15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 9koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, I+G proiektuak egiteko laguntzen 2018ko deialdia onesten duena.

Garapen Ekonomikorako Departamentuaren lerro estrategikoen artean, Nafarroako enpresek lehiatzeko duten gaitasunaren oinarrietako bat da berrikuntza, ulertzen baita berrikuntza eta puntako industria aurreratua ezin bereiziak direla eta, zenbat eta handiagoa izan berrikuntza, enpleguaren kalitatea handiagoa izanen dela; eta hori da, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat.

Gobernuak 2017ko otsailaren 1ean hartutako erabakiaren bidez, espezializazio adimentsuaren 2016-2020 aldiko estrategia (RIS3) onetsi zen. Estrategiak lehiakortasun arloko faktoreak identifikatzen zituen, bere helburu orokorrak lortzen lagunduko ziotenak. Horien artean, I+G+b dago; horren bidez, jakintza zientifikoa eta teknologia sortzeko, balorizatzeko eta aplikatzeko sustapena gauzatu nahi da, Nafarroako enpresei balio handiagoa emateko, zentro teknologikoen eta unibertsitateen ikerketa eta berrikuntza estrategian lehenesten diren sektore ekonomikoetara bideratzeko, eta bai ekonomiaren digitalizazioa bai enpresa berritzaileen eraketa bultzatzeko. Beraz, S3 estrategiaren funtsezko jarduketetako bat I+G+b sustatzea da. Horrez gain, estrategia horren esparruan, 2017ko uztailaren 19an Nafarroako Gobernuak Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2017-2020 Plana onetsi zuen.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren maiatzaren 20ko 91/2016 Foru Aginduaren bidez ezarri zen I+G proiektuak egiteko laguntzen araubidea. Foru agindu horren bigarren xedapen gehigarrian adierazten zen Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak laguntza horien urteko hurrengo deialdiak onetsi, bidezko gastua baimendu, eta urteko deialdia ukituko zuten baldintzak ezarriko zituela.

Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 22an hartutako erabakiaren bidez baimendu zuen deialdi honetarako behar diren urte anitzeko gastu konpromisoak hartzea, baita aurretiazko tramitazioa ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. I+G proiektuak egiteko laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdia ukitzen duten baldintzak ezartzea. Baldintza horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren gastuak baimentzea, betiere aurrekontu krediturik bada:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005 82110 7701 467303 I+G proiektuetarako diru-laguntzak, EGEF 2014-2020 Nafarroako Programa Eragilea. (E-14/000107-01 PEP elementua)

2018

3.000.000 euro

820005 82110 7701 467303 I+G proiektuetarako diru-laguntzak, EGEF 2014-2020 Nafarroako Programa Eragilea. (E-14/000107-01 PEP elementua)

2019

6.000.000 euro

820005 82110 7701 467303 I+G proiektuetarako diru-laguntzak, EGEF 2014-2020 Nafarroako Programa Eragilea. (E-14/000107-01 PEP elementua)

2020

3.000.000 euro

4. 12.000.000 euroko urte anitzeko gastua honela banatuko da:

–Banakako proiektuak: 4.000.000 euro.

–Enpresen arteko lankidetza proiektuak: 4.000.000 euro.

–Ezagutza transferitzen duten proiektuak: 4.000.000 euro.

Modalitate bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu baimenduan soberakinik gelditzen bada, beste modalitate batzuetako proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da, eta horretarako irizpidea izanen da, lehenbizi, ebaluazio fasean puntuazio altuena lortu duten proiektuak diruz laguntzea.

5. Urte anitzeko gastuari 1.500.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, baina gehigarri hori diru-laguntzei aplikatzeko ez da beste deialdi bat egin beharko. Gehigarri hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta justifikatu behar da.

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 9an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

2018 deialdia

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Proiektuak gauzatzeko aldia eta urtekoen iraupena.

91/2016 Foru Aginduaren 6. artikuluan aipatzen diren proiektuak gauzatzeko aldia laguntza-eskaera aurkezten den egunean hasiko da, eta 2019ko abenduaren 31n bukatuko.

Luzapen bat egitea onartzen bada foru agindu horren 13. artikuluan adierazitako moduan, proiektua gauzatzeko epea ez da inola ere 2019ko apirilaren 30etik haratago eramanen.

Hauxe izanen da proiektuak gauzatzeko urtekoen iraupena:

–Lehen urtekoa: proiektua hasten den egunetik 2018ko abenduaren 31ra arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

–Bigarren urtekoa: 2019ko urtarrilaren 1etik proiektua bukatzen den egunera arte, eta gehienez 2019ko abenduaren 31ra arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

3. Frogagiriak aurkezteko epeak.

Hauexek dira diruz lagundutako jarduketaren frogagiriak aurkezteko epeak, 91/2016 Foru Aginduaren 14. artikuluan aipatzen direnak:

1. 2018ko azaroaren 15era arte (egun hori barne): tarteko lehen txostena aurkeztuko da, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino bete diren azaltzeko, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta.

2. Hiru hilabete lehen urtekoko jarduera bukatzen denetik, eta 2019ko martxoaren 31ra arte (egun hori barne): justifikazio partziala aurkeztuko da.

3. 2019ko azaroaren 15era arte (egun hori barne): tarteko bigarren txostena aurkeztuko da, proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino bete diren azaltzeko, onuradunak ordura arte egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena gehituta.

4. Hiru hilabete bigarren urtekoko jarduera bukatzen denetik, eta 2020ko martxoaren 31ra arte (egun hori barne): azken justifikazioa aurkeztuko da.

4. EGEFek kofinantzatzen dituen proiektuen hautaketa irizpideak.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzeko irizpideei dagokienez, adierazi behar da zenbateko handieneko eragiketak eta Nafarroako espezializazio estrategikoaren sektoreak ordezkatzen dituztenak hautatuko direla.

Entitate onuradunek 2024ko abenduaren 31ra arte gorde beharko dituzte proiektuen frogagiriak.

Iragarkiaren kodea: F1800760