199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Udal ordenantza, Ikasketetarako laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2018ko uztailaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ikasketetarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2018ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Artzibarren, 2018ko irailaren 28an.–Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.

UDAL ORDENANTZA, IKASKETETARAKO
LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Helburua eta definizioa.

Ordenantza honen helburua da diru-laguntzak arautzea, Artzibarko bizilagunei erraztasunak emateko, ikasketak egin ditzaten instalazio eta bitarteko egokiagoak dituzten ondoko udalerrietako bizilagunen baldintza berdinetan.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Artzibarko udal mugapean erroldaturik egon eta bertan bizi den orori, ikasketa arautuak egiten ari bada ikastetxe publiko zein pribaturen batean.

3. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak.

Laguntzen eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Artzibarko udal mugapean erroldaturik egon eta bertan bizitzea gutxienez urtebete lehenagotik.

–Familia unitate osoa egiaz udalerrian bizitzea gutxienez urtean bederatzi hilabetez (salbuesten dira, kasu honetan, ikasketak, soldadutza edo ordezko gizarte zerbitzuak eta eritasuna direla-eta izaten diren nahitaezko absentziak).

–Udalak ezarririk dituen zerga guztien ordainketa eguneraturik izan beharko dute familia unitateko kide guztiek.

–Matrikulatua egotea 6. artikuluan jasotzen diren ikasketetako batean eta eskola saioen %75era bertaratu izana justifikatzea.

–Ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako errenta mugak ez gainditzea.

4. artikulua. Frogagiriak.

a) Laguntzarako eskaera, behar bezala betea, I. eranskineko ereduaren araberakoa (eta II. eranskinekoaren araberakoa, beharrezkoa bada). Ikasle bat baino gehiago dituen familia unitateak eskabide bat aurkeztu beharko du ikasle bakoitzeko.

b) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

c) Bukatu den azken ikasturtearen matrikularen fotokopia eta ikasmaila gainditu izanaren frogagiria, edo gehienez ere 2 edo 3 irakasgai gainditzeko gelditzen direla frogatzen duen agiria, kasua bada.

d) Laguntza eskatzen den urtearen aurreko ekitaldiko errenta aitorpenaren fotokopia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharrik ez bada, laguntza eskatzen den urtearen aurreko ekitaldiko errenta edo jasotako diru-sarreren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, familiak eskaera egiten den urtearen aurrekoan izan dituen diru-sarrerak kalkulatzeko.

5. artikulua. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

Eskaera Artzibarko Udaleko erregistroan aurkeztuko da, 4. artikuluan zehaztutako dokumentazio osagarriarekin batera, irailaren 1etik urriaren 15era bitartean.

6. artikulua. Zein ikasketa motarako ematen diren laguntzak.

a) Haur Hezkuntzan: 100,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko.

b) Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan: 200,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko. Ikasmaila osoa gainditu dela frogatu beharko da, eta ez dago diru-laguntzarako eskubiderik hala ez bada.

c) Batxilergoan, prestakuntza zikloetan (erdi mailakoa edo goi mailakoa) eta Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programetan (HLKP): 400,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko. Ikasmaila osoa gainditu dela frogatu beharko da, bat edo bi irakasgai gainditzeko gelditzen badira, laguntzaren kopurua 200,00 eurokoa izango da gehienez ere, eta hiru irakasgai edo gehiago gainditzeko gelditzen badira, ez dago diru-laguntzarako eskubiderik.

Zenbateko horretan sartzen da garraiorako laguntza, hortaz, ikastetxera egunero egiten den joan-etorria justifikatu beharko da, II. eranskineko ereduaren araberako adierazpena aurkeztuta. Ikastetxera egunero egiten den joan-etorria justifikatzen ez bada, ez da garraiorako laguntzarik jasoko; horrenbestez, dagokion kopuruaren %50 murriztuko da.

d) Unibertsitate ikasketetan:

500,00 euroko gehieneko kopuru finkoa esleitu da ikasle eta ikasmaila bakoitzeko, gehienez ere 4 urtez. Ikasmaila osoa (1. eta 2. seihilekoak) gainditu dela frogatu beharko da, eta gainditzeko gehienez ere hiru irakasgai gelditzen badira, laguntzaren kopurua 300,00 eurokoa izango da gehienez ere, eta urte osoko (1. eta 2. seihilekoak) zenbaketan lau irakasgai edo gehiago gainditzeko gelditzen badira, ez da izango diru-laguntzarako eskubiderik.

