Iragarkia
18. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 14an hartua, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Iruñeko Zentro Elkartuaren estatutu berriak onesten dituena.
1998ko abuztuaren 26an, Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu zuen Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarekin (UHUN), Iruñeko Zentro Elkartua Zentro Elkartuen Oinarrizko Sareari eransteko eta “UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartua” izeneko unibertsitate partzuergoa sortzeko.
UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuaren Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak, 2016ko azaroaren 22ko bilkuran, aho batez onetsi ditu Zentro Elkartuaren estatutu berriak.
Aipatu hitzarmenak ezartzen duenarekin bat, partzuergoko erakundeek berretsi behar dituzte Zentro Elkartuaren estatutuetan egindako aldaketak.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Iruñeko Zentro Elkartuaren Partzuergoaren Estatutuak, Zuzendaritza Batzordeak azaroaren 22an aho batez onetsiak, berrestea; eranskin gisa gehitu zaizkio erabaki honi.
2. Erabaki hau Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari eta Unibertsitateen Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2016ko abenduaren 14an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez.
UHUNAREN IRUÑEKO ZENTRO ELKARTUAREN UNIBERTSITATE PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK
ESKU HARTU DUTE:
Iruñean, 2016ko ................... aren ....................(e)an.
Alde batetik:
Alejandro Tiana Ferrer jauna, abuztuaren 18ko 2310/1972 Dekretuaren bidez sortutako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UHUN) errektore gisa. UHUNaren izenean eta hura ordezkatuz dihardu, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2011 Lege Organikoaren 20.1 artikuluak, irailaren 8ko 1239/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren estatutuen 99. artikuluak eta errektore izendatu zuen uztailaren 5eko 527/2013 Errege Dekretuak emandako ahalmenekin bat.
Eta bestetik,
José Luis Mendoza Peña jauna, Iruñeko UHUNeko Zuzendaritza Batzordeko buru eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari.
ADIERAZTEN DUTE:
1973ko urriaren 13ko Ministerio Aginduaren bitartez sortu zela Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Nafarroako Zentroa, abuztuaren 18ko 2310/1972 Dekretuan eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, alde batetik, eta Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Foru Diputazioak, bestetik, 1973ko urriaren 10ean itundutako hitzarmenean (1982ko ekainaren 25ean berrikusia) xedatutakoarekin bat, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak eta Nafarroako Foru Diputazioak sinatuta.
UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuaren hazkuntza ikusita, beste hitzarmen bat sinatu zuten UHUNek, alde batetik, eta Nafarroako Gobernuak, bestetik, 1998ko abuztuaren 26an; horren bitartez sartu zen Iruñeko Zentro Elkartua UHUNaren Zentro Elkartuen Oinarrizko Sarean, eta erabaki zen unibertsitate partzuergo bat sortzea.
Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak, Sektore publikoko arrazionalizazioari eta administrazio erreformarako beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak egindako aldaketek eragin handi samarra izan dutela Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta UHUNaren eta Zentro Elkartuen arteko hitzarmenen araubideari buruzko uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuan eta bat heldu diren arauetan; hainbeste, ezen ezinbestekoa egin duten –abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria garatuz– partzuergo bat berariaz eratu beharra, figura juridikoa izan dadin, UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuari legezko euskarria emanen diona. Aldi berean, aipatu 1995eko hitzarmenaren hemezortzigarren estipulazioko aurreikuspena betez eta, haren ondorioz, partzuergo horri honako estatutu hauek ematea erabaki da.
ESTATUTUAK
1. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Partzuergoaren osaera. Honako kide hauek ditu Partzuergoak:
–Nafarroako Gobernua.
–Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala.
2. artikulua. Izena. UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuaren Unibertsitate Partzuergoa deituko da eratu den entitate publikoa.
3. artikulua. Izaera. Partzuergo hau zuzenbide publikoko entitate bat da, bere nortasun juridiko berezitua du, bai eta jarduteko behar duen gaitasuna ere bere helburuak lortzeko, eta 1. artikuluan adierazitako administrazioek eta entitateek eratzen dute, UHUNaren eta bere Zentro Elkartuen arteko hitzarmenen araubideari buruzko uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuarekin bat.
