1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
316E/2017 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Irañetako 2. poligonoko 59. lurzatian enduro kirola praktikatzeko pistaren Ingurumen ukipenetarako baimenean ageri den titulartasuna aldatu eta Irañetako udalari ematen diona. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenaren bidez eman zen aipatu baimena.
2017ko azaroaren 11n, Irañetako Udalak eskaera egin zuen Irañetan enduro kirola praktikatzeko pistaren Ingurumen ukipenetarako baimenean ageri den titulartasuna aldatu eta bere izenean jartzeko. Ruben Beraza Vitoria jaunari eman zitzaion titulartasuna Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenaren bidez.
Eskatzaileak Rubén Beraza Vitoriaren baimena aurkeztu du aldaketa gauzatu ahal izateko.
2014an eman zitzaion hasiera aldatu nahi den ingurumen ukipenetarako baimenari. Haren espedientean jasota dago pista Irañetako 2. poligonoko 59. lurzatian dagoela (Irañetako Udalaren herrilurrak), hain justu, A-10 autobidearen obretako lurren zabortegi zaharra zegoen lekuan, dagoeneko lehengoratua dagoena. Bi kilometro inguru luze eta 2-3 m zabal da. Ibilbidea hesitua dago, ez du aparkalekurik eta sarbidea zirkulatzeko moduko legarrezko pista batetik dauka.
Proiektu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) kategorian dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar zuen. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektua “Irañetako Mendia” izeneko onura publikoko mendian dago (Nafarroako onura publikoko mendien katalogoaren 500 kodea), eta “Urbasa-Andia” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean. Espedienteari 2014ko abuztuaren 24ko txostena atxiki zaio. Txosten horretan, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Habitaten Atala eta Oihanak Kudeatzeko Atala proposamenaren alde agertzen dira, baina ingurumenean integratzeko neurri batzuk proposatzen dituzte. Herrilurren Atalak 2015eko martxoaren 6an egin zuen horren gaineko txostena.
Espedientean dago Oihanak Kudeatzeko Atalak 2016ko abuztuaren 22an egindako txostena, non adierazten baita titulartasuna aldatzeak ez dakarrela aldaketa nabarmenik 2014ko proposamenari dagokionez espero zitezkeen eraginen gainean, betiere 2015ean bukatutako espedienteko erabilera baldintza berberak mantentzen badira. Halaber, adierazten da ezen titulartasuna Irañetako Udalari ematen bazaio, bat etorriko direla pistaren titularra eta onura publikoko mendiarena.
Espedientean daude Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenaren espedienteko gainerako txostenak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 28ko 30/1992 Legearen 105. artikuluak (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen) ezartzen du Administrazioak noiznahi alda ditzakeela bere egintzak, aldaketa ordenamendu juridikoaren kontrakoa ez bada.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Irañetako 2. poligonoko 59. lurzatian enduro kirola praktikatzeko pistaren Ingurumen ukipenetarako baimenean ageri den titulartasuna aldatu eta Irañetako udalari ematea. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 165E/2015 Ebazpenaren bidez eman zen aipatu baimena.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Pistaren erabilerari dagokionez, baimen horren espedientean aurreikusitako berbera izanen da; hau da, aldizkakoa, lehiaketako pilotuen entrenamenduetarako, eta noizbehinkakoa, gehienez ere hiru edo lau pilotuk batera erabiltzeko.
–Baimenik ez duten pertsonen sarbidea galarazteko sistema bat ezarriko da.
–Pistaren erabilera-araubidea aldatzeko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena beharko da.
–Pistaren diseinuari dagokionez, aintzat hartuko dira aldatzen den baimenean sartutako neurri hauek:
- Trazaduraren diseinuaren plantak ez du nabarmenki aldatuko 2014. urtearen aurretik zegoena.
- Birprofilaketaren sakonera, barreneko kabailoien diseinua eta saneamendu lanak egitean, ahaleginak eginen dira maila handieneko eremuetan (>10%) higadura ez handitzeko, izan ere, eremu horiek dira landare-lur gutxien daukatenak eta higadura arriskua handienekoak; materialak pistaren kanpoalderantz errestan eramatea ere saihestuko da.
- Gehienez bi metro zabal izanen da pista, eta metro batetik beherako zabalerako zerrenda batean sastrakak kentzea onartzen da, pista erabiltzeko behar-beharrezkoa dena baino ez.
- Ez da beharrezkotzat jotzen ura bideratzeko obrarik egitea putzuak sor daitezkeen tokietan, izan ere, toki horietan intereseko landareak hazten dira eta ez dira oztopo eskaeraren xedeko jarduera praktikatzeko. Era berean, ez dago zoladura jartzeko beharrik, errodadura-geruza bat jarriz horretarako.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Irañetako Udalari, Basozaintzari (4. Barrutia, Ultzama-Arakil aldea) eta interesdunari.
Iruñean, 2017ko azaroaren 28an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1714000