Zenbateko horretan sartzen da garraiorako laguntza, hortaz, ikastetxera egiten den eguneroko joan-etorria justifikatu beharko da, II. eranskineko ereduaren araberako adierazpena aurkeztuta. Ikastetxera egunero egiten den joan-etorria justifikatzen ez bada, ez da garraiorako laguntzarik jasoko; horrenbestez, dagokion kopuruaren %50 murriztuko da.

Udalak espediente bat irekiko du laguntza eskatzen duen unibertsitateko ikasle bakoitzeko, eta hartan honako hauek jasoko dira:

–Hautatu den karrera eta zein unibertsitatetan egingo den.

–Zenbat urte kalkulatzen den karrera egiteko.

–Egin beharreko kreditu kopurua.

–Matrikularen kopia.

Karrera bukatu gabe beste karrera bat egitera pasatuz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da aurreko karreran diruz lagundutako urte kopuru berean.

Lehen karrera bat egiteko Artzibarko Udalaren laguntza jaso dutenek, hura bukatu eta bigarren karrera bat egin nahi badute, ez dute beste laguntza baterako eskubiderik izango.

Era berean, ez da laguntzarik emango goi mailako ikasketak egiteko, hala nola masterrak, doktoretzak, graduondoko titulu berekiak, etab.

7. artikulua. Diru-laguntza kalkulatzeko baremoa:

7.1. Aurreko artikuluan ezarritako gehieneko laguntzak emango dira familia errentaren mailarekin lotutako honako ehuneko hauen arabera:

PER CAPITA ERRENTA GEHIENEKOA

LAGUNTZAREN EHUNEKOA GEHIENEKO KOPURUAREN ARABERAKOA

6.000

%100

8.000

%75

10.000

%50

12.000

%25

12.001.etik gora

0

–Per capita errenta: Familia unitatearen errenta kide kopuruaren artean zatiturik.

Laguntzaren osagarria:

–18 urtetik beherako 3 kide edo gehiago dauzkaten familiei dagokien laguntzaren kopurua %10 handituko zaie.

–Familia unitateko edozein kidek %33ko edo gehiagoko minusbaliotasun fisiko, psikiko edo zentzumenekoa badu, behar bezala aitortua, dagokien laguntzaren kopurua %10 handituko zaie.

7.2. Familiaren osaeraren kontzeptua:

a) Familia unitatea honako kide hauek osatzen dute: adingabearen zaintza eta jagoletza dituzten aita eta ama edo tutoreak, seme eta alaba adingabeak –salbu eta, gurasoen baimena izanda, haiekin bizi ez direnak– eta epai bidez ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak. Familia harreran dauden haurrak familia unitateko kidetzat joko dira ondorio guztietarako.

b) Banantze edo dibortzio kasuetan, ez da kidetzat joko adingabekoaren zaintza eta jagoletza ez dituen aita edo ama.

7.3. Banantze edo dibortzio kasuan:

–Haurraren zaintza eta jagoletza dituen aitaren edo amaren errenta aitorpena edo diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

–Oinarri honetako 2. apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatutako diru-sarreretatik, zaintza eta jagoletza ez dituen aitak edo amak seme-alaben mantenurako urtean ordaindutakoa kenduko da, hitzarmen erregulatzaile edo erabaki judizial baten arabera ordaindutakoa baldin bada.

8. artikulua. Salbuespenak.

8.1. Ez zaie laguntzarik emango ikasmaila errepikatzen ari diren ikasleei, harik eta hura gainditu arte.

9. artikulua. Dokumentazio osagarria.

Udalak laguntza emateko zalantzaren bat duen kasuetan, eskatu ahalko ditu eskaerarekin loturik egokitzat jotzen dituen agiri guztiak. Interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten laguntza deuseztatuko da.

10. artikulua. Aurrekontua.

Udalak, urteko aurrekontuan diru-esleipen nahikoa badago, eskubidez dagokion gehieneko kopurua ordainduko du, eta nahikoa ez badago, hainbanaketa egingo du behar den epean eta moduan aurkeztu diren eta laguntzak jasotzeko eskubidea duten eskabide guztien artean.

Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko laguntzak urtero eguneratu ahalko dira osoko bilkuran.

11. artikulua. Interpretazioa.

Baldintza hauetan ezarri ez den gainerakoan, bai eta haien interpretazioan sor daitezkeen zalantzei dagokienez ere, Artzibarko Udalak xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hori 2018-2019 ikasturtean eta ondokoetan aplikatuko da.

I. ERANSKINA

Ikasketetarako laguntzetarako eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Adierazpena, ikastetxera egunero egiten den joan-etorriarena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1811934