4. artikulua. Atxikipena. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hogeigarren xedapen gehigarriko 2. paragrafoko f) letran xedatutakoaren arabera, Partzuergoa UHUNari atxikita geldituko da; Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen azken xedapenetako bigarrenak f) letra horren testua aldatu zuen, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 120. artikuluak hura errepikatu eta ordeztu zuen 2016ko urriaren 2tik aurrera.
5. artikulua. Araubide juridiko orokorra. Aurreko idatz-zatian aipatu atxikipenaren indarrez, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.2 c) eta 84.3 artikuluen arabera aplikatu behar zaionez, partzuergo hori:
a) Sektore publiko instituzionalaren parte da, UHUNaren bidez.
b) Sektore publiko administratiboan sailkatzen da, Aurrekontuari buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 3. artikuluaren ondorioetarako.
c) Unibertsitate araudiaren menpe egonen da eta, horren ordez eta kontra egiten ez zaion bezainbatean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen eta Estatuko legerian prozedurei eta araubide juridikoari buruz dauden gainerako xedapenen menpe; zein den kasua, Toki Araubideari buruzko legeriaren menpe; eta aplikagarriak diren gainerako aginduen menpe.
6. artikulua. Egintzak aurkaratzeko araubidea. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegietan aurkaratzen ahalko dira partzuergoaren egintzak, salbu eta, nolakoa den delako egintza eta, beste auzialdi edo jurisdikzio bat dagokion.
7. artikulua. Iraupena. Partzuergoaren iraupena mugagabea da.
8. artikulua. Partzuergoaren xedea. Partzuergoak UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuari sostengu ekonomikoa ematea du xede, UHUNaren egitura akademikoaren unitatea denez, lagungarri izan dadin Goi mailako Irakaskuntzarentzat eta ingurunearen kultur garapenarentzat, bai eta aipatu helburuekin zuzeneko lotura duten beste jarduera batzuentzat ere, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakita.
Partzuergoa UHUNaren beraren baliabidea da.
9. artikulua. Helbide soziala. Partzuergoaren helbidea honako hau izanen da legezko ondorio guztietarako: Sadarko errepidea z.g., 31006 Iruña.
10. artikulua. Zentro Elkartuaren lokalak eta instalazioak.
1. Zentro Elkartua Iruñean kokatzen da, eta bere lokalek, Zentro Elkartuarentzat baino ez direnek, indarra duen araudiak oro har eskatzen dituen espazio eta instalazio egokiak dauzkate.
2. Partzuergoak bere egiten du Zentro Elkartuari lokal egokiak emateko betebeharra.
Aipatu instalazioak lagatzekotan, UHUNek bertan burutu beharko ditu bere jarduerak, hezkuntzakoak zein administrazio arlokoak izan; ezin izanen du alde batek inoiz lagapen hori errebokatu edo aldatu, ez eta partzuergoaren salaketa, banantze edo azkentzearen ondorioz ere, horrek jarraitzen badu edo UHUNek, bideragarritasun ekonomikoari buruzko presazko azterlan baten ondoren, eskualdean unibertsitate jarduerak bere kontura jarraitzea erabakitzen badu.
3. Unibertsitateak Zentro Elkartuak erregulatzeko duen araudian zehazten duen gutxieneko azpiegitura izan beharko du Zentro Elkartuak.
Zentroaren beharrek lokalak handitzera behartuz gero, berriek, betiere, Unibertsitatearen aldez aurreko onespena izan beharko dute. UHUNeko organo eskudunek baimendu beharko dute zentroaren kokalekuan egiten den edozein aldaketa, bai eta hezkuntza prestazioren bat ematen den lekuan egin daitezkeen aldaketa partzialak ere.
11. artikulua. Lurralde eremua. Zentro Elkartuaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.
Zentro Elkartuak, Gobernu Kontseiluak onetsitako onarpen arauei jarraituz, konpromisoa hartzen du, bere lurralde eremuan bizi izanik, zentroak ematen dituen karrera eta ikasketak egiten dituzten ikasle guztiak onartzeko. Beste eskualde batzuetako ikasleak ere onartu beharko ditu, Unibertsitateak hala eskatuta eta zentroan haiei arreta emateko baliabide eta bitarteko nahikoa daudenean.
