126. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

399/2018 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita diru-laguntzen deialdi bat funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan egiten diren ikerketa proiektuetarako.

Unibertsitateen Zerbitzuaren zuzendariak txosten bat aurkeztu du non proposatzen baita diru-laguntzen programa baten deialdia onets dadila, ikerketa proiektuak egin daitezen funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan. Txostenean adierazten denez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloko ikerketetako aurkikuntzak baliatu nahi ditu, hain zuzen ere bere eskumeneko eremuetan informazio zorrotzenarekin erabakiak hartzeko moduko aurkikuntzak. Horretarako, hitzarmen bat egin zen Nafarroako unibertsitateekin, ahalbidetzen duena haien ikertzaileak lanean aritu ahal izatea, bermatuta funts publikoekin finantzatutako ikasteetxetarako sarbidea izanen dutela. Orobat, haren bidez ikertzaileek konpromisoa hartzen dute ikastetxeetan bertan ezagutza transmititzeko jardunaldiak emateko, eta Administrazioa inplikatzen du aurkikuntza zientifikoak eremu akademikotik kanpo heda daitezela bultzatzeko. Deialdi hau onetsita, ikerketa horiek egiteko bultzada eman nahi da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta, orobat, kontuan harturik Unibertsitateen Zerbitzuak egin duen txostena,

EBATZI DUT:

1. Diru-laguntzen deialdi bat onestea funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan egiten diren ikerketa proiektuetarako. Ebazpen honen eranskinean jaso dira deialdiaren oinarriak.

2. Gehienez 30.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko aurrekontu orokorren 411001 41210 4800 322302 partidaren kargura (“Prestakuntzako eta Ikerketa eta Garapeneko (I+G) Planerako laguntzak”) eta 2019ko aurrekontu orokorretan horretarako gaitzen diren pareko partidaren kargura, banaketa honekin:

2018KO AURREKONTUA

2019KO AURREKONTUA

GUZTIRA

15.000 euro

15.000 euro

30.000 euro

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateen Atalari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeei, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalaren Iruñeko eta Tuterako Zentro Elkartuetako zuzendariei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Araubide Administratiboaren Atalari eta Argibide eta Agiri Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko ekainaren 12an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA, FUNTS PUBLIKOEKIN FINANTZATUTAKO IKASTETXEETAN EGITEN DIREN IKERKETA PROIEKTUETARAKO. 2018. URTEA

OINARRIAK

1. artikulua. Justifikazioa.

Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitate-ikastetxeek oso ongi dakite zein inportantea den hezkuntza arloko ikerketako aurkikuntzak hurbiltzea bai ikastetxeetara bai Administraziora berera.

Halaber, bi entitateak ados daude: oso garrantzitsua da ikastetxeetan ikerketa jarduera bultzatzea, eta beharrezkoa da haren inpaktua optimizatzea, ezagutza ingurune akademikotik haratago transmitituz.

Azkenik, ikerketetako aurkikuntzez ere baliatu behar du Administrazioak, hain zuzen ere bere eskumeneko eremuetan zientifikotasun zorrotzenarekin erabakiak hartzeko moduko aurkikuntzez.

2. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea da funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan eginen diren ikerketa proiektuak finantzatzea, hots, parte hartzen duten ikastetxeei zientzia-ikerketa arloko ezagutza transmititzea bultzatzeko proiektuak finantzatzea.

“Funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan ikerketa jarduera egiteko hitzarmenean” jaso bezala gauzatuko da deialdi honen diru-laguntzen xede den ikerketa jarduera, salbu atal ekonomikoa, izan ere atal ekonomikoa deialdi honi bakarrik dagokio. Aipatutako hitzarmena honako hauek sinatu zuten: Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen Zentro Elkartuak.

3. artikulua. Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitate zentroei atxikitako ikerlariek parte hartzen ahal dute deialdi honetan, hots, honako hauei atxikitakoek: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroak.

Orobat, beste unibertsitate batzuei atxikitako ikertzaileak ere aurkez daitezke, baldin ikerketa jarduera egiten bada Nafarroan funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan.

