126. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Bide, ubide eta portuetako ingeniari lanpostuan edo baliokidean (A maila/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko, bata formakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko

Alkatetzaren ekainaren 1eko 790/2018 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren, Bide, ubide eta portuetako ingeniari lanpostuan edo baliokidean (A maila/taldearen parekoa) aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat eratzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak:

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak/formakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: goi mailako ingeniaria (A maila/taldearen parekoa).

3.–Kokapena egitura organikoan: Lurraldearen Antolamenduaren Alorra (Hirigintza, Bulego Teknikoa eta Osasuna).

4.–Bete beharreko eginkizunak:

Lanpostuaren titular izendatutako pertsonak bete beharreko eginkizunek barnean hartuko dituzte bere eskumenei dagozkien azterlan, txosten eta aholkularitza teknikoaren ardura, herri-lanen arloan, eta, zehazki, laburki aipatzen ditugun hauek:

–Bere lanbide-gaitasunari lotutako proiektuak prestatzea, oro har, urbanizazio-obrak eta antzekoak, hornidura, saneamendua eta argiteria barne.

–Esleitu zaion herri-laneko kontratazioa zuzentzea (urbanizazioa, saneamendua, ura, lur-mugimenduak, bideak, etab.), eta, hala dagokionean, agintzen zaizkion baldintza-agiri eta proiektu teknikoak/aurrekontuak idaztea, bai eta aurkeztutako proposamenen balorazio teknikoa egitea ere.

–Esleitutako herri-lanak zuzentzea eta dagozkion obren neurketak eta ziurtapenak egiaztatu eta gauzatzea, bermatze aldera obrak burutuko direla ezarritako irizpideekin bat (epea, kalitatea, kostua, segurtasuna, etab.).

–Hirugarrenei kontratatutako herri-lanak gainbegiratu eta koordinatzea, eta dagozkion obren neurketak eta ziurtapenak egiaztatu eta gauzatzea, bermatze aldera obrak burutuko direla ezarritako irizpideekin bat (epea, kalitatea, kostua, segurtasuna, etab.).

–Segurtasun-azterlanak eta/edo segurtasun eta osasun arloko oinarrizko azterlanak egitea, prestatzen diren proiektuetarako.

–Zuinketa aktak jaulkitzea, agindu eta intzidentzia liburuak sortu eta eguneratuta edukitzea, likidazioak egitea, jasotze aktak prestatzea (behin-behinekoak eta behin betikoak), etab.

II.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan goi mailako ingeniari lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko zerrenda eratzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez goi mailako ingeniari lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Bide, ubide eta portuetako ingeniariaren titulua edo baliokidea izatea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua eskuratzeko moduan egotea (horretarako eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

2.2.–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3.–Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izanen dira. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko goi mailako ingeniari gisa formakuntzan aritzeko izangaien zerrenda eratzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da goi mailako ingeniari lanpostuan formakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio bitartez osatzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Bide, ubide eta portuetako ingeniariaren titulua edo baliokidea izatea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua eskuratzeko moduan egotea (horretarako eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

2.2.–Oinarri honen 2.1.C) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu.

2.3.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako kontratuak iraun bitartean ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. atalean zehazten baitira.

4.–Formakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabakian ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

IV.–Bi deialdietarako arauak.

1.–Eskabideak.

1.1.–Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo El Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2.–Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen III. eranskineko ereduari jarraituz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien kasuan, eta IV. eranskineko ereduari jarraituz, berriz, formakuntzarako zerbitzu berezietan ari diren izangaien kasuan. Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Escós Catalán kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean. Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3.–Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

1.4.–Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, ere aurkeztu beharko dute.

Izangaiei oroitarazten zaie ezen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

1.5.–Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6.–Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1.–Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Herriko Etxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2.–Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1.–Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Daniel López Córdoba, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko mahaiburua: Olga Risueño Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Juan Pablo Galán García, Tuterako Udaleko arkitektoa.

Ordezko mahaikidea: Amaya Pardo Huguet, Tuterako Udaleko Lurraldearen Antolamenduaren Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Carlos Carrascal González, Iruñerriko Mankomunitateko goi mailako ingeniaria.

Ordezko mahaikidea: Álvaro Martínez Reguera, Iruñerriko Mankomunitateko goi mailako ingeniaria.

Mahaikidea: Rosa Domínguez Berges, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: M.ª Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezko idazkaria: Rosa Ferrer García, (Tuterako Udaleko Zuzenbideko lizentziaduna).

