Iragarkia
15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERA
Deialdia, oposizio bidez zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, euskara jakitearen betebeharra duena, aldi baterako eta administrazio-kontratuarekin betetzeko, eta izangaien zerrenda osatzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren
OINARRIAK
1.–Deialdia iragartzen da oposizio bidez zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, euskara jakitearen betebeharra duena, aldi baterako eta administrazio-kontratuarekin betetzeko, eta izangaien zerrenda osatzeko, Berako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.
1.1. Izendatuak Udalak bere gain utzitako eginkizunak, berez zerbitzu anitzetako ofizialari dagozkionak, beteko ditu; besteak beste, honako hauek:
Oro har, zerbitzu anitzetako ofizialaren lanposturako Berako Udalak 2017ko azaroaren 15eko bilkuran ezarritakoak (Berako Udalak 2003ko apirilaren 29an onetsitako lanpostuen balorazioa aldatzen duena), eta beste edozein, zerbitzu anitzekin zerikusirik badu.
1.2. Hizkuntza eskakizuna 2A izanen da (entzunaren ulermena eta mintzamena, B2; irakurriaren ulermena eta idazmena, B1), Bortzirietako toki entitateen plantilla organikoetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza eskakizunari buruzko txostenaren arabera, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2012ko martxoaren 12an egina eta Udalak 2012ko uztailaren 17an onetsia, eta 2012ko abuztuaren 27ko dokumentuak (Udalak 2012ko abenduaren 11n onetsitako horrek) aldatua.
1.3. Kontratua sinadura egunean hasiko da eta, bukatu, probaldia gainditu ondoren lanpostu hutsa modu finkoan betetzen denean (legez ezarritako prozeduraren bidez), edo lanpostua amortizatzen denean edo plantilla organikoa aldatzen denean; betiere, kontratazioa justifikatzen duen beharra dagoen bitartean iraunen du kontratuak. Kontratatzen den pertsonak lanpostua utzi beharko du lanpostu hutsa jabetzan betetzeko hautatua horretaz jabetzen denean.
1.4. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, betiere urtero onesten den egutegia errespetatuz, nahiz eta biak aldatzen ahal dituzten noiznahi organo administratibo eskudunek.
1.6. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik C mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, Berako Udaleko plantilla organikoan zerbitzu anitzetako ofizialaren lanposturako finkatzen diren osagarriak ere bai.
2.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko moduan egotea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Deia egiten den unean, gidabaimena izatea B motako ibilgailuak gidatzeko.
g) Euskaraz jakitea, Europako Kontseiluko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailako tituluaren bidez edo maila goragoko titulu baten bidez egiaztatua, edo eskatutako 2A hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzeko berariazko probaren bidez, deialdi honen 1.2 oinarrian adierazten baita.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, gidabaimenarena salbu, eta hautapen-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3.–Prozedura.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arinen egitea.
Orobat, aipatu artikuluaren 2.c) atalarekin bat, kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda eratuko da, hautaproben deialdi publikoaren bidez, hautaprobetan lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Berako Udalaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.
Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Berako Udaleko Herritarrei Laguntzeko Bulegoan eskura daiteke, edo Interneten bidez, www.bera.eus webgunean edo deialdi hau jasotzen duen aldizkari ofizialetik.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
5.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Berako Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Berako Udalaren iragarki oholean, baita haren webgunean ere (www.bera.eus).
Egun horretatik aitzina eta ondoko zazpi egun naturaletan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.
Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpena Berako Udalaren iragarki oholean eta webgunean (www.bera.eus) argitaratu beharko da.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Alkatearen ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Berako Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, baita haren webgunean ere, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta aurreko paragrafoan adierazi bezala argitaratuko.
7.–Epaimahaia.
7.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
–Epaimahaiburua: Josu Iratzoki Agirre, Berako Udaleko alkatea, edo hura legez ordezten duena.
Ordezkoa: M.ª Aranzazu Zubieta Ochoteco, Berako Udaleko lehen alkateordea.
–Epaimahaikidea: Jokin Pastor Arriazu, Berako Udaleko arkitekto teknikoa.
Ordezkoa: Xabier Urtiaga Elguezua, Nasuvinsako Baztan-Bidasoa bulegoko arkitektoa.
–Epaimahaikidea: Virgilio Musgo Garde, industria-ingeniari teknikoa.
Ordezkoa: Urtzi Garaita Arza, Berako Udaleko basozaina eta zerbitzu anitzetako langilea.
–Epaimahaikidea: Miguel Zubieta Ochoteco, Berako Udaleko zerbitzu anitzetako ofiziala.
Ordezkoa: José Martin Leiza Larralde, Berako Udaleko albientea eta zerbitzu anitzetako langilea.
–Epaimahaikide-idazkaria: Pilar Chueca Intxusta, Berako Udaleko idazkaria (langileak ordezkatuz).
Ordezkoa: M.ª Dolores Oyarzabal Zubieta, Berako Udaleko kontu-hartzailea (langileak ordezkatuz).
7.2. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeraren batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.
7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
8.–Oposizio bidezko hautapen-prozesuaren garapena eta balorazioa.