Deialdi honetan, ikertzaile batek proiektu bakarrean har dezake parte.

4. artikulua. Deialdiaren aurrekontuko zuzkidura eta gehieneko laguntza proiektu bakoitzeko.

Proiektuak finantzatzeko deialdiaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa da.

Proiektu bakoitzerako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izanen da, hartan ari diren ikertzaile kopurua edozein izanik ere.

Eskaeraren unean antzeko deialdietan banakako laguntzak jaso dituzten proiektuek ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu.

5. artikulua. Exekuzio-epea.

Parte hartzen duten proiektuek fase hauek izanen dituzte:

1. 1. fasea: proiektuaren diseinua eta landa-lana osorik.

2. 2. fasea: emaitzen analisia, garapena, idazketa eta produkzio zientifikoaren aurkezpena.

Lehenbiziko faseko ikerketa jarduera 2018ko azaroaren 15a baino lehen egin beharko da.

Bigarren faseko ikerketa jarduera 2019ko irailaren 15a baino lehen egin beharko da.

6. artikulua. Proiektuen betebeharrak.

Laguntzaren xedeko ikerketa proiektuek honako hauek izanen dituzte:

–Ikerketa jarduera izanen den ikastetxeei ezagutza transmititzeko 3 saio gutxienez:

  • Saio bat ikerketa hasi aurretik.
  • Saio bat 1. fasea bukatutakoan.
  • Saio bat 2. fasea bukatutakoan.

–Ikerketa artikulu bat aurkeztea gutxienez, hedabide zientifiko espezializatuetan argitaratzeko, 2019ko irailaren 15a baino lehen.

7. artikulua. Eskaerak.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak 1. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira, eta honako hauek erantsiko zaizkie:

1. Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa, 3.000-3.500 hitzekoa, calibri 11 letra-tipoa eta 1,5 lerroartea erabiliz. Atal hauek izanen ditu:

a) Proiektuaren planteamendua eta Hezkuntza Departamentuaren intereseko arloak zer neurritan txertatu diren. Bederatzigarren artikuluan jaso dira arlo horiek. Planteamendu horrek izan beharko ditu landa-lanaren kronogramak, ikerketako galderak eta planteatutako hipotesiak.

b) Ikertzailearen edo ikerketa taldearen ikerketa ibilbidea.

c) Publiko ez espezializatuarentzako zabalkunde plan aurreikusia, barnean direla ezagutza transmititzeko jardunaldiak.

d) Argitaratzeko aurreikusten den produkzio zientifikoa.

e) Funts publikoekin finantzatuta eta inplikatuta dauden ikastetxeen kopurua.

2. Gastuen aurrekontua xehatua, 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

Deialdi honetan aurkeztu beharreko laguntza eskaera eta agiriak, eranskineko ereduetan adierazitakoak, Hezkuntza Departamentuaren webgunean egonen dira eskura, helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actividad-investigadora

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko erregistroko edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

8. artikulua. Gastu diruz lagungarriak eta proiektuen finantzaketa.

Oro har, finantzatu beharreko ikerketa proiektuak ekarritako zuzeneko gastuak izanen dira diruz lagungarriak. Horretarako, gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira garatu beharreko jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, fase bakoitzerako ezarritako epe barnean.

Egindako jarduerak ekarritako zuzeneko gastu diruz lagungarriak izateko, beharrezkoa da gastu horiek berariaz aurreikustea eta kuantifikatzea eskaeraren unean. Honako hauek izan daitezke:

a) Berariazko softwarea erostea.

b) Ikerketa ekipamendu eta material berariazkoak.

c) Material bibliografikoa.

d) Ikerketaren zabalkundeak ekarritako gastuak. Gastu horiek izan daitezke, besteak beste, material fisikoa eta digitala sortzea eta editatzea, eta mintegiak, lantegiak eta antzeko jarduerak antolatzea.

e) Proiektua biltzar nazional eta nazioartekoetan aurkeztearen gastuak, 4. eranskinean ezarritako zenbatekoekin bat.

