126. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

356E/2018 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2018an bidaiariak hartzeko eta produktu turistikoak sortzeko jarduketetarako diru-laguntzen deialdia.

Nafarroako Turismoko Plan Estrategikoak (2018-2025), zeina onetsi baitzen Gobernuak 2018ko martxoaren 4an hartutako Erabakiaz, 5 helburu orokor zehazten ditu, besteak beste hauek: Nafarroak hurbiltasunezko merkatuetan duen posizioa finkatzea, Europako merkatuan eta merkatu zentralean kokatzea eta lehiakortasun turistikoa hobetzea, segmentuen eta produktuen desberdintzapenetik abiatuz Nafarroa-Iruña destinoaren esparruan, eta oinarri hartuz lurralde ondare natural eta kulturaleko elementuak eta pertsonak, betiere jasangarritasun exijentzia altua duen testuinguru batean.

Helburu orokorrak eta berariazkoak betetze aldera, plan horrek 5 lan programa eta 48 neurri ezartzen ditu.

Programa eta neurri hauek garatuz, zenbait ahulguneri erantzunen zaie, baina baita planaren diagnostikoak zehaztutako aukera eta erronkei ere.

Aipatu jarduerari dagokionez, planak agerian uzten du gaitasunetan ahulgune bat dagoela bidaiariak hartzeko zerbitzuetan, batez ere landa ingurunean; baina agerian uzten du, halaber, badirela erabiliz gero aprobetxa daitezkeen baliabideak, batez ere kultura segmentuan, landa-natura segmentuan eta interpretazio emozionalaren modalitatean. Horrenbestez, erronkatzat hartzen du Nafarroako lurralde kapitalaren potentzialtasun turistikoak areagotzea, eta premiatzat, berriz, bidaiari-hartzaileen garrantzia bultzatzea, bermatu ahal izateko operadore eta preskriptore nazional eta nazioartekoei haiek eskatzen dituzten kalitate eta prestazio mailak betetzen direla.

Nafarroako Turismo Plan Estrategikoak (2018-2025) lehentasunezko segmentuak, oinarrizko segmentuak eta berariazko segmentuak bereizten ditu, eta segmentutzat hartzen du bidaiaren ingurunearekin eta bidaian zehar dauden baldintza orokorrekin modu bereizian jokatzen duen merkatuko zati oro. Mahai gainean jartzen du, halaber, segmentu horien garrantzi estrategikoa merkatuen arabera.

Deialdi honen ondorioetarako, kontuan hartuko dira, bereziki, garrantzi handia dutenak hurbiltasunezko merkatuetan eta Europako merkatuetan; hau da, berariazko segmentuak landa-naturan, hala nola mendi-ibiliak, zikloturismoa edo zaldi-turismoa, berariazko segmentu kulturala, Done Jakue bidea, eta Nafarroako funtsezko berariazko segmentua (gastronomiko-enologikoa).

Deialdi honek Nafarroako garapen turistikoaren alde egindako lana eta aipatutako Planaren orientazio estrategikora moldatzeko egokitzapena lotu nahi ditu. Planak, 2025. urtera arte iraunen duen arren, urte anitzeko planen bitartez lan egitea proposatzen du.

Entitate onuradun gisa hartzen ditu bidaia agentziak, kontuan hartuz enpresa turistiko horiek ezinbesteko parte direla Nafarroak hartzen dituen bidaiei dagokionez, destinotzat Nafarroa duten sorta turistikoak antolatzen baitituzte.

Deialdian aurreikusitako jarduketa diruz lagungarriek bat egiten dute, lan ildo honetan eta planari pixkanaka egokitze horretan, honako programa honen neurrietan ezarritako planteamenduekin: “Produktu turistikoak sortzea, Nafarroak lurralde moduan duen ahalmenean lagundurik eta helburu diren merkatuetara egokiturik” izeneko II. Programa (2.01, 2.03, 2.4 edo 2.05 neurriak). Bat egiten du, halaber, III. Programarekin, zeinaren helburua baita, besteak beste, “Enpresa-sarea indartzea” eta, bereziki, “Bidaia-hartzailearen/sorta-egilearen eginkizunak sustatzea” izeneko 3.03 neurria garatzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina dirua badago; izan ere, baremo bat aplikatuko da, diru-laguntzak emateko lehentasun ordena zehaztuko duena.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea 2018an bidaiariak hartzeko eta produktu turistikoak sortzeko jarduketetarako diru-laguntzen deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura finantzatuko da: “830001-83130-4709-432103 Bidaiariak hartzeko eta produktua sortzeko jarduketetarako diru-laguntzak (PET)”.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko ekainaren 14an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

