18. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UXUE

Herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

2016ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zen, maiatzaren 2an, Herrilarreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena. jendaurrean egon den bitartean aurkeztu zitzaizkion alegazioak 2016ko irailaren 1eko osoko bilkuran ebatzi ziren, Lergako Udalak fazeroari dagokionez egindako alegazioa baietsiz eta partikularren alegazio guztiak ezetsiz. Jarraian argitara ematen da testu osoa.

Uxuen, 2016ko abenduaren 23an.–Alkatea, Rubén Sánchez Remón.

ORDENANTZA, HERRILARREEN ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honek xedea du Uxueko herri larreetan finka partikularrak gehituta osatzen diren bazkalekuen esleipena eta aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluan eta harekin bat heldu den araudian ezarritakoari jarraikiz.

Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA

Herrilarreen aprobetxamenduak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

2. artikulua.

Herrilurretako bazkalekuetako larreen aprobetxamenduen onuradun izateko, oro har, familia unitatearen titularrak bere aziendak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuaren azienda zentsuaren erregistroan alta emanda izan behar ditu, eta hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udalaren Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez 6 urteko antzinatasunez.

c) Uxuen urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.

d) Uxueko Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzean sor litezkeen zalantzak Udalbatzak ebatziko ditu, osoko bilkuran.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

3. artikulua.

Uxueko Udala ondoko bazkaleku hauen titularra da gaur egun, eta hauek haien guti goiti-beheitiko edukiera eta mugak, baita haien azpiegiturak ere:

Larreen hedaduraren barnean ez dira sartuko partikularren jabetzak, kanpoan gelditzeko eskatu badute.

Hona bazkalekuen zerrenda, haien hedadura eta mugak:

–1. lotea: hedadura: 824,7 erregu.

–3. lotea: hedadura: 714 erregu.

–5. lotea: hedadura: 1.209,10 erregu.

–6. lotea: hedadura: 1.109,90 erregu.

–7. lotea: hedadura: 588,70 erregu.

–8. lotea: hedadura: 538,40 erregu.

–9. lotea: hedadura: 1.273,30 erregu.

–10. lotea: hedadura: 859,23 erregu.

–12. lotea: hedadura: 1.109,27 erregu.

–13. lotea: hedadura: 1.103,60 erregu.

–14. lotea: hedadura: 383,70 erregu.

4. artikulua.

Uxueko Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz; eta hala ez bada.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

5. artikulua.

Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun.

6. artikulua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Uxueko Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatu behar:

a) Uxueko Udalean beren aziendei edo abeltzain jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazka ekoizteko lurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenean edo zuzenean ustiatzen ez dituztenean.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu arren (artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak), ezarritako epean aurkezten ez direnean.

Udal bazkalekuen esleipena hartu duen familia unitatearen titularrak abeltzaintza ezarritako epea baino lehen uzten baldin badu, Udalak erabakiko du larre horiek nola erabili esleipen epea burutu bitarte.

Zuzeneko ahaide baten eskutara pasatzen ahal da, gainerako lurren esleipen-hartzailea izateko baldintza orokorrak betetzen baditu, eta lehenago Udalari eskaera egin eta baldintzak betetzen dituela frogatzen badio.

Aitzineko paragrafoetan xedatuari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunek talde eta elkarteak sortzen badituzte legeari jarraikiz, betiere kideek aipatutako 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

7. artikulua.

Aprobetxamendua 8 urterako izanen da, baina urtebeteko luzapena egin daiteke, gehienez ere, egoera bereziak gertatuz gero, hala nola larreak hobetzeko inbertsioak egitea, ordenantza hau aldatzea edo bertzelako egoerak, baldin eta, Udalaren iritziz, luzapena beharrezkoa badute.

8. artikulua.

Hona hemen esleipenaren urteko prezioa:

–1. lotea: 4.676 euro.

–3. lotea: 2.960 euro.

–5. lotea: 7.240 euro.

–6. lotea: 6.576 euro.

–7. lotea: 1.464 euro.

–8. lotea: 3.360 euro.

–9. lotea: 4.960 euro.

–10. lotea: 5.740,4 euro.

–12. lotea: 11.195,6 euro.