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak gelak sortzea proposatzen ahalko dio Unibertsitateari, Zentro Elkartuak egoitza duen eskualdean bizi ez diren ikasleei ikasketak emateko. Unibertsitateak aldez aurretik baimendu beharko ditu gela horiek. Zer irakaskuntza ematen den eta hartarako dagoen aurrekontua adierazi beharko dira Zuzendaritza Batzordeak gelak ezartzeko izenpetu eta onesten dituen hitzarmenetan.
2. KAPITULUA
Partzuergoaren gobernua
12. artikulua. Partzuergoaren gobernua. Organo hauei dagokie Partzuergoaren gobernua:
–Zuzendaritza Batzordea.
–Zuzendaritza Batzordeko burua.
13. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.
1. Osaera. 11 kidek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea, uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera:
a) 4, UHUNa ordezkatuz. Hizpidea eta botoa dituzte.
b) 3, Nafarroako Gobernutik. Hizpidea eta botoa dituzte.
c) Zentroko zuzendaria. Hizpidea eta botoa ditu.
d) Zentroko irakasle tutoreen ordezkaria. Hizpidea eta botoa ditu.
e) Zentroko ikasleen ordezkaria. Hizpidea eta botoa ditu.
f) Zentroko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria. Hizpidea eta botoa ditu.
Zentro Elkartuko idazkariak beteko ditu idazkari lanak, hizpidea duela baina botorik ez.
Zuzendaritza Batzordeko kideren batek ezin badu programatutako bilera batean parte hartu, bere ordezkaria izendatzen ahalko du, hura ere hizpidea eta botoa dituela.
2. Eginkizunak. Zuzendaritza Batzordeak bere eginen ditu dagozkion ahalmenak UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuko unibertsitate partzuergo titularraren zuzendaritza, administrazio eta ordezkaritza organo gisa hirugarrenen aurrean eta, besteak beste, eskumen hauek izanen ditu:
a) Partzuergoaren funtzionamendua arautzen duten estatutuen aldaketa proposatzea; betiere, partzuergoko erakundeek onetsi beharko dute.
b) Beste entitate batzuen sarrera onestea.
c) Gelak sortzea proposatzea UHUNari, hark baimen ditzan.
d) Ikasketa berriak, arautuak eta arautu gabeak, zentroan ezartzea erabakitzea, indarra duen legerian xedatzen denari jarraituz; aurrekontuan sartu beharreko gastua ere onetsiko du ikasketa arautu berriak ezartzeko.
e) Diru-laguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko beste entitate publikoei edo pribatuei, bai eta laguntzak edo bekak ere ikasleei, bere helburuen esparruan.
f) Urteko aurrekontua eta bere likidazioa, kontuen egoera eta urteko memoria onestea, eta UHUNari igortzea, ekitaldi itxierako inbentarioarekin batera.
g) Gastu bereziak eta partzuergoko ente bakoitzak eginen duen ekarpena onestea; printzipio orokor gisa, bakoitzaren ahalbideen arabera banatuko da; hori, kasu bakoitzean bidezkoa den berrespena galarazi gabe.
h) Zentro Elkartuaren ondasunak eta eskubideak eskuratu, erabili, administratu eta besterentzea; betiere, fundazioaren borondatea eta helburuak aldatu gabe.
i) Zentro Elkartuaren jardueretatik heldu diren edozein eratako eskubideak edo diru-sarrerak onestea, UHUNaren arauekin bat.
j) Zentro Elkartuaren barne araudiaren erregelamendua aldatuz gero, hura onestea, UHUNeko Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpideei jarraituz.
k) Partzuergoaren obra eta zerbitzuen plan eta proiektuak onestea; orobat, haien kontratazioa, aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritako mugak gainditzen direnean, eta hura kudeatzeko araubidea zehaztea.
l) Zuzendaritzako, administrazioko eta zerbitzuetako langileekiko kontratuen sinadura erabakitzea, UHUNari, berariazko erregelamentazioa dela eta, dagozkion ahalmenak galarazi gabe.
m) Zentro Elkartuko langileen kopurua eta haien baldintza ekonomikoak eta lanekoak finkatzea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren ondorioz sor daitezkeen mugekin.
n) Urtero, Zentroko zuzendariak proposatuta, Zentro Elkartuan irakatsiko duten irakasle-tutoreen plazak zehaztea, eta haiek aukeratzeko deialdiak egitea, Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpideei jarraituz; orobat, Zentro Elkartuko irakasle-tutoreen izendapena proposatzea.
o) Zentro Elkartuaren eta haren Hedapenen jarduerak kontrolatu eta fiskalizatzea.
p) Partzuergoa desegitea eta haren likidazioa egitea.