2018AN BIDAIARIAK HARTZEKO ETA PRODUKTU TURISTIKOA SORTZEKO JARDUKETETARAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen helburua da bidaia agentziek, Turismoko Plan estrategikoan zehaztutako jarraibideak betez, 2018an bultzatutako jarduketak sustatzea, betiere Nafarroako esperientzia turistikoa hobetzeko badira bidaia proposamenen bidez.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 50.000 eurokoa da.

3. oinarria.–Enpresa onuradunak, baldintzak eta haien izaeraren frogabidea.

1. Enpresa onuradunak.

Turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak, baldin eta bidaia-agentzien titular gisa agertzen badira Nafarroako Turismo Erregistroan, egoitza nagusia Nafarroan izanik, eta baldin eta Nafarroan bidaiariak hartzeko lana egiten badute maiztasunez.

Maiztasun hori betetzen dela joko da Nafarroan bidaiariak hartzeko zerbitzuak eskaintzen direla argi eta garbi jasoa geratzen denean bidaia-agentziaren web-orrian, deialdi honetan diruz lagungarria den epealdi guztian zehar gutxienez.

ETE bat zer den argitu behar izanez gero, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz ezarritakoa hartuko da kontuan.

2. Enpresa eskatzaileen baldintzak.

Bete behar dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, bai eta berariazko baldintza hauek ere:

a) Inskribatuta egotea Nafarroako Turismo Erregistroan deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eguna baino lehen eta inskribatuta jarraitzea jarduera diruz lagungarriak egiteko deialdian ezarritako epealdian zehar gutxienez.

b) Web-orria aktibo eta eguneratua izatea Nafarroan bidaiariak hartzeko zerbitzuei lotutako jardueraren informazioarekin.

c) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea argi eta garbi identifikatuta egotea beren web-orrian eta beste web-orrietan, baldin eta beren borondatez edo ekimen propioz beste web-orri batzuetan sartu badira.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, eskaerak aurkezteko epea bukaturik eta Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin batera, ofizioz egiaztatuko du ezen bidaia-agentzien titular direla, eta, gainera, Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik daudela. Aipatu atalak aldeko txostena egiten ez badu bi baldintza horiek betetzeari buruz, ezetsi eginen da diru-laguntzaren eskaera.

Horrez gain, dokumentazioan gabeziak konpontzeko dituzten bidaia-agentzien eskaerei ezetz esanen zaie baldin Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak hori jakinarazi badie eta zuzenketak egiteko epea igaro bada enpresak behar den konponketa egin gabe. Deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du hori, aipatutako atalarekin batera.

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

2018ko apirilaren 1etik 2018ko azaroaren 15 bitarte, biak barne, egiten diren gastuak dira diruz lagungarriak eta, ondorio horietarako, fakturatzen den eguna izanen da gastua egin den eguna.

Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2018ko apirilaren 1etik 2018ko azaroaren 20ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak, baldintzak, onartutako gastuak, zenbatekoa eta diru-laguntzaren mugak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

Jarduketa diruz lagungarriak izanen dira bidaiariak hartzeko jarduketak egiten dituzten bidaia-agentziek eskaintzen dituzten bidaia konbinatuak eta sorta turistikoak diseinatzeari dagozkionak, jarduketa horiek baldintza hauek betetzen badituzte:

–Proposamenek bidaia konbinatua edo sorta turistiko bat eratu behar dute eskaintzan, gutxienez hiru zerbitzu izanen dituena: ostatua, garraioa, mantenua, txangoak, kirol jarduerak, kultura edo aisia jarduerak, etab.