Oro har, ulertuko da “e)” atala eta “d)” atalaren zatirik handiena deialdi honen 2. fasean garatuko direla.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ekipo informatikoak edo antzekoak, urtebetetik gorako bizitza baliagarria dutenak.

9. artikulua. Hautaketa irizpideak eta prozedura.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateen Zerbitzua.

Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, bereizkeria eza eta publizitate printzipioekin bat.

Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute, baita unibertsitateetako ikertzaileena ere.

Eskabideen ebaluazioan 100 puntu izanen dira gehienez eta ondoko irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Gehienez 40 puntu proiektuaren planteamenduan izandako zorroztasunarengatik eta Hezkuntza Departamentuaren intereseko arloetan txertatuta dagoen mailaren arabera. Baloratuko da ikerketa ikuspegia ondorio praktikoetara bideraturik egotea.

b) Gehienez 30 puntu ikertzailearen edo ikerketa taldearen ikerketa ibilbidearengatik.

c) Gehienez 20 puntu publiko ez espezializatuaren artean zabaltzeko aurreikusi den planarengatik.

d) Gehienez 10 puntu funts publikoekin finantzatuta eta inplikatuta dauden ikastetxe kopuruarengatik.

a) Hezkuntza Departamentuaren intereseko arloak.

–Bigarren hizkuntzen eta atzerriko hizkuntzen ikaskuntza.

–Edukien eta hizkuntzaren ikaskuntza integratua.

–Teknologia ikasgelan. Erabilera eta errendimendu akademikoa.

–Metodologia aktiboak eta errendimendu akademikoa.

–Eskola jazarpenaren prebentzioa eta hartan esku hartzea.

–Arkitektura eta teknologia berriak. Arkitektura eta efizientzia energetikoa.

–Osasuna.

–Ikaskuntzaren problema berariazkoak konpontzea.

–Lanbide Heziketaren arlo zehatzetako ikerketa.

–Neska ikasleak eta STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika).

b) Ikertzailearen edo ikerketa taldearen ikerketa ibilbidea. Honako hauek baloratuko dira:

–5 puntu doktore titulua izateagatik eskaera egiteko unean. Gehienez 15 puntu baldin proiektu berean zenbait doktore badaude.

–Gehienez 15 puntu hedabide espezializatuetan argitaratutako produkzio zientifikoarengatik eta lehia bidezko deialdi publikoetan lortutako proiektuetan parte hartzeagatik, 2015eko urtarrilaren 1etik eskaera egiteko unera arte.

c) Publiko ez espezializatuarentzako zabalkunde plan aurreikusia.

Baloratuko dira 6. artikuluan exijitutakoez gain planifikatutako ezagupenaren transmisioarako saioen kopurua eta iraupena, baita era askotako zabalkunde ekimen zehatzen aurreikuspena ere, esaterako:

–Hezkuntza materialak (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa) sortzea unibertsitatez kanpoko komunitaterako, bai eta Hezkuntza Departamentuak zabalkundea egin dezan ere.

–Hitzaldiak, mintegiak edo ikastaroak.

–Sentsibilizazio kanpainak.

–Erakusketak.

–Bestelako prestakuntza ekintza batzuk unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat.

d) Funts publikoekin finantzatuta eta inplikatuta dauden ikastetxe kopurua.

Zenbat eta ikastetxe gehiago inplikatu, hobeki baloratuko da.

Puntuetan berdintasunik izanez gero, Nafarroan egoitza duten unibertsitateei atxikitako ikertzaileek aurkeztutako proiektuak lehenetsiko dira. Berdindurik jarraitzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortu duena lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da, eta horrela, behin eta berriz.

Gutxienez 60 puntu lortu behar dira diru-laguntza jasotzeko aukera izateko.

10. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Laguntzak emateko, 9. artikuluan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira aurkeztutako ikerketa proiektuak.

Aurkeztutako aurrekontuko zenbatekoarekin bat etorriko dira laguntzen zenbatekoak, eta, betiere, 4. artikuluan jarritako mugak errespetatuko dira.

Deialdian aurreikusitako diru kopurua agortu arte emanen dira laguntzak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak, hilabeteko epean, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntzako atarian argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

11. artikulua. Proiektuetako aldaketak.