3.2.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3.–Epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, behar den denboraz. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

3.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1.–Alkatetzaren ebazpen honen bitartez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozedura oposizioa izanen da, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenengo ariketa: teorikoa eta praktikoa. Deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30 galderari idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz proposatutako kasu bat edo batzuk ebaztea. Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 3 ordu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak deialdiko lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

4.2.–Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

4.3.–Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4.–Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, egin ondoren jendaurrean irakur dadila.

4.5.–Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira eta lehenbizi test motako zatia zuzenduko da eta, bigarrenik, test motako ariketa gainditu dutenei dagokien kasu praktikoen zatia. Ez da pliketako kasu praktikoen zatia zuzenduko ez bada test motako zatia gainditu.

4.6.–Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Herriko Etxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

4.7.–Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8.–Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9.–Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1.–Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Herriko Etxeko iragarki-taulan eta udal webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Formakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2.–Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3.–Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta formakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2018ko maiatzaren 30ean.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia (orokorra).

1.–Tuterako Udalaren Erregelamendu Organikoa.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua. Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: egintzen berrikuspena administrazio bidean. Ofiziozko berrikuspena. Administrazio errekurtsoak.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio publikoen organoak.

5.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: zehatzeko ahalmenaren printzipioak. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.

6.–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea.

7.–Tuterako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarriak.

II. zatia (berariazkoa).

8.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

9.–Agindu teknikoen agirien egitura eta edukia, obra lineal bat eraikitzeko proiektua prestatzeko.

10.–Obren plangintza: obretako zuzendaritzaren prozedurak eta antolaketa, kalitatearen, diruaren, epeen, segurtasun eta osasunaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenetako zehaztapenak kontrolatzeko.

11.–Sare motak eta sareak kalkulatzeko irizpideak. Erabiltzaileentzako ur harguneak, neurrien ezarpena eta diseinua. Suteetarako harguneak.

12.–Sareen elementuak, bentosak, hustubideak, presioa erregulatzeko balbulak, erregistroa. Diseinurako irizpideak. Sareetako materialak, tipologia. Erabiltzeko irizpideak. Zenbait materialen korrosioa. Babesak.

13.–Ur hodiak. Kalkulua. Diseinurako irizpideak. Materialen tipologia. Lurzoruak. Aire irteerak eta sarrerak. Kalkulatzeko irizpideak. Hustubideak.

14.–Informazio geografikorako sistemak Definizioa. GIS baten osagaiak. Eredu kartografikoa. Motak. Aplikazioak. Lurraldeari buruzko informazio sistemak. GIS batekiko ezberdintasunak. Ezarpena. SITNA, ezaugarriak eta eginkizunak.

15.–Herri-lanen sektoreko segurtasuna eta osasuna. Indarra duen araudia. Eraikuntza lanetako segurtasunaren eta osasunaren azterlanak. Helburua, edukia. Laneko segurtasun eta osasun plangintza.

16.–1027/2007 Errege Dekretua, Eraikinetako instalazio termikoen gaineko erregelamendua onesten duena.

17.–314/2006 Errege Dekretua, martxoaren 17koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa onesten duena.

18.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa: DB SI: segurtasuna, sutea gertatzean.

19.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa: DB SUA: erabileraren segurtasuna eta irisgarritasuna.

20.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa: DB HR: babesa zarataren kontra.

21.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa: DB HS: osasungarritasuna.

22.–Elektrizitatearen sektorea. Sorkuntza eta banaketa. Industria segurtasuneko politika. Goi-tentsioa eta behe-tentsioa. Araudi aplikagarria. Behe-tentsioko instalazioen aldian aldiko berrikuspenak.

23.–Argindarraren kostua. Goi- eta behe-tentsioko tarifak. Energiaren kudeaketa eta aurrezpena.

24.–Magnitude eta unitate fotometrikoak. Argi fluxua. Argiztapen eraginkortasuna. Iluminantzia. Luminantzia. Lanparak eta lanpara motak. Ekipamendu lagungarriak eta energia efizientziakoak. Argiteria publikoko luminarien ezaugarri fotometrikoak eta sailkapena.

25.–Argiteria publikoko instalazioak: zimendatzeak, kutxetak, eta kanalizazioak. Diseinurako irizpideak. Kalkulu elektrikoak eta luminoteknikoak. Obretako proiektuak, materialak eta unitateak. Instalazioak gauzatzea eta onartzea. Argiteria publikoko instalazioak ustiatzeko irizpideak. Mantentze eta zaintze lanak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua: aldi baterako kontratatzeko izangaientzat (PDFa).

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua: formakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran jarduteko izangaientzat (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1807613