“Bidaia konbinatua” da hogeita lau ordutik gorakoa dena edo egonaldian gau bat duena, eta gutxienez bi zerbitzu turistiko konbinatzen dituena (garraioa, ostatua, otorduak eta bisita gidatuak) bidaiaren parte garrantzitsu gisa, eta prezio bakar batean saltzen dena.

“Sorta turistikoa” da aurrez ezarritako prezio bakarrean eskaintzen diren zerbitzu turistikoen multzoa (mantenua, ostatua, etab.). Ez dago berariaz jasoa ostatua eta izan daiteke soilik zenbait elementu konbinatzea egun batean, gaua igaro gabe.

–Planteatutako bidaia proposamenek jarduerak eta zerbitzuak Nafarroan eta ondoko autonomia erkidegoetan izan ditzakete, baina proposamena diruz lagungarria izan dadin Nafarroako zerbitzu hornitzaileak %50 baino gehiago izan beharko dute bidaia proposamen osoarekiko. Baldin eta proposamenak ostatua barruan badu, ezinbestekoa izanen da, proposamenak kontuan hartuko badira, gauen %50etik gora Nafarroako establezimenduetan igarotzea.

–Jarduera arautuen kasuan, enpresa eta/edo establezimendu turistikoak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon beharko du.

2. Kontzeptuak, gastu diruz lagungarriak, diru-laguntzaren zenbatekoa eta mugak.

Diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza bat da, zeina zehazten baita ondoren ezarritako portzentajeak eta mugak aplikatuz (BEZa kanpo) kontzeptu eta gastu diruz lagungarri hauei:

A) Komunikazio eta sustapen gastuak bidaia konbinatuko proposamenei edo planteatutako sorta turistikoei dagozkienak.

a) Bidaia proposamenen sustapenerako materiala.

Onartutako gastu motak:

–Proposamen diruz lagungarrien berariazko materiala diseinatzearen gastuak.

–Material hori inprimatzearen gastuak.

–Material hori itzultzearen gastuak.

Diru-laguntza: onartutako gastuen %50.

Sustapeneko materiala egitean, arreta berezia jarriko da sustapeneko edo komunikazioko irudiak eta mezuak erabiltzean, genero estereotipoak ezabatzen laguntzeko.

b) On line modalitatea:

Onartutako gastu motak: egokitzapenak gailu mugikor eta digitaletarako eta antzekoetarako, publizitatea sare sozialetan, SEO bilatzaileetan posizionamendu hobea lortzeko ekintzak, publizitatea bilatzaileetan (SEM), posta elektroniko bidezko marketin mugikorra, edukien marketina eta web analisiak.

Diru-laguntza: onartutako gastuen %50.

c) Workshop-etara edo profesionalen topaketetara joatea sorta edo proposamena aurkeztera, betiere Turismoko Marketinaren Zerbitzuaren oniritzia izanez gero.

Onartutako gastu motak: garraio, ostatu eta mantenu gastuak.

Diru-laguntza: onartutako gastuen %60.

Diru-laguntzaren muga: 300 euroko diru-laguntza hurbiltasunezko merkatuan (Espainia eta Frantziako hego-mendebaldea), 600 euro Europako nazioarteko merkatuan, eta 900 euro gainerako nazioarteko merkatuetan.

Pertsona 1en gastuak lagunduko dira diruz eta gehienez ere 2 gau hurbiltasunezko merkatuan eta Europako nazioarteko merkatuan, eta 3 gau gainerako merkatuetan.

d) Lehen ezagupen bat izateko bidaiak antolatzea bidaia proposamena aurkezteko.

Kontzeptu honengatik gehienez ere horrelako bidaia 1 lagunduko da diruz eskatzaileko. Eskaeraren memorian behar bezala jasoa egon beharko du, edonola ere, zer publiko motarentzat den bidaia hori eta zein diren jardueraren helburuak.

Onartutako gastu motak:

–Nafarroako hornitzaileek eskainitako zerbitzuen gastuak.

–Gonbidatutako pertsonen garraio gastuak, Nafarroara jatorrizko lekutik eta jatorrizko lekura egindako joan-etorriena.

Diru-laguntza: onartutako gastuen %60.

Diru-laguntzaren muga: 3.000 euro bidaiako eta bidaia 1 gehienez enpresa eskatzaile bakoitzeko.

