15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLATUERTA

Udal ordenantza, Musika ikasketen arloko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak, 2017ko irailaren 28ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Musika ikasketen arloko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iraganda inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Villatuertan, 2017ko azaroaren 30ean.–Alkatea, Asier Urra Ripa.

UDAL ORDENANTZA, MUSIKA IKASKETEN ARLOKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Helburua eta definizioa.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Villatuertako bizilagunen artean musika ikasteko jarduerak sustatzea eta, bertzetik, seme-alabak Lizarrako “Julián Romano Ugarte” musika eskolan matrikulatzen diren ikasleei laguntzea. Orobat, helburu horiek lortzeko laguntzak zehaztu eta arautu nahi dira.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Villatuertako udal mugartean erroldaturik egon eta bertan bizi den orori.

3. artikulua. Laguntza motak eta zenbatekoak.

Ordenantza honetan arautzen diren udal laguntza hauen bidez Udalak familiei hein batean lagundu nahi die halako ikasketek berekin ekartzen dituzten gastuak finantzatzen. Laguntzak irakaskuntzaren kontzepturako eskatzen ahal dira.

Laguntzen bidez finantzatuko dira ondotik zehazten diren ikasmaila eta irakasgaietako hileroko ordainketak, ez matrikula. Hona hemen:

a.–Musika-tresnaren hastapena, 7 urteko ikasleendako.

b.–Lehen zikloa-1. maila: (bakarrik nahitaezko irakasgaiak).

c.–Hirugarren zikloa-6. maila: eta bide profesionalerako prestatzeko 1. maila (bakarrik nahitaezko irakasgaiak).

d.–Bertze eskaintza batzuk: Musikoterapia.

Diru-laguntzaren zenbatekoa izanen da aipatu ikasmaila eta irakasgaiei dagokienaren %20, eta gehienez ere 190 euro ikasle bakoitzeko, baina ez egiazki ordaindu den prezioa baino gehiago.

Ikasmaila Musika Hizkuntza irakasgaiak markatzen du.

4. artikulua. Betebeharrak.

4.1.–Onuradunak:

4.1.1.–Laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte “Julián Romano Ugarte” Musika Eskolan matrikulaturik daudela egiaztatzen duten ikasle adingabe guztiek.

4.1.2.–Laguntzak eskatzen dituztenek eta izaten ahal diren onuradunek eskaera egin baino urtebete lehenago Villatuertan erroldatutako familia unitatea osatu behar dute.

Deialdi honi dagokionez, familia unitatea da:

a.–Ezkontideek eta matrikulaturiko seme-alaba adingabeek osatua.

b.–Berariazko legeriaren araberako bikote egonkorrak eta matrikulaturiko seme-alaba adingabeek osatua.

c.–Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta arestiko paragrafoan aipaturiko mailetan matrikulaturiko seme-alaba adingabeek osatua.

d.–Ikasleak soilik osatutakoa, legez nahiz judizialki emantzipatutako adingabea denean.

e.–Legez nahiz judizialki emantzipatutako adingabeak osatua, ezkonduta dagoenean edo antzeko harremanarekin bertze pertsona batekin batera bizi denean.

Laguntza jasoko duen ikaslearen aita edo ama izanen da eskatzailea; bertzenaz, ikasle adingabearen zaintzaz eta babesaz arduratzen den tutorea edo pertsona, edo ikaslea bera 3.1 oinarriko d eta e ataletako kasuetan.

Onuradunak erroldaturik segitu behar du ikasturtea amaitzen den egunean, beka osoa eskuratuko badu. Hala ez bada, kalkulu proportzionala eginen da bajaren egunaren arabera.

4.1.3.–Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

4.1.4.–Onuradunek frogatu behar dute zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituztela.

Ikasleren batek baja egiten badu arrazoi larri batengatik, laguntza Eskolan egon den denboraren heinean murriztuko zaio, baldin eta profesional eskudun batek justifikatzen badu eta Eskolako Patronatuko Batzordeak onesten.

4.2.–Baldintza akademikoak:

–Aldeko txostena, Lizarrako “Julián Romano Ugarte” Musika Eskolako zuzendariak emana, eskaeraren aurreko ikasturtean ikasleak eskolan izandako aprobetxamenduari buruzkoa.

–Beka zer irakasgaitarako eskatzen den, horietariko batean ikasmaila errepikatzen ez ibiltzea, salbu eta aitzineko ikasturtean batek baja egin badu arrazoi larri batengatik, eta hura Patronatuko Batzordeak onartu badu.

5. Deialdia.

Diru-laguntzetarako deialdia urtero eginen da, alkatearen ebazpenaren bidez, eta Villatuertako Udalaren web orrian eta iragarki oholean iragarriko da.

6. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak urte bakoitzeko irailean aurkeztu beharko dira nahitaez, ekitaldi honi dagozkionak kenduta, horiek ordenantza honek indarra hartu ondoan aurkezten ahalko baitira.

7. artikulua. Frogagiriak.

7.1.–Eskaera normalizatua, urteko deialdian argitaratzen den ereduaren araberakoa, matrikula egin zuen ikaslearen ordezkaria diru-laguntza eskatu zuen bera izan bazen.

7.1.1.–Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, ordainketak eguneratuak dituela dioena; ofizioz egiaztatuko da Villatuertako Udalarekin ordainketak eguneratuak ote dituen.

7.2.–Eskaera normalizatua, urteko deialdian argitaratzen den ereduaren araberakoa, matrikula egin zuen ikaslearen ordezkaria diru-laguntza eskatu zuen bera izan ez bazen.

7.2.1.–Matrikularen ordainketaren gordekina.

