Iragarkia
15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BARAÑAIN
Udalaren ludotekaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Barañaingo Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Udalaren ludotekaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza.
Onespen horren iragarkia 2017ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 13an, bai eta Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz.
Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta eranskinean argitaratzen, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.
Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Barañainen, 2017ko azaroaren 29an.–Alkatea, Oihane Indakoetxea Barbería.
ERANSKINA
ORDENANTZA, BARAÑAINGO UDALAREN LUDOTEKAREN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Barañaingo Udalaren ludoteka jolastoki hezigarria da aisialdian; bertan haurren jolas eta esperimentazio beharrak asetzen dira, eta haien alde afektibo, sozial eta kognitiboak estimulatzen dira, bai eta mugimendu eta adierazpen gaitasunak ere.
Helburu hori lantzeko, arlo hauetan banatu dira jarduerak:
–Harrera, informazioa eta hasierako arreta.
–Joko librea: norberak libre erabiltzeko espazio eta materialak. Psikomotrizitate gunea, jolas sinbolikoaren txokoa, eraikuntzen txokoa, liburutegia, teknologia berriak.
–Barneko eta kanpoko jolasen mailegua: joko eta jostailuen mailegua (mahai-jokoak, eraikuntzak, joko sinbolikoak, antzokitxoak, psikomotrizitate-jokoak, liburuak, etab.); saioan erabili ondoren itzuli behar dira.
–Jolas antolatuak: dinamikak, lankidetza-jolasak...
–Hiruhilekoko animazio-jarduerak: aisialdiko jarduera hezigarriak, balioak sustatzen dituztenak (dinamikak, tailerrak, ikuskizunak...).
–Eskola-laguntza: ikastetxeetan eta oinarrizko gizarte zerbitzuan horretarako eskaera egiten duten ikasleentzat.
–Gizarte eta hezkuntza arloko laguntza: prebentzioa, eta atzemandako zailtasunei arreta pertsonalizatua ematea.
–Familiei edo legezko arduradunei arreta emateko gunea: harrera gunea orientazioa, aholkularitza, iradokizunak edo informazio orokorra eskatzen duten familia, legezko arduradun eta kolektiboentzat.
Zerbitzuen esparru honetan, udal ludotekaren erabiltzaileek badute eskubidea udalerriaren zerbitzu publikoaren ondasun bat bezala erabiltzeko; dena dela, gizabidez baliatu behar da eskubidea, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak zein ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.
Ordenantza honek araudi bat garatu nahi du bizikidetza eta Barañaingo Udalaren ludotekaren antolaketa eta funtzionamendua errazteko, bere errealitatera egokitzeko eta hezkuntza-eredu propioa ahalbidetzeko.
Ordenantza honen arauak Barañaingo Udalaren ludotekari lotutako hezkuntza-komunitate osoari dagozkio, hau da, zerbitzuaren erabiltzaileei, familiei eta hezitzaileen taldeari.
Arauen oinarrian giza balio hauek daude: pertsonak, tokiak eta gauzak errespetatzea eta arduratsua izatea, hau da, bakoitza bere ekintzen erantzulea izatea. Hezkuntza-komunitate honetan sor daitezkeen gatazketan elkarrizketa, entzutea eta adostasuna nagusituko dira, eta bitartekaritza erabiliko da haiek konpontzeko.
Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da “sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean” (139. artikulua). Halaber, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.
Azkenik, eta kontuan izanik ordenantza honen helburua dela gizalegezkoak ez diren portaerak erregulatzea, funtsezko hiru printzipio nagusi dira artikuluen oinarria: prebentzioa, gizalegerik gabeko portaeren zehapena eta portaera egokien sustapena.
I.–Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantzak xede hauek ditu:
–Barañaingo Udalaren ludotekako instalazioen erabilera arautzea, zerbitzu publiko bati dagokion moduan; izan ere, jabari publikoko ondasuna da, Barañaingo 6-12 urteko haurren aisialdiko eta denbora libreko jarduerak garatzera bideratua.