Lehenengo ezagupen bat izateko egiten diren bidaiak antolatzeagatik diru-laguntza eskatzeko, agentziek banaka aurkeztu dezakete eskaera, bai 2 agentziak edo gehiagok batera ere, proposamenak elkarrekin aurkeztu nahi izanez gero. Halakoetan, agentzia bakoitzak diru-laguntza eskatzen ahalko du berak izandako gastuengatik, baina jardueraren memoriak proposamen osoa jaso beharko du, xeheki azalduz zein den bidaia-agentzia bakoitzak bere gain hartutako gastua.

e) Ferietara joatea berariazko eskaintza bat izanik Alemanian eta aleman hiztunen merkatuarentzat.

Onartutako gastu motak:

–Pertsona baten garraio, ostatu eta mantenu gastuak.

Diru-laguntza: onartutako gastuen %60.

Diru-laguntzaren muga: 600 euro feria bakoitzeko.

–Langileria gastuak: ez dira onartuko enpresa eskatzailearen beraren langileen gastuak, baina bai langile espezifikoak kontratatzeko gastuak, baldin eta horiek kontratatzen badira jarduketa hauek garatzeko lanetako batean:

–Bidaia proposamenen sustapenerako materiala.

–On-line sustapena.

B) Kanpo kontratazioko gastuak, bidaia konbinatuko proposamenei edo planteatutako sorta turistikoei dagozkien jarduerenak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira gidarien kontratazioak sortutako gastuak, zeinek bidaia konbinatua edo sorta turistikoa osatuko eta aberastuko duten jarduerak eginen baitituzte baldintza hauek betez:

–Bidaiak edo sortak garraioa eta mantenua barne izan behar ditu (gehi ostatua, baldin bidaia konbinatua bada) eta egunean gutxienez jarduera bat.

–Berariaz diru-laguntza eskatzen bada kanpo jarduerak egiteko, argi eta garbi zehaztu behar da zein sorta edo bidaia konbinaturi dagozkion, adierazita jarduera diruz lagundu duela Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak azaroaren 15a baino lehen egindako eta azaroaren 20a baino lehen justifikatutako bidaientzat.

–Onartzen ahal dira soilik turismo aktibo edo kulturaleko jardueren gastuak, zeinak Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribatutako turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresak kontratatuak izanen baitira.

–Ez da kontuan hartuko enpresaren beraren langileek egindako bisiten edo jardueren kostua.

–Ez dira kontuan hartuko, ondorio horietako, monumentuen sarrerak edo bisitak.

Onartutako gastu motak:

Turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresek fakturatuako gastuak.

Diru-laguntza: onartutako gastuen %50.

Diru-laguntzaren muga: 3.000 euro enpresako.

3. Enpresa onuradun eta deialdi bakoitzeko 10.000 euroko diru-laguntza emanen da gehienez.

6. oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko modua eta eskatzen den dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 21 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7616/Convocatoria-de-subvenciones-para-actuaciones-de-receptivo-y-creacion-de-producto-turistico-durante-2018). Fitxa horretan (aurrerantzean laguntzaren fitxa), Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaera telematika bidez aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, hau da, elektronika bidez aurkez dezala, eta, ondorio horietarako, zuzenketaren eguna izanen da eskaeraren aurkezpen eguna, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira ahal bada, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atalari, mezu elektroniko bat igorriz turismo.ayudas@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

Pertsona fisikoen kasuan, eskaerarekin batera doan dokumentazio guztiak, salbu eta eskaera inprimaki berariazkoa bera, nahitaez euskarri digitalean aurkeztu behar da (USB memoria, CDa, DVDa, etab.), eta han jaso behar da eskatutako gainerako dokumentazioa.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Eskaturiko dokumentazioa.

Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:

3.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar da ordezkaritza; ondorio horietarako, diru-laguntzaren eskabidean horretarako finkatutako erantzukizunpeko adierazpena betez ere frogatzen ahalko du enpresa eskatzaileak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako diru-laguntzen berri ematen duena.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berentzat eskatu edo jasotako beste diru-laguntzei buruz.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, adierazten duena ez dela urratzen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debekurik.

f) Enpresa Ekonomia Jardueren gaineko Zergan zer epigrafetan dagoen alta emanda, alta horien kopia. Aurreko atalean adierazitakoarekin bat, ETE eskatzaileak ez daude beharturik dokumentazio hori aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, Nafarroako Zerga Ogasunean dauden datuen arabera, eta ulertuko da ETE eskatzaileek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

g) “Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

3.2. Proposamenei buruzko dokumentazioa:

a) Bidaia konbinatuaren edo sorta turistikoaren barnean proposatutako jarduera programa xehatuta.

Memoriak ahalik xehatuen zehaztuko du bidaia edo proposamena, eta, betiere, jasoko ditu baremoko balorazio irizpideak aplikatzeko behar diren informazio eta alderdi guztiak. Informazio horri ezin izanen zaio zuzenketarik egin; hortaz, baremoko balorazio irizpideak aplikatzeko, eskaerarekin batera aurkeztutako informazioa bakarrik hartuko da kontuan.

Laguntzarako fitxan ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko da memoria.

Enpresek nahi adina bidaia proposamen (sorta edo bidaia konbinatu) aurkeztuko dituzte, baina, baloratzeko, memoria banakatu bat aurkeztu beharko da proposamen bakoitzeko.

b) Deialdian aurkeztutako gastuen aurrekontu xehatua, proformako fakturak edo aurrekontuak erantsita. “Kanpo kontratazioko gastuen” kasuan, halaber, aurreikuspen bat aurkeztuko da, proforma faktura edo aurrekontu batekin.

c) Aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000,00 eurotik gorako zerbitzuak ematen badituzte, enpresa onuradunak frogatu beharko du hornitzaileen hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, horretarako gutxienez 3 eskaintza ezberdin aurkeztuta.

Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada diru-laguntza eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

3.3. Baremoa aplikatzeko dokumentazioa.

Diru-laguntza zer proposamenetarako eskatzen den, horietako bakoitzaren memoria izanen da zazpigarren oinarriko baremoan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeko erabiliko den frogagiria. Memorian ezin izanen da zuzenketarik egin, eta nahitaez aurkeztu beharko da diru-laguntza eskaerarekin batera, eta eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkeztuz gero ez da baloratuko.

Laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren arabera aurkeztuko dira memoria horiek.

Horregatik, organo kudeatzaileak ez du puntuaziorik aplikatuko memoriako edukiaren arabera aplikatu ezin diren balorazio irizpideetarako, osatugabeak direnean, edo partzialak, edo behar adinako xehetasunik ez dutenean.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko parametroak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta esleituko dira diru-laguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, jarraian ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraituta (puntuazio altuenetik txikienera) eta aurrekontuko dirua bukatu arte.

Diru-laguntzak emateko lehentasun ordena ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:

–1. balorazio irizpidea: Nafarroari dagokion bidaia proposamenaren iraupena (gehienez 4 puntu).

Egun bat ostaturik gabe

Puntu 1

Gehienez 3 egun (gau 1 edo 2)

2 puntu

Gehienez 5 egun (3 edo 4 gau)

3 puntu

5 egun baino gehiago (5 gau edo gehiago)

4 puntu

–2. balorazio irizpidea: zer segmenturi zuzentzen zaion eskaintza (gehienez 4 puntu).

Nafarroako proposamen orokorrak

Puntu 1

Horretaz gain proposamenak jasotzen baldin badu jarduera edo zerbitzuen eskaintza bat bat datorrena 2018-2025 Turismoko Plan estrategikoaren lehentasunezko segmentu hauekin:

Donejakue bidea (monumentuak, bisita gidatuak, etab.)

Puntu 1

Gastronomia-enologia (dastaketak, upeltegiak, dolareak, gaztandegiak, baratzeak, etab.)

Puntu 1

Jarduerak naturan (mendi-ibiliak, zikloturismoa, zaldi-jarduerak, etab.)

Puntu 1

–3. balorazio irizpidea: proposamenaren zer ehuneko egiten den Nafarroako hornitzaileekin (gehienez 2 puntu).

%60tik gora

Puntu 1

%75etik gora

2 puntu

Ondorio horietarako, eskainitako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

–4. balorazio irizpidea: zer merkaturi zuzentzen zaion (gehienez 3 puntu).