Zuzendaritza Batzordeak bere ahalmenetakoren bat delegatzen ahalko du egintza jakin batzuetarako, berariazko erabakia hartuta. Betiere, delegaezinak dira onetsiak izateko quorum berezia edo partzuergoko kideen berrespena behar duten erabakiak, edo aurrekontuaren nahiz finantza kontrolaren arlokoak direnak.
3. Funtzionamenduaren araubidea. Zuzendaritza Batzordeak bilkura arrunt bat, gutxienez ere, eginen du urtean; horretarako, gutxienez ere, 10 egun baliodun lehenago eginen die deia kideei, edo 6 egun baliodun lehenago, deialdia berezia bada.
Zuzendaritza Batzordearen eraketak balioa izan dezan, hura osatzen duten kideen gehiengo osoa beharko da lehen deialdian; aldiz, bigarrenean, batzordeburuak (edo ordezkoak) eta bi kidek bederen beharko dute agertu, haietako bat, gutxienez ere, UHUNaren ordezkari dela.
4. Gehiengo kualifikatuen kasuak. Hurrengo erabakiak hartzeko, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordean boto eskubidea duten kideen gehiengo osoak haien alde emandako botoa beharko da:
a) Partzuergoaren estatutuak erredaktatzeko edo aldatzeko proposamena, hitzarmena sinatzen duten erakundeek berretsi beharko dutena.
b) Ekarpenen araubide arrunta aldatzeko eta ekarpen edo erantzukizun ekonomiko bereziak onesteko.
c) Zentro Elkartuaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua edo Partzuergoak sortzen dituen beste batzuk onesteko eta aldatzeko.
d) Gelak sortzeko.
e) Urrutiko beste irakaskuntza batzuk, karrerak eta ikasketa berriak ezartzeko.
f) Finantza eragiketak edo kreditukoak onesteko, haien zenbatekoak baliabide arrunten %25 gainditzen duenean.
g) Partzuergoa desegiteko edo haren likidazioa egiteko.
5. Erabakiak berrestea. Partzuergoko erakundeetako gobernu organoek berretsi beharko dituzte hasierako borondatea aldatzen duten erabakiak eta ekarpen edo erantzukizun ekonomiko berezia eskatzen dutenak eta, bereziki, aurreko idatz-zatiko a), b), f) eta g) letretan adierazitakoak, baldintza hori gabe ez baitute baliorik izanen.
14. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko burua. UHUNeko Zentro Elkartuen errektoreordea izanen da Zuzendaritza Batzordeko burua eta, zein den kasua, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilaria, eta eskudantzia hauek izanen ditu:
a) Partzuergoaren legezko ordezkaritza eta ordezkaritza instituzionala.
b) Bilkuretarako dei egin, haien buru izan, eta haiek moderatu, eten eta amaitzea. Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
c) Legeak betetzen direla ziurtatzea, idazkariari dagozkion betebeharrak galarazi gabe, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluari jarraituz.
d) Partzuergoaren jarduerak gidatu, betearazi, gainbegiratu eta bultzatzea.
e) Partzuergoaren jardueraren ikasketez bestelako alderdiak gainbegiratzea, UHUNari bere organo eta unitateen bidez jarduera akademikoaren arloan gidatu, gainbegiratu, koordinatu eta bultzatzeko dagozkion eskumenak galarazi gabe.
f) Zuzendaritza Batzordeak berariaz haren esku utzitako gainerako eginkizun eta ahalmenak baliatzea.
15. artikulua. Buruordea. Buruordea batzordeburuaren ordez ariko da, kargua hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo eri dagoenean, bai eta hark jarduketa jakin batzuk bere esku uzten dizkionean ere. Zuzendaritza Batzordeak berak erabakitzen duen erakundeko ordezkaria izanen da Zuzendaritza Batzordeko buruordea.
3. KAPITULUA
Araubide finantzarioa eta ekonomikoa
16. artikulua. Finantzaketa.
1. Araubide juridikoa. UHUNari aplikatzen zaiona izanen da UHUNaren Iruñeko Zentro Elkartuaren aurrekontu, kontabilitate eta kontrol araubidea, hari atxikita dagoenez, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitakoa bete beharra galarazi gabe. Betiere, Urteko Kontuen auditoria eginen da, UHUNaren Estatutuen 237. artikuluaren arabera, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 122.3 artikuluari dagokionez; Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiaren ardura izanen da auditoria hori.
Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak bere eginkizunak baliatuz egiten dituen txostenak aipatu urteko kontuei erantsi eta UHUNari igorriko zaizkio, bereei gehitzeko, Zuzendaritza Batzordeak ezar dezakeen kudeaketa araubidea galarazi gabe.
2. Urteko aurrekontua. Partzuergoak konpromisoa hartzen du zentro elkartuaren funtzionamenduaren urteko aurrekontu arruntari dagozkion gastu guztiak finantzatzeko, hau da, langile, lokal, eraikin, instalazio eta materialen gastu guztiak; irakasle-tutoreen eta Zentroko bestelako langileen joan-etorrietakoak, Unibertsitateak antolatutako bileretara joateko, eta Unibertsitatearen Departamentuetako irakasleen joan-etorrietakoak mintegi eta topaguneetan parte hartzeko Zentro Elkartuaren barrenean; orobat, bekak eta Zentroaren aurrekontu arruntean esleitutako beste edozein gastu.
Partzuergoko entitateak urtero behartuta daude haien aurrekontu arruntetan sartzera Zentroko gastu guztiak diruz laguntzeko beharrezkoak diren kontu-sailak.
3. UHUNetik datorren finantzaketa arrunta. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Estatuko ordenamenduan (gaur egun, uztailaren 21eko 1317/1995 Errege Dekretuan) eta UHUNaren Estatutuetan eta gainerako araudi berekian zentro elkartuentzat aurreikusitako diru ekarpena eginen du. Finantzaketa hori, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 2.2 artikuluaren arabera, ez da sartuko aipatu legearen aplikazio eremuan.
4. Partzuergoko gainerako entitateetatik datorren finantzaketa arrunta. Zentro Elkartua finantzatzen duten gainerako erakundeek konpromisoa hartzen dute beren diru ekarpenak urtero eguneratzeko, Zuzendaritza Batzordeak onetsitako irizpideari jarraituz. Ondorio horietarako, Zentro Elkartuaren azken aurrekontuan esleitutakoaren aldean berrikusiko da ekarpen hori.
Nafarroako Gobernua, 2016ko aurrekontu onetsia: 1.134.053,24 euro. Zentroaren guztirako aurrekontuaren %52,5 da.
Estipulazio honetan jasotako diru ekarpenak hiru hilean behin (otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan) gauzatu beharko dira.
Beste entitate bat Partzuergoan sartuz gero, erabakia eskatuko zaio Zuzendaritza Batzordeari, haren ekarpen arruntaren zenbatekoa zehatz dezan.
5. Bestelako finantzaketa. Partzuergoak artikulu honetan adierazitako diru ekarpen arruntei gehitzen zaizkien diru-laguntzak hartzen ahalko ditu partzuergoko entitateetatik edo hirugarrenengandik.
6. Matrikulakoez gain, bestelako nahitaezko ordainketak ikasleei ezartzeko debekua. Zentro Elkartuak ezin izanen du diru kopururik hartu Unibertsitatean matrikulatuta dauden ikasleengandik ikasketa arautuen kontura, ez eta inolako jarduera osagarririk ezarri ere, haiengatik zerbait ordaindu behar badute. Bestetik, ezin izanen da inolako loturarik egon Zentroaren eta ikasleei irakaskuntza ematen dieten beste entitateen artean, non ez dagoen UHUNaren berariazko baimenik aldez aurretik.
17. artikulua. Partzuergoaren ondarea.
1. Partzuergoa Estatutu hauei eranskin gisa gehitutako ondarearen titularra izanen da; gainera, bere ondasunak eskuratu, eduki, administratu, kargatu eta besterentzen ahalko ditu Administrazio Publikorako ezarritako araudiari jarraituz, UHUNari aplikatzeko modukoa den heinean.
2. Partzuergoa osatzen duten entitateek ekartzen dituzten ondasunak ez dira Partzuergoaren ondaretzat hartuko, non ez duten jabetza eskualdatuta.
Bereziki, Partzuergoko entitate edo administrazioetako baten jabetzakoak diren ondasun higiezinek, Partzuergoaren esku utziz gero, jatorrizko administrazioaren edo entitatearen titulartasuna izaten jarraituko dute, non ez den berariaz besterik erabakitzen.