–Ondasun publiko horren erabiltzaileak eta haren parte diren instalazio eta elementu guztiak babestea izan ditzaketen eraso, aldaketa eta erabilera bidegabeen aurka, instalazioen erabilera zentzuzko eta antolatua zein herritarren sarbidea eta erabilera bermatuz, baldintza berdinetan betiere.
–Eskura dauden giza baliabideak zein materialak osoki aprobetxatzea.
–Bizikidetza eta errespetuko gutxieneko arau batzuk ezartzea Barañaingo Udalaren ludotekaren erabiltzaileen arteko harremanentzat, baita zentroari atxikitako langileekiko harremanentzat ere.
–Bizikidetza sozialaren eta gizalegezko balioen kontrako jarduketak eta portaerak zuzentzea zehapen ahalmena erabiliz.
–Portaera egokiak sustatzea bizikidetza-arauak hausten dituzten pertsonengan, elkarrizketa, entzute eta adostasunaren bidez.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
Zein den ere instalazioetan egiten den jarduera, Barañaingo Udalak esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, bere eskumenekoak badira.
Ordenantza honetan udal eskumena babesteko aurreikusitako neurriak ez dira beste administrazio publiko batzuen eskumenen kaltean izanen.
Ordenantza honek herritarren jarduketak eta omisioak arautzen ditu Barañaingo Udalaren ludotekari buruz, zerbitzu publikoko ondasuna eta udal titulartasuneko zerbitzua den aldetik.
3. artikulua. Barañaingo Udalaren ludotekaren helburua.
Barañaingo Udalaren ludotekak aisialdiko eta denbora libreko jarduerak garatzea du helburu nagusia, lehen artikuluan aipatu populazioaren onerako.
Salbuespen gisa, aipatutakoez bestelako jarduerak egin daitezke zentroan. Udal organo eskudunak aldez aurretik baimendu beharko ditu, aipatu adinetik gorakoen zein beherakoen jarduerak bezala. Baimen hori emateko, ondoko baldintza hauetako bat bete behar da:
–Egin beharreko jarduerak interesgarriak izatea Barañaingo haurrentzat edo, bestela, udalerriko gizarte zerbitzuen alorreko helburuekin bat eginen dute.
–Jardueren antolatzaileek irabazteko asmorik ez izatea.
–Barañaingo Udalak antolatutako ekitaldiak izatea, diren bezalakoak izanda ezin badira egin Udalaren beste toki edo espazio batean.
4. artikulua. Barañaingo Udalaren ludotekaren helburuak.
–Haurren garapen kognitibo, psikomotor, afektibo eta soziala (sozializazioa) ahalik eta osasuntsuen garatzea jolastokian, eguneroko jardueraren eta programatzen direnen bidez.
–Haurrari bere irudimena eta sormena garatzen laguntzea jolasaren bitartez.
–Jostetaz gain, komunikazioa, talde lana eta elkarrenganako eta materialekiko errespetua bultzatzea.
–Zerbitzua erabiltzen duten haurrak heztea, elkartasuna, berdintasuna eta bakezaletasuna sustatuz eta bestelakotasuna errespetatuz.
–Haurren hezkidetzaren aldeko jarrerak, balioak eta portaerak bultzatzea, eta berdintasuna erantzunkidetasunetik sustatzea.
–Euskararen eta gaztelaniaren bizikidetza sustatzea, gure erkidegoaren hizkuntza ofizialak diren aldetik, baita beste hizkuntzena ere, elkarrenganako errespetuz.
–Portaera desegokien detekzio goiztiarra (oldarkortasuna, isolamendua, heltze berantiarra, arreta deiak, zokoratze egoerak...), eta estrategiak garatzea horiek birbideratzeko eta modu egokian aldatzeko.
–Familiak orientatzea, pedagogia eta hezkuntza arloetan dituzten eskaeren aurrean.
–Modu aktiboan parte hartzea Barañaingo kulturan.