Hurbilekoa (Estatua eta Frantziako hego-mendebaldea)

Puntu 1

Nazioartekoa

2 puntu

Aleman hiztuna

3 puntu

–5. balorazio irizpidea: planteatutako sustapen eta komunikazio ekintzak (gehienez 11 puntu).

Sustapeneko materiala

Puntu 1

Online sustapenak

Puntu 1

Workshop-etara edo topaketa profesionaletara bertaratzea:

Workshop edo topaketa bat

2 puntu

Bi workshop edo topaketa

3 puntu

Hiru workshop edo gehiago

4 puntu

Lehen ezagupen bat izateko bidaia bat antolatzea:

Agentzia batek bere kabuz

3 puntu

Bi agentziak edo gehiagok elkarrekin

5 puntu

Azken bi kontzeptuen kasuan (workshop edo topaketa profesionaletara bertaratzea eta lehen ezagupen bat izateko bidaiak), kontuan har daitezke egutegian jada ezarritako topaketetan parte hartzearen aurreikuspena edo lehen ezagupen bat izateko bidaien antolaketaren aurreikuspena, nahiz eta deialdi honetarako ezarritako epeetatik kanpo izan. Kasu horietan, workshop-era bertaratzeko gastuak edo lehen ezagupen bat izateko bidaien antolaketaren gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen deialdian, baina bai baremoaren ondorioetarako.

Baremoaren ondorioetarako kontuan hartu izan balira workshop-etara edo topaketa profesionaletara bertaratzeko kontzeptuak, edo lehen ezagupen bat izateko bidaiak antolatzearen gastuak, eta azkenik ez badira jarduketa horiek egiten 2019ko uztailaren 1a baino lehen, ondoriorik gabe utziko dira –enpresa onuradunari entzunaldia eman ondoren– diru-laguntza onartzeko eta ordaintzeko ebazpenak, eta ordaindutako zenbatekoak itzuliko dira, berandutze-interesekin batera.

–6. balorazio irizpidea: Nafarroako Turismo Erregistroan erregistratutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresekin zerbitzuak kontratatzea (gehienez 4 puntu).

Ondare-jardueretarako kontratazioak

Puntu 1

Jarduerak naturan egiteko kontratazioa

Puntu 1

Sortan edo bidaian 3 enpresa edo gehiago kontratatzea

2 puntu

Kanpoko enpresa desberdin batekin edo birekin kontratatzea

Puntu 1

Ondorio horietarako, ez da kontuan hartzen langile berekiak kontratatzea.

Berdinketak hausteko, kontuan hartuko da, lehenik, 2. irizpidean lortutako puntuazioa (eskaintza zer segmenturi zuzentzen zaion), halako moduz non irizpide horretan puntu gehien lortu duena lehenetsiko baita. Berdinketak irauten badu, 5. balorazio irizpidean lortutako puntuazioa baloratuko da (sustapen eta komunikazio ekintzak), modu berean. Azkenik, eta beharrezkoa izanez gero, kontuan hartuko da Turismoko Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan), eta zaharrenek izanen dute lehentasuna.

8. oinarria.–Izapidetzea eta laguntzak emateko ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Behin egiaztaturik eskaera osorik eta zuzen dagoela eta 5. oinarriko jarduketa bati dagokiola, espedientea 7. oinarrian ezarritako baremoari jarraituz baloratuko da, lehentasun ordena zehaztuko da, eta diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, kontzeptu diruz lagungarriei dagokiena, 5. oinarrian ezarritako portzentaje eta mugekin bat.

2. Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, zerbitzu kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko:

–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.

–Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.

Ez da inoiz 200 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.

Diru-laguntzak lehen adierazitakoari jarraituz esleitu ondoren deialdiaren aurrekontuko dirua agortzen denean, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

3. Diru-laguntzak emateko ebazpenaren gaineko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntza emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Diru-laguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da ETE onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, enpresa onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du. Hori pertsona eta entitate juridikoei baino ez zaie aplikatzen, ez pertsona fisikoei.

3. Diru-laguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan. Egindako jarduketen justifikazioa 2018ko azaroaren 20a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.