7.2.2.–Fotokopia konpultsatua, eskatzailearen NANarena edo nortasuna egiaztatzen duen bertze agiri batena.

7.2.3.–Ikaslearen aitaren, amaren edo legezko ordezkariaren kontua dagoen banku entitatearen edo aurrezki kutxaren gaur egungo ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena: entitatearen izena, bulegoa, kontrol digitua eta kontu zenbakia (IBAN / Swift BIC), bertan laguntzaren zenbatekoa ordainduko baita, hala behar bada.

7.2.4.–Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, ordainketak eguneratuak dituela dioena; ofizioz egiaztatuko da Villatuertako Udalarekin ordainketak eguneratuak dituen.

Eskaera aurkezteak ez du erran nahi hura nahitaez eman behar denik.

Eskatzaileek ez baldin badute eskatu zaizkien agiri guztiak eskatzen edo aurkeztu dituztenek akats formalen bat badute, hamar eguneko epea emanen zaie, hura jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren aginduzko agiriak ekar ditzaten; hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko da, eta tramite gehiagorik gabe artxibatuko da.

Eskaera Villatuertako Udaleko bulegoetan aurkeztuko da, artikulu honetan zehaztutako dokumentazio osagarriarekin batera.

8. artikulua. Laguntza emateko modua.

8.1.–Arautzen diren laguntzak ordainduko dira urtero Villatuertako Udalaren aurrekontu arruntean esleitzen den partidaren kontura.

8.2.–Eskaera kopuruaren arabera ordaindu beharreko zenbatekoak aurrekontuko dirua gainditzen badu, hainbanatu eginen dira eman beharreko diru-laguntzak, modu linealean.

8.3.–Eskatzaileak izanen dira laguntzak hartuko dituztenak.

8.4.–Laguntza hauek bateragarriak dira bertze administrazio batzuek edo entitate pribatuek ematen dituztenekin.

8.5.–Laguntze hauen zenbatekoa ez da inoiz ere izanen ordaindutako hilekoen kostua baino handiagoa, bera bakarrik edo bertze administrazio publiko edo ente publiko edo pribatuek emandako diru-laguntzekin batera.

8.6.–Diru-laguntzaren xede den jarduera finantzatzeko eskuratutako gainerako diru-sarrerak gehituta, lortutako diru-laguntza jardueraren kostua baino gehiago bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, onartutako zenbatekoa finantzaketan lortutako soberakina bezainbat murrizteko.

9. artikulua. Laguntza ematea eta ukatzea.

9.1.–Villatuertako Udalak eginen du, osoko bilkuran bilduta, deialdien ebazpena.

9.2.–Legezko ondorio guztietarako, laguntza eskatzailearentzat izanen da.

9.3.–Ebazteko eta jakinarazteko epea hilabete izanen da gehienez, diru-laguntza eskaerak aurkezteko azken egun baliodunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

9.4.–Eskaera egiteko espedienteetan ezarritako datuak laguntza emateko oinarritzat hartzen baitira, Villatuerta Udalak noiznahi ikuskatzen ahal ditu benetakoak diren ala ez egiaztatzeko.

9.5.–Ikuskapen prozesuan laguntzeari uko egin edo eskatutako informazioa eta dokumentazioa aurkezten ez duten onuradun edo eskatzaileek, bertzerik gabe, onuradun edo eskatzaile izateari utziko diote, eta laguntzan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, bertzenaz premiamendu bidez eskatuko baitzaizkie.

9.6.–Datu ekonomikoak eta/edo inguruabarrak ezkutatu edo faltsutuz gero, laguntza bertan behera gelditzen ahalko da eta jasotakoa itzuli.

9.7.–Laguntza onartzeari buruz organo eskudunak ematen duen ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari eta haren aurka zuzenbidearen arabera bidezkoak diren errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Ebazpen hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.

9.8.–Hilabeteko epea izanen da onartutako diru-laguntzaren ordainketa pagamendu bakarrean mamitzeko, onarpenaren ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina, eta konpentsazioa jaso dezake Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatzen diren baldintzetan.

10. artikulua. Laguntzen onuradunen eta hartzaileen betebeharrak.

Eskatzaileak betebehar batzuk ditu, eta betetzen ez baditu ordenantzaren xede diren laguntzak eskuratzeko eskubidea gal litzake. Hauek dira:

a) Diruz lagundutako ikasketetan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea Villatuertako Udalari.

b) Ebaluatzaileei lana erraztea.

c) Diruz lagundutako ikasketek bertze organismoren batetik ere dirurik jasoz gero, berehala jakinaraztea Villatuertako Udalari.

11. artikulua. Laguntzak ezeztatzea.

11.1.–Laguntza zertarako eman zen, bertze xede baterako erabiltzea laguntza ezeztatzeko arrazoia izanen da eta hura berehalakoan itzuli beharko da, organo eskudunak errekerimendua egin ondotik. Hala ez egiteak derrigorrezko diru-bilketa ekarriko du, kasuan kasukoa, deusetan ukatu gabe kasu bakoitzean abia daitezkeen jarduketa zibil, penal edo bertzelakoak.

11.2.–Eskatzaileak datuak faltsutu edo ezkutatu baditu, eskatutako laguntza ukatzen ahalko zaio, laguntza emateko baldintzak betetzen baditu ere.

11.3.–Laguntza ezeztatzen ahalko da, hura ordaintzeko prest izan eta hiru hilabeteko epea iragaten bada ordaindu gabe, betiere interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

II.–Azken xedapen bakarra.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta sorraraziko ondorio juridiko osoak.

Iragarkiaren kodea: L1713950