15. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315E/2017 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Barasoaingo udal-mugartean dagoen zerriak gizentzeko ustiategi bateko mindak eramateko hodiaren proiektua legeztatzeko. Sustatzailea GAM Ganadera SL da.

2017ko abuztuaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketaren xedea da hodi bat ezartzea mindak eraman ahal izateko Barasoaingo udal-mugarteko 3. poligonoko 179. lurzatian zerriak gizentzeko dagoen ustiategi batetik Los Alecos izeneko abeltegian den minden idoiraino (poligono bereko 43. lurzatian).

Hona egin beharreko lanak: ponpatze sistema instalatuko da mindak eramateko, eta polietilenozko hodi bat, Ø110-125 mm-koa, metro bateko sakoneran lurperatua.

Ibilbidearen luzera, gutxi gorabehera, 800 mm-koa izanen da, eta Barasoaingo 3. poligonoko 179., 178., 23., 163., 30. eta 43. lurzatietatik igaroko da.

Proiektuarekin batera, Ingurumen ukipenen azterlana dago. Hodiak zeharkatuko dituen lurzatiak lehorreko nekazaritzarako erabiltzen dira, eta gaur egun, zereala landatzen da. Ibilbideak San Pedro bidea gurutzatzen du, eta izenik gabeko sakan txiki bat.

Ingurumena babesteko neurri gisa, proposatzen da kanalizazioan ura sartzea ponpaketa bat bukatzen den guztietan, hoditik minden arrastoak garbitzeko. Horrela, hausten bada, ura besterik ez da isuriko.

2017ko urriaren 23an, atal honetako langileek bisitaldia egin zuten proiektuaren jarduketa eremuan eta egiaztatu ahal izan zuten lanak dagoeneko gauzatu direla, eta kalteak eragin dizkiotela sakanean dagoen landarediari. Zehazki, ibilguan zegoen landaredi guztia kendu da, laharra eta Scirpus holoschoenus motako ihiak gehien bat, 15 mm-ko luzeran, gutxi gorabehera.

Horrenbestez, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektua legeztatzearen aldeko txostena eman du, ingurumena leheneratzeko baldintzak betetzeko baldintzapean.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2017ko azaroaren 7an aldeko txostena eman du zenbait baldintzarekin.

Espedientean udalaren hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena dago, 2017ko irailaren 7koa, proiektua bateragarritzat jotzen duena hodiak zeharkatzen dituen lurzoruen erabilerarekin eta xedearekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Barasoaingo udal-mugartean dagoen zerriak gizentzeko ustiategi bateko mindak eramateko hodiaren proiektua legeztatzeko. Sustatzailea GAM Ganadera SL da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Bermatuko da kendutako landaredia eboluzio naturalaren bidez lehengoratuko dela. Horretarako, ukitutako eremua obretako hesiarekin balizatuko da, sarbidea aldi baterako mugatzeko. Sei hilabete eta urtebete igarota, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atal honi argazkien erreportajea igorriko zaio, lortutako lehengoratze maila erakusten duena. Lortutako emaitzen arabera, neurri zuzentzaile gehiago ezartzea agintzen ahalko da.

–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenaren ondorioetarako:

  • Baimen honek babesa ematen dio lur azpiko hodi bat instalatzeari, mindak eraman ahal izateko udal-mugarteko 3. poligonoko 179. lurzatian zerriak gizentzeko dagoen ustiategi batetik Los Alecos izeneko abeltegian den minden idoiraino (poligono bereko 43. Lurzatian), eta baimenak berak ezartzen dituen determinazioei, aurkeztutako dokumentazio teknikoa oinarri harturik.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Zehazki, kontuan hartuko dira Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jarduketari buruz igortzen duen txosteneko kontsiderazioak.
  • Herri-lurren Atalaren 2017ko irailaren 9ko txostenarekin bat, Barasoaingo herri-lurrak ukituko direnez “Kastobaro” alderdian, 3. poligonoko 164. lurzatian, Barasoaingo Udalak ukitutako lurrak okupatzeko Herri-lurren Atalaren baimena lortu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren jarduerak hodi honetara lotzea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (bide publikoak, ibilgu publikoak edo beste), enpresa sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Uztailaren 6ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Barasoaingo Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2017ko azaroaren 28an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1714021