–13. lotea: 1.776 euro.

–14. lotea: 1.676 euro.

Esleipen hartzailea Uxueko bizilaguna bada, errematearen prezioak %20ko beherakada izanen du, 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Esleipenaren prezioa urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

9. artikulua.

Aprobetxamenduaren esleipenaren urteko diru zenbatekoa hiruhilekoka ordainduko dute esleipen-hartzaileek, aldez aurretik, hil bakoitzeko, hau da, urtarril, apiril, uztail eta urri bakoitzeko lehen 15 egunetan.

Jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunean ordaintzen ez bada, diru zenbatekoari %10 gehituko zaio, eta ordaindu ezean bide exekutiboari ekinen zaio.

10. artikulua.

Onuradunak, esleipena gertatu eta hurrengo 5 egunetan, esleipenaren prezioa bider 10 egitetik ateratzen den zenbatekoaren %2 utzi beharko du fidantzatako.

11. artikulua.

Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

12. artikulua.

Udalak erabakia hartu eta ediktua behar den bezala iragarki oholean paratu ondotik, hamar egun balioduneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek udal bazkalekuetako larreen aprobetxamendua esleitzeko eskaera egin dezaten.

13. artikulua.

Eskaerekin batera, nahitaez, ordenantza honen 15. artikuluak aipatzen duen osasun ziurtagiria aurkeztu beharko da; bai eta erabili nahi diren bazkalekuen edo alderdien zerrenda eta azken hiru urteetako abelburu kopuruari buruzko ziurtagiria; kopuru horren banaz bertzekoak balioko du udal bazkalekuetan zenbat buru sartzeko eskubidea duen kalkulatzeko.

Orobat, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:

a) Uxueko biztanlea izatea, 6 urteko antzinatasunarekin bederen, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetetan bederen bizi izatea.

b) Udal honekiko mota guztietako betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak.

d) Zenbateko azaleraren jabe den eta horren laborantza motak.

e) Familia unitateko kide bakoitzak hirilurrean dituen higiezinen katastroko balioak, norberaren etxebizitzarena kenduta, baita dauzkan abelburuen kopurua, eta haien motak.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo kontuan hartzeko moduko bertzelako errentetakoak.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatu ahal izateko, Udalak beretako gordeko du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko ahalmena, agiri eta datu objektiboetan justifikatutako errenta mailak kalkulatzeko; bertzeak bertze, familia unitateko kide guztien errenta aitorpena edo bidezko jotzen diren gainerakoak eskatzen ahalko ditu.

Loteak esleitzeko orduan, eskatzaileak ados jartzen badira, ez da nahitaezkoa izanen zozketa egitea eta loteak esleituko dira abeltzainek adostu duten moduan.

14. artikulua.

Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:

Kontuan izanen da bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga; bazkaleku osoak esleitzean, lehentasuna izanen dute bazkalekuak jasan dezakeen kargaren antzeko abelburu kopurua erregistraturik duten abeltzainek.

Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, betiere guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Halakoetan, esleipenaren prezioa banatu eginen da, abeltzain bakoitzak bazkalekuan zenbat abere bazkatzen duen kontuan izanik.

Abeltzain bakar bati bi bazkaleku bat baino gehiago esleitzen ahal zaio, behar adina azienda badu eta herrian eskubidea duten gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

Baldin eta eskaera egin duten herriko abeltzain eskubidedunen azienda kopuruak azienda-karga osoa gainditzen badu, abeltzain bakoitzari dagokion azalera doitu eginen da, eta soberakoa proportzionalki banatuko da, bakoitzaren abere kopuruen arabera. Banaketa horren ondoriozko kopurua kendu eginen zaio potentzialki bakoitzari egokitutako azalerari.

Nolanahi ere, zuzenketa faktore gisara, ondokoak izanen dira kontuan:

1.–Herrilurretako alorren aprobetxamenduan “lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua” motan sartu diren familia unitateek erabateko lehentasuna izanen dute.

2.–Familia unitateko kide bakoitzeko diru-sarrera tikiagoak dituzten familia unitateek lehentasunezko eskubidea izanen dute, zatidura hori lanbide arteko gutieneko soldata baino tikiago bada.

