2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ULTZAMAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Aldaketa, etxeko laguntza zerbitzuaren ordenantzan eta tarifen eranskinean. Behin betiko onespena
Ultzama aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko bokalen batzarrak, 2017ko urriaren 6an egin bilkura arruntean, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen etxeko laguntza zerbitzuaren ordenantzan eta tarifen eranskinean, hain zuzen ere, ordenantzaren 7., 10. eta 11. artikuluetan eta tasen ordenantzaren 8., 9. eta 16. artikuluetan.
Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3an, bai eta Mankomunitatearen iragarki oholean ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretako aldaketaren espedientea behin betiko onetsi da eta argitara ematen dira aldatutako artikuluak; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Larraintzarren (Ultzama), 2017ko azaroaren 13an.–Mankomunitateko burua, M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea.
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN ALDATU DIREN ARTIKULUAK
7. artikulua. Prestazioak.
Etxeko laguntza programak bere gain hartuko ditu onuraduna eguneroko bizian normaltasunez moldatzeko beharrezkoak diren lanak, erabiltzaileak berak edo bere ahaide edo hurbilekoek gauzatzen ahal ez dituztelarik. Betiere lehentasuna emanen zaie erabiltzailearen premia pertsonalei, bertze kontuen aitzinetik, hala nola etxekoen aitzinetik.
Prestazioak bi motatakoak izanen dira:
A) Ohiko prestazioak: gehienez ere bi orduko zerbitzua behar dute egunean.
B) Aparteko prestazioak: kasu berezietarako, bi orduko zerbitzua baino gehiago behar dute egunean. Mankomunitateko langile tekniko espezializatuek zehaztuko dituzte haren ezaugarriak.
10. artikulua. Funtzionamendua.
b) atala: Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Eskaera.
–Familia unitatearen NANaren fotokopia.
–Osasun txartelaren fotokopia.
–Eskatzailearen osasun txostena (beharrezkoa bada).
–Erroldatze agiria.
–Bizikidetza ziurtagiria.
–Katastroaren ziurtagiria (hiri-lurrekoa eta landa-lurrekoa).
–Eskaeraren aitzineko urteko errenta aitorpena, eta familia unitateko kideena.
–Diru-sarreren gaineko zinpeko aitorpena (errenta aitorpenik egin ezean).
–Ordainketen helbideratzea.
Ziurtagiri horietako batzuk bakoitzaren Udalean lortzen ahal badira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak zuzenean eskatzen ahalko ditu, eskatzaileak aitzinetik baimena emanda.
11. artikulua. Zereginak eta zerbitzuak.
E.L.Z.ko familia-langileek zeregin eta zerbitzu hauek eginen dituzte.
Arta eta zainketa pertsonaleko zereginak.
a) atala, Laguntza sanitario eta higieniko lagungarria.
–Gorputz garbiketa.
–Higieneari jarraipena egitea, bai gorputzekoari (oinetako eta eskuetako azkazalak barne), bai ilekoari bai arropari dagokiona.
–Botiken jarraipena eta horren inguruko laguntza, betiere medikuaren aginduetara.
–Medikuaren eta errezeten inguruko kudeaketak.
–Osasun etxera edo eskualdeko kontsultategira laguntzea (behar-beharrezkoa delarik eta bakarrik edo familiarekin joateko aukerarik ez dagoenean). Horretarako, inoiz ez da erabiltzailea eramanen familia-langilearen beraren ibilgailuan.
Aparte gelditzen dira muskulubarneko, benabarneko edo gisako bideak erabiliz ematen diren tratamendu edo botikak. Aparte gelditzen dira bertzelako artak, lagungarriak ez badira, eta osasungintzako profesionalen esku-hartzea behar badute.
Familia-langileak Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko profesionalekin koordinatuko dira esku-hartzeak beharrezkoa duelarik.
11. artikulua. Zereginak eta zerbitzuak.
E.L.Z.ko familia-langileek zeregin eta zerbitzu hauek eginen dituzte.
Gizarte eta hezkuntza arloko zereginak:
–Ohitura osasungarrien eta prebentzioaren sustapena: elikadura, higienea, gorputz ariketa, etxeko segurtasun neurriak eta abar.