8.1. Hautapenaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute deialdi honen 1.2 oinarrian eskatutako euskara maila agirien bidez probatu ez dutenek.
Idatzizko proba eta ahozkoa eginen dira, jakiteko pertsona hori gai den ala ez deialdi honen 1.2 oinarrian adierazitako 2A hizkuntza eskakizunaren mailari dagokionez.
Proba hori Euskarabideko Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko langileek egingo dute. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak.
8.2. Hautapen-prozesuan hiru ariketa izanen dira. Probak euskaraz eta/edo gaztelaniaz egin ahalko dira eta epaimahaiak ezarriko du haiek egiteko gehieneko denbora, probak hasi baino lehen.
Lehen ariketa: Proba teorikoa.
Test motakoa izanen da eta aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri direnak izanen dira. Erantzun oker bakoitzeko 0,3 puntu kenduko dira.
Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.
Behin probaren kalifikazioa bukatuz gero, epaimahaiak Berako Udalaren iragarki oholean eta webgunean jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.
Proba praktikoa: II. eranskineko gaiei loturiko kasu bat edo gehiago ebatzi beharko dira, gelan eta/edo gelatik kanpo.
Probaren balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.
Behin probaren kalifikazioa bukatuz gero, epaimahaiak Berako Udalaren iragarki oholean eta webgunean jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.
–Hirugarren ariketa: gaitasun psikoteknikoaren probak.
Proba psikoteknikorako, hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek egingo dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat. Probak 20 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Behin probaren kalifikazioa bukatuz gero, epaimahaiak Berako Udalaren iragarki oholean eta webgunean jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.
Probak egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
8.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da; hartara, izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
8.4. Hautaprobetan, denboren eta baliabideen egokitzapenak eginen dira, ahal den neurrian, minusbaliotasunik dutenentzat, halaxe eskatzen badute eta eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
9.1. Behin proben kalifikazioa bukatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du Berako Udalaren iragarki oholean eta webgunean probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda helaraziko dio Alkatetzari, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.
Berdinketarik gertatuz gero, lehen ariketan (proba teorikoan) puntu gehien lortu duen izangaiaren alde joko da.
Behin zerrenda hori onetsiz gero, zerrenda onesteko Alkatetzaren ebazpena Berako Udaleko iragarki oholean eta webgunean argitaratuko da.
9.2. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izanen da dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
10.–Kontratazio zerrendaren kudeaketa.
10.1. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
10.1.1. Gainditu duten izangaiei Berako Udalean gertatzen diren beharren arabera egingo zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
Kontratazio zerrendak lau urteko iraunaldia izanen du, epe laburragoan agortu ezik edo bertze deialdi bat egin ezik.
10.1.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Berako Udalak egiaztatuko ditu.
10.1.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
10.1.4. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraituetan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 10.1.5 atalean xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio, eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, Udalak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.
10.1.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.
g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
10.1.6. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan aurreikusi den kasuetan.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
10.1.7. Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazioa dutela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, hau da, deialdian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuta, bai eta B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua ere, deian ezartzen zaien epean.
10.1.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
10.1.9. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendaren kudeaketari buruz, deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Beran, 2017ko abenduaren 28an.–Alkatea, Josu Iratzoki Agirre.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Gai-zerrenda
1. Argiteria publikoa paratzea.
Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Kanpoan jartzen diren argiak eta euskarriak: motak eta ezaugarriak.
2. Iturgintza eta berokuntza eraikinetan.
Tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Energia aurrezpena eta ingurumen kontzeptuak.
3. Oinarrizko arotzeria eraikinetan.
Doikuntza eta konponketa txikiak. Tresnak eta materialak. Ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.
4. Pintura.
Pintura-lan samurretan erabiltzen diren tresnak eta ekipoak ezagutu, zaindu eta, oinarrizko mailan, maneiatzea. Pintura eta berniz motak; tresnak: brotxa, arrabola...; hondakinen kudeaketa.
5. Igeltserotza.
Produktu, tresna eta materialak ezagutu eta, oinarrizko mailan, erabiltzea. Obretako seinaleak. Planoen interpretazioa. Eraikinen kontserbazioa, zuinketa eta konponketa txikiak espazio publikoko elementuetan.
6. Ur hornidura. Biltegiak eta sareak.
Sarearen osagaiak. Balbula motak, kloradoreak eta neurtu eta kontrolatzeko elementuak. Mantentze lanetarako irizpideak.
7. Larrialdiak eta suteak.
Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, suteetako ur-hargune hornituak, zutabe lehorra eta hidrantea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, detekzioa eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak.
8. Saneamendu sareak.
Sare motak, materialak, eta kolektoreen eta erregistro-elementuen ezaugarriak. Mantentze lanetarako irizpideak.
9. Lorezaintza eta basozaintza.
Lorezaintzako eta mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra) ezagutu, erabili eta mantentzea. Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea.
10. Laneko arriskuak. Prebentzioa.
Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.
11. Bera. Historia eta geografia.
Berako historia. Berako geografia (mendiak, ibaiak, datu soziodemografikoak...). Berako mugak; Berako kaleen, auzoen eta baserrien izenak.
Iragarkiaren kodea: L1715223
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
