gastuaren justifikazioa fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Tratamendua jasotzen duen pertsonaren izena.

–Tratamendua eman duen entitatea edo pertsona.

–Jasotako tratamendua, honako hau adierazita: emandako saioen kopurua, eta horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

h) Egindako ordainketaren frogagiria.

i) 5.3 oinarrian adierazi bezala hainbanatzetik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

j) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), e) eta f) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea Osasun Departamentuari Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik Ebaluazio Batzordeak balorazio loteslea eginik.

5.2. Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

Ana Guinea Hidalgo, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.

M.ª Luisa Solano Nuin, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko Administrazio Aferetarako Bulegoko administraria.

Mariano Lacarra López, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun kudeaketako teknikaria.

M.ª José Lasanta Sáez, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua.

5.3. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta parametro hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:

  • Banakako terapiaren saioa: 40 euro.
  • Taldeko terapiaren saioa: 16 euro.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta familia unitatea 2018an eta/edo 2019an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren / errenta bermatuaren hartzaile izan bada.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean banatuko da, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Diru-laguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, aurretik Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena espresuki ematera.

7. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

8. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster komunikatu beharko da, eta, betiere, 2020ko abuztuaren 31 baino lehen.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

9. Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, diru-laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera.

10. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

11. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.

12. Datuen babesa.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Onuradunek erabil dezakete honako hauek guztiak jakiteko eskubidea: beren datuak zertarako erabiltzen diren, datu horiek zenbat denboraz gordetzen diren, erreklamazioak aurkezten ahal zaizkiola Datuak Babesteko Europako Agentziari, badirela zenbait erabaki automatizatu, profilak egiten direla eta horiek ondorioak dituztela. Era berean, eskubidea dute arduradunari eskatzeko beren datuak erabiltzeari utz diezaiola, beren datuak gorde ditzala eta datuok eramangarriak izan daitezela. Horrez gain, eskubidea dute datuak ezabatzeko eta inork haien datuak erabiltzeari kontra egiteko. Eskubide horiek guztiak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan jasota daude (datu pertsonalen erabilerari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa).

13. Argitaratzeko araubidea.

Onartzen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, diru-laguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1811138