18. artikulua. Partzuergoaren diru-sarrerak.
Hauexek izanen dira Partzuergoaren diru-sarrerak:
a) Zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.
b) Zerbitzuak ematearen ondoriozko diru-sarrerak, bere eskumeneko jarduerak egitearen ondoriozkoak, alegia.
c) Kreditu eragiketetatik heldu direnak.
d) Edozein eratako diru ekarpen arruntak eta bereziak, Partzuergoko entitateetatik edo beste administrazio publiko batzuetatik heldu direnak.
19. artikulua. Gastuaren kudeaketa.
1. Barne araudia. Zuzendaritza Batzordeari dagokio gastuaren prozedura eta kudeaketarako barne arauak onestea, eta haren faseak erregulatzea, bai eta aurrekontuko aldaketen araubidea ere; hori guztia, aplikatzen den araudi orokorrari jarraituz eta hurrengo idatz-zatian xedatutakoa betez.
2. Gastuetarako baimena eta konpromisoa. Zuzendariak aurrekontuaren %5etik beherako zenbatekoa duten gastuak baimentzen ahalko ditu, eta haien konpromisoa hartu, Zentroko administratzailearen sinadura mankomunatua duela.
Zuzendaritza Batzordeari dagokio kopuru hori gainditzen duten gastuen konpromisoa hartzea eta haiek baimentzea.
4. KAPITULUA
Zentroko administrazio organoak
20. artikulua. Zuzendaria. Zentro Elkartuak zuzendaria izanen du, errektoreak izendatua Zuzendaritza Batzordearen iritzia entzun ondoren eta UHUNaren araudiak ezarritako baldintzak eta prozedura bete ondoren. Agintaldia lau urtekoa izanen da eta ezin izanen da berritu.
Zuzendariak bermatuko du Zentroaren legezkotasuna, beste organo batzuei berariaz dagozkien eskumenak galarazi gabe.
21. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.
Besteak beste, Zentroaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan jasota dauden eskudantzia hauek zuzendariari dagozkio:
a) Zentro Elkartuaren legezko ordezkaritza eta ordezkaritza instituzionala baliatzea.
b) Zentro Elkartuaren funtzionamendu arrunterako beharrezkoak diren neurri akademiko, ekonomiko eta administratibo guztiak hartzea eta, lehenbailehen, haien berri ematea Zuzendaritza Batzordeari.
c) Zentroko Zuzendaritza Kontseilua eta Klaustroa biltzeko dei egin eta haietan buru aritzea.
d) Zentroaren jarduera gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.
e) Zentroko gobernu organoen edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak bete eta betearaztea.
f) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontuen proiektuak prestatzea, Zuzendaritza Batzordeak onets ditzan, bidezko bada.
g) Organo eskudunei zerga ekitaldi bakoitzeko kontabilitate eta aurrekontu likidazioa aurkeztea, haiek onets ditzaten bidezko bada.
h) Irakasle-tutoreek beren eginbeharrak betetzen dituztela gainbegiratzea.
i) Zentroko langileen buru izatea.
j) Zentroko jarduerei buruzko urteko memoria nola prestatzen den gainbegiratzea, organo eskudunei aurkezteko.
k) Eskudiruaren gaineko xedapenak, sinadura mankomunatuarekin, Zuzendaritza Batzordeak ezartzen dituen moduan eta kopurutan.
22. artikulua. Zuzendariordeak edo zuzendari albokoak. Zentroak zuzendariorde edo zuzendari alboko baten baino gehiagoren laguntza izaten ahalko du; haien eskudantziak, izendatzeko prozedura edo izendapenak Zentroaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan zehaztuta egonen dira.
23. artikulua. Idazkaria. Zentro Elkartuak idazkari bat izanen du; zuzendariaren konfiantzazko kargua denez, hark izendatuko du eta kenduko du kargutik, eta hark emanen dio izendapenaren berri Zuzendaritza Batzordeari eta UHUNaren Zentro Elkartuetako Errektoreordetzari. Zentro Elkartuko idazkaria Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena ere izanen da, eta haren bileretara joanen da, hizpidea duela baina botorik ez.
