199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1522E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira deialdi bat eta hura arautzeko oinarriak, diru-laguntzak eman daitezen Petö metodoaren tratamendua har dezaten garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherakoek 2018ko urritik 2019ko irailera bitarte.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra. Arau honek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherakoek Petö metodoaren tratamendua har dezaten 2018ko urritik 2019ko irailera bitarte.

Aipatutako foru legeak aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, diru-laguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntza deialdi bat onestea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikatuak dituzten 16 urtetik beherakoei, 2018ko urritik 2019ko irailera bitarte, Petö metodoaren bidez egiten zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Horretarako, 126.841,53 euroko gehieneko gastua baimentzea, edo 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar den unean zehazten den kopurua. Diru hori 2018ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokide den partidaren kargura egotziko da: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida. Betiere, diru-laguntza emanen da baldin eta ekitaldi horretako aurrekontuan horretarako kreditu egoki nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea deialdiko ebaluazio batzordeko kideei, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Diru-laguntzen deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 8an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Deialdia, diru-laguntzak eman daitezen Petö metodoaren tratamendua har dezaten garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherakoek 2018ko urritik 2019ko irailera bitarte. Oinarri arautzaileak

1.–Diru-laguntzen xedea eta helburua.

Diru-laguntza hauek erabiliko dira osorik edo hein batean estaltzeko garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituzten 16 urtetik beherakoei Petö metodoaren errehabilitazio-tratamendua aplikatzeagatik eragindako gastua, 2018ko urritik 2019ko irailera bitartekoa hain zuzen, biak barne –gastua 2019ko aurrekontuari egotziko zaio–, izan ere, laguntza hauen onura publikoaren helburua da sostengu ematea adingabe horien tratamendu beharrari.

2.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoa izatea, mediku batek diagnostikatua.

–Adingabeak ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzea urte batez, 2019ko irailaren 30a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamendua hartzeko gomendioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek egin izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

3.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko irailaren 2tik 30era bitarte izanen da.

3.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

3.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela behar den ebazpena eman ondoren.

3.5. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, edo, behar denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko nahasmendu neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia.

5.1 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

Diru-laguntza aurkezteak berekin dakar baimena ematea Batzordeko osasun profesionalek onuradunaren historia klinikoa kontsultatzeko, alderdi klinikoak baloratzeko.

c) Adingabearen legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

e) Petö metodoaren bidez egindako errehabilitazio tratamenduaren deskripzioa, eta ebaluazio zehaztua adingabearen eboluzioan lortutako emaitzei buruz.

f) Egindako gastuaren justifikazioa fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Haurraren izena.

–Tratamendua ematen duen entitatea.

–Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuta.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

g) Egindako ordainketaren frogagiria.

h) 5.3 oinarrian adierazi bezala hainbanatzetik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

i) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 7. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) c) eta d) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

Eskaera aurkezteak berekin dakar Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko ea eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5.–Diru-laguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak balorazio loteslea eginik.

5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

M.ª Eugenia Yoldi Petri, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista.

Mariano Lacarra López, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun kudeaketako teknikaria.

M.ª Luisa Solano Nuin, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko Administrazio Aferetarako Bulegoko administraria; eta.

M.ª José Lasanta Sáez, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua, batzordeko idazkari arituko dena.

5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian diru-laguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Diru-laguntza, gutxienez, onuradun bakoitzari oinarrizko tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da; hau da, 1.182 eurokoa, salbu eta aurrekontuetan dagoen dirua gainditzen baldin bada, kasu horretan hainbanatu eginen baita aurkeztutako eskaera guztien artean.

–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eta, hala, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jasoko du.

–Diru-laguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuraduna 2018. urtean eta/edo 2019. urtean genero-indarkeriaren biktima izan den familia unitate bateko kidea bada, edo gizarteratze-errenta/errenta bermatua jaso duen familia unitate batekoa, hainbanaketatik kanpo geldituko da, behin oinarrizko tratamendua deskontatuta.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen finantzatutako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, aurretik Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko onuradunak ordaindu beharreko tratamenduaren guztirako kostua.

8.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Adierazpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2020ko abuztuaren 31 baino lehen.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

9.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

10.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.

12.–Datuak babestea.

Deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko bakarrik erabiliko dira onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak. Onuradunek edo legezko ordezkariek erabil dezakete honako hauek guztiak jakiteko eskubidea: beren datuak zertarako erabiltzen diren, datu horiek zenbat denboraz gordetzen diren, erreklamazioak aurkezten ahal zaizkiola Datuak Babesteko Europako Agentziari, badirela zenbait erabaki automatizatu, profilak egiten direla eta horiek ondorioak dituztela. Era berean, eskubidea dute arduradunari eskatzeko beren datuak erabiltzeari utz diezaiola, beren datuak gorde ditzala eta datuok eramangarriak izan daitezela. Horrez gain, eskubidea dute datuak ezabatzeko eta inork haien datuak erabiltzeari kontra egiteko. Eskubide horiek guztiak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan jasota daude (datu pertsonalen erabilerari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa).

13.–Publizitaterako arauak.

Ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, diru-laguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan aurreikusi bezala.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15.–Errekurtsoak.

Deialdiaren kontra, oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1811156