199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

83/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 3koa, uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretua indargabetzen duena. Haren bidez arautu ziren osasun-laguntza jasotzeko beste autonomia erkidegoetara desbideratzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren pazienteen bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak.

Uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuaren bidez (2001eko irailaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) zenarautu ziren osasun laguntza jasotzeko beste autonomia erkidegoetara desbideratzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren pazienteen bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak.

Aipatu foru dekretu hori Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 5.14 artikuluak xedatzen duena garatzeko eman zen. Artikulu horrek ezarri zuen Foru Komunitateak beste osasun prestazio batzuk jartzen ahal dituela, Osasun Sistema Nazionalaren guztientzako zerbitzuen zorroaren prestazioen osagarri gisa. Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak, Nafarroan osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoak, indargabetu zuen 5.14 artikulu hori. Hau honela izanik ere, bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako laguntza hauek guztientzako zerbitzuen zorroaren prestazioen osagarriak izaten segitzen dute.

Irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak arautu zuen Osasun Sistema Nazionalaren guztientzako zerbitzuen zorroa. Dekretu hori Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea garatzeko eman zen. 16/2003 Legearen 8. quinquies artikuluak eta 1030/2006 Errege Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen dutenarekin bat etorriz, autonomia erkidegoek beren zerbitzu zorroak onesten ahalko dituzte, zeinek gutxienez Osasun Sistema Nazionalaren guztientzako zerbitzuen zorroak eskaintzen dituen zerbitzuak edukiko baitituzte.

Gainera, 2.5 artikuluak ezartzen du bermatu behar dela Osasun Sistema Nazionalaren osasun prestazioak eskuratzen ahalko direla sistemaren erabiltzaileak nazio lurraldearen edozein tokitan egonik ere.

Denboraren joanak eta Foru Komunitatetik kanpoko zentroetara desbideratzeagatik gastu ezohikoak dituzten pazienteentzako prestazio osagarri hau kudeatzean edukitako esperientziak erakutsi dute gomendagarria dela arau beri bat onestea prestazio hori arautzeko, tramitazio administratiboa erraztuz eta gardenagoa eginez, halako moldez non pazienteek eta laguntzen dieten pertsonek argi eta garbi ezagutzen ahalko baitute zein diren finantzatzen diren kasuak, kontzeptuak eta zenbatekoak.

Dagoen araudia kontuan hartuta, arau hau irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren garapena da, eta horrenbestez foru aginduaren lerruna eduki beha du; eta horrek, bere aldetik, eskatzen du gaur egun laguntza horiek arautzen dituen foru dekretua indargabetzea.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Indargabetzea.

212/2001 Foru Dekretua, uztailaren 30koa, indargabetzen da. Haren bidez arautu ziren osasun-laguntza jasotzeko beste autonomia erkidegoetara desbideratzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren pazienteen bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2018ko azaroaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1812043