24. artikulua. Administratzailea. Zentroak administratzaile bat izaten ahalko du; Zentroaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan zehaztuta egonen dira hura izendatzeko prozedura eta bere eskudantziak.
25. artikulua. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Kudeaketa administratiboari eta ekonomikoari arreta egiteko beharrezkoak diren administrazioko eta zerbitzuetako langileak izanen ditu Zentro Elkartuak, segurtatua izan dadin Zentroaren behar bezalako funtzionamendua.
Langile horiek Partzuergoko administrazio eta entitateetatik bakarrik aterako dira. UHUNaren araubide juridikoa izanen dute, eta haien ordainsariak ez dira inoiz hartan lanpostu baliokideentzat ezarritakoak baino handiagoak izanen.
Salbuespen gisa, bete beharreko eginkizunen berezitasuna kontuan hartuta Partzuergoan parte hartzen duten administrazioetako langileekin aritzea ezinezkoa denean, UHUNek baimena ematen ahalko du Partzuergoak langile horien zuzeneko kontratazioa egin dezan aipatu eginkizunak betetzearren.
Partzuergoko administrazio eta entitateetakoak izan gabe lehendik dauden langileek beren enplegu araubideari eusten ahalko diote, urriaren 1eko 40/2005 Legean ezarritakoaren aurkakoa ez den heinean.
5. KAPITULUA
Araubide akademikoa
26. artikulua. Jarduera akademikoa. Irailaren 8ko 1239/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsita dauden UHUNaren Estatutuen 67. artikuluarekin bat, Zentro Elkartua haren egitura akademikoaren unitate bat da.
Horrenbestez, haren jarduera akademikoa UHUNeko araubidearen menpe dago eta, zehazki, haren Estatutuetan zentro elkartuei dagokienez dauden aurreikuspenen menpe, bai eta UHUNeko Gobernu Kontseiluaren, fakultate eta eskola batzordeen, departamentuen, irakaskuntzaz arduratzen diren irakasleen eta gainerako organoen arau eta jarraibideen menpe ere, zein bere eskumen eremuaren barrenean.
27. artikulua. Zentroaren gobernua eta administrazioa.
1. Onetsita dagoen antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamenduan ezarritakoari lotuko zaio zentroaren gobernua eta administrazioa.
2. Zuzendaritza Batzordearen menpe egonen da Zentroaren barne araubidea, eta hark antolaketaren eta funtzionamenduaren indarreko erregelamenduari jarraituko dio, UHUNeko Gobernu Kontseiluak ezarritako jarraibideei loturik. Irakasle-tutoreek, ikasleek eta PASekoek kide anitzeko organoetan behar duten parte-hartzea izatea segurtatuko du erregelamenduak.
28. artikulua. Irakasle-tutoreak.
1. Bere irakaskuntza lanak burutzeko, Zentro Elkartuak irakasle-tutoreak izanen ditu.
2. Indarra duen legerian, irailaren 25eko 2005/1986 Errege Dekretuan, ezarritakoa izanen da irakasle-tutoreek Zentro Elkartuarekin izanen duten lotura.
3. Indarra duen legeriak aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte irakasle-tutoreek eta UHUNeko errektoreak izendatuko ditu.
4. Lehiaketaren baldintzak eta tutoreen hautaketa UHUNeko Gobernu Kontseiluak emandako xedapen eta arauen araberakoak izanen dira, eta bat etorriko dira indarra duen legerian xedatutakoarekin.
5. Irakasle-tutoreek UHUNek finkatutako gutxieneko ordu kopuru bat bete beharko dute, eta bateraezintasunei buruzko legeria errespetatu.
6. Irakasle-tutoreak izendatzeko, ezinbestekoa izanen da izangaiek konpromisoa idatzita hartzea, UHUNetik dagokion Departamentuak dei egiten dituen bileretara agertzekoa. Irakasle-tutoreak ez dira bi bileratan baino gehiagotan agertzera behartuta egonen ikasturte bakoitzean.
7. Irakasle-tutoreek ezin izanen dute inolako irakaslanik egin UHUNeko ikasleekin Unibertsitateak baimenduta ez dauden zentroetan. Zentro Elkartuak behar dena eginen du debeku hori errespetatzeko.