–Laguntza ematea eskualdearen barrenean zenbait kudeaketa egin ahal izateko.
–Erabiltzailearen harremanak bulkatzea familiakoekin, lagunekin edo auzoekin, baita haren aisialdia eta zaletasunak bulkatzea ere.
–Mota hauetako zereginak: Prebentiboak. Birgaitzaileak: paseoak, oroimen ariketak, gorputz ariketak.
Zeregin eta zerbitzu mota hauek onuraduna artatzeko ordutegian eginen dira, eta betiere Mankomunitatearen eskualdean. Horretarako, inoiz ez da erabiltzailea eramanen familia-langilearen beraren ibilgailuan.
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA EMATEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALEAN ALDATU DIREN ARTIKULUAK
8. artikulua. Familiaren diru-sarrerak kalkulatzean, familia unitatetzat hartuko da honako hauek osaturik dagoena:
Bizitoki berean erroldaturiko pertsonak, haien arteko ahaidetasuna delarik erabiltzailearen senarra edo emaztea edo bikotekidea, edo haren gurasoak, seme-alabak, senideak eta koinatu-koinatak.
9. artikulua. Tasa aplikatzeko lanbide arteko gutxieneko soldata (L.G.S.) hartuko da oinarritzat.
Horren arabera baremo hau ezarri da:
L.G.S.aren %60tik beheitiko diru-sarrerak = salbuetsiak.
L.G.S.aren %60tik %75era bitarte = 1.000 pezeta (6,01 euro) hilabetean.
L.G.S.aren %75etik %90era bitarte = 1.500 pezeta (9,02 euro) hilabetean.
L.G.S.aren %90etik %105era bitarte = 2.000 pezeta (12,02 euro) hilabetean.
L.G.S.aren %105etik %120ra bitarte = 2.000 pezeta (12,02 euro) + orduko kostu errealaren %5.
L.G.S.aren %120etik %135era bitarte = 2.000 pezeta (12,02 euro) + orduko kostu errealaren %20.
L.G.S.aren %135etik %150era bitarte = 2.000 pezeta (12,02 euro) + orduko kostu errealaren %35.
L.G.S.aren %150etik %165era bitarte = 2.000 pezeta (12,02 euro) + orduko kostu errealaren %50.
L.G.S.aren %165etik goiti = 2.000 pezeta (12,02 euro) + orduko kostu errealaren %60.
Tasaren zenbatekoa ez da inoiz zerbitzu egitearen egiazko kostua baino handiagoa izanen.
Orduaren kostua kalkulatzeko, batuko da familia-langileen urteko kostua eta zatituko da langileek urtean egungo lan hitzarmenaren arabera egiten dituzten orduekin. Zenbaki hori biderkatuko da gero zerbitzua egiteko emandako ordu kopuruarekin, eta dagokion ehunekoa aplikatuko zaio.
Aplikatzeko, kontuan hartuko da lanbide arteko gutxieneko soldata eguneratua.
Per capita errenta LGSaren %105 baino handiagoa bada, tasaren zenbatekoari subjektu pasiboak hartzen dituen laguntza orduen kostuari dagokion ehunekoa batuko zaio.
16. artikulua. E.L.Z.ko programaren ardura duen gizarte-langileak espedientea baloratuko du eta zerbitzua egin edo ez egin proposatuko. Egitearen alde ateratzen bada, kasuan kasuko tarifa zehaztuko du, bertzeak bertze. Mankomunitateko burutzak jakinaraziko dio erabiltzaileari zerbitzua onartu den edo ez, baita, bertze datu batzuen artean, ordaindu beharreko tarifa ere.
Halako batean familiaren diru egoerak aldaketa handia balu eta familia, arrazoi larriren bat dela bide, dagokion tasari buru eman ezinik balego, Mankomunitateak egoera baloratuko luke hura berrikusi daitekeen aztertu beharrez.
Salbuespen horiek aplikatuko dira, bertzeak bertze, Tasen gaineko ordenantzaren 19. artikuluaren kasuan (per capita errenta LGSaren %105 baino handiagoa denean).
Gero, baldintzak aldatuz gero, Mankomunitateak egoera berraztertuko du eta, hala behar badu, baldintza orokorrak aplikatuko dira.
Iragarkiaren kodea: L1713947