5. artikulua. Barañaingo Udalaren ludotekaren funtzionamendu araubidea.
Urtero Udalak ordutegia eta egutegia finkatuko ditu, honako hauek barne: ireki eta ixteko egunak, oporraldiak, jai egunak eta tasen zenbatekoa.
Erreferentziako ordutegiaren arabera, asteko bi egunean zerbitzua euskaraz emanen da, beste bi egunean gaztelaniaz, eta egun batean euskaraz eta gaztelaniaz. Ludotekak jarduera bereziren bat antolatzen duenean, bertan behera utziko da ohiko dinamika. Horren berri ere emanen zaie erabiltzaileei, aitzinetik.
Aurrekoa ukatu gabe, publikoak instalazioak erabiltzeko ordutegia Udalak zehaztuko du, kontuan izanda langile kopurua, eskaria nolakoa den eta une bakoitzean zer gune dauden eskura, betiere garaiz iragarrita.
Barañaingo Udala, gizarte zerbitzuen alorraren bidez eta zentroko langileekin koordinatuta, jardueren koordinazioaz, antolamenduaz eta funtzionamenduaz arduratuko da, bai eta instalazioak hornitzeaz, zaintzeaz eta hobetzeaz ere.
6. artikulua. Barañaingo Udalaren ludotekako hezitzaileen taldearen eginkizunak.
Ludotekariek eginkizun eta zeregin hauek dituzte:
–Erabateko erantzukizuna zerbitzuaren funtzionamendu orokorrean.
–Ludotekaren urteko irekieraren antolaketa, informazioa eta hedapena.
–Haurren inskripzioa eta erabiltzaile txartelaren banaketa.
–Materiala (jokoak, jostailuak, liburuak, etab.) eguneratu eta sailkatzea, eta haren inbentarioa egitea.
–Ikuskatzea eta egiaztatzea eskura dauden material guztiek eta antolatzen diren jarduerek elkartasuna, berdintasuna eta bakezaletasuna sustatzen dituztela eta bestelakotasuna errespetatzen dutela.
–Aldian behin egiaztatzea jostailuak behar bezala daudela, eta proposatzea material berriak erostea edo daudenak ordeztea.
–Haurrei orientazioa ematea jostailuak ulertzeko eta maneiatzeko.
–Ludotekako animazio eta dinamizazio jarduerak programatu, garatu eta ebaluatzea.
–Banakako planak planifikatu, garatu eta ebaluatzea, haur bakoitzaren diagnostikoa egin ondoren.
–Parte hartzea eta laguntza ematea zerbitzuaren etengabeko ebaluazioan.
–Udaleko gizarte zerbitzuen sarearekin koordinatzea.
–Aita-amei orientazioa eta aholkularitza ematea.
–Udalari noizean behin txostenak aurkeztea zerbitzuaren garapen eta funtzionamenduari buruz, bai eta gertatutako gorabeherak eta hobetzeko iradokizunak ere.
–Agiriak prestatzea eta lan administratiboak egitea (fitxak, memoriak, etab.).
7. artikulua. Barañaingo Udalaren ludotekaren erabiltzaileen betebeharrak.
Hauek dira instalazioak erabili gogo dituztenek bete beharreko baldintzak:
–6tik 13 urte bitarteko haurra izatea (edo 5 urte izan eta Lehen Hezkuntzako 1. mailan ikastea) eta Barañainen erroldatuta egotea.
Salbuespenez, eta profesional eskudunak aldeko txostena egin ondoren, Barañainen erroldatuta ez dauden haurrak joaten ahalko dira.
–Zerbitzua erabili ahal izateko betebeharrak:
–Karnet tamainako bi argazki ematea.
–Txartelean eskatutako informazioa betetzea.
–Ikasturte bakoitzean aukerako baimenak sinatzea, familiak edo legezko arduradunek egokitzat jotzen badute.
–Sarbideari dagokion kuota ordaintzea.
–Zerbitzua erabiltzeko baldintzak onartzea; ludotekaren funtzionamenduari buruzko informazioarekin batera emanen dira.
