Iragarkia
15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TAFALLA
Deialdia, udaltzainaren hiru lanpostu betetzeko. Akats zuzenketa eta oinarrien aldaketa
Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak 2017ko abenduaren 12an erabaki du akatsak zuzentzea eta oinarriak aldatzea udaltzainaren hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian.
Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak 2017ko urriaren 24an erabakita onetsi zen udaltzainaren hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia. Oinarriak 2017ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, azaroaren 14an.
Akats bat atzeman da I. eranskineko 3. atalean (Zalutasun proba –Barrow testa–), aipatzen den azalpen-eskema ez baita agertzen testuaren ondoan eta honako testu hau falta delako: “Izangai bakoitzari bigarren aukera emango zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada”. Beraz, akats hori zuzendu behar da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluari jarraikiz, ezartzen baitu administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituztela beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.
Orobat, hautapen prozesua hobeto garatzeko, komeni da alderdi batzuk aldatzea deialdiaren hasierako testu eta probetan:
–5.2.1.B) oinarrian, gaztelaniazko testuan, “versara” hitzak tileta behar du: “versará”.
–5.2.1.B) oinarrian, b3 (Ortografia) eta b4 (Idazlana) probak bat egiten dira, honetan: b3) Semantika lexikala, semantika konposizionala, sintaxi gramatikala eta ortografia. Gehieneko puntuazioa 40 puntu da, aipatu bi proba bereizien gehieneko puntuazioen batura baita.
–5. oinarrian (Oposizioaren nondik norakoa), 5.2.4 atala (Plaza kopurua handitzea), hortik mugitzen da eta, testu berarekin, 9. oinarria izanen da. Horren ondorioz, hasierako 9. eta 10. oinarriak orain 10.a eta 11.a izanen dira hurrenez hurren.
–6. oinarrian (Proben balorazioa), 6.4 atala hortik mugitzen da eta, testu berarekin, 5.2.4 (5.2.5 hasierako testuan) atalari (Oinarrizko prestakuntza ikastaroa) gehitzen zaio.
Horrenbestez, lehen azaldutakoa ikusirik eta tokiko gobernu batzar honi esleitutako eskudantziak kontuan harturik,
ERABAKI DA:
Lehena.–I. eranskineko 3. atalean (Zalutasun proba –Barrow testa–) atzemandako akatsa zuzentzea, Tafallako Udaleko udaltzainaren hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarrietan.
Honako hau dioen tokian:
3.–Zalutasun proba (Barrow testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.
Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan).
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Zutoin bat botatzea.
b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaiak irteera-marra berriz gurutzatzen duenean.
Gizonezkoak: 26"8 baino gehiago. Emakumezkoak: 28"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.
Gizonezkoak: 26"8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 28"8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.
Honela esan behar du:
3.–Zalutasun proba (Barrow testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.
A B

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)
Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emango zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.
Saio baliogabea izango da honako hau gertatzen denean:
a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.
b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.
b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.
Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).
Gizonezkoak: 26"8 baino gehiago. Emakumezkoak: 28"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.
Gizonezkoak: 26"8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 28"8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.
Bigarrena.–Oinarriak aldatzea, honela.
–5.2.1.B) oinarrian, gaztelaniazko testuan, “versara” hitzak tileta behar du: “versará”.
–5.2.1.B) oinarrian, b3 (Ortografia) eta b4 (Idazlana) probak bat egiten dira, honetan: b3) Semantika lexikala, semantika konposizionala, sintaxi gramatikala eta ortografia. Gehieneko puntuazioa 40 puntu da, aipatu bi proba bereizien gehieneko puntuazioen batura baita.
–5. oinarrian (Oposizioaren nondik norakoa), 5.2.4 atala (Plaza kopurua handitzea), hortik mugitzen da eta, testu berarekin, 9. oinarria izanen da. Horren ondorioz, hasierako 9. eta 10. oinarriak orain 10.a eta 11.a izanen dira hurrenez hurren.
–6. oinarrian (Proben balorazioa), 6.4 atala hortik mugitzen da eta, testu berarekin, 5.2.4 (5.2.5 hasierako testuan) atalari (Oinarrizko prestakuntza ikastaroa) gehitzen zaio.
Hirugarrena.–Aipatu zuzenketa eta aldaketen ondorioz, Tafallako Udaleko udaltzainaren hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren behin betiko testua eransten da. Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak 2017ko urriaren 24an erabakita hasiera batean onetsi zen aipatu deialdia. Oinarriak 2017ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, azaroaren 14an.
Laugarrena.–Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epe berria irekitzea, 30 egun naturalekoa, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bosgarrena.–Erabaki hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Tafallan, 2017ko abenduaren 12an.–Alkate udalburua, Arturo Goldaracena Asa.