15. artikulua.

Behin-behineko esleipena egin ondoan, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori erreklamaziorik gabe iraganez gero, behin-behineko esleipena behin betiko bihurtuko da.

Erreklamazioren bat aurkeztuz gero, Udalak agerian eta arrazoiturik ebatziko du, eta, ondoren, aprobetxamendu bakoitza behin betiko esleitzeko erabakia hartuko du.

Herritarrendako zuzeneko esleipena bukaturik, ez badira ordenantza honetan deskribatutako bazkaleku guztiak esleitu, gainerakoak enkante publikoaren bidez emanen dira. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren epe eta baldintza berak izanen dituzte enkantean lortutakoek, esleipeneko postura izan ezik. Gainera, ordenantza honen edukiari eta aplikatzekoa den egungo araudiari jarraituko zaio.

16. artikulua.

Esleitua duen bazkalekuan ez bertze batean kalteak eragiten dituen abeltzaina, arau-hauste eta kalte-ordainei dagokienez, partikulartzat hartuko da.

17. artikulua.

Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu esleipen-hartzaileak, bai belarrak aprobetxatzeko epean ezar daitezkeenak ere.

18. artikulua.

Esleipen-hartzailea bere aziendek egiten dituzten kalteen erantzulea da, baina erantzukizun horretan ez dira sartuko azienda arrotzek edo iragaitzezoek egiten dituztenak. Erantzukizun hori administratiboa soilik da eta arlo horretako agintariak baino ezin du eskatu.

19. artikulua.

Esleipen-hartzaileak betebehar hauek izanen ditu:

1.–Aziendak erregistratua edukitzea esleipenak dirauen bitartean.

2.–Esleitutako lurrak inori errentan ez eman edo eskuz aldatzea.

3.–Erabiltzeko interesik ez badu, esleipenari uko eginen dio eta lurrak Udalaren esku utziko ditu, horrek komenigarrien ikusten duen maneran eslei ditzan.

4.–Esleipenaren uneko baldintza beretan mantentzea artegiak, itxiturak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta jarritako fidantzaren bitartez erantzutea egiten diren kalte eta galerengatik.

20. artikulua.

Bazkalekuen azaleren eta mugen gainean sortzen diren dudak eta auziak Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran. Lehenago aholkularitza eta aurrekariak eskatuko ditu eta mugak mugarrien bidez markatu behar badira, sortzen diren gastuak bazkalekuaren esleipen-hartzailearen edo muga aldaketa eragin duen pertsonaren bizkar izanen dira.

21. artikulua.

Esleipenaren arriskua eta mentura esleipen-hartzaileen gain egonen dira erabat, eta ezbeharren bat gertatua ere ez da murrizketarik izanen esleitzen zaion kopuruan.

22. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ere ez betetzeak zehapenen aplikazioa ekarriko du, kalte eta galerak ordaindu beharra deusetan galarazi gabe. Udalak eskatuko du haien peritazioa eta horrek sortutako gastuak ere ordaindu beharko dira.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Esleipen-hartzaileak aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen esleipen prezioa Udalak dioen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua egoki eta osoki ez egitea.

d) Zehazturiko epeak ez errespetatzea.

e) Ordenantza honetan debekatzen den garaian eta tokietan aziendak sartzea.

f) Animalia hilak beren hartan utzirik, osasun arauak haustea.

g) Herrilarreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion bertze edozein egintza.

24. artikulua.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a, b, c, d eta g letretan adierazten direnek esleipenaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bertzelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

–e letrakoak Udalaren larreen esleipen-hartzailea izateko ezgaitasuna ekarriko du.

–Gainerako arau-hausteengatik 150,25etik 300,51 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

–Arau-hausteetan berreroriz gero, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

–Arau-hausteak elkarren segidan gertatzen baldin badira, Udalak esleipena deuseztatzea ere erabaki dezake.

25. artikulua.

Ordenantzaren interpretazioa dela-eta, edo Udalak, osoko bilkuran, hura aplikatzearekin ikusteko duten egintza edo erabaki guztiak direla-eta sortzen diren afera guztiak errekurtso hauetakoren bat paratuz argituko dira:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1614797