Proiektua gauzatzean egutegia edo aurreikusitako jarduera bat aldatu behar bada, proiektuaren arduradunak justifikazio arrazoitua aurkeztuko du.

12. artikulua. Egiaztapena.

Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntzako ziurtagiriak emanen dizkie ezagupena transmititzeko jardunaldietako hizlari eta bertaratutako guztiei.

13. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzaren ordainketa baimentzeko, onuradunek Hezkuntza Departamentuko erregistroan proiektuen justifikazio-txostena aurkeztu ondoren 5. artikuluan adierazitako epeen barnean: 2018ko azaroaren 15a 1. faserako eta 2019ko irailaren 15a 2. faserako. Nolanahi ere, aurkezteko azken egunak aurrekontua ixteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak emanen duen arauan xedatutakoa bete beharko du.

Fase bakoitzeko azken txostenak bi atal izanen ditu: memoria ekonomikoa eta ikerketa jarduera.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

Proiektuetako gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, 3A eta 3B eranskinetako ereduei jarraikiz.

Gastua justifikatzeko, fakturen fotokopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira. Faktura elektronikoaren kasuan, haren bisualizazioaren kopia inprimatua emanen da.

Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie bakarrik, 8. artikuluan xedatutakoarekin bat. Lehenbiziko faserako gastuen frogagiriak (fakturak) 2018ko azaroaren 15a baino lehenagokoak izanen dira. Bigarren faserako gastuen frogagiriak (fakturak) 2019ko irailaren 15a baino lehenagokoak izanen dira. Gastu diruz lagungarritzat joko dira bakarrik 5. artikuluan ezarritako epea bukatu baino lehen egiazki ordainduak. Justifikazioa aurkeztean ordaintzeko epea indarrean duten gastuen kasuan, ordaintzeko epe gehigarri bat izanen da, 2018ko abenduaren 15a artekoa 1. faserako, eta 2019ko urriaren 15a artekoa 2. faserako, ordainketen frogagiriak aurkezteko.

B.–Ikerketa jardueraren justifikazioa.

Fase bakoitza bukatutakoan, ikerketa jardueraren justifikazioa erantsi beharko zaio egindako gastuaren justifikazio ekonomikoari. Hartan, zehatz agertuko dira deialdi honen fase bakoitzaren kargura finantzatutako ikerketa jarduerak.

Ahal dela, euskarri digitalean aurkeztuko dira agiri hauek Unibertsitateen Zerbitzuan:

a) Egindako landa-lanaren laburpena eta egutegia.

b) Publiko ez espezializatuarentzat egindako zabalkunde plana: sortutako material didaktikoa (euskarri fisikoan edo digitalean), zabaldutako materialaren dokumentazioa (diapositibak, idazkiak eta abar), jendaurreko hitzaldi edo jardunaldien grabazioak, eta erabilitako gainerako materiala. Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

c) Ikastetxeetan ezagupena transmititzeko egindako jardunaldien justifikanteak, barnean direla iraupena, bertaratu kopurua eta bertaratuak zer ikastetxetakoak diren.

d) (2. faserako bakarrik): emaitzen analisia, garapena, idazketa eta ikerketa proiektuaren ondoriozko produkzio zientifikoaren aurkezpena.

14. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, onuradunek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Hautatutako proiektua aurkeztu zen proposamenean aurreikusi bezala gauzatzea.

b) Proiektuaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin daitezkeen bitartean.

c) Proiektuaren 1. fasea bukatzea 2018ko azaroaren 15a baino lehen, eta 2. fasea 2019ko irailaren 15a baino lehen.

d) Proiektuaren azken txosten bat aurkeztea, jasoko dituen memoria ekonomiko bat eta ikerketa jardueraren justifikazio bat, 1. faserako 2018ko azaroaren 15a baino lehen, eta 2. faserako 2019ko irailaren 15a baino lehen. Memoria horiek erabiliko dira laguntzen ordainketa justifikatzeko.

e) Proiektu honen ondoriozko jarduera, produkzio zientifiko, aurkezpen eta biltzar guztietan Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua. Ez-betetzeak.