DEIALDIA, TAFALLAKO UDALTZAINGOAREN ALORREKO UDALTZAINAREN HIRU LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
1. oinarria.–Baldintza orokorrak.
1.1. Tafallako Udaltzaingoko udaltzainaren hiru lanpostu, funtzionario araubidekoak, oposizio bidez betetzea du xede deialdi honek, ondoko txanda hauetan banaturik:
a) Lanpostu bat txanda irekian.
b) Bi lanpostu igoera txandan.
Igoera txandako lanposturen bat bete gabe gelditzen bada, izangairik ez dagoelako edo aurkezten diren izangaiak hautaprobetan eskatutako gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, txanda irekikoari gehituko zaio.
Era berean, igoera txandan betetzeko dauden lanpostuen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan probak gainditu baina lanposturik eskuratzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsak hartzeko aukera izanen dute, txanda horretara aurkezten diren beste izangaiekin lehia garbian, bukaeran lortutako puntuazioaren arabera.
1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Tafallako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, araubide horren babespean geldituko dira.
1.3. Izangai izendatuak C mailan sailkatuko dira, eta Tafallako Udaleko plantilla organikoan aurreikusitako osagarriak izanen dituzte.
1.4. Deialdiko lanpostuen kopurua hautapen prozesuan handitzen ahalko da, betiere izangaiek deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada aplikatzekoa izango da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).
1.5. Prozedura hau arau hauen mende egongo da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.
2.1. Txanda irekia.
Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) Adinez nagusi izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.
c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.
Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.
d) Deialdiko lanpostuari dagozkion eginbeharrak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialditik arrazoi medikoengatik baztertzeko egoera batean (III. eranskineko batean) ez egotea.
e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.
g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.
2.2. Igoera txanda.
Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.
2.3. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, f) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.3 oinarrian ezarri bezala.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:
a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Eskabideak Tafallako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Bulego Bakarrean (Nafarroa plaza, 5, Tafalla), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren IV. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.tafalla.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdia argitaratzen denean.
3.2. Izangaiek aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa.
1. Osasun ziurtagiri ofiziala, izangaiak I. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.
2. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 10,10 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa hori kreditu txartelaren bidez ordaintzen ahal da eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 22 2100 3696 69 2200068626 kontura transferentzia eginez; azken kasu horretan, datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NAN/IFZ.
–Kontzeptua: Tafallako Udaltzaingorako 2017ko oposizioa.
3. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
4. Deialdian eskatutako titulazio akademikoaren fotokopia.
5. Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.
3.3. Izangaia kanporatu eginen da, 3.2 atalean aurreikusitakoa betetzen ez bada.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du. Horretarako, bi zerrenda egingo dira, txanda hauetako izangaien arabera:
1. Txanda irekiko izangaiak.
2. Igoera txandako izangaiak.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duena, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko da.
5. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.
5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non eta zein data eta ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian emanen dira argitara, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:
5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:
A) Lehen proba:
1. eranskinean azaldutako ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.
Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Kasuan kasuko organo espezializatuak eginen ditu debekatutako jardunbideak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. Eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian.
Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egiteari uko egiten diotenak.
B) Bigarren proba:
Erantzun laburreko eta/edo test motako 4 galde-sortari erantzun beharko zaie idatziz. Epaimahaiak aukeratuko ditu galderak, eta honako gai hauei buruzkoak izanen dira:
b1) 2. eranskinean heldu diren gaiei buruzko galderak. Puntuazioa, gehienez ere 30 puntu; ariketa honetan 15 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.
b2) Zientziak: matematika, fisika eta kimikako problemak egitea. puntuazioa, gehienez ere 40 puntu. Ariketa honetan 20 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.
b3) Semantika lexikala, semantika konposizionala, sintaxi gramatikala eta ortografia: puntuazioa, gehienez ere 40 puntu. Ariketa honetan 20 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.
b4) Tafallari buruzko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritzako mugarteak, geografia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak; Tafallako tradizioak eta usadio-ohiturak. Tafallako Udalak gaur egun duen antolaketa politiko eta administratiboa: puntuazioa, gehienez ere 40 puntu. Ariketa honetan 20 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.
Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.
C) Hirugarren proba:
Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da. Puntuazioa, gehienez ere 25 puntu. Ariketa honetan 12,5 puntu baino gutxiago ateratzeak izangaia bazterturik gelditzea ekarriko du.
Hori egin aurretik, eta Alkatetzaren ebazpen baten bidez, lanpostuaren soslai profesiografikoa onetsiko da eta epaimahaiari jakinaraziko zaio.
Dei bakarraren bidez eginen dira hautapen aldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertuko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.
