199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

103/2017 eta 234/2017 administrazioarekiko
auzi-errekurtsoen epaia

Fabiola Llorente Llorente, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: 103/2017 eta 234/2017 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 257/18 epaia eman da 2018ko uztailaren 4an eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako jaun-andreek osatuak, aztertu egin ditu 103/17 eta 234/17 errekurtso metatuen autoak. Errekurtso horiek Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko azaroaren 3an hartutako Erabakiaren aurka jarri ziren, horren bidez behin betiko onetsi baitzen Iruñeko Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziaren aldaketa. Iruñeko Udala bere aholkulari juridikoak ordezkaturik eta defendaturik aritu da.

Epaitza:

Baiesten ditugu 103/17 eta 234/17 administrazioarekiko auzi-errekurtso metatuei dagozkien demandak, eta, horrenbestez, baliorik gabe uzten dugu, antolamendu juridikoaren kontrakoa delako, Iruñeko Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziaren 89.2.2.1 artikulua (Definizioa. 01 taldea. Inguruko jarduerak), zehazki, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko azaroaren 3an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako aldaketaren ondorioz duen testua. Kostuak Iruñeko Udalari ezartzen dizkiogu.

Jakinaraz bedi ebazpen judizial hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duenari jarraituz, eta aditzera ematen da kasazio-errekurtsoa soilik jar daitekeela haren aurka, dagokion Salari zuzendua, bakar-bakarrik kasazio-interes objektiboko kasuren bat badago tartean eta ezarritako legezko baldintzak betez, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat (uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak emandako testuaren arabera).

Errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Sala honi zuzenduta prestatu beharko da, epai hau jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.

Alderdiei aditzera ematen zaie ezen, edozein kasutan, eta aurkezten diren kasazio-errekurtso guztietan, kasuan kasuko kasazio-errekurtsoari buruzko idazki guztiek bat etorri beharko dutela, aitzakiarik gabe, Auzitegi Goreneko Gobernu Salak 2016ko apirilaren 20an (2016ko uztailaren 6ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi honek 2016ko ekainaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi diren baldintza eta betebehar estrintsekoekin.

Erabaki horiek ikusgai daude Justizia Auzitegi Nagusi honen iragarki-taulan, eta argitaratuta, orobat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web-orrian (www.poderjudicial.es), jendaurrean egon daitezen eta orok jakin ditzan.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu”.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2018ko urriaren 1ean.–Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J1812085