88. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUES

Udal ordenantza, hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Muesko Udalak, 2016ko abenduaren 22ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Muesko udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2017ko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ean, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, delako ordenantza behin betiko onetsi da eta oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Muesen, 2017ko martxoaren 21ean.–Alkatea, Juan José Álvarez Maeztu.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO
ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENENGO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1 artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Muesko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.

2 artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5 artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak. Hilerriaren arduradunari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Hori baino epe laburragoan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean, besterik ordaindu gabe. Dena den, leku gutxi izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bestalde, hileta zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako. Horretarako, obra lizentzia beharko da eta dagokien zerga ordaindu.

14. artikulua. Hobien kokalekua, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak udalaren kontura izanen dira, 24 hilabetetik gora erroldatuta egon direnentzat.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

1.–Ehorzketak.

2.–Hilerriko beste lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko edo juridikoak izan edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

21. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

1.–Ehorzketak:

Muesen erroldatuak gutxienez 24 hilabeteko antzinatasunarekin: 100 euro.

Familiako hilobian erroldatu gabekoak ehorztea: 300 euro.

b) Muesko Udalaren erroldan daudenak eta bertan 9 hilabete baino gutxiago bizi direnak urtean: 100 euro.

Muesen erroldatu gabeak: 500,00 euro.

II. ERANSKINA

Urteko tasak

Lurpean: 10,00 euro hilobiko.

Hilarriak: 10,00 euro/m².

Lurreko hesiak: 10,00 euro/m².

Panteoiak: 15,00 euro/m².

Iragarkiaren kodea: L1703592