1. Onuradunak deialdi honetan azaltzen diren beharkizun eta baldintzetakoren bat betetzen ez badu, galdu eginen du eman zaion laguntza. Aldez aurretik horretarako ebazpena emanen da.

Horrek ekarriko du onuradun gisa kontzeptu horrengatik jasotakoa Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, alde batera utzi gabe legezko akzioak eta bidezkoak izan daitezkeen zehapenak. Itzuli beharreko diru kopuruari legezko interesak gehituko zaizkio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoak alegia, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

2. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide proportzionalak honako hauek izanen dira:

a) Laguntzaren xede zientifiko eta teknikoen erabateko eta ageriko ez-betetzea, bai eta 2019ko irailaren 15a baino lehen artikulu bat ez aurkeztea hedabide zientifiko espezializatuetan aurkez dadin, zeina baldintza gisa ezartzen baita 6. artikuluan, jasotako diru-laguntza osorik itzultzeko eta ordaindu gabe dauden diru kopuruetarako eskubidea galtzeko arrazoia izanen da.

b) Helburu partzialak edo jardueretako batzuk ez betetzeak haietarako den diru-laguntza zatia itzuli beharra ekarriko du, eta ordaintzeko dauden diru kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea.

c) Deialdian ezarritakoaren arabera fase bakoitzerako aurkeztu behar diren azken txostenak ez aurkezteak jasotako eta justifikatu gabeko diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du.

3. Kasu bakoitzeko inguruabar guztiak ikusirik, baldin jakiten bada diru-laguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutu direla edota diru-laguntza jasotzea eragotziko zuten inguruabarrak ezkutatu direla, diru-laguntza emateko ebazpena baliogabetuko da eta itzulketa erabakiko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz.

16. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

4. artikuluarekin bat, eskaeraren unean antzeko deialdietan banakako laguntzak jaso dituzten proiektuek ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu.

Horretarako, eskatzaile bakoitzak, bai eskaera egitean bai azken justifikazio ekonomikoa aurkeztean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko deialdi honetan aurkeztutako proiektuek ez dutela jaso banakako laguntzarik.

17. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen-prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

18. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

1. ERANSKINA

Eskabide-orria.

2. ERANSKINA

Aurrekontua.

3A ERANSKINA

1. fasearen justifikazio ekonomikoa.

3B ERANSKINA

2. fasearen justifikazio ekonomikoa.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

4. ERANSKINA

Finantzatzeko arauak. Funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan egiten diren ikerketa proiektuetarako diru-laguntza. 2018-2019 deialdia

Honako baldintza zehatzen arabera finantzatuko dira proiektu honen kontzeptu diruz lagungarriak:

Biltzarretan aurkezpenak egiteko gastuak.

a) Kontzeptua.

Gastu hauek: biltzarretako aurkezpenetan parte hartzen duten ikertzaileen joan-etorriak, ostatatzea eta mantenua.

b) Finantzaketa arauak.

b.1. Joan-etorrien gastuak.

Hegazkin bidaiak, oro har, turista klasean eginen dira, eta ahalik eta merkeen (ahal dela, aldez aurreko erreserba eginez).

Bai abiatzeko aireportura iristeko bai helmugako aireportutik behar den tokira iristeko, garraiorik merkeena erabiliko da.

Tren edo autobus bidezko bidaietan ibilbide motzena eta merkeena erabiliko da.

Auto pribatua edo alokairukoa erabiliz gero, 0,30 euro pagatuko da kilometroko. Ezin erabili da autoa 2.000 kilometrotik gorako bidaietarako.

b.2. Ostatatze eta mantenuko gastuak.

Eguneko honako zenbateko hauek ezarri dira ostatatzeko eta mantenurako:

–Dietak Estatuan:

  • Ostatatzeko: 65,97 euro.
  • Mantenurako: 37,40 euro.
  • Dieta osoa: 103,37 euro.

–Atzerrirako dietak:

  • Ostatatzeko: 156,86 euro.
  • Mantenurako: 82,94 euro.
  • Dieta osoa: 239,80 euro.

Iragarkiaren kodea: F1807892