199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

82/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 3koa, uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren.

Ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatzen duen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren hitzaurrean ezartzen denez, dekretu horrek irakasleen lanaldiari eta ordutegiari buruzko oinarrizko jarraibideak zuzentzen dituen arauak dauzka, funtsezkoak direnak ikastetxeen funtzionamendu eta antolamendu ona lortzeko.

Azken urteotan metatu den esperientziak erakusten du hezkuntza koordinazioari, talde lanari eta ikastetxeen funtzionamenduari dagozkien zenbait gai hobetu behar direla. Horregatik, Hezkuntza Departamentuak haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek, oro har, ematen dituzten zuzeneko irakaslan-orduak gutxiagotu nahi ditu.

Lehen esandakoa aintzat hartuz, Hezkuntza Departamentuak erabaki du uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duen Foru Dekretua prestatzeko prozedurari hasiera ematea.

Hori horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. 225/1998 Foru Dekretuaren 6. artikulua aldatzea.

Eskola-ordutegia. Kontsiderazio orokorrak izeneko 6. artikuluaren 3. apartatua aldatuko da. Honela gelditu da idatzita:

“3. Oro har, irakasle espezialistek 19,5 ordu eskainiko dizkiote zuzeneko irakaslanari. Antolamenduaren beharrak direla-eta, salbuespenez, ordu gehiago sartu behar badituzte, gehikuntza ordu osagarriekin konpentsatuko da”.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1812042