Eskariak zerbitzuaren edukiera gainditzen badu, udalerrian erroldatutakoek lehentasuna izanen dute, eta, haien artean, gizarte zerbitzuek gomendaturik joaten direnek.
8. artikulua. Printzipio orokorrak.
Barañaingo Udalaren ludotekaren erabiltzaileak behartuta daude herritarren bizikidetza errespetatzera zentro horretan eta instalazioak zerbitzu publiko bezala erabiltzera, gainerako erabiltzaileek haietaz baliatzeko eskubidea errespetatuz; hortaz, debekatuta daude zentroaren barrenean bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu, ondasun edo elementuetan kalte egin edo pertsonei zor zaien errespetuari huts egiten dioten portaerak, ordenantza honetan ezarritako moduan.
Erabiltzaileek eskubidea dute Barañaingo Udalaren ludotekaren instalazioak libreki erabiltzeko, eta beren askatasuna errespetatuko zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta beste pertsonak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.
Barañaingo Udalaren ludotekaren erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
A) Orokorrak:
Haurrak eroso jantzita joanen dira ludotekara, haurren autonomia galarazten duen arropa ez baita gomendagarri. Halaber, on da familiak edo legezko arduradunek jakitea, jardueretan erabiltzen diren materialen ondorioz, inoiz edo behin haurraren arropa hondatzen ahal dela.
Haurrak normalean jasotzen ez dituzten pertsonak horretarako bertaratzen badira, familiak edo legezko arduradunek abisatu behar diete zerbitzuaren arduradunei, edo baimen idatzia eman. Orobat, haurrak ludotekatik bakarrik atera daitezela nahi izanez gero, baimen idatzian ohartaraziko dute.
Familia edo legezko ordezkariak ezin dira ludotekan egon horretarako ezarritako ordutegitik kanpo. Ludotekaren ordutegia bukatuta, itxiera orduan jasoko dituzte seme-alabak, ludotekako langileek ez baitute haurren ardura hartu behar ludotekaren ordutegitik kanpo.
Ez da bisitarik onartzen ludoteka orduetan.
Ez Udalak ez ludotekako hezitzaileen taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek zerbait galduz gero edo haiei zerbait ebatsiz gero.
Ludoteka jolastokia denez, hezkuntza ez formalaren esparrukoa, haur guztiek beren borondatez joanen dira. Inoiz alde egin nahi dutela adieraziz gero, talde pedagogikoak aita-amei edo legezko arduradunei deituko die, beharrezkoa iruditzen bazaio.
Ez Udalak, ez ludotekako hezitzaileen taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek izan ditzaketen istripuetan, instalazioen akatsen ondoriozkoetan izan ezik.
Ludotekak inprimakiak jarriko ditu familien edo legezko arduradunen eskura abisuak, kexak eta iradokizunak bideratzeko.
B) Osasun kontuak.
Haurrek ez dute zentrora joan behar honako hauen sintomak badituzte: eritasuna, sukarra, beherakoa, konjuntibitisa, zorriak edo beste edozein parasito edo eritasun infekto-kutsakor.
Ludotekan ez da sendagairik emanen.
Haurrek, ludotekan direla, eritasun seinalerik izanez gero, familiari edo legezko ordezkariei abisu emanen zaie, lehenbailehen hartzera joan daitezen. Istripua edo sukar oso altua izanez gero, horren berri emanen zaio familiari haurra osasun zentro hurbilenera eramateko.
Haurren higienea zaindu behar da.
9. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Espainiako Konstituzioak, nazioarteko itunek eta antolamendu juridikoak bermatzen dituen eskubideak.
–Aita-amek edo legezko arduradunek informazioa eskatzen ahalko dute ludotekan egiten edo egin nahi diren jardueren eta programen gainean, eta erreklamazioak eta iradokizunak egiten ahalko dizkiete zentroko langileei edo Barañaingo Udalari.