Diru-laguntza esleitzea ekarri zuten jarduketak aurreikusitakoa eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoarekin egiteak ondoko murrizketa hauek ekarriko ditu:

–Aurkeztutako justifikazioaren zenbatekoa gastu diruz lagunduaren %50etik beherakoa bada, ordaindu beharreko diru-laguntza %50 murriztuko da.

–%30etik beherakoa bada, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean kontzesioaren ebazpena jasotzen denetik aurrera, jasotako diru-laguntzari uko egiten zaiola, deialdian ezarritako epeetan ez badira egitekoak ekintza diruz lagunduak.

6. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso duen entitateak aurten eta aurreko bi zergaldietan, eta, kasua bada, zer beste diru-laguntza lortu duen diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berengatik.

7. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari komunikatzea eta justifikatzea, 2019ko abuztuaren 1a baino lehen, zer workshop edo topaketa profesionalek eta lehen ezagupen bat izateko zer bidaiak lortu zuten puntuazioa 5. balorazio irizpidea aplikatuta eta egin ziren diru-laguntzako epe diruz lagungarritik kanpo, eta, betiere 2019ko uztailaren 1a baino lehen.

Oinarri honen 4., 5., 6. eta 7. apartuetako komunikazioak posta elektronikoaren bidez eginen dira, turismo.ayudas@navarra.es helbidera idatziz.

8. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

9. Diru-laguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Ekintza horrek sortzen dituen euskarri guztietan agertu beharko dira Nafarroako marka turistikoa eta Nafarroako turismoko web ofiziala (www.turismo.navarra.es/eus), dagokion merkatuari dagokion hizkuntzan, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideekin bat. Hala, marka horiek agerrarazten ez dituzten argitalpenen edo euskarrien gastua ez da diruz lagungarria izanen.

Online-sustapenen kasuan, turismoko webgunea txertatzeko, turismo marka helbide honekin estekatuko da: www.turismo.navarra.es/esp/home/. Marka hori txertatzen ez bada edo Nafarroako Gobernua ez bada publizitate euskarri edo baliabideetako batean ere agertzen, ekintza horretarako emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Nafarroako marka turistikoa esteka honetan deskarga daiteke: http://www.turismo.navarra.es/esp/profesionales/descargas/logotipos/ eta, marka hori erabili ahal izateko, aldez aurretik eskaera bidali behar da helbide elektroniko honetara: jfernanl@navarra.es.

10. Diruz lagundutako jarduera zehatzak identifikatzea bidaia konbinatuaren edo sorta turistikoaren barnean.

11. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantza ditzakeen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo diru itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik. Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 20a izanen da.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eta ahal bada, pertsona fisikoen kasuan; ondorio horietarako, eskaerak aurkezteko 6. oinarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute jarduketa horiek egin direla, eta, horretarako, laguntzaren fitxan eskura daitekeen berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta:

–Egindako jarduketen memoria eta balorazioa.

–Fakturen zerrenda, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa.

–Diruz lagundutako jarduketei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa eskatzailearen edo, hala bada, onuradunaren izenean jaulki beharko dira. 50 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

–Ordaindutako guztia justifikatzen duten bankuko agiriak. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

–Diruz lagundutako jarduketa bakoitzari lotutako sustapen material guztien ale bat, iragarkiak, web orrietan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien erakusgarri bat.

–Adierazpena, diru-laguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira diru-laguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako diru-laguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, behin egiaztatuta egindako gastuak eta jarduketak bat datozela diruz lagundutako jarduketekin, justifikazioa osoki zuzena dela eta diru-laguntzaren xedea bete dela.

12. oinarria Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Deialdi honetan xedatutako diru-laguntzak bateraezinak dira jarduketa bererako Garapen Ekonomikorako Departamentuak eman ditzakeen bertze batzuekin; aldiz, bateragarriak dira bertze edozein diru-laguntzarekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuenak izan, bertze administrazio publiko batzuenak izan, bertze erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.

Betiere, deialdi honetako diru-laguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren diru-laguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako bertze diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, entitate onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, diru-laguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, enpresa onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

14. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

15. oinarria.–Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1807939