29. artikulua. Liburutegia zerbitzua. Zentroak liburutegi zerbitzua segurtatuko die ikasleei. Zentroak berak zuzeneko kudeaketa eta banaketa eginez ematen ahalko du zerbitzu hori, edo UHUNeko Liburutegi Birtualaren bidez; kasu horretan, behar diren estekak erantsiko ditu bere web orrian.
Hirugarrenekiko itunak edo kontratuak tarteko, zerbitzua beste kudeaketa formula batzuen bidez emanez gero, ezin izanen da haien luzapenik egin.
30. artikulua. Kultur jarduerak eta unibertsitate-hedapenekoak.
1. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ezarritako arauei lotuko zaie Zentro Elkartuan antolatzen diren unibertsitate-hedapeneko era guztietako jardueren programazioa. Edozein kasutan, Zuzendaritza Batzordeak onetsi beharko ditu horrelako jarduerei dagozkien aurrekontuak.
2. Gobernu Kontseiluak onetsitako programa bereziak edo onesten dituenak burutuko ditu Zentroak erakunde publikoekiko (espetxeak, espezializazio programak...) akordioetatik heldu diren espezializazio ikastaroak emateko. Orobat, irakaskuntza irekien programak eta irakasleak prestatzekoak bultzatuko dituzte.
31. artikulua. Eraginkortasun kontrola eta etengabeko gainbegiratzea. UHUNek eraginkortasun kontrolaren menpe jarriko du Partzuergoa, eta etengabe gainbegiratuko du, –nola ezartzen duen hark barne araudian, haren arabera– Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak kasu bakoitzean egin ditzakeen auditoriak galarazi gabe.
Horretarako, UHUNek edoezin unetan egiten ahalko ditu ikuskapenak edo auditoriak Zentroan.
Zentroa urtero behartua egonen da UHUNari ikasturtean egindako jarduerei buruzko memoria igortzera, bai eta bere aurrekontua, likidazioa eta UHUNek eska ditzakeen gainerako dokumentuak ere, eta hori horretarako oro har ezartzen diren epeen barrenean. Dokumentazio hori UHUNek ezartzen dituen ereduei beharko zaie lotu.
6. KAPITULUA
Partzuergotik banantzea eta Partzuergoa desegitea
32. artikulua. Banantzeko eskubidea. Edozein alderdik erabiltzen ahalko du banantzeko eskubidea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 125. artikuluan aurreikusitako moduan. Banantzeko eskubidea erabili arren Partzuergoa desegiten ez bada, aipatu legearen 126. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
33. artikulua. Partzuergoa desegitea.
1. Partzuergoa hurrengo arrazoietako batengatik deseginen da:
a) Legezko xedapen baten ondorioz.
b) Bere helburu eta xedeak bete ezinagatik.
c) Baliabide ekonomikoen eskasiagatik.
d) UHUNeko edo beste edozein kidek banantzeko eskubidea erabilita, salbu eta azken kasu honetan UHUNek jarraitzea erabakitzen badu banandu nahi ez duten kideekin, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 127. artikuluan aurreikusitako baldintza eta ondorioekin.
2. Partzuergoa deseginez gero, entitate bakoitza bere plantillatik Zentro Elkartuari atxikita dituen langileen erantzule eginen da.
3. Hauxe izanen da ondasun inbentariagarrien destinoa: entitate fundatzaile bakar batek jarriak badira, hari itzuliko zaizkio besterik gabe eta, ente publikoa bada, desafektatuta geldituko dira. Zenbait entitatek jarriak badira eta multzo banaezina osatzen badute, balio handieneko zatia jarri duenari dagozkio, baina kalte-ordaina eman beharko die gainerakoei; hain zuzen ere, haien ekarpenen balioaren zenbatekoa, likidazio unean eguneratua. Betiere, desafektatutzat joko dira.
4. Dena dela, Partzuergoko entitateek Zuzendaritza Batzordea desegitea erabaki baino lehen, UHUNeko Gobernu Kontseiluak, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak ikusita eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena egin ondoren, administrazio eta irakaskuntza arloko jarduerekin jarraitzen ahalko du Zentro Elkartuan, gastu guztiei aurre egiten ahal diela uste badu.
Azken xedapena.–Estatutu hauek berariaz itundua betetzera behartzeaz gain, izaeraren arabera fede onekoak diren ondorioak betetzera ere behartzen dute, bai eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala arautzen duten Estatutuen ondorioak ere.
Iragarkiaren kodea: F1614261
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
