126. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1385/2018 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat industria ingeniarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, prestakuntzarako zerbitzu berezietan apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, non eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (199/2004 Foru Agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da industria ingeniari gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia onestea.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretarako lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, INDUSTRIA INGENIARI GISA PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiko

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da industria ingeniarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Prestakuntzaldian aritzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da ezin bada erabili azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen den langileen zerrenda. Foru dekretu haren bidez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Industria ingeniaritzako titulua edukitzea, edo industria ingeniari gisa aritzeko gaikuntza ematen duen masterreko unibertsitate titulua, edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat, edo, bestela, eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) Industria ingeniari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabideaz beste agiririk ez da aurkeztu behar, izan ere, bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio baldintza deitzen zaien unean frogatu beharko dute, agiri bidez, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau amankomunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–INDUSTRIA INGENIARI GISA TREBATZEKO LAU URTEKO BIGARREN PRESTAKUNTZALDIAN SARTZEKO PROBARAKO DEIALDIA

Hona hemen deialdiko

OINARRIAK

Lehena.–Betebeharrak.

Industria ingeniari gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu honi dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien indarreko zerrendan ageri diren langileek, betebehar hauek betetzen badituzte:

–Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Betebehar hau eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

–Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

2.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

2.3. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta aurkezteko epea.

Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Laugarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau amankomunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–DEIALDIA, INDUSTRIA INGENIARI GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiko

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da industria ingeniarien lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Industria ingeniaritzako titulua edukitzea, edo industria ingeniari gisa aritzeko gaikuntza ematen duen masterreko unibertsitate titulua, edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat, edo, bestela, eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek IV. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Halaber, eskabidean zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau amankomunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Dena dela, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau amankomunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

IV.–HIRU DEIALDIETARAKO ARAU AMANKOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Hiru deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, hamar egun balioduneko epean, hura argitaratu eta biharamunetik hasita, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus), adierazita deialdietan ezarritako hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Silvia Ojer Torres andrea, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Guillermo Bea Cidrian jauna, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Energiaren arloko I+G+b Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Laura Larraya Irigoyen andrea, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Fernando Señas Bea jauna, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Meategien Ataleko burua.

Epaimahaikidea: David Sotillo Portilla jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko industria ingeniaria.

Ordezko epaimahaikidea: Pedro Zuazo Onagoitia jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren Plangintza Estrategikorako eta Kontrolerako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Alicia Oses Zugasti andrea, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Jesús Moreno Merino jauna, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Ana Sáinz Jiménez andrea, Garapen Ekonomikorako Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Isabel Akerreta Larraz andrea, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 65 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Probak gehienez bi ordu iraunen du.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

5.2. Probak 65 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, oinarri honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta haren webgunean (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz desegingo dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera proba “gai” kalifikazioarekin gainditu duten izangaien zerrenda.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Industria ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta lanerako deiak.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren webgunean ere (www.nafarroa.eus).

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honetako oinarriak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazio betebeharra betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, industria ingeniaritzako unibertsitate tituluaren fotokopia edo industria ingeniari gisa aritzeko gaikuntza ematen duen masterreko unibertsitate tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Industria ingeniarien lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko ekainaren 18an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. “Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategia (S3). 2016-2030”.

2. “Nafarroako Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 2017-2020 Plana”.

3. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren maiatzaren 20ko 91/2016 Foru Agindua, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezartzen duena.

4. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 2004/54/EE Zuzentaraua, Europako errepide sareko tunelen gutxieneko segurtasun baldintzei buruzkoa.

5. Abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua, Behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena: Behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa eta ITC-BT-01, ITC-BT-03, ITC-BT-04, ITC-BT-05 eta ITC-BT-09 jarraibide tekniko osagarriak.

6. 1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argiteriaren instalazioetan energia eragimena bultzatzeari buruzko Erregelamendua eta jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra) onesten dituena.

7. 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa.

8. 34/1998 Legea, urriaren 7koa, Hidrokarburoen Sektoreari buruzkoa

9. 21/1992 Legea, uztailaren 16koa, Industriari buruzkoa.

10. 12/2006 Foru Dekretua, otsailaren 20koa, urak saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal dituzten jarduerak ezartzeko eta funtzionatzeko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

11. 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamendua onesten duena.

12. 1481/2001 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duena (2013ko apirilaren 23an finkatuta dagoen testua).

13. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik).

III. ERANSKINA

Lau urteko bigarren prestakuntzaldirako eskabidea (lau urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko eskubidea duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik).

IV. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1808052