15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Deialdia, Obra Zerbitzuan aritzeko iturgin eta zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Udalak, 2017ko abenduaren 27an egin bilkura arruntean, ondoko deialdi hau onetsi zuen. Hona hemen

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da D mailako iturgin eta zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzea, Altsasuko Udaleko Obra Zerbitzuan aritzeko, Altsasuko Udalaren zerbitzuko plantillako langileei murriztutako oposizio-lehiaketaren bidez, baldin eta deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan xedatuari jarraikiz, ezartzen baitu hautapen proben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioei murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketa eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez goragoko maila batean sailkatzea eragiten dutenean, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.2. Hautaprobak gainditzen dituen izangaia lanposturako izendatuko da eta D mailan sailkatuko. Maila horretako ordainsariak jasoko ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarriari jarraikiz, baita Altsasuko Udalaren plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aitzin zuen araubide juridikoa. Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari ere kontuko dio.

1.4. Lanaldi osoa bete beharko da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendatuak orain arteko lanpostuan zituen eginkizun berak izanen ditu, nahiz eta bere sailkapen berriaren ondoriozko beste batzuk ere manatzen ahalko zaizkion:

–Obra, iturgintza, garbiketa eta abarretako lanak egitea.

–Udalaren hiri azpiegitura eta instalazioetako mantentze eta zaintza lanak.

–Ibilgailuak eta makinak gidatzea.

Eta, oro har, aipatutakoen antzeko guztiak, zerbitzua dela eta bere gain utzitakoak.

2.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, aurkezten direnek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:

a) Altsasuko Udalaren plantillako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E mailakoa, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu baten titular gisa, Udaleko Obren Zerbitzuko E mailan.

b) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, gutxienez.

c) B1 motako gidabaimena izatea.

d) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Eskola Graduatuaren titulua edo baliokidea izatea, edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea.

Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua duela frogatu beharko da.

Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

2.2. Aitzineko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta maneran frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea burutzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Altsasuko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, hogeita hamar egun naturalean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotuko zaizkio; haietan adieraziko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla.

3.2. Eskabideari izangaiak lehiaketaldian baliatu gogo dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia kautotuak gehituko zaizkio.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez, Altsasuko Udaleko alkatea. Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Antolaketa eta Giza Baliabideen batzordeko burua.

Epaimahaikide-idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Felix Benjumea Motino, Udaleko Obren eta Zerbitzuen arduraduna. Ordezkoa: Hirigintza Batzordeko kide bat.

Epaimahaikidea: Maite Celaya Irigoyen, Altsasuko Udaleko aparejadorea. Ordezkoa: Juan Miguel Pérez Hurtado, Hirigintza batzordeburua.

Epaimahaikidea: Paloma García Vela, sindikatuen ordezkaritza. Ordezkoa: M.ª Victoria Mesanza Zufiaurre de Ocio.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa, gutxienez, bertan izan gabe. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.3. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero, martxotik aurrera eginen dena, seguru aski.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ondotik, epaimahaiak garaiz emanen ditu argitara hurrengo probak egiteko iragarkiak, erregelamenduaren arabera.

7.–Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen. Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan.

Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira; bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.

Parte hartzen dutenek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

Euskara proba:

Gehienez ere 5 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat, euskaraz jakitea deialdiaren puntu guztien (oposizioa gehi lehiaketa) %5 baloratuko da jendearekin harreman zuzena daukaten lanpostu guztietarako.

Hortaz, euskararen ezagutza gehienez ere 5 puntu baloratuko da EGA edo C1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak 1 puntu izanen ditu, A2 tituluak 2 puntu, B1 tituluak 3 puntu eta B2 tituluak 4 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia konpultsatua erantsi behar zaio.

Euskararen proba eskatzen dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean.

Lehiaketaldia bukatutakoan, Altsasuko Udalaren iragarki oholean argitara emanen da lortutako puntuazioa.

8.–Oposizioaldia.

Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu; hartan, gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.

8.1. Lehen ariketa teorikoa izanen da; test motako galdetegi bat erantzun beharko da, II. eranskineko gai zerrendaren gainean. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenek.

8.2. Bigarren ariketa teoriko-praktikoa izanen da; test motako galdetegi bat erantzun beharko da, lanpostuaren eginkizunen gainean. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenek.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bururatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Herriko Etxeko iragarki oholean, izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere.

8.4. Probak egiteko dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren pertsonak.

8.5. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

8.6. Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aitzin.

9.–Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Oposizioaldia bururatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udaleko iragarki oholean, bi faseetan bakoitzak lorturiko kalifikazioak zehaztuta.

9.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duena izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako pertsonak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean, baita beste agiri gehigarri batzuk ere, Udalak eskatzen badizkio.

Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa frogatzeko, epaimahaiak proposatu duen pertsonaren osasun azterketa aginduko du. Aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua formalizatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ukatu gabe ere eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen aprobatuen zerrendan ondotik heldu denak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta karguaz jabetzea.

10.1. Aitzineko oinarriak aipatzen duen hautapen prozedura bururatuta, ebazpen baten bidez, alkateak proposatutako pertsona izendatzeko aginduko du; ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako pertsonak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean. Aipatu epean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 9.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den pertsonarekin beteko da lanpostua.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Altsasun, 2017ko abenduaren 28an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Altsasuko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendiena, alderdiena, ibaiena eta etxolena ere; udaleko araudia; etab.

2.–Altsasuko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta Gobernu Batzordea. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak. Antolaketa eta administrazioa.

4.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Ezagutza orokorra. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina-araubidea.

5.–Aukera berdintasuna (gai zerrenda eskuragarri dago Altsasuko Udalaren webgunean).

6.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

7.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Iturgintzako eskemen konpresioa.

8.–Ordenantza fiskala, ur horniduraren eta hustuketaren tasak arautzen dituena.

9.–Erabilera publikoko lurretan zangak egiteko eta eremu publikoaren zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan egindako zerbitzuak, E mailan, deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunetan, puntu 1 urte oso bakoitzagatik eta gehienez ere 20 puntu.

Zerbitzu egin bada osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.

Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak administrazio kontratatzailearen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira; hartan hauek agertuko dira: lanpostua, maila profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero adierazi beharko da portzentajea edo ordu kopurua) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera datak.

Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, baremo honi jarraikiz:

20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura gabe: 1 puntu.

40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura gabe: 1,5 puntu.

100 ordu eta hortik goiti: 2 puntu.

Iraupena behar bezala egiaztatzen ez bada, ikastaroa 20 ordu baino gutxiagokoa dela ulertuko da.

Iragarkiaren kodea: L1715255