1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
358/2017 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Caparrosoko (Nafarroa) Santa Fe eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.
Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako txosten hau aurkeztu du:
“Caparrosoko Udalak eskaera egin du Caparrosoko Santa Fe eliza, “La Alta” edo “El Cristo” izenaz ere ezaguna, ondasun inbentariatu deklaratzeko.
Caparrosoko Santa Fe parrokia-eliza zaharra XIV. mendeko eraikin gotikoa da, gaur egun parte bat hondatua duena. Habearte bakarreko oinplanoan, gurutze-gangaz estalitako hiru tarte daude –bi desagertuak–, bai eta gurutze-gangaz estalitako burualde pentagonala ere –parte bat eroria du–, giltzarria tartearen erdian dagoela. Habearteko lehen tartean, bi kapera angeluzuzen zabaltzen dira gurutzaduran. Hegoaldekoan, dorrea dago, adreiluz eraikia. Apaindura landuak dituzte gangetako giltzarriek eta galgetako nerbioen oinarri diren kapitelek. Kanpotik, tamaina handia erakusten du, eta harlanduzko horma soilak kontrahormekin egituratzen dira. Ardatzean, leihate zorrotz bat zabaltzen da, trazeriaduna; iparraldeko kapillan beste leiho bat dago. Portada nagusia hegoaldeko tartean dago; zorrotza da eta sei arkibolta baketadun dauzka. Teilatua desagertu da.
Eraikina Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartua dago 869 fitxa zenbakiarekin, eta horrek biko sailkapena eman dio. Caparrosoko 11. poligonoko 401. lurzatian (F azpilurzatian) dago. Nafarroako Monumentuen Katalogoan jasota dago, III. liburukian, 70-73. orrialdeak.
Nafarroako arkitektura gotikoa jorratzen du El Arte gótico en Navarra lanak, Clara Fernández Ladreda, Javier Martínez de Aguirre Aldaz, Carlos Martínez Álava eta Carmen Lacarra Ducay jaun-andreek idatzia eta Nafarroako Gobernuak argitaratua. Elizaren deskribapena egiten da 277-278. orrialdeetan eta 281. orrialdean, habearte bakarreko mota honetako elizen atalean.
Eraikinaren ezaugarriak aintzat hartuta, eta Nafarroako arkitektura gotiko guztia kontuan izanik, bidezkoa da eskaera baiestea eta ondasun inbentariatu deklaratzea.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 42.1 artikuluak zehazten du ondasun higiezin inbentariatuak babesteko araubidea izanen dela deklarazioan ezarritakoa. Horrek berariaz ezarriko du zer neurri den egokiena ondasuna babesteko.
Ez da beharrezkotzat jotzen eraikinaren ingurunea zedarritzea ondasuna behar bezala babesteko, inguratzen duen eremuaren ezaugarri topografikoak direla-eta: landa-lurra da, udal titulartasunekoa.
Horrenbestez, proposatzen da Caparrosoko Santa Fe eliza ondasun inbentariatu deklaratzea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin bat.”
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Caparrosoko (Nafarroa) Santa Fe eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea.
2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.
3. Ebazpen hau Caparrosoko Udalari jakinaraztea.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Iruñean, 2017ko azaroaren 9an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Fernando Pérez Gómez.
Iragarkiaren kodea: F1713239