–Aita-amak edo legezko ordezkariak behartuta daude harremanetarako telefono zenbakia ematera, horren aldaketa jakinaraztera eta uneoro aurkitzeko moduan egotera, eta haurrak hartzera agertu beharko dute zerbitzuaren arduradunek ohartarazita, eritasuna, adingabearen eskaera eta abar direla eta.
–Aita-amak edo legezko ordezkariak behartuta daude Barañaingo Udalak zerbitzua emate aldera onartzen dituen tasak ordaintzera.
Orobat, Barañaingo Udalaren ludotekaren erabiltzaileek eskubide hauek ere badituzte:
–Erabiltzaileek eskubidea dute Barañaingo Udalaren ludotekaren instalazioak berdintasunez erabiltzeko, haien izaeraren arabera, eta ludotekako jardueretan parte hartzeko, ordenantza honetan ezarritako edukiera gainditu gabe.
–Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea.
–Barañaingo Udalaren ludoteka erabiltzea eta bertako ondasun eta zerbitzuak baliatzea.
–Informazioa eta aholkua hartzea, bai jarduerena bai kezka, zalantza, arazo eta abarrena, taldeko kide gisa zein bakarka.
–Egokiak iruditzen zaizkion erreklamazio eta oharrak egitea Barañaingo Udalari.
10. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
–Barañaingo Udalaren ludotekan dauden langileak eta gainerako erabiltzaileak errespetatzea, tratu duina emanez.
–Zentroko ondasun eta zerbitzuak egokiro erabiltzea, eta bai ondasunak (altzariak, materialak, etab.) bai lokala bera errespetatuz.
–Zerbitzuaren arduradunek emandako oharrak betetzea instalazioak eta materiala erabiltzeko tenorean eta jarduera programatuak gauzatzean.
–Ludoteka erabiltzeko araudia betetzea.
–Sartu eta ateratzeko ordutegiak betetzea.
Udalak beretzat jotzen dituen jarduerak izan ezik, erabiltzaileen kontura dira honako hauek:
–Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea.
II.–Instalazioak erabili, mantendu eta zaintzea.
11. artikulua. Tokiak erabiltzeko baldintzak:
–Baimendutako edukierak 50 pertsona du muga.
–Instalazioek segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari lotutako baldintzak beharko dituzte bete.
–Zentroaz arduratzen direnek emandako jarraibide eta arauak bete beharko dira uneoro.
–Instalazioen erabilera arruntaren ondorioz edozein kalte edo gorabehera ikusi edo gertatuz gero, zentroko langileei jakinaraziko zaie.
–Udalak ez du inoiz ere erantzukizunik izanen instalazioen barrenean utzitako gauzen gainean.
–Debeku da erretzea, baita alkohola eta edozein estupefaziente hartzea ere Barañaingo Udalaren ludotekan.
–Ezin da instalazioetan animaliarik sartu. Laguntza-txakurrak sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta egon, beren lana egin eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearekin bat.
12. artikulua. Publizitatea.
Orokorrean, instalazioen barrenean ezin da inongo publizitate eta propagandarik egin, Udalak kasu bakoitzean espresuki baimentzen duena izan ezik.
Barañaingo Udalaren ludotekan jarduerak egiteak berarekin ekarriko du Udalaren logotipoa –Udalak onetsitako eredu tipografikoekin– sartzea jarduera horren dokumentazio eta propaganda idatzi edo grafiko guztietan.
III.–Zehapen araubidea.
13. artikulua. Xedapen orokorrak.
1.–Administrazio publikoek zehapen ahalmena erabiltzeko darabilten legezko eta arauzko prozedurari jarraituko zaio zehapenak jartzeko.
2.–Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.
Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
14. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Erabiltzaileek, haien familiek edo legezko arduradunek eta ludotekako hezitzaileek, ekintzaz edo omisioz, ordenantza honen kontra egiten dituzten arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izanen dira.
15. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Jendeari behin eta berriro errespetua galtzea eta mehatxuak edo eraso fisikoak egitea, Barañaingo Udalaren ludotekako erabiltzaileei nahiz langileei.
b) Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea instalazioetako beste erabiltzaile batzuen edo arduradunen kontra gatazka, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkoak eginez.
c) Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, funtzionamenduari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzak.
d) Aita-amak edo legezko arduradunak ordubetetik gora atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.
e) Arau-hauste astunetan berrerortzea.
16. artikulua. Arau-hauste astunak:
Honako hauek dira arau-hauste astunak:
a) Zentroaren barrenean erretzea, baita alkohola eta edozein estupefaziente hartzea ere.
b) Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea, baita langile arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.
c) Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.
d) Portaera bortitz eta erasokorrak izatea behin eta berriro lagunekin edo hezitzaileekin.
e) Istiluak izatea gainontzeko erabiltzaileekin, zor zaien errespetua agertu gabe.
f) Ordena haustea eta programatutako jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.
g) Zentroan mozkor itxura nabarmenean edo drogaren batek jota sartzea.
h) Aita-amak edo legezko arduradunak ordu bat arte atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.
i) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.
17. artikulua. Arau-hauste arinak:
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Noizean behin errespetua galtzea jendeari, hala zentroko erabiltzaileei nola langileei. Arau orokor gisa, pertsonei errespetua galdutako kasuetan, hitz egitea bilatuko da zehapena jarri aurretik, baldin eta ukitutakoak prest badaude.
b) Udalaren materialean edo altzarietan kaltea egiten duten edo egin dezaketen ekintza edo portaera desegokiak.
c) Instalazioetan edozein animalia sartzea.
d) Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.
e) Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten oihuak eginez, baita lasterka, jauzi edo bulka egitea, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea.
f) Aita-amak edo legezko arduradunak hamabost minutu bitarte atzeratzea haurrak hartzeko orduetan.
g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, astuntzat edo oso astuntzat hartua ez bada.
18. artikulua. Erantzuleak.
Aita-amak edo legezko ordezkariak beti izanen dira arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak.
19. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinei zehapen hauek jartzen ahal zaizkie:
–Ludotekako instalazioak hiru egunez gutxienez eta astebetez gehienez erabiltzeko eskubidea galtzea, edo kaltea konpontzeko neurriak, hezitzaileek hezkuntza ikuspuntutik ezarriak.
–Ohartarazpena.
Arau-hauste astunei zehapen hauek jartzen ahal zaizkie:
–Ludotekako instalazioak bi astez gutxienez eta hilabetez gehienez erabiltzeko eskubidea galtzea eta, pertsonengan, materialetan edo instalazioetan kalterik sortuz gero, haien kostuaren adinako isuna ordaintzea.
Arau-hauste oso astunei zehapen hauek jartzen ahal zaizkie:
–Instalazioak urtebetez erabiltzeko eskubidea galtzea eta, pertsonengan, materialetan edo instalazioetan kalterik sortuz gero, haien kostuaren adinako isuna ordaintzea.
20. artikulua. Erantzuleak.
Adin nagusikoek erantzukizun zuzena izanen dute ordenantza honen aurkako ekintzak gauzatzen badituzte.
Hasiera batez, adingabeek erantzukizun zuzena izanen dute ordenantza honen aurkako ekintzak gauzatzen badituzte, betiere hezkuntza-neurriak bidera badaitezke kaltea konpontzeko.
Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.
Oro har, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.
Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
21. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.
b) Nahitakotasuna.
c) Zerbitzuari nahasmendua ekartzea.
d) Partaidetza maila.
e) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.
f) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.
g) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
22. artikulua. Itundutako amaiera.
Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.
Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:
–Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.
–Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.
–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.
Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen adieraziko dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko portaerak sortu edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteak konpontzen dituztenak. Ardura duen udal alorrak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.
Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.
Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.
Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.
Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:
–Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.
–Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.
Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta ondorio juridiko osoak sorraraziko.
Iragarkiaren kodea: L1713849
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