5.2.2.–Proba medikoak: aurreko A), B) eta C) ataletan aurreikusitako probak eginik, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastaroan, deialdiaren 5.2.3 atalean aipatutakoan, behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda jarriko du Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian, puntuazioaren arabera ordenatuta.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 2.1 ataleko d) letran ezarritako moduan. Horiek egiteko zerbitzua Udalak erabakiko du. Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Bazterturik geldituko dira “gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak, eta puntuazio-ordenan ondoren datorrenarekin ordeztuko dira.
5.2.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena: oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta e) baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean; orobat, 2.1 oinarriko f) baldintza betetzen dutela, ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
–Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo baliokideren baten fotokopia konpultsatua.
–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.
–Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatearena.
Hau ere aurkeztu beharko dute:
- Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zinpeko aitorpena edo agindua.
- Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.
Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta proba medikoen emaitzak, hautapen prozesuko bajak erabakiko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu; betiere, proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Ondoren, oinarrizko prestakuntzako ikastaroan onartutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
5.2.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.
Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza ikastaroa, baztergarria izanen da eta aplikagarriak diren erregelamenduzko xedapenek zuzenduko dute.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak bazterturik geldituko dira oposiziotik.
Ikastaroa aprobatzeko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak praktiketako funtzionario izanen dira; horretarako, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, praktiketako funtzionario izendatuko ditu eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolara atxikiko.
Prestakuntza ikastaroan, izangaiek C mailako hasierako soldataren ordainsariak jasoko dituzte.
Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean kidetuta zeudenen kasuan, hartan jarraituko baitute.
Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.
Ikastaroan baja emateak oposizioan jarraitzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta praktiketako funtzionario izateari uztea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio.
Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 2.1 atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
Prestakuntza ikastaroa buruturik, Alkatetzak ebazpena emanen du izangaiak praktiketako funtzionario bilakatzen zituen izendapena bertan behera uzteko.
6. oinarria.–Proben balorazioa.
6.1. Lehen probako ariketen kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da, 1. eranskinean ezarritako gutxienekoak gainditu edo ez.
Bazterturik geldituko dira ariketaren batean “gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak, bai eta dopina galarazteko kontroletan positiboa ematen dutenak ere.
6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketen kalifikazioa deialdi honetako 5. oinarrian haien gainean adierazi bezala eginen da.
6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoen kalifikazioa deialdi honetako 5. oinarrian haien gainean adierazi bezala eginen da.
6.4. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldian lortutako puntuazioei oinarrizko prestakuntza ikastarokoa gehituko zaie.
7. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
Epaimahaiburua: Tafallako Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: aurrekoak eskuordetutako zinegotzia.
Epaimahaikidea: Tafallako Udaltzaingoko burua.
Ordezkoa: Tafallako Udaltzaingoko inspektoreordea.
Epaimahaikidea: Tafallako Udaltzaingoko kaboa.
Ordezkoa: Tafallako Udaltzaingoko kaboa.
Mahaikidea: Nafarroako Foruzaingoko inspektorea edo inspektoreordea.
Ordezkoa: Nafarroako Foruzaingoko inspektorea edo inspektoreordea.
Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Idazkaria (hizpidea duena baina botorik gabe): Tafallako Udaleko gizarte graduatua.
Ordezkoa: idazkariak hautatuko du.
7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.
7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
7.4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta horren berri emanen diote organo dei egileari.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.
7.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
8. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara ateratzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du probak gainditu dituzten izangaien alde.
9. oinarria.–Lanpostuen kopurua handitzea.
Tafallako Udalak, Tokiko Gobernu Batzarrak hala erabakita, deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren sortzen diren premia edo inguruabarrengatik, eta betiere izangaiek oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiten hasi baino lehen.
Lanpostuen kopurua handitzean, lanpostuak txanda bati edo beste bati esleitzeko kontuan hartuko da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).
Kopurua handituz gero, deialdiko lanpostuak handitzeko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Tafallako Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian argitaratuko dira.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Alkateak Tafallako Udaltzaingoko udaltzain izendatuko ditu 8. oinarrian aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
10.2. Izendatzen diren izangaiak Tafallako Udaleko funtzionario eta Tafallako Udaltzaingoko kide bilakatuko dira. Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legean ezarritako eginkizunak beteko dituzte eta haietan jasotzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
10.3. Oposizioa gainditu ondoan Tafallako Udaltzaingoan sartzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitako babesean.
10.4. Izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean hartu beharko dute karguaren jabetza izangai izendatuek. Horretarako, zin egin edo hitz eman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta zintzo beteko dituztela beren karguko eginbeharrak.
10.5. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Tafallako Udaltzaingoan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Epaimahaiaren egintzen aurka berraztertze-errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
1. ERANSKINA
Lehen probako ariketak
1.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).
Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izango da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.
Gauzatzeko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaiak bere burua uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu, ahalik eta denbora laburrenean.
Izangaiak baztertzeko arrazoiak:
a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.
b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.
c) Kalez aldatzea.
Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).
Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.
Gizonezkoak: 50”-tik gora, ez gai; 50” edo gutxiago, gai.
Emakumezkoak: 53”-tik gora, ez gai; 53” edo gutxiago, gai.
Lortutako markan ez dira ehunenak kontuan hartuko.
2.–Luzerako jauzia, bi zangoak bat eginda.
Abiatzeko jarrera: zutik, jauzi egiteko marraren gibelean, bi zangoak elkarren ondoan (ezin da zangorik aitzinatu).
Gauzatzeko modua: aurretik indarrik hartu gabe, jauzi egin beharko da aitzinera, ahalik eta urrutien (jauzi zuzena). Jauzia, marratik hasi eta erortzean edozein gorputz-atalek hurbilen uzten den aztarnaraino neurtuko da.
Gizonezkoak: 2,05 baino gutxiago. Emakumezkoak: 1,70 baino gutxiago. Kalifikazioa. ez gai.
Gizonezkoak: 2,05 edo gehiago. Emakumezkoak: 1,70 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.
3.–Zalutasun proba (Barrow testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.
A B

Abiadura-zalutasuna (Barrow testa)
Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emango zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.
Saio baliogabea izango da honako hau gertatzen denean:
a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.
b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.
b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.
Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).
Gizonezkoak: 26"8 baino gehiago. Emakumezkoak: 28"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.
Gizonezkoak: 26"8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 28"8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.
4.–Baloi medizinala jaurtitzea.
Abiatzeko jarrera: zutik, jaurtitzeko marraren gibelean, simetrikoki jarrita, baloia buruaren gibelean, bi eskuekin helduta.
Gizonezkoek 5 kilogramoko baloia jaurtikiko dute eta emakumeek 2 kilogramokoa.
Jaurtiki ondotik, ezin da lurra ukitu marra aurretik gorputz-atal bakar batekin ere.
Bi saio egin daitezke, bata bestearen ondotik, eta bietatik hoberena puntuatuko da.
Gizonezkoak, 6,50 metro baino gutxiago, ez gai; 6,50 metro edo gehiago, gai.
Emakumezkoak, 8,00 metro baino gutxiago, ez gai; 8,00 metro edo gehiago, gai.
5.–Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).
Abiatzeko jarrera: zutik, irteera marraren gibelean.
Gauzatzeko modua: lasterka, oinez, nahiz biak tartekatuz, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.
Gizonezkoak, 2.600 metro baino gutxiago, ez gai; 2.600 metro edo gehiago, gai.
Emakumezkoak, 2.300 metro baino gutxiago, ez gai; 2.300 metro edo gehiago, gai.
2. ERANSKINA
Bigarren probarako gai zerrenda
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa.
2. Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Gorteak edo Parlamentua. Gobernua edo Diputazioa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Erakundeen eskumenak eta osaera.
3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina, 251/1993 LFD.
4. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
5. 8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.
6. 8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa (ondotik egindako aldaketekin).
7. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea. Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.
8. 10/1991 Foru Legea, adingabeei edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa.
9. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako. II. eta III. tituluak.
10. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteari buruzkoa. VII. titulua. Polizia arreta eta babes eraginkorra.
11. Tokiko araudia:
- Trafikoari buruzko udal ordenantza.
- Ordenantza, eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duena.
- Animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.
- Aisialdiko lokal pribatuak arautzen dituen testua.
3. ERANSKINA
Baztertze taula
1.–Ikusmena. Begien sistema.
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:
- 4/10 bi begietan, edo
- 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
- 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beheitikoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsi falta.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzuteko sistema.
–500dik 3000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.
Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena.
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.
4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.
–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–20º-tik gorako eskoliosia.
–30º-tik gorako zifosia.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.
–Espondilitis ankilosantea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua.
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Sabelaldeko paretako hernia, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Uzki-esfinterreko gutxiegitasuna.
6.–Bihotz-hodietako sistema.
–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren nahasmendu mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).
–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).
–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.
7.–Arnas aparatua.
–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema.
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.
–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak.
–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.
–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).
–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.
–Bulkaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Sexu eta gernu-aparatua.
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-ihesa.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa.
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Mellitus diabetesa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.
–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak.
–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, beta-talasemia anemiadunak.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasmenduak.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Bestelakoak.
–GIB birusaren antigorputzen eramailea.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögrenen sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (GMI > 25).
15.–Azalpen orokorrak.
–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.
4. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1714619
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
