152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

172E/2018 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita Azagrako 2. poligonoko 1574. lurzatiko bodega edateko uraren hornidurarako eta saneamendurako sarera lotzeko proiektua egiteko Azagrako udal mugartean. Sustatzailea Bodegas Manzanos SL da.

Aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera 2018ko urtarrilaren 1ean sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago, uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean, eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da Azagrako 2. poligonoko 1574. lurzatian dagoen bodegako ur hornidurarako eta saneamendurako sareak herriko sare nagusiekin lotzea. Sareen lotunea Azagrako 2. poligonoko 1216. hiri lurzatiaren aurreko bide batean dago.

Gaur egun, ura herriko biltegira eramaten duen goi hornidurako hoditik hornitzen da bodega. Bodegako ekoizpen prozesu berrien ondorioz, ur gehiago kontsumitzen da, eta goi hornidurako hodiek ez dute ura beti izaten, ur biltegiaren beharren mende dagoelako. Bestalde, ur gehiago kontsumitzen denez, hondakin ur gehiago eratzen da, eta horiek bodegan bertan dagoen HUAn arazten ziren orain arte.

Proiektuak aurreikusten du bi hoditeriak zanga berean ezartzea. Zangak 1.077 m-ko luzera izanen du, 1,25 m inguruko sakonera, eta 50 cm-ko zabalera. Saneamendua beheko aldean joanen da, eta hornidura, goiko aldean. Trazadura instalazioen hego-mendebaldetik hasten da, “Ebroren Igarobide Nagusia” errege altxonbidea gurutzatzen du, eta Sotejuelako bide publikotik jarraitzen, herriko hiri lurzorura iritsi arte.

Proiektuarekin batera, 2018ko urtarrilaren 25eko ingurumen ukipenen ikerketa aurkeztu da. Hartan, ingurunea deskribatzen da, ingurumen ukipenak identifikatzen eta balioesten dira, eta horietarako babes eta zuzenketa neurriak ezartzen.

Proiektuak ez du ukipen adierazgarririk eginen ingurumenean eta paisaian, obra guztiak jada existitzen diren bideetan eginen baitira eta kanalizazioa lur azpikoa izanen baita. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du.

Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena, eta Azagrako Udalak proiektuaren hirigintza bateragarritasunari buruz eginiko txostena.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Azagrako 2. poligonoko 1574. lurzatiko bodega edateko uraren hornidurarako eta saneamendurako sarera lotzeko proiektua egiteko, Azagrako udal mugartean. Sustatzailea Bodegas Manzanos SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak amaitu ostean, obraren ondorioz sortutako zabor eta hondakin guztiak garbitzeko kanpaina bat eginen da. Eraispenetatik sortzen diren hondakinak eta eraikuntzako eta eraispeneko gainerako hondakinak baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu behar izanen ditu.

–Abelbideei dagokienez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak erantsitako 2018ko maiatzaren 24ko txostenean xedatzen dena aplikatuko da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidurako edota saneamendurako sarera lotzea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Horri dagokionez, azpiegiturak Ebroren Igarobidea Errege Altxonbidea zeharkatzen du, eta haren barnean joanen da 45 m inguruan. Beraz, inguruneko igarobidea eginen denean balioetsi eginen da hoditeriak izanen duen eragina.

–1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, uztailaren 26koak, onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateragineko 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babestutako jarduera edo ekintzak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, 35/2002 Foru Legearen, abenduaren 20koaren Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Azagrako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 22an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1808273