199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

336E/2018 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariak emana, Orkoiengo udal-mugartean aluminio-aleaziozko hagunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Mapsa SCL da eta aldaketaren xedea makinaria berria sartzeko proiektua gauzatzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 0422/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 282E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren uztailaren 26ko 266E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

2017ko martxoaren 14an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, beste galdaketa dorre bat, zortzi moldekatze-makina, hiru mekanizazio-zelula eta hagunak garbitzeko makina bat ezartzeko. Zehazki, titularrak jakinarazpenean adierazten zuen ekoizteko ahalmena % 35 handituko litzatekeela, ekoiztutako hagunen kopurua 2.000.000tik 2.700.000ra haziko bailitzateke.

Ehuneko hori Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina garatzeko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarrita dagoen ehunekoa (%50) baino txikiagoa (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezartzen den ehunekoa (%100) baino txikiagoa denez (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), 2017ko martxoaren 20an Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa, baina bai nabarmena, aipatutako azken erregelamenduaren 26. artikuluan eta abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2017ko uztailaren 28an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzea eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutako prozedura erraztuarekin bat, eta hala, dagokion espediente administratiboa tramitatzen hasi zen.

Titularrak instalazioa aldatzeko aurkeztu zuen proiektu teknikoa aztertzean, ikusi zen galdaketa dorre berriak 5 t/h-ko galdaketa ahalmena izango lukeela eta, ondorioz, instalazioak egun duen galdaketa ahalmena %50 baino gehiago handituko zela hura instalatuta. Izan ere, 3 t/h-ko ahalmen unitarioa duten bi galdaketa dorre eta 0,4 t/h-ko ahalmen unitarioa duten sei labe arragoadun zeuden instalazioan proiektua aurkeztean. Moldekatze-makinetan moldatu eta ekoizpen-prozesuaren hurrengo urratsetan tratatuko diren hagunak ekoizteko burdinurtutako metala erabiltzen denez, instalazioaren ekoizpen ahalmena galdaketa dorreen galdatze-ahalmenaren arabera zehazten da. Ahalmen-hazkunde hori ez zen aztertu titularrak 2017ko martxoaren 14an egindako jakinarazpenean. Hala, ekoiztutako hagun-kopurua ekoizpenaren balio adierazletzat hartu behar da, hagunen tamaina eta pisua aldakorrak baitira.

Hori dela eta, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zerbitzuak ondorioztatu zuen egin nahi zen aldaketa funtsezkoa zela, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzeko erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Ondorioz, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), funtsezko aldaketa ezingo zen burutu Ingurumen baimen integratuan aldaketak egin arte, testu bategina garatzeko erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuari jarraituz. Hori guztia dela eta, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84. artikuluan xedatutakoari jarraituz, funtsezko aldaketa egiteko prozedura tramitatzen jarraitzeko modurik ez zegoenez, prozedura itxi egin zen.

Hala, 2017ko abuztuaren 25ean ebazpen-proposamena bidali zitzaion titularrari, gehienez hamabost eguneko epean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitzan.

2017ko irailaren 4an, titularrak alegazio bat aurkeztu zuen adieraziz lehendik zegoen galdaketa dorreetako bat, 3 t/h-ko galdatze-ahalmenekoa, erreserban geratuko dela, eta hala, galdatze-ahalmena 10,4 t/h-koa izango dela; hau da, gaur egungoa baino %23 handiagoa. Horrez gain, titularrak dio burdinurtutako metala lehendik instalazioan dauden beste bi mantentze-labetara igarotzen dela, eta hortik, erreberberozko labeetara, eta azaltzen du, azken horien ekoizpen-ahalmena 8,5 t/h-koa dela eta, hortaz, ez dela posible galdaketa dorreen ahalmen berria guztiz aprobetxatzea.

Hori guztia dela eta, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak erabaki du aldaketa hori “ez funtsezkoa” dela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berri bat ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela dio, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta, horretarako, hura aldatu egin behar da.

Bestalde, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena sartu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, kapitulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsatzen ahal duten jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.–Orkoiengo udal-mugartean aluminio-aleazioko hagunak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuaren aldaketa nabarmena baimentzea, makinaria berria sartzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Mapsa S.C.L. da.

Bigarrena.–Aldaketa abiarazi baino lehen, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean duen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Mapsa S.C.L.ri, Orkoiengo Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko irailaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1811782